e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Txikiberriko berriak: "Patti eta inurriak", "Biga 2 - Super laguna!" eta "Claude eta Morino 2 - Zorionak zuri!"
Bilboko Astiberri argitaletxeak iaz hasi zuen Txikiberri bilduma, haurrentzako komikiak euskaraz ere argitaratzeko asmoarekin. Bilduma horretan hiru komiki atera zituen 2020an, eta aurten beste hiru atera ditu momentuz.
Patti eta inurriak izenburukoan Anouk Ricard egile frantziarrak Patti izeneko neskatilari gertatzen zaion istorio bitxia kontatzen digu. Kolpe bat hartu eta konortea galdu ondoren, intsektu baten tamaina duela esnatuko da bere lorategian, eta han inurriek bahituko dute. Eskerrak Fabrice intsektu makila lagun egingo duen...
Biga 2 - Super laguna! iaz bilduma berean argia ikusi zuen Biga 1 - Benetan identifikatu gabeko animaliaren hurrengo istorioa da. Bere izenak dioen bezala zein animalia den argi ez dagoen Bigak animalien eskolan bizitzen dituen umorezko abenturak kontatzen dira Romain Pujol eta Vincent Cauten komiki arrakastatsuaren bigarren zenbaki honetan ere.
Eta Claude eta Morino 2 - Zorionak zuri! ere aurretik argitaletxe berak ateratako Claude eta Morino 1 - Madarikazioa jarraipena da, Adrien Albertek sortutako sailaren bigarren zenbakia. Morino zezenak Claude eskeleto lagunaren urtebetetzerako zerbait handia du prestatuta, baina ez da espero bezala aterako...
Hiru komiki gehiago batzen zaizkie hain beharrezkoak diren haurrentzako euskarazko komikien sortari, eta ekarpen bikainak hirurak ere!
Guillermo Gonzalez zendu da
Joan den ekainaren 25ean eraman zuen eritasun batek Guillermo Gonzalez Escalada (Bilbo, 1971). Euskal komikizaleok ziurrenik Kortsarioen ostatua komikiaren irudi ederrengatik gogoratuko dugu, baina lan asko eta ona egina da hemen zein kanpoan.
Bere ibilbide profesionalaren hasieran animazioan aritu zen 10 urte baino gehiagoz Bilboko Merlin estudioan lanean, eta geroztik han ezagututako Sanvi eta Sedyasekin batera sortu zuen artboxINK estudioan ilustrazioan aritu izan da batez ere. L'Univers des Nains liburua ilustratu zuen Frantzian, Laurent eta Olivier Souillé anaien testuekin. Komikian gorago aipatutako Kortsarioen ostatua egin zuen Xabiroin Dani Fanoren gidoiarekin eta Frantzian Le chevalier à la licorne Stéphane Piatzszek gidoilariarekin, biak 2015ean. Xabiroi eta El Balanzín komiki-aldizkarien ohiko kolaboratzailea ere izan da hainbat urtetan.
Edozein profesionalek jaso dezakeen errekonozimendurik handienetakoa bere kideen partetiko miresmena da, eta euskal komikilariek beraien arteko handienetakotzat daukate Guillermo marrazki zoragarriak egiteko bere gaitasunagatik. Galera handia dudarik gabe euskal komikigintzarako.
Altsasuko gazteen epaiketa eta kartzelatzearen inguruko komikia
Oso ezaguna da, zoritxarrez, herriko gazte batzuen eta guardazobil batzuen artean Altsasuko Koxka tabernan gertatutako liskarrak eta horien ondoriozko epaiketa eta urteetako kartzela-zigorrak. Horri buruzkoa da, bada, Elias Taño tenerifetarrak Antsoain Komiki Boom jardunaldien antolatzaileen laguntzaz atera duen Jaungoikoa, Aberria, Foruak eta Altsasu hau. Komiki honek ederto frogatzen du komikiaren medioa oso egokia dela historia ezagutarazteko, baita gure historia hurbila bada ere.