Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik

Mikel Larreategiren bloga

Nik ere GPSa euskaraz!

Mikel Larreategi 2008/05/22 21:20
Bai, nik ere badaukat GPS bat. Ez da azken modelo bat izango eta ez zuen asko kostako. Egia esan, egunkariaren kupoiekin hartutako horietako bat omen da.

 

GPS Supratech Dedalo
Imagen del GPS Supratech Dedalo

Irudikoa duzue nire GPSa, Supratech etxearen Dedalo modeloa. Ez da beste munduko bat, bat gehiago. Hala ere ez da TomTom etxearen softwarea duen horietakoa eta beraz ezin zuzenean Eibar.ORG elkarteak prestatutako ahotsak erabili.

Berehala hasi nintzen GPS horretan TomToma instalatzea posible zen ala ez aztertzen eta aurkitu nuen bai informazioa. www.puntosdeinteres.es webguneko foroetan zehar bilatu ostean hauxe aurkitu nuen: Supratech Actea GPSan TomToma instalatzeko tutoriala.

Tutoriala ez nuen zehazki jarratu, nire TomTom bertsioan zeuden mapak beste karpeta baten zeudelako, baina bestela nahiko erraza izan da GPSa lagunen ahotsekin jartzea. Nire kasuan, tutorial horretan aipatzen den CurrentMap.dat fitxategiaren edukia ondokoa da:

0   \SDMMC\ES_and_PT_plus_major_roads_of_WE\

Nire GPSaren SD memoria txartela SDMMC bezala montatzen delako eta bere barnean dagoen karpeta horretan daudelako mapak.

Izan dudan arazo handiena GPSaren seinalea hartzen ez zuela izan da, baina tutorialaren aurreragoko orrialde baten dioen bezala, GPSa aukeratzerakoan "Otro GPS NMEA" aukeratu behar da, 4800 baudeko abiadurarekin eta COM7 portuan. Hori eginda, berehala hartu du nire posizioa.

Ondoren Leire, Iban, Amatiño eta Iturriren ahotsak kopiatu, collected.ini fitxategia ezabatu eta GPSa abiaraztean han agertu zait Iturri ferrya hartzeko esanez. Biba !!!

Oharra: tutorialean dioen lehenengo fitxategia lortu nahi baduzu, hementxe daukazu. Ez da TomTom nabigatzailea, ez da GPSak berez dakarren programa, Windows Esploratzaile bat besterik ez da, baina Dedalo GPSak duen hasiera menu horrek automatikoki Mobilenavigator barruko Mobilenavigator.exe fitxategia exekutatzen du, eta TomToma instalatu ahal izateko Windows Esploratzailea behar duzu.

Larunbatean, nahiz eta bidea jakin, ea Leirek gidatzen nauen Donostiara !

Azitaingo poligonoko loreak

Mikel Larreategi 2008/05/07 22:10
Azitaingo poligonora joaten hasi nintzenetik, egunero ikusten ditut lore batzuk hasiera hasiera errebueltan.

La Salle ikastetxetik poligonora erreka gainetik pasatzen den zubiaren ondoan, erreka justu zubi azpitik pasatzen den inguruan, lore batzuk ikusi izan ditut CodeSyntaxen lanean hasi nintzenetik. Lanera oinez joan ohi naiz eta egunero lau aldiz pasatzen naiz bertatik, eta nahiz eta lehenengoan atentzioa deitu zidan, orain ia ohartu ere ez naiz egiten. Egia esan, ahaztua dut noiz aldatu zituzten loreok azken aldiz. Batzuk, gainera, plastikozkoak dirudite eta besteak lehortuta daude.

Bulegoan komentatu izan dugu horko lore horien kontua behin baino gehiagotan. Zer ote diren, nork jartzen ote dituen...

Batek baino gehiagok, behin baino gehiagotan, sektaren baten kontua direla esan du. Sineskeriaren batengatik hor utzitako loreak.

Beste norbaitek, orain dela urte batzuk hor gertatu zen auto istripu bategatik familiakoren batek utzitako loreak zirela esan zuen beste behin.

Azitaingo poligonoko lorak

Garrantzia gehiegirik ez nion ematen, orain dela aste batzuk kontua etxean komentatu nuen arte. Egun haietan euri asko egiten ari zen eta amamak, betiko moduan, segituan esan zeban "Ené, errekia be bete-bete einda etorriko da poligonitik be(he)rá, eztá Mikél?". "Bai" nere erantzuna. Holakotxe egualdixa ein zeban baten eruan zittuan ufalak bihargin batzuk oin dala urte batzuk. Ondiok be hantxe egoten dira lorak ipinitta.

Badirudi, Poligonoa egin aurretik, eta Orbe baserrikoak autoen desguazea hor jarri aurretik, errekaren kanalizazioan tunel bat egiten zeudela han langile batzuk. Bat-batean euria hasi eta tunelpean babestu ziren, han seguru egongo zirelakoan. Baina euria gelditu ez, eta erreka handitzen hasi zen eta halako baten ufalak jo eta eraman egin zituen. Batzuk Maltzagan agertu omen ziran.

Inork gehiago ez dit istorio hau konfirmatu, baina etxean guztiek zuten horren berri. Ez dauka sekta baten xarmarik, baina Azpeitikoak ikusita, agian hobe sektarik ez bada, ala?

Norbaitek istorioa konfirmatzerik badu askoz hobeto, igual Serafin edo Amatiño edo "los viejos del lugar" akordatuko dira, edo Asier eta Aintzanek entzungo zeben euren grabazioetakoren baten.

Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.