Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Sauré euskal komiki-argitaletxea digitalean soilik argitaratzera pasatu da, papera albo batera utziz

e-gor 2011/09/21 21:18
7 album berri atera ditu euskaraz, digital hutsean, eta webgune berria ere badu; honen guztiaren aurkezpen jardunaldia antolatu du hilaren 24rako Gasteizen

Sauré argitaletxearen euskarakzo komikien katalogo digitala AveComics webgunean

Legutioko Sauré euskal komiki argitaletxea digitalean soilik argitaratzen hasi da. Ez dut horren albisterik inon ikusi, baina beraien webgune berrian 7 nobedade berri aurkitu ditut duela hilabete batzuk azkenekoz sartu nintzenetik, eta komiki horiek ez ditut aurkitzen paperezko inongo liburu dendatan, beraz...

Apustu handia, aurrera ongi eramana (DRMa izan ezik)

Egin duten apustua handia da. Egokia iruditzen zait komikietan euskarri digitalaren alde egitea; hala ere, papera erabat uzteko goizegi ez ote da izango agian... Bestela, prezio aldetik bikain egin dute: 5 eta 3 euro artean daude orokorrean, eta laburren batzuk 0,80 euro, paperezko edozein album 15 eurotik gora daudenean. Ongiegi beharbada, errentagarritasuna ateratzeko (egileak, Sauré argitaletxea, AveComics denda... tartean izanda)? Baina, digitalaren eta Interneten abantailak, mundu mailako merkatu globalean sal dezakete, eta euskaraz gain, ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez ere jarri dituzte komiki guztiak. Bestalde, beraien katalogo propio ia guztia jarri dute bertan salgai lau hizkuntzatan. Beraz, prezio, hizkuntza-aniztasun eta katalogoaren aldetik, chapeau!

Gustatzen ez zaidana komikiak irakurtzeko modua eta komikien formatua da, DRM sistemarekin baitatoz. Hala, komikiak edozein ordenagailutako nabigatzailetik irakur ditzakegu, baina Internetera konektatuta egon behar gara. Eta gailu mugikorretan (iOS nahiz Android) irakurri nahi baditugu, aplikazio bat instalatu behar da, kopien kontrola egingo duena; honekin konexiorik ez dugunean ere irakur ditzakegu komikiak, baina desabantaila nabaria da: komiki-denda ezberdinetan erosten badugu, bakoitzak bere aplikazioa izaten du, eta denak instalatu behar ditugu, liburutegiak aplikazio ezberdinetan banatuta daude... Hobe litzateke erositako komikiak PDF edo CBR formatuan jaisten utziko balute, guk denda ezberdinetako komiki guztiak liburutegi bakarrean antolatu ditzagun eta aplikazio estandarretatik irakur ditzagun nahi dugunean, Interneteko konexiorik ez dugunean ere bai.

Bestela, egia da edozein gailutan irakur daitezkeela (plataforma nagusientzat aplikazioak dituzte eta bestela nabigatzailetik irakur daitezke), erosketa erraza da eta irakurketa erosoa. Nire Android telefono mugikorrean bineta handi batzuen letrak apur bat txiki ikusten dira agian, baina 9 urteko semeak gustura irakurri zuen ordenagailu eramangarrian.

Aurkezpen-jardunaldiaren kartela

Euskarazko 7 komiki berri

Esan bezala, AveComics webgunean Sauréren ia katalogo guztia eros daiteke formatu digitalean, baina horiez gain azken hilabeteetan euskarazko 7 komiki berri atera ditu Saurék formatu digital hutsean eta bertan salgai jarri. Hauek dira atera dituzten album berriak:

Webgune berria eta aurkezpen jardunaldia

Honi guztiari buruzko informazio guztia beraien webgune berrian aurki dezakegu: http://www.ecomic-experience.com/. Gainera, ibilbide berriaren berri emateko eta komiki berriak aurkezteko, aurkezpen jardunaldi bat antolatu dute hil honen 24rako, Gasteizko Ibaiondoko Gizarte Etxean, 17:00etatik 20:45etara. Bertan parte hartuko dute Joseba Gomez, Josema Carrasco, Edorta Corpas, Txani Rodriguez, Nacho Fernandez, Mikel eta Juan Luis de Corcuera, Amaia Ballesteros, Inge Egiluz eta Morathak. Hori bai, gaztelania hutsean...

"Bilboko barrea" jaialdiaren 2. edizioa, irailaren 28tik urriaren 2ra

e-gor 2011/09/12 20:53
Francisco Ibáñez eta Juan Carlos Egillor omenduko dituzte, besteak beste

"Bilboko barrea" jaialdiaren kartela
Irudia: Gallego & Rey

Irailaren 28tik urriaren 2ra ospatuko da Bizkaiko hiriburuan Bilboko Barrea jaialdia, "umoredun literaturaren eta artearen nazioarteko bigarren astea" deitzen dutena eta umore surrealista izango duena gaitzat. Beronen barruan hainbat mahai inguru, erakusketa, emanaldi, aurkezpen eta sinadura-ekitaldi egingo dira, egile eta pertsonaia ezagunen parte hartzearekin: Francisco Ibáñez, Harkaitz Cano, José A. Pérez, Mauro Entrialgo, Felix Linares, David de Jorge, Elvira LindoPedro Reyes...

Francisco Ibáñezek, Mortadelo eta Filemón komiki-sail ezagunen egileak, jasoko du aurtengo saria, eta martxoan hil zen Juan Carlos Egillor euskal komikigileak ere erakusketa izango du.

Hauek dira egunero egongo diren ekintzak:

  • Ezinezko objektuak, Jacques Carelman. Alhóndiga Bilbao, 2011/09/27 - 2011/10/16.
  • Eguillor El Correon. BBK Aretoa, 2011/09/28 - 2011/10/09.
  • mikrozinema. Areatza, 2011/09/28 - 2011/10/02.
  • Francisco Ibáñez. Areatza, 2011/09/28 - 2011/10/02
  • Liburudendak. Areatza, 2011/09/28 - 2011/10/02

Egun bakoitzean izango diren mahai-inguru, liburu-sinaketa, elkarrizketa, liburu-aurkezpen, emanaldi eta abarren zerrenda zehatza, beraien webgunean duzue.

Bilboko Alhondegiaren komiki-beka, Josep Domingo "Nadar"-entzat

e-gor 2011/09/07 20:59
Online dago lan irabazlea

Lan irabazlearen azala
Irudia: Josep Domingo "Nadar"

Otsailean eman genizuen Bilboko Alhondegiak antolatutako komiki bekaren berri, zeinaren irabazleak Angoulêmeko La Maison des Auteurs entzutetsuan urtebeteko egonaldia irabaziko baitzuen. Sarian bertako sarbidea, alojamendua eta soldata sartzen dira.

Ba jada jakinarazi dute nor baliatuko duen beka hori: Josep Domingo del Calvario Nadarrek, Papel estrujado lanarekin, urtebetez Anguleman landu, osatu eta amaitu beharko duena. Egilearen beste lan batzuk ere ikusgai jarri dituzte antolatzaileek beraien webgunean.

Zorionak irabazleari, eta jarrai dezala Alhondegiak horrelakoak antolatzen!

Bideo-jokoen industria, interfazeetan aitzindari

e-gor 2011/09/05 19:55
Ordenagailu eta antzeko gailu digitalekiko interfazeetan apenas izan den aldaketarik urte-mordoxkan: outputa jasotzeko pantaila eta bozgorailuak erabiltzen ditugu, eta inputa emateko batez ere teklatua eta sagua erabiltzen jarraitzen dugu. Aldiz, bideo-jokoen munduan iraultza gertatu da azkenaldian: irteera pantailaren bidez ematen jarraitzen bada ere, jokoekin elkarreragiteko modu berriak sortu dira (Wii-aren agintea, Kinect kamera...), denbora gutxian nagusi bihurtuz. Eta baliteke interfaze-mota berri horiek ordenagailu arruntetara ere salto egitea, erabilera batzuetarako behintzat.
(Elhuyar aldizkariko 2011ko ekaineko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Ordenagailuen sorreratik bertatik ia (enpresa eta etxeetan sartzen hasi zirenetik bai behintzat), teklatua izan zen makina hauen eta pertsonen arteko interfaze nagusia. Beranduago, 90eko hamarkadaren hasieran edo, ordenagailuak eta haien sistema eragileak grafikoz eta leihoz betetzen hasi zirenean, sagua etorri zen teklatuari laguntzera. Eta azken 20 urteotan horiek erabili ditugu ordenagailuari aginduak emateko, ez bada erabilera zehatzetarako (marrazteko taula grafikoak adibidez). Gailu mugikorretan ere halatsu: ukipen pantailan ere teklatu birtualaren bidez edo saguarekin egingo genukeen legez klik eginez elkarreragiten dugu. Ukipen-pantailetako esku-keinuak edo ordenagailu nahiz gailu mugikorretan erabil daitekeen ahots-ezagutza dira azken urteotako berrikuntza bakarrak, eta haiek ere ez dute hainbesteko zabalkunderik izan.

Bideo-jokoetan, iraultza

Bideo-jokoen merkatuan, ordea, asko aldatu da egoera azken urteetan sarrera-mekanismoari dagokionez. 2006an, Nintendok iraultza ekarri zuen ia betidanik teklatua, botoiak eta joystickak erabili ohi zituen mundu honetara, bere Wii kontsola eta WiiMote agintea aurkeztuta. Aginte hau eskuan hartuta, bere azelerometroei esker, 3D espazioan eskuekin egiten ditugun mugimenduak jarraitzeko gai da, eta jokoetan (batez ere kirol edo burrukazkoetan) errealismo handiagoz aritzea ahalbidetzen du. Eta ezaguna da Wiiak izan duen arrakasta, ondoren Sonyk PlayStation Move-rekin errepikatu nahi izan duena (kontzeptu bera, baina mugimenduaz gain posizioa eta distantzia jarraitzeko ere gai dena).

Kontsolen gudako hirugarren agenteak, Microsoftek, iazko azaroan atera zuen Kinect periferikoa bere XBox-arentzat. Hau ez da eskuan edukitzeko aginte bat, webkamaren antzeko zerbait baizik, telebistaren ondoan jartzen dena. Laser infragorrien emisore bat eta sentsore bat ditu, eta haien bitartez jakin dezake bere ikus-eremuan dagoen guztia zein distantziatara dagoen; horrez gain, formak ezagutzeko gai da (eskuak, burua, hankak...). Horrela, jokalariak eskuan edo beste inon inolako gailurik eduki gabe erabiltzen du kontsola: benetako ostikoak jotzen ditu futboleko jokoan, burua alde batera mugitzen du boxeoan kolpeak ekiditeko, besoen benetako mugimenduez jaurtitzen du diskoa... Sentsazio guztiz errealista da. Eta Kinectaren arrakasta ere sekulakoa izan da. Azkarren saldu den gailu elektronikoaren Guinness errekorra du: 1 milioi 10 egunean, 8 milioi 60 egunean eta 10 milioi 4 hilabetean.

Ordenagailuetara jauzi?

WiiMotea atera eta gutxira, hackeatzea lortu zuten, eta ordenagailu batean saguaren rola eginez martxan jarri. Baina honek ez dauka praktikotasun errealik, sagua erosoagoa da, eta, noski, ez da erabilera hori zabaldu. Baina Kinect atera eta ordu gutxira, hura ere hackeatu zuten, atzeranzko ingeniaritzaren bidez (zehazki, Héctor Martín kantabriarrak egin zuen) eta driver libreak argitaratu, libfreenect izenarekin. Eta honekin bai, aplikazio benetan interesgarriak egin zituen software librearen komunitateak.

Hauen adibide batzuk dira posizio-detektagailuak, presentzia-detektagailuak, eskuak airean 3Dn mugituta aritzeko sistemak, gela baten errepresentazio holografikoa egin eta 3Dn bertan mugitzea ahalbidetzen duen sistema bat baino gehiago, zenbait Kinecten bidez ikasgela bateko haurren jokaerak monitorizatu eta arreta-falta edo nortasun obsesibo-konpultsiboaren nahasmenduak detektatzea, itsuei ibiltzen laguntzeko sistemak (oztopoak eta haietatik zein distantziatara gauden detektatuz eta abisuak emanez), roboten ikusmen-sistemak, gorren zeinu-hizkuntza interpretatzeko gai den sistema baten prototipoa eta gehiago... Interneten dauden adibideak benetan harrigarriak dira, eman bueltatxo bat http://kinecthacks.net/ webgunetik! Eta Euskal Herrian ere ari dira hainbat talde Kinecta aplikatzen medikuntzan.

Niri neuri beste aplikazio posible batzuk bururatzen zaizkit: adibidez, erabiltzailea ezagutu eta beste ezeren beharrik gabe saioa hasteko sistemak edo sagua begien mugimenduen bidez kontrolatzea. Agian Kinecta bera ez dago prestatuta aurpegi eta begien formak zehaztasunez detektatzeko, baina kontzeptu bera lerabilkeen gailu ahaltsuago batek etorkizunean halakoetarako aukera emango luke.

Aplikazioak biziki interesgarriak izanda ere, ikusi behar benetan Kinectak ordenagailuetarako jauzia ematen duen eta hura erabiltzen duten aplikazioak eguneroko bihurtzen zaizkigun. Ordenagailuetako sarrera-interfazeetan azken hamarkadetan eman den aldaketarik handiena litzateke. Ez da gauzatu ezinezko burutazioa: ezin da ahaztu haren atzean Microsoft dagoela, eta haren Windows sistema eragilea dela munduko ordenagailuen %90ek baino gehiagok darabiltena.

Microsoftek interes eta behar handia du berrikuntza iraultzaileren bat ekartzeko, azkenaldian publikoak ez baitu ikusten enpresa hau berrikuntzaren ikur gisa: gailu mugikorretan eta Interneten Appleren eta Googleren eskutik etorri dira berrikuntzak, eta ordenagailuetan ere Linux eta Apple izan dira berritzaileagoak. Microsoftek betiko Windowsekin eta Officekin jarraitu du, eta gainera Vistarekin kale egin zuen. Kontsolen munduan berreskuratu du aitzindaritza, Kinecten bidez, eta hura ordenagailuetara eraman nahi duen zantzuak daude: ekainean Kinecterako SDK bat (Software Development Kit edo Softwarea Garatzeko Kita) atera du, nahi duenak Kinecta erabiltzen duten programak egin ahal izateko, eta Windowsen hurrengo bertsioa, Windows 8, Kinectentzako driverrekin etorriko dela dirudi. Hala bada, ordenagailuekin aritzeko moduan aldaketa handiak ikusiko ditugu denbora gutxian. Eta software librearen zaleok ez dugu itxaron beharko gure sistema eragileetan driverrak izan arte: normalean gertatzen denaren kontrara, oraingoan, lehenago izan ditugu driverrok eskura!

Joseviskyren erakusketa Irunen irailean

e-gor 2011/09/03 13:02
Biraren amaiera da

Erakusketaren kartela
Irudia: Josevisky

Gasteizen eta Lasarten izan ondoren, Joseba Larratxe Josevisky komikigilearen "Umore zintak marrazten saiatu zen komikilaria" erakusketak bira amaituko du Irunen. Kabigorri Ateneoan izango da irailean zehar, azkeneko 5 urteetan Matraka, Nabarra eta Aldiri aldizkarientzat eta KKLRD webgunerako egindako komikien aukeraketa batekin.

Bide batez, erakusketaren amaiera ekitaldian, irailaren 28ko arratsaldeko 8etan izango dena, Izan eta ukan komikia aurkeztuko da, aipatutako KKLRD webguneko 2. komikia.

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
  • Harpidedunak:
  • e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste) RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Twitter-en jarraitu:
  • Erantzunen harpidetza
  • Harpidedunak:
  • RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Artxiboa
    2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017
    Artikulu aipagarriak

    MythTV sorta
    2004/11

    "Pololoak" sorta
    2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

    Monoblogoa
    2005/01/11

    "Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
    2005/01/25

    Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
    2005/04/18

    Firefox eta bere plugin zoragarriak
    2005/05/11

    "El País"-en komiki bilduma
    2005/05/15

    Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
    2005/05/25

    "Watchmen" sorta
    2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

    "La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
    2005/11/08

    "Goienkaria"-n agertu naiz
    2005/12/08

    Komikiak eta euskal rock-a
    2005/12/14

    Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
    2006/01/02

    Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
    2006/02/01

    "Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
    2006/08/05

    Argazkigintza eta DRM-a
    2006/10/09

    Paul Auster eta Euskararen Herria
    2006/10/29

    Angoulême sorta
    2007/01-02

    Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
    2007/04/23

    Hergé-ren defentsan
    2007/05/22

    Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
    2007/07/02

    OLPC sorta
    2007/12 - 2008/01

    Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
    2008/02/05

    Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
    2008/03/11

    Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
    2008/08/04

    "Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
    2008/08/25

    "Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
    2008/09/17

    "Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
    2008/10/14

    Pottokiek 50 urte!
    2008/10/22

    Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
    2008/11/12

    Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
    2008/12/04

    "Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
    2009/01/23

    I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
    2009/04/16

    Elkarrizketa egin didate 7K-n
    2009/06/03

    Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
    2009/10/06

    Asterix, heroi garaitua
    2009/10/29

    "Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
    2009/11/13

    Pololoak 3: The making of
    2009/11/22

    5 urte 5!
    2009/12/15

    Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
    2009/12/20

    "Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
    2010/01/13

    Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
    2010/01/19

    Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
    2010/01/27

    Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
    2010/02/09

    e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
    2010/05/20

    Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
    2010/06/02

    "Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
    2010/07/22

    Sistema eragileen guda berria
    2010/12/14

    Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
    2010/12/27

    Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
    2011/01/10

    "Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
    2011/01/13

    Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
    2011/01/27

    "Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
    2011/02/20

    Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
    2011/03/21

    Sare sozialetan preso
    2011/04/06

    Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
    2011/10/14

    Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
    2011/11/04

    Euskarazko 8 komiki berri
    2011/12/02

    Social networks killed the RSS star?
    2012/06/10