Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

"Haur besoetakoa 2 - Paristik datorren artista", Xabiroiren aurtengo albuma

e-gor 2018/11/30 20:10
Unai Iturriaga eta Alex San Vicentek helduon mundua jipoitzen jarraitzen dute haurrek boterea duten mundu baten irudikapen umoretsuaren bidez
"Haur besoetakoa 2 - Paristik datorren artista", Xabiroiren aurtengo albuma

Irudia: Alex San Vicente

Zer gertatuko litzateke munduan boterea haurrek balute, eta helduok haien menpeko baino ez bagina? Ba ez litzatekeela egungo helduon mundua den desastre hau baino okerragoa izango, eta beste parametro batzuetan baina gure akats berberak errepikatuko lituzketela... Hori da Xabiroik argitaratzen duen Haur besoetakoa komiki-sailaren premisa. Gure gizartearen argazki bat egiten du gure lotsaizun guztiak azaleraziz, haurren diktadura baten distopia eta umorea baliatuz.

Unai Iturriagak idatzi eta Alex San Vicentek marrazten duen sail honen lehen albumak (Haur besoetakoa - Litxarrerien jauna) 2014an ikusi zuen argia album gisa, aurrez atalka Xabiroi aldizkarian atera ondoren. Eta orain berdin, Xabiroin geroztik ateratako kapituluen bildumarekin Haur besoetakoa 2 - Paristik datorren artista albuma dakarkigute, pertsonaia eta jokaleku berekin eta berriz ere umore fin eta hitz jokoz beteta. Gora HB!

P.S.: Bide batez, Intxaurrondo Kultur Etxean egiten ditugun euskarazko komiki-solasaldien barruan, hurrengoan Haur besoetakoa sailaz mintzatuko gara, Unai Iturriaga bertan izango dugula. Urtarrilaren 8an izango da, arratsaldeko 19:00etan.

Tomoë, Japoniako samurai, pirata eta jauntxoen istorioak

e-gor 2018/11/29 20:32
Harriet argitaletxearen eskutik datorkigu bi albumeko edizio oso hau
Tomoë, Japoniako samurai, pirata eta jauntxoen istorioak

Irudia: Tieko

XIII. mendeko Japoniako kondaira baten arabera, Uraren printzesa eta Ezpataren erregina da Tomoë. Bi mende geroago, Yoshinaka pirata sinistuta dago Sayo gaztea haren oinordekoa dela. Haren herrixka suntsitu ondoren, Sayo entrenatuko du gero berarekin ezkondu eta Kyoto bereganatzeko.

Harriet argitaletxeak errealitatea eta fantasia nahasten dituen istorioa dakarkigu Tomoën, bi albumeko edizio osoan, Jack Maniniren gidoiduna eta Tiekoren irudiez hornitua.

"Hondamuinean", Zerocalcare komikigile italiarraren azken lana euskaraz!

e-gor 2018/11/28 19:18
Farmazia Beltza argitaletxe berriak atera du, Koldo Izagirrek itzulita
"Hondamuinean", Zerocalcare komikigile italiarraren azken lana euskaraz!

Irudia: Zerocalcare

Italiako fumetti egile underground ezaguna da Zerocalcare, milioika ale saldu izan dituena eta hizkuntza askotara itzuli dena. Kobane calling izango da beharbada bere lanik ezagunena, La profezia dell'armadillorekin batera. Bere azken lana, Macerie prime, euskarara itzuli du Farmazia Beltza argitaletxe berriak, Hondamuinean izenburuarekin. Koldo Izagirrek itzuli du.

Bere beste lan askotan bezala, egilea bera da protagonista, eta lehen pertsonan kontatzen ditu bere bizipenak. Kasu honetan, komikigile arrakastatsuak prekarietatean bizi diren bere betiko lagunekin duen harremana dakarkigu orriotara egileak, bide batez 1980ko hamarkadan jaiotakoen erretratua eginez.

Benetako luxua lan hau euskaraz izatea, beste hizkuntza askotan baino lehenago (gaztelaniaz ez da oraindik atera, frantsesez oraintsu...)! Ez galdu!

"Mutuaren hitza", beste harribitxi bat Harriet argitaletxearen eskutik

e-gor 2018/11/27 22:12
Bi album barne hartzen dituen edizio osoan atera du Laurent Galandon eta Fréderic Blier-en lan polit hau
"Mutuaren hitza", beste harribitxi bat Harriet argitaletxearen eskutik

Irudia: Fréderic Blier

Harriet argitaletxeak XX. mende hasierako zinema munduko istorio bat dakarkigu udazkeneko nobedadeetako bigarren honetan, Mutuaren hitzan alegia. Laurent Galandonek idatzi eta Fréderic Blierrek marraztutako komiki bikoitzean, Celestin gaztea Parisera iritsi da zine zuzendari izateko asmoarekin. Dekoratzaile gisa hasten da estudio batean, eta lagun batzuekin batera film bat filmatzen hasiko da, ezkutuan eta gauez, estudioko baliabideak erabilita, horrek dakartzan arriskuekin... Istorio oso polit eta samurra. Eta amaieran, zinemaren hasieraren historia kontatzen da benetako argazkiz hornituta.

"María Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak", Miren Mindegia eta Adur Larrearena

e-gor 2018/11/26 21:44
Ostegun arratsaldean aurkeztuko dute Komikigunean Nabarraldek argitaratutako komikia
"María Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak", Miren Mindegia eta Adur Larrearena

Irudia: Adur Larrea

Nabarralde iaz hasi zen Euskal Herriko historiako une eta pertsonaia garrantzitsuen gaineko komikiak argitaratzen, Angel Rekalde eta Joseba Larratxe Joseviskyren Eneko Aritza, lehen errege baskoiarekin. Orain sorta horretako bigarren komikia atera du, Miren Mindegiaren gidoia eta Adur Larrearen irudiak dituen María Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak.

Hau ere komiki laburra da, hogei orritakoa, eta hau ere euskaraz eta gaztelaniaz aterako da. Eta hau ere ziur hura bezain beharrezko, interesgarri eta ederra dela ziur. Gaia, izenburuak dioen bezala, Zugarramurdiko sorginen (edo, hobe, sorginduen) erreketa da.

Komikiari buruz gehiago jakin nahi baduzue, ostegun honetan, hilak 29, duzue aukera, Donostiako Komikigunean arratsaldeko 18:00etan egingo den aurkezpenean.

"Hasiera berri bat", Harriet argitaletxearen udazken honetako bost nobedadeetatik bat

e-gor 2018/11/22 22:12
Gwénola Morizur eta Marie Duvoisin istorio xamur eta ederra
"Hasiera berri bat", Harriet argitaletxearen udazken honetako bost nobedadeetatik bat

Irudia: Marie Duvoisin

Harriet argitaletxea ari da izaten azken urteotan euskarazko komiki gehien ateratzen dituen argitaletxea. Urtearen hasieran ateratakoei, udazken honetan atera dituen bost (!) gehitu behar dizkiegu, apurka-apurka hemen berri emango dizuegunak.

Horietako lehenengoa Hasiera berri bat hau da. Euren bizitzetako bidegurutze zail batean aurkitzen diren lau pertsonak topo egingo dute mendiko landetxe batean, eta elkarrekin aurrera egin eta bizipoza berreskuratzeko modua aurkituko dute. Gwénola Morizurrek egin du gidoia eta Marie Duvoisinek marrazkiak jatorriz Grand Angle argitaletxeak Frantzian ateratako istorio xamur eta eder honetan. Ezin galduzkoa, benetan.

"AztiHitza, Xahoren BioGrafikoa" atera du Asisko Urmenetak

e-gor 2018/11/21 21:40
Agosti Xahoren bizitza kontatzen digu Erroa argitaletxeak eta Gure berriak, Herrima eta Atharratzeko Prefosta elkarteek argitaratutako komikiak
"AztiHitza, Xahoren BioGrafikoa" atera du Asisko Urmenetak

Irudia: Asisko

Asisko Urmenetaren AztiHitza, Xahoren BioGrafikoa komiki honetan, XIX. mendean bizi izandako Agosti Xahoren bizitza kontatzen zaigu. Erroa argitaletxeak, Gure berriak eta Herrima elkarteek eta Atharratzeko Prefosta Elkarteak argitaratu dute. Xahoren bizitza haren jaioterri Atharratzeko gazte batzuen eskutik kontatzen zaigu, beraiek deskubritzen doazen aldi berean. Parada bikaina euskal politikan, hizkuntzalaritzan, kazetaritzan... arrasto handia utzitako pertsonaia ezinbesteko honen bizitza modu atsegin eta jostagarrian ezagutzeko, Asiskoren estilo eta hizkuntza beti zirtolarian. Erreparatu al diozu izenburuko palindromoari? ;-)

AztiHitza aurkezpena

Bide batez, larunbat arratsaldean, hilak 24, komikiaren aurkezpena izango da Atharratzeko Xahoenean. Aurkezpen berezia gainera: aurkezpen ilustratu-musikatua, aurretik haurrentzako marrazketa saioa, ondoren jan-edana eta Patxi Saizen kontzertua... Pena ezin naizela joan!

"Hijos acabados" aldizkari eta kolektiboaren inguruko erakusketa

e-gor 2018/11/20 18:52
"Izkutukoak" zikloaren barruan, Komikigunean, azaroaren 30a arte
"Hijos acabados" aldizkari eta kolektiboaren inguruko erakusketa

Irudia: Hijos acabados

Autoedizioa eta sorkuntzaren munduan lan egiten duten pertsona, kolektibo eta proiektuei buruzkoa da Izkutukoak izeneko erakusketa zikloa. Horren barruko bostgarren erakusketa dago ikusgai egunotan. Aurretik Irkus (M) Zeberio, Andrea Ganuza, Bruno Ibañez eta Rosacarmenenak izan dira aurten, eta oraingoan, bukatzeko, Hijos acabados-en txanda da.

Erakusketaren web orrian irakur daitekeenez, "Hijos Acabados Paula Estévez (Donostia, 1984), Mikel Larraioz (Iruñea, 1981) eta Maite Caballerok (Donostia, 1984) egiten duten aldizkariaren izena da. Hiru marrazkilari hauek, aldizkari hau egiteaz gain, kolektibo bezala Guillotina autoedizio azoka ere antolatzen dute. 2016an Paula, Mikel eta Maitek beraien lana eta gustuko zituzten beste egileena ere argitaratzeko asmoarekin, Hijos Acabados komikia eta marrazkiaren inguruko aldizkaria sortzea erabaki zuten. Dena den, bertan disziplina desberdinak elkartzen dira: kazetaritza artikuluak, galdeketak, olerkiak, argazkiak.... eta denek dute zerbait komunean: ezohiko lengoaien erabilpena eta porrotaren inguruko gaien ikerketa".

Erakusketa Komikigunean izango da (Errege-Erregina Katolikoen kalea 16, Donostia), eta azaroaren 30a bitartean egongo da irekita.

Zerocalcare-ren "Hondamuinean" komikiaren aurkezpena eta Dzirt-dzart saioa

e-gor 2018/11/14 20:30
Bihar izango dira, hilak 15, Donostiako Komikigunean

Bihar bi saio oso interesgarri izango dira Donostiako Komikigunean (Errege-erregina Katolikoen kaleko 16.ean).

Batetik, goizeko 11:00etan, Farmazia Beltza argitaletxe berriak ateratako Hondamuinean komikiaren aurkezpena egingo da, Zerocalcare egile italiarraren Macerie prime lanaren Koldo Izagirrek egindako itzulpena. Lan honen informazio gehiago izango duzue laster blog honetan bertan.

Bestetik, aurreko urtean hasitako bideari jarraiki, bat-bateko komikigintza saioa egingo dute lau komikigilek arratsaldeko 19:00etan. Iñigo Astiz gaijartzaile dela, Adur Larrea, Eider Eibar, Eñaut Aiartzaguena eta Joseba Larratxe Josevisky marrazketan jardungo dira.

Han ikusiko dugu elkar!

"Komikiari begiratzeko modu berriak: haur eta gazteen literatur ohiturak suspertzeko bideak" ikastaroa Komikigunean, Galtzagorrik antolatuta

e-gor 2018/11/06 18:55
Amaia Serranok eta Iratxe Retolazak emango dute, azaroaren 17an, larunbata, goizez
"Komikiari begiratzeko modu berriak: haur eta gazteen literatur ohiturak suspertzeko bideak" ikastaroa Komikigunean, Galtzagorrik antolatuta

Irudia: Galtzagorri elkartea

Galtzagorri Elkartearen Haur Literatura Mintegian, duela hiru urte hasi ziren eskaintzen duten trebakuntzaren barruan mintegiko kide ez direnei ere formazio saio horietara joateko aukera zabaltzen. Aurtengo ikasturterako formazio saio berri bat antolatu dute, komikia mintzagai hartuta, Komikiari begiratzeko modu berriak: haur eta gazteen literatur ohiturak suspertzeko bideak izenburuduna. Hain zuzen ere, komikiaren alderdi didaktikoaz edota komikia oinarri hartuta haur eta gazteen irakurketa ohiturak suspertzeko estrategiez jardungo dute. Horretarako, bi aditu gonbidatu dituzte formazio saio honetan parte hartzera: Amaia Serrano eta Iratxe Retolaza, unibertsitateko irakasle, literatura ikertzaile eta kritikariak.

Hauexek dira formazio saioan landuko diren edukiak:

  • Euskal komikiaren historiaren aurkezpena
  • Komikiaren adierazpideak: komiki-orriaren arkitektura, kode artistiko-komikoak eta kode linguistiko-komikoak
  • Komiki-liburu baten lanketa: Pololoak trilogia
  • Komiki-zintak eta komiki-binetak, komunikazio-gaitasuna lantzeko baliabide
  • Literatura testuen komiki-egokitzapenak: narrazio-osagaien baliabideez jabetzeko bide
  • Komikia sormena lantzeko bide

Eta ikastaroaren helburuak, hauek:

  • Euskal komikiaren historiaren ibilbidea ezagutzea
  • Komikiaren ezaugarri artistikoez jabetzea
  • Komikiaren bitartez literatur ohiturak suspertzeko aukerez jabetzea
  • Komikiak komunikazio-gaitasunak lantzeko ematen dituen aukerez jabetzea
  • Komikiak komunikazio literarioan trebatzeko eskaintzen dituen aukerez jabetzea

Haur eta gazteen irakurzaletasuna sustatzeko kezka eta interesa duen edozein
bitartekariri dago zuzendua: irakasle, bibliotekari, guraso, hezitzaile, dinamizatzaile, sortzaile, ikerlari, irakurle... Trebakuntza saioa Donostiako Komikigunean izango da, Errege-Erregina Katolikoen kaleko 16.ean, azaroaren 17an, larunbata, goizeko 9:30etik 13:30era. Galtzagorriko mintegiko kideentzat dohainik da, bazkideentzat 40 euroko prezioa du eta gainontzekoentzat 60 euro. Azaroaren 9a baino lehen eman behar da izena. Gehienez 40 ikaslek parte har dezakete eta onarpena izen emate ordenaren arabera egingo da, beraz, azkar ibili!

Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 2018ko Euskadi Saria Eider Rodriguezentzat, "Santa Familia" komikiarengatik

e-gor 2018/11/02 09:11
Sari hori inoiz eraman izan duten bi komikiak Xabiroikoak eta Julen Ribasek marraztutakoak dira
Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 2018ko Euskadi Saria Eider Rodriguezentzat, "Santa Familia" komikiarengatik

Irudia: Julen Ribas

Eider Rodriguezek eraman du aurtengo Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria, Xabiroik argitaratutako Santa Familia komikiaren gidoiarengatik. Aurten bi Euskadi sari eraman ditu, Euskarazko Literatura arlokoa ere eman baitzioten Bihotz handiegia liburuagatik. Zorionak, Eider!

Saria Eiderri eman badiote ere, kontuan izan behar da komiki batean gidoiaren eta marrazkien bidez kontatzen dela istorioa, beraz Julen Ribas marrazkigileak ere izango du meriturik, ezta? Are gehiago kontuan izanik sari hori inoiz eraman izan duten bi komikiak berak marraztutakoak direla! 2012an Iban Zalduari eman zioten Julenen irudiak zituen Azken garaipena komikiarengatik. Beraz, zorionak zuri ere, Julen! Eta jakina, bi komikiok Xabiroik ateratakoak dira, beraz zorionak Xabiroiri ere!

Eusklabo alaiak, katalanez!

e-gor 2018/11/01 12:09
Asiskoren komikia katalanez atera du Pol·len argitaletxeak
Eusklabo alaiak, katalanez!

Irudia: Asisko

Eusklabo alaiak Asisko Urmenetak iaz argitaratutako komikia da, euskaldunon menpekotasun inkontzientea salatu eta emantzipazio mental eta nazional baterako bidea erakusten zuena, umorez eta jakinduria handiz. Orain katalanez atera du Pol·len argitaletxeak, Els eusclaus feliços izenburuarekin. Anaia katalanek jada komikiak ematen dituen lezio historiko eta politikoen beharrik ez badute ere (gu baino askoz aurrerago doaz horretan), liburuaren alde jolasti eta umorezkoaz (hitz joko batzuen itzulpen ezinezkoak gorabehera) guk bezainbeste gozatzeko aukera izango dute, ziur!

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
  • Harpidedunak:
  • e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste) RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Twitter-en jarraitu:
  • Erantzunen harpidetza
  • Harpidedunak:
  • RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Artxiboa
    2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018
    Artikulu aipagarriak

    MythTV sorta
    2004/11

    "Pololoak" sorta
    2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

    Monoblogoa
    2005/01/11

    "Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
    2005/01/25

    Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
    2005/04/18

    Firefox eta bere plugin zoragarriak
    2005/05/11

    "El País"-en komiki bilduma
    2005/05/15

    Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
    2005/05/25

    "Watchmen" sorta
    2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

    "La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
    2005/11/08

    "Goienkaria"-n agertu naiz
    2005/12/08

    Komikiak eta euskal rock-a
    2005/12/14

    Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
    2006/01/02

    Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
    2006/02/01

    "Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
    2006/08/05

    Argazkigintza eta DRM-a
    2006/10/09

    Paul Auster eta Euskararen Herria
    2006/10/29

    Angoulême sorta
    2007/01-02

    Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
    2007/04/23

    Hergé-ren defentsan
    2007/05/22

    Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
    2007/07/02

    OLPC sorta
    2007/12 - 2008/01

    Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
    2008/02/05

    Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
    2008/03/11

    Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
    2008/08/04

    "Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
    2008/08/25

    "Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
    2008/09/17

    "Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
    2008/10/14

    Pottokiek 50 urte!
    2008/10/22

    Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
    2008/11/12

    Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
    2008/12/04

    "Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
    2009/01/23

    I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
    2009/04/16

    Elkarrizketa egin didate 7K-n
    2009/06/03

    Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
    2009/10/06

    Asterix, heroi garaitua
    2009/10/29

    "Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
    2009/11/13

    Pololoak 3: The making of
    2009/11/22

    5 urte 5!
    2009/12/15

    Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
    2009/12/20

    "Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
    2010/01/13

    Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
    2010/01/19

    Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
    2010/01/27

    Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
    2010/02/09

    e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
    2010/05/20

    Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
    2010/06/02

    "Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
    2010/07/22

    Sistema eragileen guda berria
    2010/12/14

    Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
    2010/12/27

    Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
    2011/01/10

    "Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
    2011/01/13

    Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
    2011/01/27

    "Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
    2011/02/20

    Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
    2011/03/21

    Sare sozialetan preso
    2011/04/06

    Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
    2011/10/14

    Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
    2011/11/04

    Euskarazko 8 komiki berri
    2011/12/02

    Social networks killed the RSS star?
    2012/06/10