Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Euskadi Fantastikoa VIII. erakusketa, Santiago Valenzuelari eskainia

e-gor 2012/10/31 22:55
Donostiako Principe zinemetan, urriaren 27tik abenduaren 2ra

Santiago Valenzuelaren marrazki bat
Irudia: Santiago Valenzuela

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak XXIII. edizioa du aurten, eta ohikoa du berarekin batera Donostiako Komiki Jardunaldiak ere antolatzea. Normalean hainbat erakusketa izaten dira (lauzpabost edo), tartean Euskadi Fantastikoa izenekoa, bertako pare bat egileri dedikatua. Aurten, krisiagatik edo, Euskadi Fantastikoa erakusketa soilik egongo da, eta autore bakar bati eskainia.

Autore hori Santiago Valenzuela donostiarra da, iazko Espainiako Komiki Sari Nazionalaren irabazlea. Erakusketa Principe Zinemetan egongo da urriaren 27tik abenduaren 2ra bitartean.

"Azken garaipena" komikia, 2012ko Euskadi Literatura Sarien euskarazko haur eta gazte literaturazko lanik onenaren saria!

e-gor 2012/10/30 19:20
Iban Zaldua eta Julen Ribasen komikia Ikastolen Elkarteak kaleratu zuen iaz, aurrez Xabiroin atalka agertu zelarik

Azken garaipena komikiaren azala
Irudia: Julen Ribas

2012ko Euskadi Literatura Sariak jakinarazi dituzte gaur, eta euskarazko haur eta gazte literaturako kategoria Azken garaipena komikiak eraman du. Gainera, sari hau komiki bati ematen zaion lehenengo aldia da.

Iban Zalduaren gidoia eta Julen Ribasen irudiak dituen komiki bikain hau Ikastolen Elkarteak atera zuen iaz. Lehenago, Ikastolen Elkarteak berak argitaratzen duen Xabiroi komiki-aldizkarian agertu zen atalka. Une honetan agortuta dago, baina laster atera behar omen da beste edizio bat.

Oso garrantzitsua deritzot euskarazko komiki batek horrelako sari bat jasotzeari. Iruditzen zait merezitako errekonozimendua jasotzen dutela bai lan honek, bai komikigintzak, euskarazko komikigintzak, Xabiroi proiektuak eta Ikastolen Elkarteak. Zorionik beroenak denoi, eta bereziki Iban eta Juleni!

Ibarra Galtzakomik V. lehiaketa

e-gor 2012/10/25 19:30
Euskarazko komikientzako lehiaketa honetara lanak azaroaren 23a bitartean bidal daitezke

Galtzakomik-en aurkezpena
Irudia: Galtzaundi

Tolosako Galtzaundi Euskara Taldeak V. aldiz antolatu du Ibarra Galtzakomik euskarazko komikien lehiaketa.

Edizio honetara lanak aurkezteko epea azaroaren 23a da. Lehiaketan hiru kategoria daude, sari ezberdinekin: 12 urtetik beherakoak (irabazleak komiki-bilduma bat eta marrazketarako materiala eskuratuko ditu, eta beste lauk komiki-bilduma), 12-18 urte artekoak (400 euroko saria lehenarentzat, 200ekoa bigarrenarentzat eta komiki-bilduma beste biri) eta 18 urtetik gorakoak (irabazlearentzat 600 euro eta argitalpena, bigarrenak 400 euro eta beste bik komiki-bilduma eta marrazketako materiala). Oinarri zehatzak http://galtzakomik.blogspot.com webgunean daude.

Sari banaketa abenduaren 14an izango da, 19:30ean Ibarrako Kultur Etxean. Ordutik eta abenduaren 21a bitartean lehiaketako lanekin erakusketa egongo da bertan. Animatu zure lana bidaltzera!

Rekalde-Ortzadar II. Komiki Lehiaketa Asier Martinez de la Perarentzat eta ohorezko saria Jon Zabaletarentzat

e-gor 2012/10/20 19:55
Erakusketa paratu dute hautatutako zenbait lanekin Rekalde aretoan, eta urrian zehar egongo da irekita

WWW2012ko kartela
Irudia: Deia

Jakitera eman dituzte Deia egunkariaren Ortzadar kutur gehigarriak eta Bilboko Rekalde aretoak antolatzen duten Rekalde-Ortzadar komiki-lehiaketaren II. edizioko irabazleak. Asier Martinez de la Pera Portugaleteko gazteari egokitu zaio sari nagusia Sineskeriak lanagatik, "jendearen aurreiritzien inguruko hausnarketa umoretsua", egilearen esanetan. Eta ohorezko saria Jon Zabaletarentzat izan da, urte mordoan zehar komikian egindako lanagatik.

Rekalde aretoan bertan erakusketa egongo da urrian zehar aipatutakoen lanekin eta lehiaketara aurkeztutako beste lan hautatu batzuekin, egile hauenak zehazki: Eneko Amezaga, Ziortza Artola, Piedad Ortiz de Urbina, Mikel Begoña, Kike Martinez, Aitor Urkiola eta David Sarasketa.

Webaren etorkizunerako joerak

e-gor 2012/10/10 21:40
Apirilean izan zen Lyonen (Frantzia) WWW2012 Kongresua; W3C erakundeak, webaren gidalerroak zehazten dituena, urtero egiten duen kongresua. Antzeko kongresu gehienetan bezala, ikertzaileen hitzaldi eta aurkezpenak gaikako saiotan antolatuta daude, eta kongresuaren aurreko eta ondoko egunetan hainbat workshop edo tailer espezializatu ere antolatzen dira. Gai hauei erreparatuta, webaren gaur egungo nondik norako eta erronken eta, beraz, etorkizuneko joeren ideia bat egin dezakegu.
(Elhuyar aldizkariko 2012ko uztaileko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

WWW2012ko kartela
Irudia: W3C

Normala den bezala, gai teknikoek presentzia handia dute WWW2012n: nola lortzea testu eta multimedia kopuru ikaragarri hori egoki eta azkar kudeatu ahal izatea, segurtasuna bermatzeko moduak... Halaber, badute presentzia konpainiek webari etekin ekonomikoa ateratzeko teknika eta esperientziek (website monetization deritzona), iragarki- eta publizitate-sistemek... Baina hauek webaren barne funtzionamenduari edo webeko enpresei eragiten diten arloak dira; artikulu honetan, gehiago interesatzen zaizkigu erabiltzaileoi berrikuntza edo aldaketa ekarriko dizkiguten gaiek, eta horietan zentratuko gara.

Norberari egokitutako weba

Gai izarretako bat, ez soilik kongresu honetan baizik eta baita Internet edo bilatzaileen inguruko besteetan, aurten bezala baita azken urteetan ere, personalization delakoa da, hau da, webeko erabiltzaile bakoitzari bere gustuen, ideien eta zaletasunen araberako edukia erakustea. Toki askotan aplikatzen da hori jada. Adibidez, hainbat bilatzailek norberari egokitutako emaitzak erakusteko aukera ematen dute, gure nabigazioko historialetan oinarrituta: aurrez egindako bilaketak, bilaketa horietako emaitzetatik zeinetan egin dugun klik, zein eduki aukeratu dugun sare sozialetan elkarbanatzeko... Musika entzuteko webgune eta zerbitzuek ere, guk edo gure lagunek aurrez entzun ditugun abestietan oinarrituta, gustuko izango dugula uste duten kanta berriak iradokitzen dizkigute. Berdintsu saiatzen dira gustuko izango duguna asmatzen on line dendak ere, aurreko gure erosketetan oinarrituta edo guk erositakoen berdinak erosi dituzten beste bezero batzuen erosketei kasu eginez. Komunikabide batzuk ere hasi dira azal ezberdina erakusten erabiltzaile bakoitzari, aurretik irakurri ditugun artikuluen informazioa erabiliz. Eta Facebook bezalako sareen funtsa da pertsonalizazioa, gure lagunen araberako edukia ikusten dugu.

Printzipioz pertsonalizazioak ideia ona badirudi ere, badago haren egokitasuna zalantzan jartzen duenik ere. TED hitzaldi benetan gomendagarri batean, Eli Pariserek ohartarazten du bakoitza bere burbuilan bertan goxo gelditzeko arriskua dagoela, munduan dagoen guztiaren informazio mugatu eta partziala soilik jasotzearen benetako arriskua. Lehen komunikabideek eta telebista-kateek iragazten zuten informazioa guretzat, eta mota bateko egunkariak eta telebista-kateak soilik irakurri eta ikusten bagenituen, alde bakarreko informazioa soilik jasotzen genuen. Internetek ikuspegia zabaldu zigun, baina, orain, pertsonalizazio-iragazkiek aniztasuna kaltetu dezakete berriz.

Bestalde, eduki pertsonalizatua erakutsi ahal izateko, enpresa erraldoi horiek guri buruzko informazioa biltzen dute, eta horrek pribatutasunaren kezka sortzen dio jende ugariri. Honen inguruan, oso interesgarria iruditzen zait Tim Berners-Lee webaren asmatzaile eta W3Cko sortzaile eta zuzendariak horren inguruan duen iritzia, WWW2012ko sarrera-hitzaldian adierazi zuena. Neurri bateraino soilik kezkatzen du horrek Berners-Lee. Haren ustez, enpresek guri buruz duten informazioa beste batzuei saltzeko edo beste erabilera oker batzuetarako erabiltzea ez da zuzena eta ez litzateke egin beharko, baina ez du uste hori hain praktika ohikoa denik, azken finean ez baita hori izaten enpresa gehienen negozioaren muina, eta hori egiten dutenak luzera merkatuak zigortzen ditu. Baina ez du partekatzen batzuek duten kezka, enpresek guri buruzko informazioa erabiltzeari buruzkoa, guri zerbitzu hobe bat emateko erabiltzera mugatzen bada. Arropa-denda baten adibidea jarri zuen: prakak erosten dituen dendako saltzaileak haren praken neurria aurreko alditik gogoratzea ondo dago, beti probatzen ibiltzeko beharrik gabe (zerbitzu ona ematearen betiko maxima bat izan da "ezagutu zure bezeroa").

Edonola ere, enpresek beren informazioa ezertarako ere ez gorde eta erabiltzea nahi dutenek ere horretarako eskubidea dutela deritzo, eta enpresek hori errespetatu behar dutela; horretarako, W3Ck proposatu du HTTP protokoloan aukerako "do not track" goiburu bat sartzea: webgune batek hori duen eskaera bat jasotzen duenean, ez luke gorde beharko bezeroaren inongo daturik, ezta zerbitzu hobea emateko ere; ezingo luke inongo pertsonalizaziorik egin, beraz. Nabigatzaile ia guztiek inplementatu dute jada aukera hori, baina ikusi egin behar ea enpresek errespetatuko duten...

Pribatutasunaren defentsa gehiegizkoa, baina, kalterako ere izan daiteke. Europar Batasunean, adibidez, lege batek debekatu egiten du cookieak (erabiltzailearen preferentziak eta bestelakoak gordetzeko erabiltzen den sistema) gordetzea erabiltzailearen baimenik gabe. Cookierik gabe, ez da soilik webgune batek ezin duela pertsonalizazioa egin: logeatu ere ezin zaitezke egin! Lege horren arabera, legez kanpo daude webguneen % 90etik gora. Orain arte ez dute Estatuek legea betearazi, baina Britainia Handian milioi erdi libra arterainoko isunak jartzea ahalbidetu dute berriki, eta bertako webgune batzuk hasi dira cookien baimen eskaera gogaikarria egiten.

Web semantikoa

Azken urteotan asko entzuten den beste gai bat web semantikoarena da, eta hala izan da aurtengo kongresuan ere. 2009ko maiatzeko eta ekaineko zenbakietan idatzi genuen horri buruz. Testuz beharrean informazio egituratu esanahidunez osatutako web paralelo bat da, testuzkoa ez bezala, makinek ulertzeko eta egoki tratazeko errazagoa dena. Haren gainean osatutako zerbitzu aurreratu adimendunak, testutik eduki egituratua erauzteko proiektuak... Halako aurkezpen ugari izan ziren.

Googlek berriki aurkeztu duen Knowledge Graph produktuak ere web semantikoan du oinarria. Pertsona, toki edo gauza konkretu bat bilatu badugu, ohiko web-orrien zerrendaz gain, informazio egituratu eta erlazionatua duen taula bat ere erakusten du.

Modako gaia da, eta zalantzarik ez datozen hilabete eta urteetan halako zerbitzu asko agertuko direla. Nahiz eta, egia zor, aspaldi ari diren esaten hurrengoa izango dela web semantikoa lehertuko den urtea, eta leherketa hori ez da iristen; baina egia da, halaber, poliki-poliki eta banan-banan ari direla gero eta halako zerbitzu gehiago agertzen.

Lengoaia naturalaren prozesamendua

Aurtengo kongresuan berritasun bat izan da Lengoaia Naturalaren Prozesamenduaren eta Hizkuntza-teknologien presentzia handia. Elhuyarko I+G Taldean duela hamarkada batetik lantzen ditugun teknologia horiek, zeinei buruz sarritan hitz egin dizuegun atal honetan (corpusak, itzulpen automatikoa, bilatzaile hobeak egiteko teknologiak, galderak erantzuteko sistemak, elkarrizketa-agenteak...), tradizionalki toki gutxi izan dute webaren eta bilatzaileen inguruko kongresuetan. Halako gaiak hizkuntzaren inguruko kongresuetan lantzen ziren (hizkuntzalaritza aplikatua, corpus hizkuntzalaritza, hizkuntzalaritza konputazionala...) edo hizkuntza-teknologien ingurukoetan (lengoaia naturalaren prozesamendua, itzulpen automatikoa...), baina orain artean webaren eta bilatzaileen munduak ez du haien beharrik ikusi. Oso azaletik tratatu izan dute hizkuntza: stemming edo sasilematizaio sinple bat, hitzen bilaketa hutsa...

Zergatik orduan bapateko interes hau teknologia hauengatik? Tira, ez da hain bapatekoa izan, azken bizpahiru urteetan gutxinaka emandako igoera baizik. Arrazoi nagusietako bat da aurreko metodo sinpleek goia jo dutela eta emaitzak hobetzeko hizkuntza sakonago aztertzeko beharra ikusi dutela. Bilatzaileen kasuan, adibidez, jabetu dira emaitza hobeak itzultzeko beharrezkoak direla hizkuntzaren araberako bilaketa, bilaketa eleanitza, sinonimoen edo antzeko hitzen bilaketa, jendearen iritziaren analisi automatikoa haren araberako rankinak egiteko, laburpen automatikoa, galderak erantzutea eta halako teknika sakonagoak, hizkuntza teknologien munduan aspalditik landutakoak.

Beste arrazoietako bat web semantikoa da, paradoxikoa badirudi ere. Teorian, web semantikoarekin, makina gai da bertan dagoen informazio egituratua ulertzeko, hizkuntza ulertzeko beharrik gabe. Baina problema jakin batzuk ebazteko (erabiltzaileak lengoaia naturalean egindako galderak erantzuteko, adibidez), beharrezkoa da desanbiguazioa (galdera web semantikoko zein objektu konkreturi buruz den jakitea, edo zein propietate konkreturen ingurukoa), lengoaia naturalaren prozesamenduko edozein etapatan aspaldidanik landutako gauza. Edo testuetatik automatikoki web semantikoko eduki egituratua erauzi nahi bada, beharrezkoak dira hizkuntza-teknologiak.

Aipatutako hiru gai nagusi horiez gain, asko hitz egin zen sare sozialei buruz ere. Eta web mugikorra, HTML 5, bideoa, 3D... Eboluzionatzeko aukera eta bide ugari ditu oraindik webak, eta datozen urteotan izango gara eboluzio harrigarri horren lekuko, ziur.

Xabiroi 27

e-gor 2012/10/08 21:55
Ikastolen Elkartearen komikiaren beste zenbaki bat atera da

Xabiroi aldizkariaren 27. zenbakiaren azala
Irudia: Dei Gaztelumendi

Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi komiki-aldizkariak 27. zenbakia atera du. Hau da bertan aurkituko duzuena:

  • Auzomorro umorezko orri bikoitza, Sanviren gidoi eta irudiekin
  • Haur besoetakoa sailaren 8 orri, Unai Iturriagaren gidoia eta Sanviren irudiekin
  • Asiskoren gidoia eta Joseviskyren irudiak dituen Tirania Handia 5 orriko istorioa
  • Asiskoren Hor Konpost banda
  • Manu Ortegaren Haizea banda
  • Exprairen Pertza ustelaren gogoeta antzuak zinta
  • KomikITAUN elkarrizketen orri bikoitza, Dani Fano dela elkarrizketatua oraintxe ateratzekotan den Anubis 3.0 albumaren karira (nire estreinaldia elkarrizketatzaile gisa!)
  • Kortsarioen ostatua sailaren beste 8 orri, Dani Fanoren gidoia eta Guillermo Gonzalezen irudiekin
  • Loperen Behien Tarzanen 3 orri

Eta gogoratu Xabiroi aldizkaria eta bertatik ateratako albumak (Saiak, Piztia Otzanak, TeleAtoi, Azken garaipena eta Anubis 3.0) Euskal Herriko hainbat komikidendatan eskuratu daitezkeela: Bilboko Joker (Urkijo zumardia, 27), Donostiako Armagedon (Marzelino Soroa plaza, 2), Gasteizko Zuloa (Correria kalea, 21), Irungo Tinta Comics (Jose Egino kalea, 10) eta Iruñeko TBO (Merced kalea, 28).

Emakumezko superheroien jantziei buruzko hitzaldia Balenciaga museoan

e-gor 2012/10/03 08:15
Josevisky komikigileak emango du, euskaraz, ostiral honetan arratsaldeko 5etatik aurrera

Hitzaldiaren kartela

Getariko Cristóbal Balenciaga museoan, ostiral honetan, Joseba Larratxe Josevisky komikigileak hitzaldia emango du. Zer jantziko dut mundua salbatzeko? izenburua duen hitzaldiak emakumezko superheroien jantziak izango ditu gaitzat.

Hitzaldia 17tan hasiko den Jainkosak eta emakumezko heroiak - Soinekoak eta monumentuak sailaren barruan izango da, eta gutxi gorabehera 18:15etatik 18:45etara izango da. Bertaratu nahi duenak izena eman behar du e-mail bidez.

"Josechu el vasco" pertsonaiaren inguruko erakusketa Basaurin

e-gor 2012/10/01 18:45
Aurten hildako Joaquim Muntañola egilearen omenez

Erakusketaren kartela

Joaquim Muntañola i Puig komikigile katalana aurtengo martxoaren 5ean hil zen 97 urte zituela. Berau omentzeko, euskal komikigileen talde batek, Burdinjaun, Rober Garay eta Joaquin Agredak Facebook bidez koordinatuta, erakusketa antolatu dute.

Horretarako, gai nagusitzat TBO komiki-aldizkarian argitaratu zuen Josechu el vasco bere lanik ezagunena hautatu dute (beraien hitzetan, lehenengo euskal superheroia), eta pertsonaiaren bertsio ezberdinak egin dituzte 40 artista grafikok: Exprai, FH Navarro, Alex Orbe, Kike Infame, J.M. Montejo, Kaiet Bengoetxea, Danel Garay, Rufo, Brontxe, Corman III, Ulises Ponce López, Mikel Bao, J.L. Agreda, Asier y Javier, Joaquín Aldeguer, Bivafego, Dani Maiz...

Erakusketa Basauriko Arizko Dorretxean egongo da urriaren 5etik 31ra bitartean. Pertsonaia eta egile garrantzitsu horietara hurbiltzeko aukera aparta!

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
  • Harpidedunak:
  • e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste) RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Twitter-en jarraitu:
  • Erantzunen harpidetza
  • Harpidedunak:
  • RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Artxiboa
    2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017
    Artikulu aipagarriak

    MythTV sorta
    2004/11

    "Pololoak" sorta
    2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

    Monoblogoa
    2005/01/11

    "Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
    2005/01/25

    Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
    2005/04/18

    Firefox eta bere plugin zoragarriak
    2005/05/11

    "El País"-en komiki bilduma
    2005/05/15

    Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
    2005/05/25

    "Watchmen" sorta
    2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

    "La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
    2005/11/08

    "Goienkaria"-n agertu naiz
    2005/12/08

    Komikiak eta euskal rock-a
    2005/12/14

    Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
    2006/01/02

    Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
    2006/02/01

    "Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
    2006/08/05

    Argazkigintza eta DRM-a
    2006/10/09

    Paul Auster eta Euskararen Herria
    2006/10/29

    Angoulême sorta
    2007/01-02

    Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
    2007/04/23

    Hergé-ren defentsan
    2007/05/22

    Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
    2007/07/02

    OLPC sorta
    2007/12 - 2008/01

    Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
    2008/02/05

    Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
    2008/03/11

    Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
    2008/08/04

    "Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
    2008/08/25

    "Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
    2008/09/17

    "Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
    2008/10/14

    Pottokiek 50 urte!
    2008/10/22

    Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
    2008/11/12

    Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
    2008/12/04

    "Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
    2009/01/23

    I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
    2009/04/16

    Elkarrizketa egin didate 7K-n
    2009/06/03

    Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
    2009/10/06

    Asterix, heroi garaitua
    2009/10/29

    "Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
    2009/11/13

    Pololoak 3: The making of
    2009/11/22

    5 urte 5!
    2009/12/15

    Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
    2009/12/20

    "Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
    2010/01/13

    Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
    2010/01/19

    Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
    2010/01/27

    Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
    2010/02/09

    e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
    2010/05/20

    Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
    2010/06/02

    "Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
    2010/07/22

    Sistema eragileen guda berria
    2010/12/14

    Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
    2010/12/27

    Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
    2011/01/10

    "Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
    2011/01/13

    Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
    2011/01/27

    "Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
    2011/02/20

    Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
    2011/03/21

    Sare sozialetan preso
    2011/04/06

    Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
    2011/10/14

    Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
    2011/11/04

    Euskarazko 8 komiki berri
    2011/12/02

    Social networks killed the RSS star?
    2012/06/10