Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik

Mikel Larreategiren bloga

Bost egun Normandian

Mikel Larreategi 2009/08/25 22:46
Uztailaren hasieran erabaki genuen norabait joan behar genuela. Normandia bisitatzeko gogoa genuen lagun bik. Beste hirugarren bat ere berehala apuntatu zen. Abuztuaren 19an joan eta 23an itzuli, 5 egun Normandian zehar.
Mont Saint Michel
Mont Saint Michel

Abuztuko lehenengo astean Sevillako Burguillos herrian izan nintzen Espainiako Bigarren Mailako Taldekako Xake Txapelketako II. Multzoko epaile nagusi gisa, horren astean, astebetez Eibarren, hara eta hona. Oporretako hirugarren eta azken astean etorri zen Normandiarako bidaia.

Ia antolaketa gabe, maleta eta argazki kamara kotxean sartu, bisitatu beharreko lekuen zirriborroa egin, GPSa Leireren ahotsarekin prestatu, iPodean mp3 batzuk sartu eta aurrera! Jokin eta Iñakirekin egindako zirriborroaren arabera, Mont Saint Michel izan zen lehenengo helburua.

Arratsaldean heldu ginen bertara eta jendetza izugarria zegoen. Mendia eta kontinentea lotzen dituen errepidea kotxez gainezka zegoen, inguruko zelaiak kotxe eta karabanaz josita eta itsasoa gorantz ari zen. Toki ikusgarri da, agian ez genion xarma berezirik igarri ez ginelako goizean goiz edo gauean berandu iritsi, edo ez genuelako eguzkia itsasoan sartzen ikusi, baina leku ederra zen. 

Beste pare bat orduko gidaldiaren ostean iritsi ginen Caenera, bertan hartu genuen-eta ostatu, hiri kanpoaldeko hotel baten.

Longues-Sur-Mer-eko bateriak
Longues-Sur-Mer-eko bateriak

Hotelean bertan, 4 €ko garagardo baten aurrean, prestatu genuen hurrengo eguneko txangoa.

Abuztuaren 20a: E-Eguneko hondartzak

Bayeuxko museoa eta E-Eguneko hondartzak, Arromanchestik hasi eta Utah-beach-eraino. Arromanches-era iristean itsasoa oraindik goian zegoen eta ezin izan genuen hondartza bere osotasunean ikusi, hau da, Londonen eraikitako portu artifizialaren hondakinak ez genituen osorik ikusi. Handik Longues-Sur-Merren dauden bateriak ikustera joan ginen. Han daude oraindik alemaniarrek aliatuen erasoaren aurka egiteko erabili zituzten bunker, begiraleku eta kainoi izugarriak. 

Handik Omaha Beach-era joan ginen. Amerikarrek horrela bataiatu zuten 8 kilometro inguruko hondartza eta hantxe egin zuten lehorreratze handiena. Han dago oraindik alemaniarren begiralekua, hondartza guztia puntatik puntara ederto ikusteko moduan. Baina hondartzaren gainean dago inguruko toki beldurgarriena: amerikarren Collevilleko hilerria. Bizkarrezurrean hotzikara bat sentitu nuen hango gurutze eta judutarren izarrak ikustean. Ia bukatu ezineko ikuspegia dago bertan, loreak nonahi, eta isiltasuna. Han dabilen oro hunkituta balego bezala barruraino iristen den isiltasuna. Izugarria.

Collevilleko amerikarren hilerria
Collevilleko amerikarren hilerria

Point-du-Hocetik pasatu ostean, Saint-Mere-Eglisera ere joan ginen, bertako kanpandorrean egon baitzen bi orduz paratxutista amerikar bat bere burua hilda zegoenarena egiten aurkariek eraso ez zezaten. Bertatik Utah beach-era joan ginen. Ordurako berandu zen eta errepide eta hondartza hutsik zeuden, lurrak jendea irentsi izan balu lez.

Abuztuaren 21a: Caen

Hondartzetan zehar ibili ostean, hurrengo egunean Caen bera bisitatzea izan genuen helburu. Lehenengo Gerraren Memorialeko Museoa, goiz guztia eman genuen bertan, gerraren aurrekari, gerra bera eta ondorengoak ikusi eta aztertzen: argazkiak, oroigarriak, mundua nola geratu zen, ...

Arratsaldean Caenen zehar ibili ginen: gaztelua, abadiak, portua eta kaleetan zehar ibilaldi luzea eginez.

Abuztuaren 22a: Cherbourg eta Redoutable itsaspekoa

Alemaniarren hilarriak
Alemaniarren hilarriak

Cherbourgera bidean Le Cambeko Alemaniarren hilerrian gelditu ginen. Amerikarrena izugarria bazen, alemaniarrena gehiago gustatu zitzaidan. Badirudi alemaniarren oroigarri txarrak besterik ez daudela Normandiako bazterretan, eta bertan dauden gurutzeak barruraino iritsi zitzaizkidan. Haritzen artean daude gurutze beltzak bertan. Jenderik ez zebilen eta isiltasuna aldameneko autobideko autoen zaratak bakarrik eteten zuen. Zirraragarria.

Cherbourgen zer ikusi ez genekien baina agian zorteak lagunduta, Cite de la Mer edo Itsasoaren Hirira jo genuen. Zer ikusiko eta Frantziako Armadak erabailitako Redoutable izeneko itsaspekoa ikusi genuen. Asko pentsatu gabe sarrera ordaindu eta barruan izan ginen. Itsaspeko nuklear baten tripetan izan ginen (aspalditik kenduta dauka indarra emateko nukleo nuklearra), misilak jaurtitzeko tokia ikusi, kontroleko gela, kapitainaren gela...

Le Redoutable itsaspekoa
Le Redoutable itsaspekoa

Arratsaldean kalean zehar genbiltzala, lorategi baten barruko etxetxo baten, museo natural-etnografiko bat ikusi genuen. Disekatutako animaliak, mineral pila bat, Amerika, Asia, Ozeania eta Afrikako hainbat tresna eta momia bat ere bazituen museoa. Sorpresa ederra hartu genuen.

Bueltako bidaian, hondartzaz hondartza etorri ginen eta frantsesak muskuiluak hartzen ikusi genituen. Hori da frantsesek duten afizioa. Badakigu orain arratsaldeko 17:00etan kaleetatik desagertzen direnean nora joaten diren: muskuiluak batzera!

Abuztuaren 23a: Saumurreko tankeen museoa

Bigarren egunean komentatu zuen Iñakik Saumurren tankeen museo bat zegoela eta itzulerako bidean orduerdiko geldialdia edo egin beharko genuela berau ikusteko. Esan eta egin. Eta ederra museoa aurkitu genuena! Bigarren mundu gerrako tankeak, frantsesak, alemanak, Tiger-ak, Sherman-ak (izenak ikasi ere egin egin ditut ;)), modernoagoak, amerikarrenak, israeldarrak, Golkoko Gerran erabilitakoak, NBEk erabiltzen dituenak, beste hainbat herrialderenak, berriak, zaharrak, izorratuak, ondo dabiltzanak... Deskubrimentu zoragarria izan zen.

Saumurreko museoko tankeetako bat
Saumurreko museoko tankeetako bat

Eta hortxe bukatu zen gure bidaia, hainbat orduan zehar Bordele eta Baiona arteko zuhaitzen artean gidatu ostean (badirudi basoa ez dela inoiz bukatzen), abiapuntuan ginen berriro.

Balorazioa ezin hobea izan da, mezu honetan jarri ditut argazki batzuk baina askoz gehiago ditut (panoramikaren bat ere egin behar dut), ea Flickr edo nora kargatzen ditudan, 5 egunetan 300 argazki baino gehiago egin ditut-eta.

Hurrengoa nora? Nork daki, baina hau bezalakoa izan behar bada, izan dadila berehala :)

Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.