Bigarren bertsoaren perfekzioa
2017ko udazkenean zehar Euskal Herriko 17. Bertsolari Txapelketa Nagusia jokatu da Euskal Herri guztian zehar. Inoiz idatzi izan dut hemen nire bertso-zaletasunaz.
Aurten gainera, lana dela eta, Txapelketari lotuago egon naiz, www.bertsozale.eus eta www.bertsoa.eus atarietan lanean izan gara eta. Agian hori dela-eta zuzenago jarraitu ditut txapelketako saioak, dela telebistaz edo www.bertsoa.eusen bidez egin dituzten zuzeneko jarraipenei esker. Gainera Barakaldoko BECen jokatu zen final nagusian egoteko aukera ere izan nuen, azken orduan anaiak lagatako sarrerei esker. Lehenengo aldia izan zen bertan eta esperientzia polita izan zen. Norbaiti txapelketa ondorenean irakurri nion bezala, zaila egiten da bertsolariek inprobisatu egiten dutela sinistea. Benetan lan ikaragarria egiten dute hitzak, errimak eta doinuak lotuz ikus-entzuleen gozamenerako.
Aurtengo txapelketan zehar bertso eder asko entzun dira. Asko asko gustatu zaizkit eta beste batzuk gutxiago. Baina artikuluaren izenburura etorriz bigarren bertso batzuen perfekzioa nabarmendu nahi dut.
Txapelketetako ariketa bat izan ohi da bertsolari guztiak banan bana aurrekoaren lana entzun gabe gai baten aurrean kantatzen jartzea, kartzelako lan gisa ezagutzen den hori. Hiru bertso kantatu behar izan dituzte horrelako egoeran oraingo txapelketan.
Egoera horretan Maialen Lujanbiok txapeldunak kantatu dituen hiru bertso ekarri nahi ditut hona, beren perfekzio edo perfektutasuna nabarmentzeko. Asko gustatu zaizkit hirurak eta idatzita jasotzea merezi dute. Idatziz ere zaila ematen du horrelako bertsoak idazteak, ba pentsatu inprobisatuz egindakoak direla eta 13.000 lagunen aurrean. Hotzikara emateko modukoa!
Lehenengoa Irunen bota zuen, finalaurrekoetako lehenengo itzulian "Dena ondo zihoan argia piztu den arte" gaiari erantzunez:
Estali arte izan dugunak
nahiko irri nahiko broma
ahorik aho pasa dugunak
gin-tonic barruko horma.
Bular parea zut neukan eta
zuk eman didazu forma
galtza estuak nebilzkin arren
ez takoi eta ez gona.
Hau ta hura naiz, hartzen ari naiz
zenbait botika, hormona
gizona eta andrea nauzu
ez andrea, ez gizona
Nere inon ez egon nahia ote
da zure ezinegona.
Doinua: beste bateko inularretan
Bertsoaldi osoa ikusi
Donibane Lohitzunen jokatu zen finalaurrekoen bigarren itzulian hauxe bota zuen "gezurra esan duzu, baina merezi izan du" gaiari erantzunez:
Ume umetik aditu nuen
nik Europa bat bazala
desertuaz gain ba omen zela
itsaso uhinen kresala
agurtu nuen familia ta
gurtu egin nuen Ala
ia Afrika dena pasatu
aroak joan ahala
polizi andreak eskatu zidan
adina esan nezala
ez sinestuta miatzen dizkit
haginak eta azala
arretaz baina zaintzen gaituzte
animaliak bezala
Doinua: lurraren pean sar nindaiteke
Bertsoaldi osoa ikusi
Behin Barakaldoko finalean, goizeko kartzelakoan "atetik sartu zarenean isildu egin dira denak" gaia jarrita, hauxe kantatu zuen:
Jada ez dira ez larogeiak
baina neri errepara
azala zimel kolore zuri
ai inork ez nau anpara!
Badakizue ze hauts horizta
sartu ohi den zainetara
haren bila-ta harekin beti
berdintsu zein eratara
Hainbeste oker egin dut hemen
hau jakina ez al da ba?
Burua makur ta lotsaz gorri
jo dut etxeko aldaba
Amari hainbeste gauza lapurtu
nizkion lehen eta hara:
Zure pitxirik ez dakart baina
hemen da zure alaba.
Doinua: kintak jarrita ondorenian
Bertsoaldi osoa ikusi
Eta Aitor Mendiluzerekin egin zuen buruz-burukoan, "bada ordu erdi auto bera atzetik duzula" gaiarekin hauxe:
Miribillako rotondan
errekarriz errekarri
bezelaxe egin ditut
mila buelta errukarri.
Geratzen dira kotxeak
ta gu begira elkarri
beraiek "etorri" esan
ta guk "dirua ekarri"
Nahi bezelako bezero
atseginik ez da sarri
ta askotan gisan orain
autoan estu ta larri.
Ertzain auto bat atzetik
eta sirenak aldarri.
Baietz bera libre utzi
ta neri isuna jarri.
Doinua: norbere mundu intimo
Bertsoaldi osoa ikusi
Irakurtze hutsarekin egoera irudikatzea lortzen dut. Ikusi egiten dut mugako polizia haur bat miatzen. Ikusi egiten dut ertzain autoa segika duen kotxea. Igarri egiten da mahai horretako isiltasuna...
Uste dut ez duela merezi komentario gehiago egiteak, ezta? Bideoetan ikusten den publikoaren eta beste bertsolari batzuen aurpegiei begiratzea besterik ez dago. Adibidez Irungo bertsoaren ostean emakume bat agertzen da txaloka eta buruarekin ezetz egiten. Sinistu ezin izango balu bezala. Eta buruz-burukoan botatakoan ostean Aitor Sarriegiren aurpegiak ere horixe dio.
Aurtengo txapelketako ale ederrenak eta finaleko bertsoaldi guztiak Bertsoa.eus atarian dituzue. Zorionak Bertsozale Elkarteari egin duen lan guztiagatik.