Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

"Dublinés", Zapicoren album berria

e-gor 2011/03/30 23:47
Apirilean aterako den albumaren 20 orri online ikus daitezke

"Dublinés" albumaren azala
Irudia: Alfonso Zapico

Blog honen jarraitzaileek jakingo duzue Alfonso Zapico komikigile asturiarra (asturianuzko Uiquipediako sarrera), lagun izateaz gain (edo horregatik ere agian, nahiz ez dudan uste), oso gustuko dudala. Lau aldiz aipatu izan dut hemen: lehena 2007ko Angulemako komiki-azokatik nire furgonetan bueltan gentozela bere La guerre du professeur Bertenev albumean egin zidan dedikatoria ederragatik, bigarrena 2008an Astiberri Bilboko argitaletxearekin kaleratutako Café Budapest albumaren iruzkina egin nuenean, hirugarrena 2009an izandako berri on guztiengatik (sari-izendapenak, La guerra del profesor Bertenev Espainian argitaratu izana eta bere lan berria prestatzeko Angulemako La maison des auteurs etxeak beka eman izana) eta laugarrena aipatutako La guerra del profesor Bertenev-egatik 2010eko Bartzelonako komiki-azokan egile berriarentzako Josep Toutain saria eraman zuenean. Eta 2011n ere ezin aipatu gabe geratu... ;-)

Oraingoan albiste dugu Angulemako La maison des auteurs-en urte bete baino gehiagoz prestatzen egon den lana (eta bere blogean zatitxoak erakusten joan zaiguna) kaleratzear duelako Astiberrik: Dublinés, James Joyce-ren bizitzan oinarritutakoa. El País egunkarian iragarri du Álvaro Pons La cárcel de papel blogaren egileak, oso leku onean utziz. Horrez gain, albumaren lehen 20 orriak ikus daitezke egunkari horretan bertan eta, ezin zen bestela izan, itxura bikaina du. Ea komiki honek ere, orain artekoek bezala, harrera ona duen eta, zergatik ez, saririk irabazten duen! Zorionak Alfonso, eta zorte on!

Nafarroako Nazioarteko Komikiaren II. Azoka

e-gor 2011/03/29 22:01
Iruñean, apirilaren 4tik maiatzaren 1era

Azokako kartela
Irudia: Charlie Christensen

Hurrengo hilabetean (zehazkiago, apirilaren 4tik maiatzaren 1era) Nafarroako Nazioarteko Komikiaren II. Azoka (webgunea gaztelania hutsean) egingo da Iruñean, Kondestablearen Jauregian, Tiza elkarteak antolatuta. Azoka honetan hainbat ekitaldi egingo dira, jarraian aurkeztuko dizkizuegunak.

Erakusketak

Gonbidatuak

Zinema zikloa

I. komiki azoka

Nola I.a? Ez al zen II.a? Badakit hau nahasgarria dela, baina kartelean aurten bigarren edizioa duten ekitaldi sortari "Salón"="Azoka" deitu diote, eta gero horren barruan lehenengo aldiz antolatzen den ekitaldi honek, "Feria" deitzen diotenak, ez du itzulpenik eta nik "Azoka" itzuli dut, hau baita normalean azokatzat ulertzen dena: denda eta argitaletxeen standak. Ikusita gero barruan "Feria" dagoela, agian "Jardunaldiak" itzulpen zuzenagoa zatekeen "Salón"entzat. Tira, standdun azoka hau apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean egingo da Tres Reyes hotelean.

Lehiaketa

Boterearen esku beltzaren kontrako filtrazioak gaiarekin.

Juan Carlos Egillor hil da

e-gor 2011/03/23 21:05
Komikigintzan lan oparoa egina da

Juan Carlos Egillorren argazki bat eta berak egindako kartel bat
Irudia: Ismael Diaz de Mendibil / Juan Carlos Egillor

Juan Carlos Egillor komikigile, margolari, ilustratzaile eta zinegilea hil da. Berak egindako kartel (aldameneko Bilboko jaietakoa, esaterako) eta diskoen portada asko (Ruper Ordorika, Oskorri...), bere berezko estilo horrekin, oso ezagunak dira.

Baina komikigintzaren munduan ere famatua zen oso, Euskal Herrian ez ezik baita hemendik kanpo ere. El Correo Español, Egin, El Pais eta beste egunkari askorentzat egindako komiki-bandak (Mari Aguirre, Miss Martiartu...), Euskadi Sioux aldizkariko lanak... Galera handia benetan.

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz

e-gor 2011/03/21 23:32
Euskal Encodings-en, orain DVD kalitatean

"Atar Wars" jatorrizko trilogiaren posterra
Irudia: Lucasfilm Limited

Edozein haurrek, behar bezalako hezkuntza izan dezan, derrigorrezkoa du Star Wars filmen jatorrizko trilogia ikustea. Semeek 7 eta 8 urte dituztela-eta, ordua iritsi zaie bizitzan hain garrantzitsua izango duten pausoa emateko (nik 6 urterekin zineman ikusi nuen lehen pelikula izan zen Star Wars IV, jatorrizko trilogiako lehenengoa, 1977an estreinatu zenean), eta duela denbora dezente nituen Internetetik jaitsita filmok, gaztelaniaz eta ingelesez.

Eta halako batean aurkitu nuen Euskal Encodings webgunean, euskarazko ehunka serie, film nahiz komiki partekatuz euskararen alde hain lan eskerga bezain beharrezkoa egiten duen webgune zoragarri horretan, Star Wars-en jatorrizko trilogia hori euskaraz! Dirudienez, ETBk 1992an eman zituen hiru filmok euskaraz, eta Taichisan nekaezinak igo zituen Euskal Encodings-era, VHS zahar batzuetatik ripeatuta.

Star Wars euskaraz edukitzea kristorena izanda ere, egia esan irudiaren eta soinuaren kalitatea ez dira beste munduko ezer (VHS zaharretatik ezin miraririk egin), eta telebista edo pantaila on samar baten nabaritzen da. Horregatik nik ere apur bat laguntzea pentsatu nuen, DVD kalitateko irudia jarriz bideooi.

Horretarako, jatorrizko trilogiako ingelesezko DVD-Ripak jaitsi nituen, baina jatorrizko bertsiokoak, euskarazko audioekin bat etor zitezen (1997an eta 2004an George Lucas zuzendariak eszena batzuk hobetu eta berri batzuk gehitu zizkion). Euskarazko filmei audioa erauzi nien MEncoder programa erabilita, baina hala ere luzerak ez zetozen bat, 5 minutu inguruko diferentzia zegoen, batzuek 25 fps (irudi segundoko) zituztelako eta besteek 24. Audacity programaren bidez editatu nituen euskarazko audioak, iragarkiak moztuz eta ingelesezko DVDekin bat etortzeko luzatuz. Amaitzeko, DVDko bideoak eta euskarazko audioak sinkronizatzeko eta azken montajea egiteko KDEnlive erabili nuen. Horrez gain, ingelesezko bertsioan azpititulatuta zeuden zatientzat ere (lurretik kanpoko hizkuntzetan esaten dena, Jabba eta sari bilatzailea nagusiki) euskarazko azpitituluak sortu ditut Subtitle Editor softwarea erabiliz. Prozesu guztia, beraz, Linux eta software librea erabiliz egin dut.

Euskal Encodings-en bidez partekatu dut guztia, beraz nahi duenak han ditu eskuragarri Star Warsen jatorrizko hiru filmok DVD kalitateko irudiarekin eta euskaraz, eta euskarazko azpitituluak euskaraz ez dauden zatientzat. Hala ere, ez dut esperientzia ez pazientzia handirik bideo edizioan, eta sinkronizazioa ez da guztiz perfektua ere, baina tira... Norbaitek hobetu nahi badu, ongietorria izango da!

On egin, eta izan bedi zuekin barne-indarra!

Sendabide ala iruzurbide - Medikuntza alternatiboa proban

e-gor 2011/03/14 23:18
Elhuyarrek argitaratu du liburu bikain hau zientziaren dibulgazioko liburuen "Z izpiak" sailean

"Sendabide ala iruzurbide" liburuaren azala
Irudia: Elhuyar

Ez dut ohiturarik blog honetan lantoki dudan Elhuyarri buruzko kontuez berba egiteko. Hor eskuinean ikusten den aurkezpenean dioenez, e-gor alter ego informatikari eta komikizalearen ziber-ibilerak kontatzen ditut hemen, eta ez laneko kontuak. Elhuyar aldizkarirako egiten dudan Mundu Digitala ataleko artikuluak pegatzen ditut bai, baina hori ez da nire lanaren zati, lanetik aparte egiten dudan kolaborazio bat baizik, eta gaiak aukeratzeko askatasun osoa dudanez, interesatzen zaizkidan informatikako gaiak dira horiek ere. Laneko kontuak hemen ez aipatzeko arrazoiak bi dira nagusiki: bata, laneko kontuez aritzea lanorduetan (eta ordainduta) egin beharko litzatekeela uste dudala, eta bestea, laneko kontuez ere aritzeak objektibotasun eta independentzia irudia (honek halakorik balu) kaltetu dezakeela.

Horrez gain, blog pertsonala izanagatik, tematikoa dela ere esan daiteke, eta normalean informatika eta komikiei buruz idazten dut, oso gutxitan soilik bestelako gaiei buruz.

Kontuak kontu, Elhuyarrek argitaratutako liburu bati buruz aritu behar dut oraingoan, ez komikiekin ez ordenagailuekin zerikusirik duena. Eta bikaina iruditu zaidalako egin nahi dut, iritziak iritzi. Ez baitut nire burua autozentsuratu nahi, liburu bat atsegin izan badut eta berari buruz idazteko gogoa badut, ez dut egin gabe utziko soilik Elhuyarrek atera duelako.

Delako liburua Sendabide ala iruzurbide - Medikuntza alternatiboa proban da, Edzard Ernst eta Simon Singh-ena (jatorrizko izenburua Trick or Treatment? Alternative Medicine on Trial). Elhuyar Fundazioak zientziaren dibulgazioko liburuen Z izpiak sailean atera duen bigarren liburua da, Ia denaren historia labur bat baita ere apartaren ondoren.

Bertan, gaur egun hain modan dauden medikuntza alternatibo ezberdinak aztertzen dira ikuspegi zientifikotik. Horretarako, metodo zientifikoa zertan datzan ere azaltzen du (entsegu kliniko ausazkoak, plazebo bidezko kontrola, itsu bikoitza...) medikuntzaren historiako pasarte oso interesgarriak kontatuz (eskorbutoaren sendabidearen aurkikuntza, odol-hustutzeak...), eta metodo zientifikoaren baliagarritasuna defendatzen du arazoen kausak, sendabideen efektibotasunak eta, finean, gauzei buruzko egia aurkitzeko. Hipokrates medikuntzaren aitak esandako ondoko esaldia baitu liburuak gidaritzat: "berez, bi gauza daude, zientzia eta iritzia: lehenengoak jakintza sortzen du; bigarrenak, ezjakintasuna".

Ondoren lau medikuntza alternatibo zabalduenetako bakoitzari (homeopatia, akupuntura, sendabelarrak eta kiropraktika) kapitulu bana dedikatzen die, beraien jatorria eta oinarriak azalduz, ikuspegi zientifikotik zorrotz aztertuz egin zaizkien azterketak eta efektibotasuna eta segurtasuna frogan jarriz. Amaieran, beste medikuntza alternatibo askoren inguruko oinarriak, efektibotasuna eta segurtasuna orri banatan aztertzen ditu.

Liburua oso modu irakurterrazean idatzita dago; nik aurretik jatorrizko bertsioa irakurria nuen, eta euskarazkoa berriz irakurri dut.

Finean, <SPOILER ALERT!!!>medikuntza horietako ia denak oso gaizki ateratzen dira azterketa zientifikoetan: gehienek ez dute plazeboz haragoko efekturik, batzuk soilik dituzte efektu onuragarriak kasu oso konkretu batzuetarako eta, hala ere, gutxitan dira benetako medikuntza bezain eraginkorrak, eta batzuk arriskutsuak ere badira. Eta esan daiteke ondorio ukaezinak direla, frogetan oinarritutakoak.</SPOILER ALERT!!!> Gai polemikoa izan daiteke hau, batez ere Euskal Herri honetan gauza natural eta tradizionalekiko lotura eta sinesmen handia dagoelako, eta medikuntza hauetako asko natural eta tradiziozkotzat jotzen direlako, maiz oker. Onartu behar zaio, beraz, ausardia Elhuyarri liburu hau ateratzean.

Liburu guztiz gomendagarria kritika oso onak jaso dituena. Eta benetako luxua da liburu hau euskaraz izatea, beste bost hizkuntzara soilik itzuli da momentuz!

Fitxa

Izenburua: Sendabide ala iruzurbide - Medikuntza alternatiboa proban

Egileak: Edzard Ernst eta Simon Singh

Argitaletxea: Elhuyar Fundazioa

Urtea: 2010

ISBN: 978-84-92457-54-0

Irakurgailu perfektuaren zain

e-gor 2011/03/03 23:01
Badira hiruzpalau urte liburu-irakurgailu elektroniko edo e-book reader deritzenak gure artean ikusten hasi ginenetik. 2010ean, berriz, Apple-k bere iPad-a atera zuen, besteak beste irakurgailu gisa erabiltzeko aproposa. Eta izandako arrakastaren atzetik, beste enpresa askok atera dituzte edo ateratzear daude antzeko tablet ak. Bi gailu-motek abantaila eta desabantailak dituzte, baina oraindik asmatzeke dago bien alderdi onenak biltzen dituen gailua. Irakurgailu perfektu hori sortzeko lanean ari dira ikertzaileak, baina geldituko al da harentzako tokirik merkatuan?
(Elhuyar aldizkariko 2011ko urtarrileko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Kindle bat eta iPad bat
Irudia: Amazon / Apple

Liburu-irakurgailu elektronikoak

Liburu-irakurgailu elektronikoa, gaur ezagutzen dugun gisara, Sony-k merkaturatu zuen lehenbizikoz 2006an, Sony Reader izenarekin. Baina 2007an Amazon on line liburu-dendak ateratako Kindle-a da, ziurrenik, arrakasta handiena izan duena. Barnes&Noble liburu-denda katearen Nook-ak edo ondoren atera diren beste gailu ugariek ez diote itzalik egin Kindle-ari. Kontuak kontu, gaur egun aukera zabala dago irakurgailu elektronikoen munduan.

E-reader edo liburu-irakurgailu elektronikoek tinta elektronikoz funtzionatzen dute. Teknologia honek, ohiko CRT, LCD edo TFT pantailek ez bezala, ez ditu pantailaren puntuak etengabe elektrikoki argiztatzen: pantailako irudia aldatu behar den bakoitzean, berau osatzen duten gelaxketako bakoitzean dagokion kolorea (zuria edo beltza) jartzen du elektrizitatea erabiliz, baina, ondoren, pantailako irudia mantentzeko ez du elektrizitate gehiagoren beharrik. Hori da, hain zuzen ere, tinta elektronikoaren abantaila nagusia: haren energia-kontsumo txikia. Pantailako irudia orria aldatzen dugun bakoitzean soilik aldatu behar denez eta hori ez denez oso maiz gertatzen, sistema hibernazioan sartzen da berriz orria pasatzeko agintzen diogun arte. Orduan, esnatu egiten da, pantailako irudia aldatzen du, eta berriz ere lotara sartu. Hori dela eta, orria pasatzeko denbora apur bat behar izaten da, baina bateriak egunak irautea lortzen da. Horrez gain, egun-argiz eta eguzkitan ere oso ongi irakur daiteke pantailako edukia, eta ikusmena ez du horrenbeste nekatzen, pantaila ez baita atzetik argitua, islatzailea baizik.

Desabantailak ere baditu teknologia honek, ordea: argi nahikorik ez dagoenean, ezin da ezer ikusi (paperean bezala), zuri-beltzezko edukia soilik erakuts daiteke edo asko jota gris tonuetan (komikiak, edo argazki askoko aldizkari eta egunkariak edo haurrentzako liburu eta ipuinak ikusteko ez da egokia) eta ez du balio pantaila azkar aldatzea eskatzen duten erabileretarako (bideoak ikusteko, adibidez).

Tabletak

Tabletaren kontzeptua (ukipen-pantailadun ordenagailu eramangarri teklaturik gabea) Microsoft-ek aspaldi asmatu bazuen ere, 2010aren hasieran egin da famatu, Apple-k ateratako iPad-arekin; eta dagoeneko antzeko gailu mordoa dago merkatuan, gehienak Android sistema eragile librearekin.

Gailu hauek ez dute teknologikoki inolako berrikuntzarik; ordenagailu eramangarriek eta bestelako gailuek aspalditik darabilten LCD (Liquid Crystal Display) teknologiarekin dabiltza pantailak. Horregatik, hain justu, irakurgailu elektronikoaren kontrako ezaugarriak ditu: koloretan da, bideoa ikusteko balio du, eta ilunpetan ere ikusten da; aldiz, ez da ongi ikusten egun-argiz, atzetik argitzen denez, bista gehiago nekatzen du, eta bateriak ordu gutxi batzuk baino ez du irauten.

Irakurtzeko gailu perfektua

Ikusten dugunez, bi gailuek dituzte desabantailak. Liburu-irakurgailu elektronikoei dagokienez, zenbaitek katebegi teknologiko soiltzat dute; haien ustez, urte gutxi batzuk iraungo dute, belaunaldi bati paperetik tabletetarako trantsizioan laguntzeko adina. Barnes&Noble liburu-denda kateak, adibidez, tinta elektronikoa baztertu, eta LCD teknologia erabili du bere Nook irakurgailuaren bertsio berrian. Beste askoren iritziz, ordea, bateriaren iraupena handicap handiegia da tabletentzat.

Liburu, aldizkari nahiz komikiak irakurtzeko eta/edo ikus-entzunezko edukia ikusteko, aurreko bi gailu-mota horien ezaugarri on guztiak bildu beharko lituzke gailu eramangarri idealak. Zergatik ez da jada horrelakorik existitzen? Ez da ezinezkoa edo garestiegia delako: munduko herrialde behartsuetako haurren hezkuntzan IKTen bidez laguntzeko asmoarekin sortutako OLPC (One Laptop Per Child) proiektuak 2007an atera zuen XO-1 eramangarriak jada bazuen pantaila duala (tinta elektronikoarekin nahiz LCD moduan funtziona zezakeen), eta kostua 200 dolar inguru besterik ez zen. Pantaila haien asmatzaile Mary Lou Jepsen-ek ondoren sortutako Pixel Qi enpresak horrelako pantailak garatzen eta hobetzen jarraitzen du eta laster aterako da pantaila duala duen lehen tableta, Notion Ink enpresa indiarraren Adam hain zuzen ere, baina merkatuen inertziek ez dituzte erraz onartzen berrikuntza apurtzaileak... Hala ere, horrelako gailuak ere ez dira guztiz idealak. Bi moduetan lan egin dezakete, baina atzeko argia erabiltzen denean, energia azkar xahutzen da.

Koloretako tinta elektronikoa lortu nahian aritu dira zenbait enpresa azken urteotan, eta, berriki, Hanvon Technology enpresa txinatarrak iragarri du laster kaleratuko duela horrelako pantaila duen gailu bat. Kolorea izan arren, tinta elektronikoaren teknologia erabiliko du, eta, beraz, energia-kontsumo txikia izango du, baina aldi berean bideoa erakusteko abiadura nahikorik ez du izango; horrez gain, koloreak tonu mateetan izango dira.

Bestalde, oraindik produkzio-mailan ez badago ere, Cincinnatiko Unibertsitateak eta Gamma Dynamics enpresak teknologia elektrofluidikoa garatu dute: elektrizitate bidez, pixel bakoitzaren gelaxketan aurrealdera edo atzealdera eramaten da tinta. Bideoa ikusteko besteko abiadura lortzen da, koloretan ikus daiteke, eta kontsumo txikia du.

Eta paper elektronikoa (papera bezain pantaila fin eta malguak) lortzeko ikerketak ere emaitzak ematear daude, teknologia hori azkenaldian gutxitan aipatu den arren. Taiwango ITRI ikerketa-zentroak eta AU Optronics enpresak 2011n espero dute kaleratzea paper elektronikoa erabiltzen duten gailuak.

Beraz, argi dago gaur egun dauden irakurgailu elektronikoek badutela zer hobetua, eta hobekuntza asko iristear daudela. Baina teknologiaren munduan, beste askotan bezala, merkatuak agintzen du, eta ez da beti teknologikoki onena dena gailentzen. Gainera, epe laburreko irabaziei begirako interes komertzialek bultzatuta atera dituzten gailu heldugabe horiek jada merkatuan zabalduta egoteak kalte egin diezaioke gailu berri hobeen hedapenari. Espero dezagun, hala ere, albait lasterren irakurgailu elektroniko askoz hobeak (koloretan, kontsumo txikiarekin eta bideoa ikusteko adinako abiadura dutenak) izatea nagusi merkatuan.

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
  • Harpidedunak:
  • e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste) RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Twitter-en jarraitu:
  • Erantzunen harpidetza
  • Harpidedunak:
  • RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Artxiboa
    2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017
    Artikulu aipagarriak

    MythTV sorta
    2004/11

    "Pololoak" sorta
    2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

    Monoblogoa
    2005/01/11

    "Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
    2005/01/25

    Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
    2005/04/18

    Firefox eta bere plugin zoragarriak
    2005/05/11

    "El País"-en komiki bilduma
    2005/05/15

    Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
    2005/05/25

    "Watchmen" sorta
    2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

    "La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
    2005/11/08

    "Goienkaria"-n agertu naiz
    2005/12/08

    Komikiak eta euskal rock-a
    2005/12/14

    Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
    2006/01/02

    Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
    2006/02/01

    "Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
    2006/08/05

    Argazkigintza eta DRM-a
    2006/10/09

    Paul Auster eta Euskararen Herria
    2006/10/29

    Angoulême sorta
    2007/01-02

    Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
    2007/04/23

    Hergé-ren defentsan
    2007/05/22

    Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
    2007/07/02

    OLPC sorta
    2007/12 - 2008/01

    Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
    2008/02/05

    Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
    2008/03/11

    Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
    2008/08/04

    "Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
    2008/08/25

    "Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
    2008/09/17

    "Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
    2008/10/14

    Pottokiek 50 urte!
    2008/10/22

    Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
    2008/11/12

    Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
    2008/12/04

    "Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
    2009/01/23

    I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
    2009/04/16

    Elkarrizketa egin didate 7K-n
    2009/06/03

    Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
    2009/10/06

    Asterix, heroi garaitua
    2009/10/29

    "Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
    2009/11/13

    Pololoak 3: The making of
    2009/11/22

    5 urte 5!
    2009/12/15

    Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
    2009/12/20

    "Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
    2010/01/13

    Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
    2010/01/19

    Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
    2010/01/27

    Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
    2010/02/09

    e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
    2010/05/20

    Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
    2010/06/02

    "Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
    2010/07/22

    Sistema eragileen guda berria
    2010/12/14

    Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
    2010/12/27

    Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
    2011/01/10

    "Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
    2011/01/13

    Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
    2011/01/27

    "Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
    2011/02/20

    Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
    2011/03/21

    Sare sozialetan preso
    2011/04/06

    Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
    2011/10/14

    Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
    2011/11/04

    Euskarazko 8 komiki berri
    2011/12/02

    Social networks killed the RSS star?
    2012/06/10