Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik

Mikel Larreategiren bloga

Alemaniera ikasten

Mikel Larreategi 2013/03/21 20:09
Ikasturteko nire alemaniera-ikasle esperientzia. Super!!

2012ko uztailean Hizkuntza Eskolan matrikulatzea erabaki nuen. Astegunetan probetxuzko zerbait egin nahi nuen eta hizkuntza bat ikastea ondo etorriko zitzaidala pentsatu nuen. Hizkuntza Eskolaren webgunera sartu eta lehenengo aukera ingelesa izan zen. Bide batez behingoz tituluren bat ateratzeko aukera izango nuen. Orain artez, zorionez ez dut horrelakorik behar izan, eta nola edo hala moldatu naiz ingelesez. Aukera paregabea iruditu zitzaidan hizkuntza eskolakoa.

Mailakatze-testa egin eta maila horretarako matrikulatzear nengoela, norbaitek esan zidan eskaera handia egoten zela eta gerta zitekeela plazarik ez lortzea. Hori ikusita eta jada hizkuntzak ikasteko zorria barruan izanda, beste hizkuntza baten ere, bada ez bada, matrikulatzea erabaki nuen. Bi aukera nituen Eibarren: frantsesa eta alemaniera. Lehenengoa sekula ez zait gustatu. Bigarrena zaila dela entzun izan dut beti. Bigarrena modan dago inguruan, Alemania indar handia hartzen ari da-eta Europan. Beraz, asko pentsatu gabe alemanierako A1en matrikulatu nintzen.

Uztailaren bukaeran iritsi zen mezua, alemanieran hartu ninduten!

Urriaren 1ean hasi zen odisea. Ezezagunez betetako klase baten sartu eta han agertu zen irakaslea guztia alemanieraz hizketan. Ikastolako 5. maila etorri zitzaidan burura: ingeles irakaslea klasean sartu eta behin eta berriz "I am Ane" esaten hasi zenekoa. Hemen berdina izan zen, bakarrik "Ich heiße Maitane" esan zuela.

Asteak joan eta asteak etorri, gauza gehixeago esaten eta idazten ikasi dugu: aditzak, izenen generoak, pluralak, zenbakiak, astegunak, akusatiboa eta datiboa (latinean bezala) eta beste hainbat esaera eta kontu. Andreas gure irakasle-lagun alemaniarrak ere irakatsi dizkigu Bayerneko ibaiak, nola ospatzen dituzten gabonak edo nolakoak diren aratusteetako karrozak.

Oso urte ederra izaten ari da, talde ederra tokatu zait gainera eta ondo pasatzen dugu. Astean birritan guztiz deskonektatzeko aukera ematen dit. Ah, eta ikasi ere ikasi dut, urtarrilean Munichen egon nintzenean hitz apurrak ulertzen nituen eta denda baten ordaindu ere egin nuen alemanieraz.

Benetan gustura nago eta ez dut zalantzarik datorren urtean ere jarraituko dudana, ordutegiak ondo badatozkit behintzat. Aukerarik baduzue apuntatu zaitezte Hizkuntza Eskolan, aukera ezinhobea da hizkuntza bat ikasteko-eta.

Beste Alfa

Mikel Larreategi 2013/03/10 14:03
San Andres pasealekutik eraitsia, Torrekuan jasoa, Arrigorrin itsasora begira koloniak zituena, Isasi kaleko eraikinen sotoan ekonomatoa zuena eta Aldatzen ikastola. Sirena ere errekuperatu zuen norbaitek eta Ipuruan jarri S.D. Eibarren golak ospatzeko. Zer ez da izan Alfa eibartarrontzat?
Beste Alfa

Alfa ikastetxearen eraikina

Gaur bertan horietako toki baten ondotik pasatu naiz: Aldatze gaineko eskolatik. Igande goizeko isiltasunean, bertako frontoian pelotan jolasten zebilen baten zarata besterik ez zen entzuten. Haizearen uluekin, agian txoritxoren baten txorrotxioak, baina besterik ez.

Ni ez nintzen Alfako ikasle izan. Juan Antonio Mogel ikastolaren erakin bat zen Alfa, baina ni Iturburun ibili nintzen. Agian Alfa izan behar zen nere lekua, aita Alfako langilea zen-eta. Uste dut pare bat aldiz joan ginela Alfara klasera. Elurra izango zen arrazoia seguraski. Nahiz eta elurra egiten zuen gehienetan Iturburura bertara ere iristen ginen gu. Autobusa igotzen ez bazen oinez igotzen ginen. Leihoak itxita, pertsiana batzuk jasota eta beste batzuk jeitsita. Atzealdetik begiratu eta utzita dagoen eraikin bat dirudi. Aurretik begiratu eta ate nagusian kate berri-berri bat, funda laranja batekin atea ixten. "Propiedad Privada" kartela besterik ez da falta.

Baina Alfara itzuliz, zer dago han? Erabiltzen da zerbaiterako? Garai baten, Juan Antonio Mogel ikastolak bere ikasleak Iturburun bildu zituenean, garai hartan Unibertsitate Laboralean zegoen Hizkuntza Eskola Ofiziala Alfara ekarri behar zutela esan zuten. Gero, ordea, Ignazio Zuloaga institutura ekarri zuten, honek bere ikasleen erdiak hezkuntza erreformaren ostean galdu eta gero.

Atzetik belarrak eta zikinkeriak jango duela dirudien honetan inork inoiz pentsatu du zerbait eraikin honentzat? Erabiltzen da egun zerbaiterako? Nork erabiltzen du? Norena da?

Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.