e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Isusiren “Asylum” berrargitaratu du Astiberrik
Siriako errefuxiatuen gaia puri-purian zegoenean atera zuen CEAR-Euskadi (Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin) elkarteak Javier de Isusi bilbotarrak (Los viajes de Juan Sin Tierra, Baleak ikusi ditut...) egindako Asylum komikia. Bertan Isusik maisuki tartekatzen zituen gaur egun beren herrialdeetatik ihesi babes bila iritsitako lau pertsonaren istorioak Gerra Zibiletik ihesi lehenengo Frantziara eta gero Venezuelara joandako euskaldun batenarekin. Komiki benetan bikaina zen, Isusiren akuarela ederrez margotua (ikusi blog honetan egin genion aipamena). Baina pena izan zen banaketa egokirik ez zuela izan, ez zen batere erraza komikia lortzea. Orain, Astiberri Bilboko argitaletxeak berrargitaratu du, tapa gogorreko edizioan. Ez galtzekoa.
Harriet argitaletxeak lau komiki atera ditu aurten
Aurtengo lehen seihilekoan atera diren euskarazko komiki-nobedade denak (guk dakigula) Harriet argitaletxearen eskutik etorri dira. Guztiak ere Frantziako merkatuan ateratako komikiak dira.
Batetik, Autobusa berriro bera gabe abiatu zen egunekoa. Iaz atera zen Frantzian Markok marraztutako eta Békak idatzitako komiki hau, eta arrakasta handia izaten ari omen da bertan. Hortaz, zortekoak gara komiki hau horren goiz euskaraz gozatu ahal dugulako. Clémentine, bizitzan bere lekua aurkitu nahian, meditazio talde batean dabil. Hauekin aste bukaerako irteera bat egitera joaten den batean, landa inguruneko geldialdi batean autobusa galdu du. Baina bertan pasatu beharko dituen egunak ezusteko aurkikuntza izango dira...
Bestetik, Hegoak astinduz komikian, Frantzian Bamboo etxeak ateratako bi album daude, bilduma horretako 1. zikloko edizio osoa alegia. Gidoia Laurent Galandon-ena da eta irudiak Arno Monin-enak. II. Mundu Gerran kokatutako komiki honetan, Simon jatorri judutarreko haur umezurtz bat da Alemaniak okupatutako Frantzian, horrek esan nahi duen guztiarekin: handik hona ibiliko da, umezurztegitik erreformatoriora, basotik kontzentrazio-eremura...
Horrez gain, imajina ditzakezu istorio berean Jack Tripa-ateratzailea eta Far West-a? Ba hori da Wounded komikian planteatzen zaiguna. Loïc Malnatik marraztutako Damien Marieren istorio honetan, Jack Tripa-ateratzailearen Londreseko krimenak gertatu eta bi urtera, haien antzeko erailketak gertatzen hasiko dira Mendebalde Urruneko mugaldeko herri batean...
Eta bukatzeko, Laurent Galandon Hegoak astinduzen gidoilari berarengandik datorkigu XX. mende hasierako haurrentzako kartzelei buruzko Inozoen errua istorio latza, Anlor-ek marraztua. Egindako delituengatik lau gazte nekazari-lanak egiten diren haurren kartzela batera eramango dituzte. Bizitza gogorra aurkituko dute bertan, eta handik ihes egitea amestuko dute lau lagunek.
Urte hasiera bikaina! Eta ez da honekin amaituko, komiki gehiago daude Harriet-en planetan!
Euskal egileen komiki berriak Espainia eta Frantzian
Guk ongi dakigu euskal komikigileen kalitateaz. Eta horren erakusgarri da Espainiako eta Frantziako merkatuetan era argitaratzen dituztela beraien lanak. Kasu honetan, lehenago hasitako (eta iaz hemen berri emandako) hainbat serieren bigarren zatiak atera dituzte hainbat egilek.
Batetik, Verdun 2 - L’agonie du fort de Vaux dago. Markok eta Iñaki Holgadok Frantzian Grand Angle argitaletxearekin atera zuten Verdungo guduaren (Lehen Mundu Gerrako bataila odoltsu eta luzeenetako bat, ia 1916 urtea osorik iraun zuena) inguruko komiki sail baten lehen albuma, haren mendeurrena gogoratzeko. Bada, orain bigarrena atera dute, hau ere Jean-Yves Le Naouren gidoiarekin, Markoren storyboard-arekin eta Iñaki Holgadoren irudiekin. Eta Espainian, Yermo argitaletxearekin, bi albumak batzen dituen edizio osoa ere atera dute. Ea lehen tomoak bezain harrera ona duten bigarrenak eta edizio osoak!
Bestetik, Arthus Trivium 2 - Le troisième magicien. Iaz atera zuen Frantziako Dargaud argitaletxeak Arthus Trivium komiki-sailaren lehen albuma, Raule-ren gidoia eta Juan Luis Landaren irudiekin. Arthus Nostradamus igarle ezagunaren hiru zaldun-dizipuluetako bat da, bere maisuaren aginduz sorginkeriazko abenturetan sartuta ibiltzen dena. Komikiak izugarrizko arrakasta izan zuen, hainbat astez Frantziako komiki salduenen zerrendan izan zen, lehena izatera ere iritsiz! Duela pare bat hilabete atera zen saileko bigarren albuma, eta hau ere salduenen artean izan da zenbait astez.
Azkenik, Mikel Begoñak (Komikeri blog bikainaren egileak) gidoia eta Iñaketek irudiak jarri dizkion Ötzi - El bueno, el feo y el tuerto komikia ere serie baten bigarren albuma dugu. Seriean duela urte batzuk Alpeetako glaziar batean izoztuta aurkitutako eta 5.000 urte baino gehiago dituela uste den Ötzi gorpu momifikatuaren istorio imajinatu bat kontatzen da, Sergio Leoneren Dolarraren trilogia film sail ezagunaren estiloan. Aurrekoa bezala, Norma argitaletxeak atera du Espainian hau ere.
Denak ere denak, lan ederrak. Jarraipena izan dezatela!
Dzirt-dzart, 6 marrazkilari bat-bateko saioan zuzenean
Ostiralean arratsaldeko 18:00etan, Donostiako Komikigunean, 6 marrazkilari bertsolarien gisara arituko dira zuzenean marrazten. Iñigo Astiz gai-jartzaile dutela hainbat marrazketa-ariketa bete beharko dituzte: banaka, binaka, kartzelako gaiarekin... Marrazkilariak Antton Olariaga, Asisko Urmeneta, Ainara Azpiazu Axpi, Exprai, Dani Fano eta Marko izango dira. Saio original batez gozatzeko, marrazki ederrak ikusteko, marrazkilari bikainak lanean ezagutzeko eta, ziur, barre egiteko aukera bikaina!