e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
CEAR Euskadi, Gehitu, Mugen Gainetik eta Cáritas Bizkaia elkarteen komikiak
Azken urteetan, irabazi asmorik gabeko elkarte eta gobernuz kanpoko erakunde ugari ari da komikia baliatzen bere mezua zabaltzeko. Horren erakusgarri, 2021 urte honetan ateratako hiru komikiak.
Errefuxiatuen eskubideen alde jarduten duen CEAR Euskadi elkarteak Alde egin edo hil komikia argitaratu du. Susanna Martínek egin du, eta Honduras eta El Salvadorretik arrazoi ezberdinengatik ihes egin behar izan duten hainbat pertsonen istorioak kontatzen dira bertan: krimen antolatutik, biolentzia LGTBIfobotik, indarkeria matxistatik... Eta harrerako herrialdeetan aurkitzen dituzten diskriminazio eta aurreiritziak ere salatzen ditu. Komikia elkarteari postaz eska dakioke.
Bestalde, Gehitu Euskal Herriko LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko elkarteak eta Mugen Gainetik txirotutako herrialdeen garapenerako GKEak Beste aldetik – Hemengo eta hango trans emakumeen bizipenak komikian atera du. Bertan Ertamerika zein Espainiako 8 emakumezko egilek (Teresa Castro, Susanna Martín, Sydney Hilton, María José Manzano, Catalina Parra, Elsa Ruiz, Sara Soler eta Xulia Vicente) beste hainbeste trans emakumeren istorioak kontatzen dituzte, propioak edo testigantzaz jasotakoak. Komikia doan deskargatzeko moduan jarri dute.
Azkenik, Cáritas Bizkaia elkarteak Konexio irekia komikia egin du. 2021ean zehar Cáritas Bizkaiako Namasté taldeak tailer kulturanitzak antolatu zituen beste herrialde batzuetatik datozen eta sare soziala handitu nahi duten gazteen sormen-trebetasunak garatzeko helburuarekin, Kike Infamek gidatuta. Eta tailer horren emaitzetako bat izan da komiki hau, tailerreko parte hartzaileen gidoia eta Kike Infameren irudiak dituena. Komiki hau ere dohainik deskargatu daiteke.
"Jacob, gaueko langilea", Txalapartaren aurtengo komikia
Txalaparta argitaletxeak azkenaldian ia-ia urtero ateratzen du komiki bat. 2018an Lucio Urtubia anarkista nafar mitikoaren bizitza kontatzen zuen Gerezi garaia argitaratu zuen. Urtubiak bankuak lapurtu edo, bere hitzetan, "desjabetzen" zituen txiroenen artean banatzeko eta kausarako. Bada, aurten beste aberatsen desjabetzaile anarkista baten, zehazki Alexandre Jacob-en, bizitza dakarkigute komiki-formatuan: Jacob, gaueko langilea. Jacob-en bizitza bide-erakusle izan zen Urtubiarentzat, haren biografia oheburuko liburu baitzuen nafarrak. Eta esaten da Maurice Leblanc-entzat Arsène Lupin pertsonaia sortzeko orduan inspirazio ere izan zela (egileak ukatzen zuen arren; baina kointzidentzia gehiegi dira: pertsonaia sortu zuen garaian, Jacob-en epaiketaren berri ematen zuen Leblanc-ek lan egiten zuen egunkariak, lapur biek soilik aberatsei lapurtzen diete ohar ironikoak utziz...).
1879an jaioa, 11 urterekin itsasoratu zen Jules Verneren istorioek liluratuta, eta derrigortuta piraterian ere aritu zen. Garai horietan ezagutu zuen munduaren miseriaren kontzientzia hartuta, 15 urterekin anarkismoan militatzen hasi zen eta, beranduago, Robin Hood moderno baten gisara pobreei emateko aberatsei lapurtzen hasi zen.
Ikusten denez, bizitza zinez interesgarria izan zuen, komikian kontatzeko modukoa. Matz gidoilariak eta Léonard Chemineau marrazkilariak hartu dute beren gain egitekoa, eta ederto bete ere! Komiki aparta da, ongi kontatutako istorio batekin eta irudi ederrekin hornitua. Aurten euskaraz atera diren komikien harribitxietako bat.
Jazinto Rivas "Elgeta" trikitixaren maisuaren bizitza komikiratu dute Ikastolen Elkarteak eta Trikitixa Elkarteak elkarlanean
Azken urteetan atalka Xabiroin agertu ondoren, iritsi zaio ordua Sasi artean Elgetari album formatuan argia ikusteko.
Koldo Izagirrek idatzi, Dani Fanok marraztu eta Ekaitz Agirre Garlukek koloreztatutako komiki hau elkarlanean atera dute Ikastolen Elkarteak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Jazinto Rivas Elgeta XX. mendeko trikitilari mitikoaren bizitza kontatzen du: haurtzaroa, sozialismoa, gerra, kartzela, bizitza bohemioa, trikitixa kontuak... Bizitza berezi eta jakingarria, modu ederrean kontatua komiki bikain honetan.
Komiki formako beste aletxo bat gure historia ezagutzera emateko bidean. Ikusi ze bideo-trailer polita egin duten, eta hemen aurrerapen orri batzuk; ezin izango zara erosi gabe gelditu!
Dortokaren promesa 2
Iaz atera zuen Harriet argitaletxeak Stéphane Piatzszek gidoilariaren eta Tieko marrazkilariaren Dortokaren promesa, eta orain haren jarraipena dakarkigu, Dortokaren promesa 2. Bertan ikusiko dugu Quitt, Apolline eta Louiseren istorioaren jarraipena, frantziar gobernuak ingelesei kendu berri dieten Tortuga uhartera hango filibusteroekin populazioa finkatzeko bidalitako hiru emakume presoren abenturen jarraipena alegia.
"Bidea da borroka", Bertsolari aldizkariaren komiki berria
Nork, Nori eta Arditutakoaken ondoren, berriz ere Bertsolari aldizkariaren zenbaki bat komikia izango da. Beñat eta Unai Gaztelumendi anai bertsolariek egin dute elkarlanean Bidea da borroka, lehenak gidoia eta bigarrenak irudiak. BECeko finalera abestera doan Martin 35 urte inguruko bertsolaria da protagonista, eta bidean doala horraino eraman duen bide osoa gogoratuko du, hala belaunaldi horren eta egokitu zaien garai berri hauen analisi eta kronika umoretsua osatuz.