Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Xabiroi komiki-aldizkariaren 29. zenbakia

e-gor 2013/07/30 09:15
Ohiko serieez gain, kolaborazio berriak: Alai Zubimendi eta Eider Rodriguez eta Jon Juarez. Eta Grzegorz Rosinski, Thorgal-en marrazkigilea, elkarrizketatu dugu!

Xabiroi aldizkariaren 29. zenbakiaren azala
Irudia: Juan Luis Landa

Xabiroi komiki-aldizkaria, Ikastolen Elkarteak argitaratzen duena, berriz ere kalean da. 29. zenbakia ekainean atera zen, eta eduki hau aurkituko duzue barruan:

  • Manu Ortegaren Haizea banda
  • Exprairen Pertza ustelaren gogoeta antzuak zinta
  • KomikITAUN elkarrizketen orri bikoitzean, Angulemako aurtengo komiki-azokan Grzegorz Rosinski handiari, Thorgalen marrazkigileari, egin nion elkarrizketa, Dani Fanoren argazki eta ilustrazioekin
  • ZaldiEroaren Arranotxuren beste bi orri
  • Kortsarioen ostatua sailaren beste 8 orri, Dani Fanoren gidoia eta Guillermo Gonzalezen irudiekin
  • Egoitz Lasaren gidoia eta Loperen irudiak dituen Zonbiñe umorezko sail berriaren 3 orri

Gogoan izan Xabiroi aldizkaria eta bertatik ateratako albumak (Saiak, Piztia Otzanak, TeleAtoi, Azken garaipena eta Anubis 3.0) Euskal Herriko hainbat komikidendatan eskuratu daitezkeela: Bilboko Joker (Urkijo zumardia, 27), Donostiako Armagedon (Marzelino Soroa plaza, 2), Gasteizko Zuloa (Correria kalea, 21) eta Iruñeko TBO (Merced kalea, 28).

A, eta Rosinskiren elkarrizketaren bertsio osoa laster izango duzue blog honetan. Egon adi!

"Baztanga eroa" fanzinearen 3. zenbakia

e-gor 2013/07/26 21:46
Online irakur daiteke fanzine honen zenbaki berria

"Baztanga eroa" Fanzinearen 3. zenbakiaren azala
Irudia: Hamar Hatz Handi

Baztanga eroa euskarazko komiki fanzine txikiaren 3. zenbakia, Bai, bai, zuek egin barre..., atera du Hamar Hatz Handik. Aurreko biak bezala, 16 orri berri hauek ere online ikusi edo deskargatu daitezke eta hainbat liburu-denda, kafetegi edo tabernatan eskuratu daitezke (webgunean ikus dezakezue non).

Ongi etorria!

Interneteko komunikazioen segurtasuna III: Anonimotasuna

e-gor 2013/07/22 16:55
Interneteko komunikazioen segurtasunari buruzko artikulu-sorta honen barruan, aztertu dugu nola bermatu daitezkeen konfidentzialtasuna (mezu pribatu bat hirugarrenek ez atzematea) eta autentifikazioa (gure solaskidea berak dioena dela egiaztatzea). Oraingoan, Interneten anonimotasuna ziurtatzeko bideak landuko ditugu, eta, ikusiko dugunez, aurreko bietan bezala, gako publiko bidezko kriptografia dago honen oinarrian ere.
(Elhuyar aldizkariko 2013ko ekaineko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Tor proiektuaren logoa
Irudia: Tor project

Interneten anonimotasunez aritzeko metodoez entzutean, jende askoren lehen erreakzioa mesfidantza da. Modu anonimoan aritu nahi denean zer edo zer okerra egiteko izango dela pentsatu ohi dugu: legez kanpoko zerbaitetan jardun, edo komunikabideren bateko komentarioetan troleatu, eta horrelakoak.

Baina badaude anonimotasuna bermatu beharra dagoen kasuak guztiz zilegi direnak. Herritarron pribatutasun-eskubidea dago, adibidez: bizitzako beste edozein arlotan bezala sarean ere nahi duguna egin ahal izatea inongo gobernuk, zerbitzu-hornitzailek edo bilatzailek zertan ari garen jakin gabe. Baita sareko zentsura aplikatzen duten herrialdeetan nabigatzeko eskubidea bermatzea ere. Edo kazetarien informatzaileen anonimotasun eta segurtasuna ahalbidetzea, Wikileaks-en kasuan bezala. Eta beste horrelako asko.

Gai horretan ez bagaude oso jantziak, ziurrenik ziberkafe batera jotzea izan liteke bururatuko litzaigukeen lehenengo gauza, baina horren desabantailak ugariak eta nabariak dira: lekukoek identifikatu ahal izatea, hurbiltasun geografikoaren beharra, maiz aldatu beharra askotan egin behar bada...

Beste modu begi bistako bat proxy edo bideratzaile anonimoak erabiltzea da. Zerbitzu batzuk dira, ikusi nahi dugun web-orriaren helbidea bertan sartuz gero eskaera berek egin eta orria guri bueltatzen digutenak. Horiek ere ez dira oso egokiak: zerbitzu horien hornitzaileek badakite nor aritu den; sarritan ordainpekoak edo publizitate gogaikarria dutenak izaten dira; nabigatzeko soilik balio dute, eta ez, esaterako, posta bidaltzeko...

Baliabide edo informatika-ezagutza handiak dituztenek (inteligentzia-zerbitzuek edo gaizkileek) erabil dezaketen bide bat da malwareren baten bidez jende arruntaren ordenagailuen kontrola hartzea eta, jabeak ohartu gabe, eskaerak edo mezuak haien bidez bideratzea, arrastorik utzi gabe. Gainera, hau horrelako hainbat ordenagailutatik jauzi eginez ere egin daiteke, horrela atzeraka aztarnei jarraitzea are zailagotzeko. Baina modu hau ez dago edonoren esku, eta ez da legezkoa, jakina.

Tor, anonimotasuna bermatzeko software eta sare libreak

Gaur egun, Interneten anonimotasunez aritzeko modurik seguruena eta edonoren eskura dagoena Tor erabiltzea da. Tor siglek The Onion Router esan nahi dute, hau da, tipula bideratzailea. Izen bitxia, baina bere izateko arrazoia duena, geroago ikusiko dugun bezala.

Tor software libre bat eta sare ireki bat da, aukera ematen diguna gure sareko komunikazioak (nabigazioa, posta elektronikoa eta abar) boluntarioen sare bateko hainbat ordenagailutan jauzi eginez bideratzeko. Mezuak hainbat ordenagailutatik pasatzeak zaildu egiten du atzerakako aztarnatzea, baina Tor-ek, gainera, lortzen du bideko ordenagailu edo nodo horietako batek ere ez ezagutzea mezua bera eta mezuaren jatorria eta helburua; nodo bakoitzak aurreko nodoa eta ondokoa zein diren soilik ezagutzen du, ez daki bera bide horretako zenbatgarren nodoa den, eta ezin du mezua irakurri. Nola lortzen da hori? Berriz ere, gako publiko bidezko kriptografiaz.

Sortako aurreko artikuluetan esan bezala, gako publiko bidezko kriptografian mezu bat kodetu edo zifratzen da jasotzaileak edonoren esku jarri duen bere gako publikoaren bidez, baina ezin da mezua bueltan deszifratu gako horren bidez, jasotzaileak soilik dakien gako pribatu baten bidez baizik; hala, jasotzaileak soilik irakurri ahal izango du mezua.

Tipula-zifraketa

Tor komunikazio baten bideraketa
Irudia: Tor project

Tor erabiltzen dugunean mezu bat bidaltzeko, software horrek egiten duen lehen gauza da Tor sarea osatzen duten ordenagailuetatik hainbat ausaz hartuta bide bat aukeratu. Ondoren, bide horretako azken nodoaren gako publikoa erabilita zifratzen ditu mezua eta mezuaren azken helburua. Gero, jada zifratuta dagoen mezu hori guztia eta bideko azken nodoaren helbidea zifratzen ditu, bideko azken aurreko nodoaren gako publikoa erabilita. Eta horrela egiten du atzeraka bideko nodo bakoitzarekin: nodoaren gako publikoaren bidez zifratzen dira aurrez zifratuta dagoen mezu guztia eta hurrengo nodoaren helbidea.

Dena prest duenean, bideko lehenengo nodoari bidaltzen dio mezua; han dagoen Tor softwareak bere gako pribatuaren bidez deszifratzen du mezua, hurrengo nodoaren helbidea lortzen du hala, eta geratzen den mezua hari bidaltzen dio; hurrengoak gauza bera egiten du, deszifratu, hurrengo helbidea lortu eta mezua hari pasatu; eta horrela amaieraraino. Ikusten denez, bideko nodoek ez dakite aurrekoa eta ondokoa zein diren baino, beste ezer ezin dute jakin, guztia berek ez dituzten gakoen bidez zifratuta baitoa. Eta hartzaileak edo mezua bidean atzeman duen edozeinek jakin nahiko balu zein den jatorria, gako publiko bidezko kriptografiaren hainbat geruza deszifratu beharko lituzke; eta, esan genuen bezala ezinezkoa bada gaur egungo bitartekoekin kriptografia mota hori haustea, pentsa horrelako hainbat geruza. Mezua jatorrian atzemango balute ere, bidaltzailea ezagutuko dute, baina ezin dituztenez geruzak deszifratu, helburua edo mezua ezin dituzte ezagutu.

Tor tipula-zifraketaren eskema
Irudia: Wikipedia

Beraz, hortik datorkio tipula bideratzaile izena metodo honi: mezuak, tipulak bezala, bata bestearen gaineko hainbat zifraketa-geruza dauzka eta bidean geruza horiek deszifratuz edo kenduz doaz.

Mezu baten edukia, helburua edo jatorria zein den jakiteko modu bakarra infiltratzea izan daiteke (ordenagailu satorrak sartzea Tor sarean) edo nodoen kontrola lortzea. Baina Tor sarean ordenagailu asko daude, eta bide luze samarrak egiten dira; beraz, bideko nodo guztiak satorrak edo kontrolatuak izatea ezinezkoa da praktikan.

Bestalde, Tor konfiguratu dezakegu bideko azken nodoa herrialde jakin batekoa izan dadin; horrela gaindi daiteke webgune batzuek herrialde batzuekiko duten zentsura (maiz herrialdeko gobernuak bere herrikideei inposatua), edo onlineko eduki kultural edo audiobisual batzuei ezartzen zaizkien ustiaketa-leiho geografikoak.

Tor softwarea hainbat pakete ezberdinez osatuta dago: ordenagailu bat Tor sareko nodo bihurtzeko softwarea, Tor bidez nabigatzeko nabigatzaile bat, posta Tor erabiliz bidaltzeko programa...

Egun, Tor da anonimotasun-bermerik handiena lortzen duen tresna, eta edonoren esku dago. Eta egia da legez kanpoko kontuetan aritzeko ere erabil daitekeela. Horregatik (edo, agian, horren aitzakian), herrialde batzuek Tor-en erabilera debekatu egin nahi dute (Japoniak, adibidez). Lortuko balute, beste erabilera zilegi eta beharrezko asko ezinezko bihurtuko lirateke. Eta ez dira debekatzen autoak edo armak, bankuak lapurtzeko erabiltzen direlako...

Informatikako ikasketez

e-gor 2013/07/17 18:19
Mondragon Unibertsitatean informatika lerroa bultzatzeko sortu duten blogerako idatzi nuen artikulua

Blog honen jarraitzaileok jakingo duzuenez, informatikaria naiz ofizioz, afizioz, bizioz eta definizioz. Eta ikasketez ere bai, nire herrian egin bainituen, Mondragon Unibertsitatean, informatika-ingeniari ikasketak.

Ikasketa horietara jendea animatu nahian, Estudiar informática bloga sortu dute Mondragon Unibertsitatekoek, non, besteren artean, hainbat ikasle ohik beraien laneko esperientziak kontatzen dituzten, informatika-ikasketak izan ditzaketen lan-irteerak erakutsi asmoz. Niri ere eskatu zidaten eta egin nuen, baina nire laneko esperientziaz gain, informatika hautatzeko izan nituen arrazoiak eta informatikari eta informatika ikasteari buruzko hausnarketatxo bat ere gehitu nituen. Interesgarria izan daitekeelakoan, hona ekartzen dut. Hemen behean duzue.

Ingeniari informatikaria hizkuntza-teknologien ikerketan

Nire argazkia
Irudia: Elhuyar Fundazioa

Nire izena Igor Leturia Azkarate da eta 42 urteko arrasatearra naiz. Egin ditudan ikasketen artean lehenengoa eta, esango nuke, garrantzitsuena, Arrasateko Eskola Politeknikoan (gaur egun Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa) egindako informatikako ingeniaritza izan da. Lerro hauen bitartez azaldu nahiko nuke lan munduan zein gauza egin ditudan eta egiten ari naizen. Bukaeran, erreflexio txiki batzuk: zergatik egin nituen ikasketa horiek?

Nire lan esperientzia

Eskola Politeknikoan ingeniaritza informatikoko ikasketak egin ondoren, Goier programaren bidez Toulousen informatikako lizentziaturaren azken urtea egin nuen, eta gero elektronikako ingeniaritza sortu berri zen Mondragon Unibertsitatean. Baina nire burua informatikaritzat dut eta horretan egin izan dut beti lan. Informatikako ikasketek irtenbide asko izan ditzakete. Ordenagailu sareen administrazioa, webguneak eta web aplikazioak egitea, bideojokoak egitea, programak eta aplikazioak egitea, ikerketa (robotika, adimen artifiziala eta horrelako arloetan)... Ni horietako askotatik pasatu naiz.

Mondragon Unibertsitatean Ikasketak egiten nituen bitartean egun erdiz Ikerlanen aritu nintzen lanean. Lehenengo etapan 3 urtez Elektronika sailean, besteren artean sare neuronalekin ikertzen, eta bigarren etapan 2 urtez Adimen Artifiziala sailean, makinen autodiagnostikorako programak idazten.

Ikasketak amaitu ondoren, beste bi lagunekin batera SOME Software Innovation enpresa sortu genuen, enpresentzako neurrirako software garapena egiten duena. Zuzendari Teknikoa izan nintzen han. Hiru urtez aritu nintzen bertan utzi nuen arte. Hori egiteko arrazoia nire euskararengatiko zaletasuna izan zen. Euskararen normalizazioan jarduten duen EMUN Kooperatiba Elkartea sortu berria zen eta beraien informatika kontuak eramango zituen norbait behar zuten. Bost urtez izan nintzen bertako IKT Zuzendari, informatikarekin zerikusia zuen guztiaz arduratuz: sistemen administrazioa (sarea, ordenagailuak...), aplikazioak programatzea, webgunea egitea, intraneta...

Elhuyar Fundazioko lankideak
Irudia: Elhuyar Fundazioa

Gaur egungo lana, Elhuyar Fundazioan hizkuntza-teknologietan ikertzen. Geroztik eta gaur arte Usurbilen dagoen Elhuyar Fundazioan dihardut lanean. Bere jarduera ezagunenak hiztegigintza eta zientziaren dibulgazioa (Teknopolis telebistako programa, Norteko Ferrokarrilla irratsaioa, Zientzia.net webgunea...) badira ere, hizkuntza-teknologien sail bat ere badu eta bertan egiten dut lan nik.

Zer dira hizkuntza-teknologiak?

Hizkuntzen ordenagailu bidezko tratamendua da, makinek hizkuntzak “ulertzea” azken finean. Hizkuntza-teknologiak adimen artifizialaren azpiarlo bat dira, robot edo makina adimendunak egiteko beharrezkoa baitira. Oso erabiliak bihurtzen ari dira (Google-ren itzulpen automatikoa, telefono mugikorretako ahots-ezagutza...) eta etorkizunean garrantzi are handiagoa izango dute, mundu geroz eta globalizatuago, gailuz beteago eta interkonektatuago baterantz baikoaz. Horregatik, Elhuyar Fundazioak apustu egiten du euskarak ere bere tokia izan dezan teknologia hauetan. Gure sailean hizkuntza-teknologien prozesu osoa egiten dugu, ikerketatik hasi, garapenarekin jarraitu eta komertzializazioraino. Batez ere euskararentzat egiten dugu lan baina ez soilik, teknologia batzuk hizkuntzartekoak baitira. Hizkuntza-teknologien barruan Elhuyarko gure sailean lantzen ditugun arloak ondokoak dira:

  • Hiztegien eraikuntzaren automatizazioa: terminologia erauzketa automatikoa testu-corpusetatik (elebakarra nahiz elebiduna), hiztegi berriak eraikitzea bi hiztegi eta zubi-hizkuntza baten bidez, definizio eta adibideen erauzketa automatikoa testu-corpusetatik...
  • Testu-corpusak eraikitzea: eskuz edo automatikoki Internetetik, elebakarrak zein elebidunak, alor jakinetakoak nahiz orokorrak...
  • Informazio bilaketa: euskarazko bilaketa, eleanitza hizkuntza bakarretik abiatuta, galderen erantzute automatikoa, bilaketa semantikoa...
  • Informazio erauzketa: iritzia asmatzea, laburpen automatikoa...
  • Itzulpen automatikoa: gaztelaniatik euskarara, beste hizkuntzak...
  • Semantika: ontologia (edo datu-base lexikal hierarkiko) espezializatuen eraikuntza, eskuz nahiz automatikoki testuetatik...
  • Zuzentzaile ortografikoak: gailu ezberdinetzat, euskara batua edo euskalkiak...
  • Ahots-teknologiak: ahotsaren sorkuntza, ahotsaren ezagutza...

Hizkuntza-teknologien inguruan karreran ez da gehiegi ematen, baina horretan trebatzeko EHUko Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua masterra dago (master horren lehenengo promoziokoa naiz ni).

Nik 10 urte daramatzat sail honetan lanean. Ikerketako fasean aritu naiz gehienbat, edozein ikerketa-zentrotan egiten diren moduko lanak egiten: hipotesi bat edo teknologia bat probatu edo garatzeko, esperimentuak diseinatu, programak idatzi eta esperimentua aurrera eraman, emaitzak ebaluatu eta kongresu edo aldizkari espezializatuetan emaitzak argitaratu. Elhuyarren egin ditudan ikerketekin lotuta, nire tesia amaitzen ari naiz “Web-a euskarazko corpus gisa” gaia hartuta. Gaur egun hizkuntza-teknologien saileko arduraduna naiz.

Nire lanak nire bi pasio uztartzen ditu, informatika eta euskara. Baina informatika oso arlo zabala da eta arlo askotan dauka aplikazioa, edonork bere gustuko arloa aurkitzeko modukoa: webguneak, bideojokoak, robotika, industria... Eta alor gutxi egongo dira informatika bezain aldakorrak, beraz beti gauza berriak ikasten eta probatzen aritzea maite dutenentzako oso egokia da. Apur bat hacker izanez gero (zentzurik zabalenean, hau da, beti posible denaren mugak esploratzen aritzen dena eta arazoei konponbideak aurkitzen aritzea atsegin duena), informatika da irtenbiderik onena.

Zergatik aukeratu nuen informatika ikastea?

Nire garaian Arrasateko jende asko sartu ohi zen Eskola Politeknikoan ikasketak egitera ia inertziaz. Azken finean, etxean bertan ikasten zen, izen ona zuen zentro batean, eta inguruko kooperatibetan lana egiteko aukera ematen zuen. Beraz, bestelako bokazio argirik izan ezean, errazena, normalena eta logikoena hori egitea zen, nahiz eta kasu batzuetan argi ez izan zer den ingeniari izatea (ez da mediku, abokatu edo horrelako lanbideetan bezain argi ikusten zer den ingeniari baten lana, are gutxiago kontuan hartuta zenbat espezialitate ezberdin zeuden...).

Hori ez zen nire kasua izan. 13 urte nituenean gurasoek Sinclair ZX Spectrum 48K ordenagailu bat erosi ziguten, aurreko udan Ingalaterran oporretan ezagutu genuena. Herriko lehenengotako etxeko ordenagailua izango zen. Ezin da hura konparatu gaur egungo ordenagailuekin ezaugarriei eta ahalmenari dagokionez (16 KB ROM zituen, 25KB RAM, 256x192ko bereizmeneko eta 8 koloreko pantaila memoria telebista bati konektatzeko, disko gogorraren ordez kasetea erabiltzen zen...), baina garai hartarako kristorena zen. Haur batentzat harekin programatzen eta, azken finean, hackeatzen ikastea (benetako hackeatzea baitzen hain ahalmen gutxiko makina bati ateratzen zitzaion errendimendua ateratzea) ikaragarria zen, ni markatu egin ninduen. 20 urte ingururekin lehen PCa izan genuen arte milaka ordu egin nituen harekin, jolasten eta programatzen. Adibidez, batxilergoan informatikako klaseetan PCetan ikasten genuen Karel robota programazio-lengoaiaren editore, konpilatzaile eta simulatzailea egin nituen Spectrum-arentzat! Tira, kontua da 13 urte nituenetik argi nuela informatikari izan nahi nuela, eta Arrasateko Eskolan bertan hori egin zitekeenez, hori aukeratu nuen.

Zer ikasten da informatikako ikasketetan?

Ez naiz inoiz damutu informatika-ikasketak egitea aukeratu izanaz. Edozein ikasketa araututan bezala, beti daude ikasgai batzuk ongi ez daudenak edo ongi ematen ez direnak, baina orokorrean ikasten dena oso interesgarria da. Ordenagailuek nola funtzionatzen duten ikasten da, berauek nola programatu eta nola probetxua atera.

Uste okerra dago informatika-ikasketen inguruan. Azken bi urteetan parte hartu izan dut Eureka! Zientzia Museoak gazteak zientzia-ikasketetara bideratzeko orientazio-jardunaldietan, eta bertan gazte asko hurbildu izan zaizkit esanez ordenagailuak atsegin dituztela baina informatikako ikasgaian eman izan dutena ez. Izan ere, ofimatika ematen dute, edo blog bat egiten ikasten dute eta horrelako gauzak, hau da, ordenagailuak erabiltzen irakasten diete. Hau aspergarria zaie (bestela ere ikasten baita hori) eta beldur dira karreran ere hori egingo ote den... Informatika ez da ordenagailuak erabiltzen ikastea; informatika ordenagailuek nola funtzionatzen duten eta berauek programatzen ikastea da. Nire ustez lehen eta bigarren hezkuntzan oker egiten da horrela jokatzean. Erresuma Batuan bezala egin beharko litzateke, batxilergoan programatzen ikastea derrigorrezko ikasgaia da. Hori komentatu izan dudanetan, askok esan didate programatzea etorkizunean ez zaiola baliagarria izango ia inori, ez badu informatika karrera egiten behintzat. Baina berdin gertatzen da fisika, kimika, biologia eta beste askorekin, eta ematen dira...

Informatikako ingeniaritzan ikasten diren gaietara itzuliz, hauek dira, besteren artean:

  • Ordenagailuen funtzionamendua, arkitektura, egitura...
  • Datu-egiturak, datu-baseak...
  • Sistema eragileak...
  • Algoritmika, programazioa...
  • Sareak, komunikazioak, sistema banatuak...
  • Segurtasuna...

Azken batean, esan bezala, ordenagailuak menperatzen, programatzen eta berauei zukua ateratzen ikasten da. Eta ordenagailuz inguratuta bizi garen mundu honetan (ia edozein gailu elektroniko baita ordenagailu bat gaur egun), hori superbotere bat izatea bezalakoa da! ;-)

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
  • Harpidedunak:
  • e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste) RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Twitter-en jarraitu:
  • Erantzunen harpidetza
  • Harpidedunak:
  • RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Artxiboa
    2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017
    Artikulu aipagarriak

    MythTV sorta
    2004/11

    "Pololoak" sorta
    2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

    Monoblogoa
    2005/01/11

    "Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
    2005/01/25

    Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
    2005/04/18

    Firefox eta bere plugin zoragarriak
    2005/05/11

    "El País"-en komiki bilduma
    2005/05/15

    Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
    2005/05/25

    "Watchmen" sorta
    2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

    "La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
    2005/11/08

    "Goienkaria"-n agertu naiz
    2005/12/08

    Komikiak eta euskal rock-a
    2005/12/14

    Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
    2006/01/02

    Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
    2006/02/01

    "Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
    2006/08/05

    Argazkigintza eta DRM-a
    2006/10/09

    Paul Auster eta Euskararen Herria
    2006/10/29

    Angoulême sorta
    2007/01-02

    Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
    2007/04/23

    Hergé-ren defentsan
    2007/05/22

    Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
    2007/07/02

    OLPC sorta
    2007/12 - 2008/01

    Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
    2008/02/05

    Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
    2008/03/11

    Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
    2008/08/04

    "Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
    2008/08/25

    "Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
    2008/09/17

    "Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
    2008/10/14

    Pottokiek 50 urte!
    2008/10/22

    Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
    2008/11/12

    Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
    2008/12/04

    "Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
    2009/01/23

    I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
    2009/04/16

    Elkarrizketa egin didate 7K-n
    2009/06/03

    Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
    2009/10/06

    Asterix, heroi garaitua
    2009/10/29

    "Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
    2009/11/13

    Pololoak 3: The making of
    2009/11/22

    5 urte 5!
    2009/12/15

    Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
    2009/12/20

    "Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
    2010/01/13

    Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
    2010/01/19

    Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
    2010/01/27

    Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
    2010/02/09

    e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
    2010/05/20

    Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
    2010/06/02

    "Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
    2010/07/22

    Sistema eragileen guda berria
    2010/12/14

    Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
    2010/12/27

    Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
    2011/01/10

    "Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
    2011/01/13

    Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
    2011/01/27

    "Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
    2011/02/20

    Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
    2011/03/21

    Sare sozialetan preso
    2011/04/06

    Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
    2011/10/14

    Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
    2011/11/04

    Euskarazko 8 komiki berri
    2011/12/02

    Social networks killed the RSS star?
    2012/06/10