e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Mina eta oroimena, euskal gatazkari buruzko istorioak komikitan
Duela urtebete harritu gintuen Sauré argitaletxearen komikigintzarako itzulerak, bospasei urte komikirik atera gabe egon ondoren Matematikako eta informatikako aparteko istorioak komikian atera zuenean. Bada, orain iaz atera zuen bigarren komiki baten berri dakarkizuegu, Fernando Buesa Fundazioarekin batera argitaratu zuena: Mina eta oroimena. Euskal gatazkaren inguruko 10 istorio biltzen dira bertan, guztiak Aurora Cuadrado Fernándezek idatziak eta Daniel Rodríguez Redondo, Alfonso Pinedo, Carlos Cecilia eta Fran Tapiasek marraztuak.
Zerocalcareren "Armadiloaren igarkizuna" ere euskaraz!
2018an Michele Rech Zerocalcare komikigile italiarraren lanak euskaratzeari ekin ziotenetik, urtero haren komiki bat argitaratu dute Farmazia Beltzakoek. Urte hartan eta hurrengoan Macerie primeren bi tomoak, orduan atera berri zirenak, beste hizkuntza askotan baino lehenago ekarri zituzten argitara Hondamuinean eta Hondamuinean - Sei hilabete geroago izenburupean. Iaz ziurrenik bere lan ezagunena izango den Kobane calling kaleratu zuten. Eta orain bere lehenengo komiki luzea izan zena dakarkigute, 2011ko Armadiloaren igarkizuna, Zerocalcare ezagun eta arrakastatsu bihurtu zuena. Berari gertatutako istorioak kontatu ohi ditu bere komikietan Rech-ek, bere beldur eta segurtasun gabeziak pertsonifikatzen dituen armadilo pertsonaia alegiazkoaz eta bere koadrilakoez lagunduta, eta kasu honetan bere txikitako lagun eta lehen maitasun izandako Camilleren heriotzaren berri izatean datozkion oroitzapenak eta pentsamenduak dira gaia. Beste guztiak bezala, hau ere Koldo Izagirrek itzuli du, eta darabilen euskara jostari eta bereziak are gozagarriagoa egiten du lan dibertigarri eta aldi berean sakon hau. Beste bat bildumarako!
Juan Luis Landaren komiki berria: "Orreagako kronikak 1 - Errolanen elezaharra"
Juan Luis Landa (Errenteria, 1965) euskal komikigile ezagunenetako bat da. Nazioartean famatua da, eta bere marrazkien edertasuna asko preziatzen dute bere kideek zein zaleek. Euskaraz argitaratzen eman zituen lehen pausoak komikigintzan 80ko hamarkadako erdialdean, Ipurbeltz komiki-aldizkarian eta Gabai sailean, eta animazioan ere aritu zen Kalabaza tripontzia filmean. 90eko hamarkadaren hasieran Egin egunkarian zintak egin zituen pare bat urtez, eta bere hurrengo komikiek ere ez zuten euskaraz argia ikusi: 1995etik 2003ra El ciclo de Irati sail ederraren hiru album atera zituen Glénat argitaletxearekin (bigarrenetik aurrera Joxean Muñoz gidoilari zuela), eta 2000n gero jarraipenik izan ez zuen El fuerte sailaren lehen zenbakia, La cabeza del apóstol, Normarekin. 2007an El ciclo de Irati saileko laugarren albuma atera zuen, Saiak, berriz ere euskaraz Xabiroiren eskutik. Tarte horretan ilustrazioan ere aritu zen, Toti Martinez de Lezearen Euskal Herriko leiendak eta Sorginak bezalakoekin, eta hala jarraitu zuen hamarkada batez komikitik aldenduta, Martinez de Lezea beraren Nur saileko lehen 10 liburuak eta bere gidoidun 1512 in memoriam ilustratuz. Frantziako merkatuan itzuli zen komikigintzara 2016an, Dargaud etxearekin eta Raulé gidoilariarekin Arthus Trivium saila ateraz, zeinak lau album izan dituen eta guztiak oso arrakastatsuak (Frantziako salmenten lehen postuan egotera iritsi izan dira!). Eta aurten bertan hasi du Glénat-ekin bere gidoia duen Chroniques de Roncevaux saila, La légende de Roland izeneko lehen zenbakiarekin.
Bada, zein izango zen atzo nire sorpresa euskarazko lanak besterik ez dauden Ziburuko liburu eta disko azokan bere komiki berri bat ikustean! Hain zuzen ere, azkena aipatu dudan lan horren euskarazko edizioa, Erein etxearen eskutik: Orreagako kronikak 1 - Errolanen elezaharra. Segituan etorri zen zakura!
Juan Luis Landaren irudiak, bere lan guztietan bezala, ezin politagoak dira. Bereziki Saiaketik aurrera finkatu zuen estiloan eginda daude: marrazki errealistak, zehaztasunez beteak, argi-itzalekin, orrian kolore tonu bat nagusi dela... 60tik gora orri ditu lanak eta pertsonaien zirriborro eta diseinu-orri batzuk ere baditu, benetako luxua!
Eta marrazkigile aparta izateaz gain, istorioak idazten ere badaki Landak. Ez du hau lehen aldia, berak egin izan ditu lehen ere bere hainbat lanetako gidoiak: El ciclo de Irati saileko lehena, El fuerte, 1512 in memoriam... Eta horiei (zein marrazkigile soil aritu den beste lan askori) erreparatuta, argi dago oso gogoko dituela Nafarroako Erresumaren historia eta Euskal Herriko mitologia, eta ongi bai ongi ezagutzen dituela biak. Orreagako kronikak honetan ere gai ezagun horietara bueltatzen da, zehazki Orreagako Guduaren gaira, eta bai ederto bueltatu ere! Gainera, aurreko lan horietako bateko pertsonaiaren bat berriz agertuko zaigu lan honetan, ea asmatzen duzuen zein den...
Ezusteko pozgarria izan da 14 urteren ondoren Juan Luis Landaren komiki bat berriz ere euskaraz ikustea, eta are gehiago hainbeste atsegin dugun, gure historiaren parte garrantzitsua den eta ezagutaraztea hain beharrezko den gai batekin! Lehen album honetan planteamendu eta sarrera bikaina ematen zaio istorioari, eta hurrengo liburukian izango den jarraipena eta amaiera (guri gehien interesatzen zaigun partea) ikusteko irrikatan gaude!
"Beti Berdin Taberna koronabirusaren garaian", pandemia garaiko umorezko istorioak
Asier Iturralde Gaston donostiarra 2018an hasi zen Beti Berdin izeneko tabernaren umorezko zintak argitaratzen. Iazko konfinamenduan, normala denez, COVID-a ohiko gaia bihurtu zen tabernako pertsonaien artean, eta 2020 amaieran pandemia garaiko istorioak batzen zituen Beti Berdin taberna koronabirusaren garaian komikia atera zuen Iturraldek autoedizioan. Horretarako Bilboko Udalaren Bilbao aurrera programaren laguntza jaso zuen, eta Gaston argitalpenak bere zigiluaren bidez kaleratu zuen. Online eros daiteke bere webgunean, eta euro bat besterik ez du balio!