Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik

Mikel Larreategiren bloga

Zero zabor: atez ateko bilketatik haratago

Mikel Larreategi 2013/08/24 17:47
Berriz ere zaborra blogean. Zero-zabor eta atez-ateko bilketa 5. edukiontziaren aurrean jarri dizkigute gure inguruan. Baina zero-zaborren kontua harago ere eraman daiteke bizitza-filosofia bihurtzeraino.
Zero zabor: atez ateko bilketatik haratago

Familiak urtebetean sortutako zaborra (Brant Ward, The Chronicle)

Apirilean irakurri nion Gariri Twitterren zero-zabor filosofia hartu zuen Californiako familia baten inguruko artikulua. Momentuan irakurrita harrigarria egin zitzaidan. Gu hemen zaborrarekin zer egin jakin ezinda eta hemen bultzatzen denaren izenarekin Californiako familia honek bere bizimodua egina zuen.

Abuztu hasieran, berriz gogoratu nintzen artikulu harekin eta liburu bat ere idatzi zutela nuen gogoan. Asko pentsatu gabe erosi eta Kindlera jeitsi nuen.

5-Ren filosofia darabil familia honek: Refuse-Reduce-Reuse-Reciclye-Rot, hau da, Baztertu, Gutxitu, Berrerabili, Birziklatu, Konpostatu. Baina ordena horretan. Hau da, Berrerabili bakarrik Baztertu edo Gutxitu ezin duzuna, Birziklatu bakarrik Baztertu, Gutxitu edo Berrerabili ezin duzuna, eta abar.

Liburuaren hasiera oso argigarria da beren bizimodua azaltzeko: erosketatik hasita, haurrek eskolara eramaten duten janarira, guztia zero-zaborrera bideratuta dute. Hasteko, erosketara euren kristalezko poteak eramaten dituzte, bertan hartzeko haragia, oilaskoa, arraina edo gazta. Dena soltean edo pisura erosten dute eta horretarako euren oihalezko boltsa eta kristalezko poteak eramaten dituzte. Dendatik janariarekin bakarrik irteten dira, ez plastikozko boltsarik, ez erosketa tiketik, ez ezer.

Uau! Hori eguneroko (beno, erosketa astean behin bakarrik egiten dute) bizitzarako kolpe handia da ogia edo yogur poteak erostetik haragia erosteraino. Jakina, horrek etxeko bizitza guztia aldatzen du: janariak antolatzeko modua, garbiketa egitekoa, gordeketa....

Liburuaren hasieran kontatzen dituen gauzak egingarriak iruditzen zaizkit puntu bateraino, bakoitzaren borondatearen arabera lor daitezkeenak. Liburuan aurrerago joanda aipatzen dituen kontuak, ordea, oso urrun ikusten ditut. Sekta baten saartu den pertsona baten tankera hartzen diot.

Hala ere, aukera ezin hobea iruditu zait azken aldian asko erabiltzen den zero-zaborraren kontu hau, zaborraren bilketatik harago heltzen den zerbait dela ikasteko. Zero zabor-aren kontua ez da atez-ateko bilketarekin edo 5. edukiontziarekin hasten, baizik eta 5-Retako lehenengoaren: Refuse edo Baztertu. Horrekin hasi beharko ginateke, supermerkatuko edo okindegiko poltsak baztertzen.

Ze ezberdinak diren Bretainiako eta hemengo hondartzak

Mikel Larreategi 2013/08/11 12:21
Aurtengo udan Bretainiako eta Euskal Herriko hondartzetan egon naiz, eta zein desberdinak diren biak! Haiek lasaiak, isilak, jendeak zaratarik ateratzen ez duen tokiak. Hemengoak iskanbilatsuak, jendez beteak eta lasaitasunetik urrun daudenak.
Ze ezberdinak diren Bretainiako eta hemengo hondartzak

Saint Cast-le-Guildoko hondartza

Aurten ere xake-bidaia egin dugu abuztua hasteko. Aurtengo helmuga Bretainia izan da, bertako Plancoët herrian jokatu dugu txapelketa eta Saint Cast-le-Guildon hartu dugu ostatu.

Goiza edo arratsaldea libre izan dugun egunetan etxe ondoan genuen hondartzara joan ohi ginen. Lekua sobera izaten zen bertan, alde batetik tamainagatik eta bestetik jende asko ez zelako egoten. Baina nabarmenena isiltasuna zen.

Zure aldamenean zeudenen hitz erdirik ere ez zen entzuten. Munduaren beste puntan inork sekula bisitatu ez duen hondartza bat zirudien. Umeak jolasean bai, baina isiltasunean. Eta kotxeak hondartza ondoan uzteko tokia besterik ez.

Hara joan aurretik, eta baita ostean ere, gure kostaldeko pare bat hondartzatan egon nintzen eta espektakulua guztiz kontrakoa: aldamenekoarentzako (edo hondartza guztiarentzako) hitz egiten duena, haurrak negarrez, harea batetik bestera botatzen duena, ... Ah, nola heldu bertara? Hiru kilometro aurretik kotxeak errepide bazterrean... Garraio publiko maitea!

Deskantsatzeko eta lasaitasuna bilatzen duenarentzat guztiz gomendagarriak Bretainiako hondartza horiek. Pixkat urruti daude eta ura hotza dute (oso hotza), baina lasaitasunaren itsasoa dira.

Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.