Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

SPDY, weba azkartzeko protokoloa

e-gor 2013/03/22 08:05
Webean gertatzen diren komunikazio eta transferentziak HTTP protokoloaren bidez egiten dira. Baina protokolo hori webaren sorreran diseinatu zen, duela 20 urte baino gehiago; bitarte honetan, weba asko aldatu da, eta HTTP protokoloa ez da eraginkorra gaur egungo webaren ezaugarrietarako. Horregatik sortu dute SPDY protokoloa, eta oso azkar zabaltzen ari da, weba azkartzeko helburuarekin, hain zuzen ere.
(Elhuyar aldizkariko 2013ko urtarrileko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

SPDY ez dira ezeren siglak, abiadura adierazteko hitz-joko bat baizik: lehen bi letrak euren ingelesezko izenarekin pronuntziatuz eta azken biak silaba normal gisa esanez, speedy hitza ateratzen zaigu, “arina” edo “azkarra” esan nahi duena hain zuzen. Gogoratzen Speedy Gonzales sagua?

SPDYk asko azkartzen omen ditu webeko orri, dokumentu eta bestelako fitxategien transferentziak. Googlek laborategian egindako proben arabera, errendimendua % 64raino hobe daiteke. Eta mugikorretan egindako lehen probetan, orriak % 23 azkarrago kargatzea lortu dutela diote. Baina nola lortzen da hobekuntza hori?

Webeko komunikazioen oinarriak

OSI ereduaren 7 mailak
OSI ereduaren 7 mailak
Irudia: Elhuyar aldizkaria

Azkartzea nola erdiesten den ulertzeko, beharrezkoa da aurrez HTTP protokoloak eta webak berak nola funtzionatzen duen ezagutzea. Webeko komunikazioa, datuen edozein telekomunikazio-mota bezala, zazpi mailatan antolatuta dago OSI ereduaren arabera (Open Systems Interconnection reference model, ISOren estandar bat), non maila bakoitzean sistema edo protokolo bat erabiltzen den.

Internet elkarri konektatutako milioika sarek osatutako sare erraldoi deszentralizatua da. Komunikazioaren mailarik oinarrizkoenean, hau da, maila fisikoan, teknologia oso ezberdinak erabiltzen dira bitak (0ak eta 1ak) transmititzeko (tentsio ezberdinak kable elektrikoan, edo argi-intentsitate ezberdinak zuntz optikoan, edo frekuentzia-modulazioa irrati uhinetan...). Hurrengo mailan, lotura-mailan, transmisioan gertatutako errore eta interferentziak detektatu eta zuzentzen dira, kontrolerako bit erredundanteez baliatuz, eta hemen erabiltzen den metodo zehatza maila fisikoaren araberakoa da. Bien konbinazioekin osatzen dira oinarrizko komunikazio-protokoloak, hala nola Bluetooth, WiFi eta abar, eta Internetek horietako asko erabiltzen ditu sarearen hainbat puntutan. Baina goragoko maila logikoetan, Internetek protokolo berberak erabiltzen ditu beti, praktikan sare bakar bat bezala funtzionatuz.

Goragoko maila, sare-maila, datuak paketetan antolatzeaz eta helbideraketaz arduratzen da, eta Interneten IP protokoloa (Internet Protocol) erabiltzen da horretarako (Internetera konektatutako gailuen IP helbideak, zeintzuez aurreko batean hitz egin genizuen, honen parte dira). Ondorengo maila garraio-maila da, eta konexioen ezarpenaz eta mezuen fidagarritasunaz arduratzen da, besteren artean; Internetek TCP protokoloa (Transmission Control Protocol) darabil maila honetan.

Gero datoz saio-maila, autentikazioaz eta horrelakoez arduratzen dena, eta aurkezpen-maila, datuak konprimatu edota zifratzeaz arduratzen dena. Baina Interneten azken bi horiek azken mailarekin, aplikazio-mailarekin, nahasita ageri dira eta haren araberakoak dira. Interneten dauden aplikazio-mailako zerbitzuen adibide dira posta elektronikoa, weba, FTP zerbitzua, txata... Eta weberako HTTP da erabiltzen den protokoloa.

OSI ereduaren inplementazioa Interneten
OSI ereduaren inplementazioa Interneten
Irudia: Elhuyar aldizkaria

OSI ereduaren inplementazioa Interneten
OSI ereduaren inplementazioa Interneten
Irudia: http://www.cybernet-security.com

HTTP protokoloan bezero batek (gure ordenagailuko web-nabigatzaileak, adibidez) zerbitzari batekin (webguneak ostatatzen dituen web-zerbitzari bat, normalean) konexio bat ezartzen du eta web orri baten eskaera bat bidaltzen dio (bertan hainbat informazio doalarik; adibidez, zein orri nahi den, edo bezeroaren sistema eragilea eta nabigatzailea, edo hizkuntza lehenetsia). Zerbitzariak eskatutako orria itzuliz edo errore-kode batez (404 famatua, esaterako) erantzuten du, eta konexioa amaitzen da.

HTTP konexioa
HTTP konexioa

SPDYren hobekuntzak

HTTP protokoloa egokia da weba sortu zen garaiko webaren ezaugarrientzat, hau da, orri estatikoak besterik ez zituen webarentzat. Baina egungo weba oso bestelakoa da, eta honentzat HTTP protokoloa ez da batere eraginkorra.

Adibidez, gaur egun webgune batean gaudela gure hobespenak ezar ditzakegu, eta horiek gure ordenagailuko cookieetan gordetzen dira; ezarpen horiek webgune horretako orri berri bat eskatzen dugun bakoitzean birbidali behar izaten dira; eta hori informazio asko izan daiteke, alferrik berriz bidaltzen ari garena, komunikazioa mantsotuz. Bestalde, orri berri bat behar dugun bakoitzean konexioa berriz ezarri beharrak ere geldotzen du nabigazioa. Azkenik, orri batean gaudela eguneraketak ikusteko (adibidez, web bidez posta elektronikoa ikusten ari garela mezu berririk dagoen jakiteko), modu bakarra nabigatzaileak maiztasun jakin batekin zerbitzariari galdetzea da, ez dago modurik zerbitzariak berak bezeroari abisatzeko zerbait berria dagoenean.

SPDY protokoloak HTTPren ez-eraginkortasun hauek konpondu nahi ditu, baina HTTP protokoloa bera ordeztu gabe. Saio- eta aplikazio-mailetan inplementatzen den protokoloa da, eta bezeroak eta zerbitzariak, biek, inplementatuta dituzten kasuan jartzen da martxan; bestela, komunikazioa HTTP normalarekin gertatuko da.

SPDYk zerbitzariarekiko konexio bakarra erabiltzen du egiten zaizkion eskaera guztientzat; hau da, bezeroak zerbitzari berari beste orri bat eskatu behar dionean ez dago konexioa berriz ezarri beharrik, eta horrela abiadura azkartu egiten da. Gainera, konexio hori erabilita zerbitzariak ere bidal diezaioke informazioa bezeroari honek eskatu gabe, horrela orrien eguneraketak behar diren unean bertan eta behar direnean soilik egitea ahalbidetuz. Bestalde, bezeroak aurreko eskaeretan bidali duen informazioaren arrastoa gordetzen du zerbitzariak (sistema eragilea, nabigatzailea, preferentziak, hizkuntza...), eta ez dago dena aldiro bidali beharrik; ezberdina edo berria dena soilik bidaltzen da, eta gainera konprimatuta. Azkenik, enkriptazioa eta konpresioa une oro erabiltzen dira.

Historia eta zabalkundea

Googlek sortu zuen SPDY protokoloa, 2009an. 2011n, Chrome bere nabigatzailean inplementatu zuen, eta bere bilaketa eta Gmail zerbitzuetan. Beraz, nabigatzaile horretatik zerbitzu horietara sartzean SPDYren abantailez baliatzen zen erabiltzailea. Gero Googlek bere inplementazio horren kodea ireki zuen, eta geroztik Firefox eta Opera nabigatzaileetan ere inplementatu dute, gehiago bidean direla.

Zerbitzarien softwareari dagokionez, Apache (munduko web-zerbitzari erabiliena), Nginx eta Jetty web-zerbitzarien azken bertsioek jada badute SPDY protokoloa. Twitter eta WordPressek ere eskaintzen dute SPDY euskarria, eta Facebookek iragarri du laster jartzeko asmoa duela.

Agi denez, SPDY hedatze handia izaten ari da. Eta are handiagoa izango dela dirudi, orain lantzen ari diren HTTP protokoloaren hurrengo bertsioak, HTTP 2.0 izenekoak, SPDY izango baitu oinarritzat. Beraz, laster web osoa azkarragoa izango da SPDYri esker. Ándele, ándele! Arriba, arriba! Epa, epa! Yeehaw!

Basauri Komik jaio da

e-gor 2013/03/17 22:36
Lehiaketak, erakusketak, azokak eta abar antolatzeko asmoarekin

"Basauri Komik" ekimenaren logoa

Basaurin hainbat urtetan zehar komikiaren inguruko ekitaldiak bultzatzen ibili ondoren, ofizialki jaio Basauri Komik ekimena. Bere jarduna honelako ekintzen inguruan zentratu nahi du:

  • Ganorabako komiki-lehiaketa
  • Bigarren eskuko, okasiozko, bildumagai eta autoeditatuen azoka bat
  • Erakusketak
  • Hitzaldiak
  • Irakurle klubak

Eta 2013ko udaberri honetarako programa zehatz hau aurkeztu dute:

  • Ganorakako 2013 lehiaketa. Martxoaren 31ra arte dago irekita epea.
  • Rober Garayren Del comic al arte bruto hitzaldia, Infame & Co.-k moderatua. Arizko dorretxean, martxoaren 6an 19:00tan.
  • Bigarren eskuko, okasiozko, bildumagai eta autoeditatuen Basauri Komik azoka. Arizko dorretxean, apirilaren 28an 11:00etatik 14:30etara arte eta 17:00etatik 20:00etara arte.
  • Ganorabako lehiaketaren irabazleen erakusketa. Pozokoetxe Kultur Etxean, maiatzaren 2tik 30era.
  • Astiberriko editore Fernando Tarancon-en Astiberri, pasado y futuro de la editorial hitzaldia, Infame & Co.-k moderatua. Arizko dorretxean, maiatzaren 8an 19:00tan.

Ongi etorria bedi ekimen berri hau! Ea euskarazko ekitaldiak ere antolatzen dituzten!

Xabiroi 28 kalean da!

e-gor 2013/03/12 20:01
"Basque Culinary" Patxi Gallegoren komikirako itzulerarekin, Ikastolen Elkarteko "Re-Creating History" lehiaketaren istorio irabazle komikituarekin eta Egoitz Lasa eta Loperen "Zonbiñe" sail berriarekin

Xabiroi aldizkariaren 28. zenbakiaren azala
Irudia: Guillermo Gonzalez

Ikastolen Elkarteak Xabiroi komiki-aldizkariaren 28. zenbakia, 2013ko otsailari dagokiona, atera du, ondoko edukiekin:

  • Guillermo Gonzalezen azala
  • Nik neuk egiten dudan Albisteen txokoa
  • Adur Larrearen Xabiroienea umorezko zinta
  • Sanviren Auzomorro umorezko orri bikoitza
  • Haur besoetakoa sailaren 6 orri, Unai Iturriagaren gidoia eta Sanviren irudiekin
  • Ikastolen Elkarteko "Re-Creating History" lehiaketaren istorio irabazlea, Garazi Balbasen Charlesen egunkaria, Alex Orbek 5 orriko komiki egina

"Basque Culinary" eta "Zonbiñe" komikien irudiak
Irudia: Patxi Gallego / Lope

On egin!

Jantzita eramateko informatika

e-gor 2013/03/01 08:17
Informatika aldean daramagula badira jada urte batzuk. Izan ere, gaur egun edonora gurekin eramaten ditugun smartphoneak, tabletak, e-book irakurgailuak, argazki kamera digitalak eta bestelako gailu elektronikoak benetako ordenagailuak dira. Datozen urteetan, baina, urrats bat harago egingo du honek: informatika aldean eramatetik jantzita eramatera pasatuko gara, "wearable computing" deritzon joeraren bidez.
(Elhuyar aldizkariko 2012ko abenduko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Googleren Project Glass betaurrekoen prototipo bat
Irudia: Google

Wearable computing terminoak, jantzita edo soinean eramateko informatika esan nahi du. Ordenagailu berriok arropan bertan edo janzteko osagarri gisa (betaurrekoak, erlojuak...) eramango ditugu. Honezkero hasi dira erakusten horrelakoen prototipo eta iragarkiak, eta gailuren bat edo beste jada merkatuan ere badago.

Betaurreko adimendunak

Beharbada ezagunena Googleren Project Glass da. Oraindik garapenean dauden betaurreko hauek mundu teknologikoaren arreta erakarri zuten apirilean kontzeptu gisa aurkeztu zituztenean. Egin nahi duten gailuak kristalean une bakoitzean baliagarri izan dakigukeen informazioa proiektatuko luke (gure agenda, joan behar dugun tokira iristeko argibideak, egingo duen eguraldia eta abar), horretarako hainbat informazio-iturri erabilita: adibidez, gure posizioa, orientazioa, Interneteko konexioa edo irudien ezagutza. Horrez gain, ahots bidez emandako aginduak ezagutu eta horien araberako ekintzak gauzatzeko ahalmena izango luke: e-mailak bidali, Interneten informazioa bilatu edo erosketak egin...

Kontzeptu horren bideoa ikusgarria da benetan, baina bertan erakusten dena ez da zientzia-fikzioa. Izan ere, edozein smartphonek egin ditzake gauza horiek. Denek dute errealitate areagotua erakusteko ahalmena (kamerak hartzen duen irudiari informazioa gehitzea da hau, duela hiru urte kontatzen genizuenez), GPSa, iparrorratza eta Interneterako konexioa baitute. Eta aurtengo urtarrileko zenbakian esaten genizuen bezala, ahots-ezagutza ere badute. Ziur aski erronka handiena teknologia hori guztia betaurreko batzuetan sartzea izango da, bateria batez ere; Ruperrenak txiki utziko dituzten pastadun betaurrekoak ikusiko dira berriz ere!

Googlek jada badu bere betaurrekoen prototipo bat, eta urte bat edo bitan kaleratuko dituztela esaten da. Eta Microsoftek ere berriki eskuratu du errealitate areagotudun betaurreko batzuen patentea. Bestalde, egun erabilera eta jarduera konkretuetarako badaude antzerako gailuak, behintzat horietako gauza batzuk egiten dituztenak. Adibidez, snowboardingaren profesionalek erabiltzen dituzte horrelako betaurreko batzuk, ahots-ezagutzarik ez dutenak baina beste gauza asko bai: posizioa, abiadura, jauzien altuera eta horrelakoak neurtzen dituzte, eta betaurrekoetan proiektatu eta beste gailu batzuetara bidal ditzakete.

Erlojuak, botoiak...

Erlojuak ere ordenagailu txikiak izateko bidean doaz. Aspaldi erabiltzen dira hainbat kirol-jardueratan erlojuak distantzia, abiadura eta bestelako estatistikak neurtu, gorde eta ordenagailura pasatzeko gaitasuna dutenak. Baina gero eta sentsore, funtzio eta ahalmen gehiago dituzte, eta smartwatch izena eman zaie, hau da, erloju adimendunak. Oraintsu erabilera ohikorako Android sistema eragiledun erlojuak ere atera dira, Sony Smartwatch edo WIMM One adibidez. Hauek hainbat aplikazio instalatuta dakartzate eta berriak instalatzen ahal zaizkie. Bestalde, berriki Googlek errealitate areagotudun erloju baten ideia patentatu du, zeinari kristala altxatzen zaion eta bertan ikusten dugunaren inguruko informazio gehigarria proiektatzen duen.

Botoi baten antzeko tamaina duten eta botoi baten gisan arropan erantsita (klip baten bidez edo) eraman daitezkeen gailu gero eta ahaltsuagoak ere badaude. Appleren iPod Shuffle musika-entzungailu ezaguna da horien aitzindari. Eta laster aterako dute Memoto, paparrean jartzen den gailu oso txiki bat, automatikoki 30 segundotik behin argazki bat atera eta geolokalizatuta gure ordenagailura edo web zerbitzu batera bidaltzen dituena; lifelogging deritzona egiteko balio du, hau da, gure bizitza osoaren erregistroa gordetzen joateko eta gero egun edo toki jakin baten egin genuena kontsultatu ahal izateko.

Soineko interfazeak

Bestalde, beren-beregi ordenagailuak izan gabe, haiekiko interfaze izateko funtzioa duten soinean eramateko gailuak ere ari dira ateratzen. Halakoak erabilita, beti soinean ditugunez, gailu mugikor bat (smartphone , tableta edo dena delakoa) erabil dezakegu sakelatik edo poltsatik atera beharrik gabe. Adibidez, badaude eskularru batzuk hatz txikian mikrofonoa eta erpuruan bozgorailua dutenak, eta Bluetooth bidez mugikorrarekin konektatzen direnak; hala, telefonoz hitz egitea adierazteko erabiltzen den zeinua imitatuz benetan hitz egingo genuke. Edo gailuak gogoarekin maneiatu ahal izateko diadema ere ateratzekotan dira.

Informatika gure eguneroko bizitzan sartzen joan zaigu etengabe azken urteotan; laster, gure janzkera eta gorputzen parte izango da. Agian, modaren munduan ere gailu informatikoek markatuko dituzte tendentziak, eta Google eta Appleren azken nobedadeak izango dira irrika bizienez itxaroten direnak, ez teknologiaren munduan soilik, baita Cibeles pasarelan ere!

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
  • Harpidedunak:
  • e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste) RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Twitter-en jarraitu:
  • Erantzunen harpidetza
  • Harpidedunak:
  • RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Artxiboa
    2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017
    Artikulu aipagarriak

    MythTV sorta
    2004/11

    "Pololoak" sorta
    2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

    Monoblogoa
    2005/01/11

    "Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
    2005/01/25

    Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
    2005/04/18

    Firefox eta bere plugin zoragarriak
    2005/05/11

    "El País"-en komiki bilduma
    2005/05/15

    Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
    2005/05/25

    "Watchmen" sorta
    2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

    "La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
    2005/11/08

    "Goienkaria"-n agertu naiz
    2005/12/08

    Komikiak eta euskal rock-a
    2005/12/14

    Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
    2006/01/02

    Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
    2006/02/01

    "Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
    2006/08/05

    Argazkigintza eta DRM-a
    2006/10/09

    Paul Auster eta Euskararen Herria
    2006/10/29

    Angoulême sorta
    2007/01-02

    Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
    2007/04/23

    Hergé-ren defentsan
    2007/05/22

    Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
    2007/07/02

    OLPC sorta
    2007/12 - 2008/01

    Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
    2008/02/05

    Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
    2008/03/11

    Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
    2008/08/04

    "Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
    2008/08/25

    "Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
    2008/09/17

    "Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
    2008/10/14

    Pottokiek 50 urte!
    2008/10/22

    Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
    2008/11/12

    Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
    2008/12/04

    "Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
    2009/01/23

    I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
    2009/04/16

    Elkarrizketa egin didate 7K-n
    2009/06/03

    Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
    2009/10/06

    Asterix, heroi garaitua
    2009/10/29

    "Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
    2009/11/13

    Pololoak 3: The making of
    2009/11/22

    5 urte 5!
    2009/12/15

    Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
    2009/12/20

    "Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
    2010/01/13

    Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
    2010/01/19

    Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
    2010/01/27

    Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
    2010/02/09

    e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
    2010/05/20

    Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
    2010/06/02

    "Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
    2010/07/22

    Sistema eragileen guda berria
    2010/12/14

    Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
    2010/12/27

    Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
    2011/01/10

    "Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
    2011/01/13

    Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
    2011/01/27

    "Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
    2011/02/20

    Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
    2011/03/21

    Sare sozialetan preso
    2011/04/06

    Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
    2011/10/14

    Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
    2011/11/04

    Euskarazko 8 komiki berri
    2011/12/02

    Social networks killed the RSS star?
    2012/06/10