Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Komiki ikastaroak Bilboko Alhondegiaren eskutik

e-gor 2011/02/22 18:28
12 ordu Komikiarekin eta AlhóndigaKomik IV. ikastaroa

Bilboko Alhondegiak bi komiki ikastaro antolatu ditu aurtengorako.

Lehenengoa, 12 ordu Komikiarekin izenekoa, egun bateko ikastaro laburra da. Maiatzaren 12an izango da, goizeko 9etatik gaueko 21etara, Medialab 2ko Mediatekan, eta 30 euro balio ditu. Clara-Tanit Arqué eta Martín Romero, AlhóndigaKomik bekaren lehen bi edizioetako irabazleak, izango dira irakasleak. Parte-hartzaile bakoitzak istorio labur bat osatuko du, zatika; ondoren, taldeko gainerakoekin bat eginda, amaierako fanzine bat osatuko da.

Bigarrena, AlhóndigaKomik IV. ikastaroa, urte ia guztian zehar luzatutako ikastaro erdipresentziala izango da. Ikastaroan proiektu bat lantzen joango dira, aurrez aurreko eskolekin eta online jarraipenarekin. Eskoletan ezagutza teorikoak eta gidoia nahiz marrazkiak sortzeko prozesu ororen lehen definizioak jorratuko dira, bai eta lanaren azken fasea ere. Aholkularitza eta lanaren segimendua online egingo da. Ikastaroa Antonio Altarriba kritikari eta gidoilariak koordinatua da eta Antoni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo eta Roberto Bergado autoreekin batera emango du. Kostua 120 eurokoa da (90 euro gazte eta Alhondegiko bazkideentzat). Hau izango da programa zehatza:

  • Martxoak 1: Hasiera. Izena eman duten ikasleek ikastaroaren helburuak, laneko metodoa eta egutegia biltzen duen dokumentazioa jasoko dute. Lehen helburua ezartzea.
  • Apirilak 1: Ikasleek materialaren lehen partea entregatuko dute, eta dagokion zuzenketa pertsonalizatua egingo zaio.
  • Apirilak 27 eta 28: Laneko bi egun, AlhóndigaBilbaon bertan. 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Medialab 2. Mediateka.
  • Uztailak 1: Ikasleek materialaren bigarren partea entregatuko dute, eta dagokion zuzenketa pertsonalizatua egingo zaio.
  • Irailak 10: Ikasleek materialaren hirugarren partea entregatuko dute, eta dagokion zuzenketa pertsonalizatua egingo zaio.
  • Irailak 28 eta 29: Laneko bi egun, AlhóndigaBilbaon bertan. 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Medialab 2. Mediateka.
  • Urriak 30: Ikasleek egindako lanak entregatuko dituzte.
  • Azaroak 10: Irakasleek Alhóndigakomik beka irabaz dezaketen lanak hautatuko dituzte.

Ikastaro biei buruzko informazio gehiago duzue Alhóndiga Komik 2011ren programan.

Komiki lehiaketa berriak

e-gor 2011/02/22 17:46
IV. AlhóndigaKomik Beka, Ganorabako lehiaketa eta Gipuzkoako 3. komiki hezigarrien eskola programa

Ekitaldien kartelak

2011ren hasiera honetan, hainbat komiki lehiaketa daude martxan.

Batetik, aurten laugarren aldiz (aurreko edizioen berri hemen), Bilboko Alhondegiak beka bat emango dio komikigile bati Angoulêmeko La maison des auteurs zentroan urtebetez aritzeko, Europako komiki-zentro entzutetsuenean alegia. Irabazleak urtebetez bertan komiki-sorkuntzan jarduteko aukera izango du, baldintza ezin hobeagotan. Zentroko ekipamendu eta baliabide guztiak erabiltzeko eta beste bekadunekin ideiak trukatzeko aukera izateaz gain, urtebeteko alojamendua ordainduko zaio eta hilean 1000 euroko soldata bat ere izango du. Beka lortu nahi dutenek 18 urte beteta izan behar dituzte eta komiki bat sortzeko proiektu bat aurkeztu beharko dute, paperean edo euskarri informatikoan, idatzizko garapen batekin eta irudiekin, martxoaren 1etik hasita eta apirilaren 1a baino lehenago. Bekaren oinarri zehatzak web gunean dauzkazu irakurgai.

Bestetik, abian da berriz ere, urtero bezala, Basauriko Kultur Etxeak antolatzen duen Ganorabako 2011 komiki-lehiaketa. Lehenengo saria 900 € dira, bigarrena 450 € eta hirugarrena 300 €. Horrez gain, 300 euroko akzesit bana dago euskarazko lanik onenari eta Basauriko lanik onenari. Martxoaren 31 bitarte dago lanak bidaltzeko aukera. Oinarri zehatzak, berriz ere, beraien webgunean.

Azkenik, hirugarren urtez, komiki hezigarrien eskola programa antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuak Sauré argitaletxearen laguntzarekin. Bertan Ziberkomikiak izeneko lehiaketa dago, Gipuzkoan Lehen Hezkuntzako 5. edo 6. mailan edo DBHko 1. zikloan ari diren ikasle guztiei zuzendua. Komikien bidez, kultura eta ondarearen inguruko balioak eta euskararen erabilera berezia lantzea bultzatu nahi ditu gazteen artean, teknologia erabiliz. Horretarako, sei gai aukeratu dituzte. Zumalakarregi Museoa eta XIX. mendeko Euskal Herria oro har izango dira gai nagusia, eta beste bostak Sauré-ren komiki-bilduma ezberdinei lotutako gaiak izango dira: Abentura olinpiko bat (atletismoa), Nayarit-eko altxorra (pilotariak), Izotz azpiko bidexka (alegiak), Pirata (egun bat ikasle baten bizitzan) eta Egiptoarrak (egiptoarren artea). Gai horietako bakoitzean komiki baten bunbuiloak bete beharko dituzte eta gaiarekin lotutako galdera batzuei erantzun. Lanak maiatzaren 4a baino lehen bidali beharko dira. Lehiaketaren oinarriak, hemen.

Marrazten badakizue, anima zaitezte!

Komiki-lehiaketen irabazleak

e-gor 2011/02/21 16:29
Crash Comic eta Barakaldoko Nazioarteko Umore Grafikoaren lehiaketek badituzte irabazleak

Komiki irabazleen irudiak
Irudia: Rob Marinakis / Darko Drijevic

Atiza komikigileen elkarteak eta Gauekoak ekimenak antolatzen duten Crash Comic 2011 gazteentzako komiki-lehiaketako irabazleak ezagutarazi dituzte. 131 egilek 182 lan aurkeztu dituzte, eta hauek izan dira sarituak:

  • Lehen saria, 500 eurokoa: De visita en el archipiélago de los tópicos, Rob Marinakis, 32 urte, Madril.
  • Bigarren saria, 400 eurokoa: Koldo y Camacho, David Molina, 30 urte, Madril.
  • Hirugarren saria, 300 eurokoa: Gagle muría, Roberto Gonzalez, 30 urte, Bilbo.
  • Arabako komiki onenaren saria, 200 euro eta TMEOn argitaratzea: ¿Qué fue de… las viejas glorias de la publicidad?, David Blanco, 22 urte, Gasteiz.
  • Emakume gazte baten lan onena, 500 euro: Pozas, Mónica Castell, 33 urte, Bartzelona.

Lan guztiak ikusgai daude Gauekoak ekimenaren webgunean.

Bestalde, Barakaldoko Udalak eta Sauré argitaletxeak antolatutako Teknologia berriak umore grafikoari buruzko lehiaketaren sarituak ere atera dira. Lan hauek denak ere webgunean ikus daitezke, eta ondokoak dira:

  • 1. saria, 1500 euroz hornitua, Darko Drijevic montenegroarrarentzat
  • 2. saria, 1000 euroz hornitua, Leandro Ezequiel Martinez argentinarrarentzat
  • 3. saria, 800 euroz hornitua, Nikola Listes kroaziarrarentzat
  • 4. saria, 700 euroz hornitua, Freddy Martínez eta Hermandez Villamil kubatarrentzat
  • 5. saria, 500 euroz hornitua, Raul Barbolla Preciado espainiarrarentzat

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean

e-gor 2011/02/20 23:46
Komiki berriak atera dira

Bi komikien azalak
Irudia: Pernan Goñi / Alain M. Urrutia

Azken asteetan bi euskal komiki berri atera dira. Batetik, Pernan Goñik (@pernan twitter-en) Alokairuan autoeditatu du, lehenago Gaur8 aldizkarian ateratako zinten bilduma. Gaztelaniaz ere atera du, Horror morror izenburuarekin. Pisua partekatzen duen lagun talde baten pasadizo umoretsuak kontatzen dira bertanTMEO aldizkariarekin batera banatuko da, beraz berau eskuratu daitekeen toki beretan eros daiteke. Korri ba, erostera, 7 euro besterik ez dira eta!

Bestetik, Hedoi Etxarte (@hedoi_etxarte twitter-en) eta Alain M. Urrutiaren Ihes Ederra nobela grafikoaren gaztelaniazko bertsioa (La bella huida izenburuarekin eta azal berriarekin), eta katalanezkoa (La bella fugida izenburuarekin eta hau ere azal berriarekin) kaleratu ditu Alberdaniak. Katalanezkoaz Hedoik berak abisatu digu twitter-en, milesker Hedoi! Ez da askotan gertatzen jatorrian euskaraz egindako komiki bat beste hizkuntza batzuetara itzultzea, zorionak beraz!

Komiki ikuskizunak eta hitzaldiak

e-gor 2011/02/17 22:26
Uztaritzen, Gasteizen eta Bilbon

Ekitaldien kartelak

Hurrengo egun/aste/hilabeteetan komikien inguruko hainbat ikuskizun edota hitzaldi izango ditugu Euskal Herrian. Poztekoa, beraz ez galdu aukera!

Batetik, larunbat honetan, otsailak 19, eguerdiko 12tan, Gasteizko Ignacio Aldekoa Kultura Etxean eta Atiza kolektiboak antolatuta, komikien inguruko ikuskizun-aurkezpena izango da. Alvarortega eta Atak komiki bat egingo dute zuzenean eta Euskolabel bilduma eta Lea cómics kanpaina aurkeztuko dituzte.

Bestetik, Marko, Dani Fano eta Adur Larreak parte hartuko dute martxoaren 4an Uztaritzeko Latsa aretoan izango den  soirée koktail-musiko-grafiko batean. Ez dut zehaztasun gehiagorik orduaren edo asmoen inguruan, ea beraiek erantzunetan-edo uzten duten...

Azkenik, Bilboko Alhondegiak urtero antolatzen duen Alhóndiga Komik programaren 2011ko egitarauean, hainbat hitzaldi antolatu dituzte. Apirilaren 27an solasaldia dago Miguel Ángel Martínekin eta 28an Santiago Garcíarekin, arratsaldeko 19:30ean Mediatekan. Eta ekainaren 4ean, 11:00etatik 14:30etara eta 16:30etatik 20:00tara, Kulturen Atrioan, Autoeditatuak jardunaldia, beraien lanak autoeditatzen dituzten hainbat egile eta kolektiborekin.

Xabiroi 20 eta 21

e-gor 2011/02/16 21:35
Kalean dira Ikastolen Elkarteko komiki-aldizkariaren azken zenbakiak

Xabiroi aldizkariaren 20. eta 21. zenbakien azalak
Irudia: Xabiroi

Aspaldi aterako ziren ziur aski, baina nik ez ditut orain artean eskuratu, eta ezin bertako edukien berri eman... Ikastolen Elkarteak ateratzen duen Xabiroi komiki-aldizkariaren 20. eta 21. zenbakiak, iazko ekaina eta urriari dagozkionak hain zuzen ere, kalean dira.

Hau da 20. zenbakian aurkituko dugun edukia:

  • Nik neuk egiten dudan Albisteen txokoa
  • Manu Ortegaren Haizea banda
  • Auzomorro umorezko orri bikoitza, Sanviren irudi eta gidoiarekin
  • Julen Ribasen irudiak eta Iban Zalduaren gidoia duen Azken garaipena sailaren azken 8 orriak!
  • Iñaki G. Holgadoren irudiak eta Harkaitz Canoren gidoia duen Zebra efektua istorioaren beste emanaldi bat, 6 orrikoa
  • Asiskoren Hor Konpost banda
  • Irune Lasak egiten duen KomikITAUN elkarrizketen orri bikoitza, oraingoan Zaldi Eroarekin
  • Zaldi Eroaren Arranotxuren beste bi orri
  • Dani Fanoren Anubis 3.0 sailaren 6 orri
  • Loperen Behien Tarzanen 3 orri

Eta 21.ean:

  • Nire Albisteen txokoa
  • Manu Ortegaren Haizea banda
  • Auzomorro umorezko orri bikoitza, Guaikaipuroren gidoia eta Sanviren irudiekin
  • Dani Fanoren Anubis 3.0 sailaren azken 8 orriak!
  • Haur besoetakoa sailaren 6 orri, Unai Iturriagaren gidoia eta Sanviren irudiekin
  • Asiskoren Hor Konpost banda
  • Irune Lasaren KomikITAUN elkarrizketen orri bikoitza Antonio Altarribari
  • Zaldi Eroaren Arranotxuren beste bi orri
  • 6 orriko Toki hori istorioa, Eider Rodriguezen gidoia, Alex Orberen irudiak eta Jaime Posadasen koloreekin
  • Loperen Behien Tarzanen 3 orri

Zenbaki hauetan amaitu dira Anubis 3.0 eta Azken garaipena sailak. Biak bene-benetan bikainak dira. Albumean noiz aterako irrikatan nago!

"Le crochet à nuages", Markoren album berria

e-gor 2011/02/09 19:32
Dargaud etxeak argitaratu du Geo aldizkarian ateratzen joan den komikia

"Le crochet à nuages" albumaren azala
Irudia: Marko

Marko Armspach komikigile euskaldunak (@gatobazka Twitter-en) album berri bat argitaratu du Frantzian, argitaletxe handietako batekin, Dargaudekin hain zuzen ere. Izenburua Le crochet à nuages dauka, eta gidoia Békak egin du.

Komikia aurretik Geo geografia-aldizkari ezagunaren haurrentzako edizioan argitaratzen joan dira. Bertan Maliko Dogondar herrian kokatutako istorio bat kontatzen da, bide batez herri honen bizimodua, ohiturak, sinesmenak eta abarrak ezagutaraziz. Haur batzuek, euria egin dezan lortzeko, tribuan daukaten lainoak atzemateko krako sakratu batekin bizitako abenturak kontatzen ditu komiki honek.

Angulemako komiki-azokan Marko komikia dedikatzen izan bazen ere, otsailaren 4ean iritsi zen dendetara. Gainera, otsailaren 1etik 26ra bitartean, Baionako mediatekan albumaren inguruko erakusketa dago. Eta otsailaren 25ean, arratsaldeko 18:30etatik aurrera, Markok zuzeneko marrazketa performancea egingo du eta albumak dedikatzen ere izango da. Ez galdu aukera!

Interneteko IP helbideak, azkenik benetan agortzear?

e-gor 2011/02/08 21:30
Internetera konektatzen den edozein ordenagailuk IP (Internet Protocol) deritzon identifikadore bat behar du, 0 eta 255 arteko lau zenbakiren segidaz osatzen dena. Horrek esan nahi du identifikazio-sistema honen bidez gehienez ere 4.300 milioi ordenagailu ingururi ematen ahal zaiola Interneterako sarbidea; eta muga horretara iristen ari garela dirudi. Zorionez, arazo hori aurreikusi, eta aspaldi prestatu zen identifikazio-sistema horren ordezkoa: IPv6, identifikadore posible askoz gehiago dituena. Batetik besterako trantsizioa eman beharko da laster, baina ziurrenik ez da prozesu erraza eta arazo gabea izango...
(Elhuyar aldizkariko 2010eko abenduko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Interneten elkarrekintza bat egiten dugunean (web-orri batera nabigatu, mezu elektroniko bat idatzi...), gure ordenagailuak beste ordenagailu batekin komunikatu behar du, hari zerbait bidaltzeko edo eskatzeko. Guk geuk normalean helburu-ordenagailuaren domeinu-izena erabiltzen dugu komunikatzeko (www.zientzia.net, google.com...), baina DNS deritzon sistemak, Domain Name System edo Domeinu Izenen Sistema, izen hori IP helbide batera itzultzen du (aurreko adibideetan, 82.223.160.213 eta 173.194.36.104). Eta Interneteko mekanismoek benetan IP helbidea erabiltzen dute komunikazioa ezartzeko eta paketeen trafikorako. Zerbitzariek eta enpresek beti helbide bera izaten dute, goiko adibideetan bezala. Etxeko erabiltzaileen ordenagailuek ere badute IP helbide bat, jaitsitako orriak, mezuak eta abar irits daitezen beharrezkoa baitute, baina hauek ez dira finkoak izaten normalean: routera pizten dugun bakoitzean, gure Internet-hornitzaileak helbide ezberdin bat ematen digu, berak erreserbatuak dituenetatik une horretan libre duen bat.

IPv4 helbideak, agortzear

IP protokoloa 1980an definitu zen, eta, 1981az gero, IPv4 izeneko bere bigarren bertsioa da Interneten funtzionamenduaren oinarrian dagoena. Hor, ordenagailuen helbideak 4 byte-ren bidez adierazten dira, hau da, 0 eta 255 arteko lau zenbakirekin. Beraz, 232 edo 4.294.967.296 helbide ezberdin daude, 32 bit-en bitartez adierazi daitezkeenak, hain zuzen ere (ordenagailuen 0 eta 1en mundu bitarrean, byte bat 8 bitez osatuta dago; horregatik har ditzake 28 edo 256 balio ezberdin, 0 eta 255 artekoak. Beraz, 4 byte-rekin, 232 balio ezberdin adieraz daitezke).

Kopuru horrek handia irudi lezake, baina ez da hainbestekoa ere; kontuan izan behar dugu munduan ia 7.000 milioi pertsona bizi garela. Egia da gaur egun jende askok ez duela Internetik erabiltzen, edo ez behintzat uneoro, baina hala eta guztiz ere helbideak laster agortuko direla dirudi, hainbat kausa dela medio.

Batetik, hasieran erabiltzen zen helbide-banaketa ez dago egokiro optimizatuta: 256, 65.536 edo 16.777.216 helbideko tarteak esleitzen zitzaizkien eskatzaileei, eta 80ko hamarkadan Internetera konektatu ziren erakunde askok (AEBkoak nagusiki) badaezpada ere 16 milioiko tarteak hartu zituzten. Hala, AEBko unibertsitate batzuek estatu handi samar askok baino helbide-tarte handiagoa dute, nahiz eta gero ez erabili.

Bestetik, orain routerak konektatuta egoten dira beti: lehen telefono-modem bidezko konexioak ziren nagusi, konektatuta emandako denboraren arabera kobratu eta telefono-linea okupatzen zutenak; orduan, Internet erabiltzen ez genuenean libre uzten genuen konexioa eta, beraz, IP helbidea. Gaur egun, aldiz, ADSL eta kable bidezko banda zabaleko konexioak dira nagusi, tarifa finkokoak eta telefono-linea okupatzen ez dutenak; hala, oso ohikoa da routera gau eta egun konektatuta egotea, eta, beraz, IP helbidea etengabe okupatzea.

Hirugarrenik, gero eta gehiago dira Internet baliatzeko ahalmena ematen duten gailu mugikorrak, hala nola PDAk, smartphoneak, 3G modemak, tabletak... Eta gero eta gehiago erabiltzen ditugu horiek guztiak.

Eta, azkenik, Interneten erabiltzaileen igoera hartu behar da kontuan. Mundu osoan etengabe gora egiten du Interneten erabiltzaileen kopuruak.

Helbideak noiz agortuko diren ez dago argi. Aspaldi ari dira esaten oso gutxi falta dela horretarako: hamarkadaren hasieran 2005-2008 ingururako agortuko zirela zioten, baina, data horiek iritsi ahala, epea luzatuz joan da... Udazken honetan hainbat iturrik adierazi dute helbideen %95 okupatuta dagoela, 80 milioi besterik ez daudela libre, eta, erritmo normalean, 2011. urtearen hasieran agortuko direla. Baina, handik gutxira, 80ko hamarkadan 16 milioi helbide erreserbatu zituzten enpresetako batek libre uzten zituela adierazi zuen... Edozein modutan, 2011-2012 urteetako uneren batean gertatuko dela diote gehienek.

IPv6, konponbidea

Hori noizbait gertatuko zela aurreikusita, 1998an IP protokoloaren bertsio berri bat prestatu zuten, IPv6. Bere izenak iradoki dezakeenaren kontra, IPv6 helbide bat ez dago 6 byte-z osatuta, 16 byte-z baizik. Horrek esan nahi du 2128 helbide posible daudela, hau da, 3,40 x 1038, edo 340 sextilioi. Ez saiatu zenbat den imajinatzen ere, sextilioi hitza oraindik euskarazko hiztegietan ere ez dago eta. 340 bilioi koatrilioi da, edo 340 milioi milioi milioi milioi milioi milioi. Denboratxo batean ez agortzeko adina, behintzat.

IPv6-rako trantsizioak helbideen arazoa konponduko luke, beraz. Baina trantsizio hori ez da hain sinplea izango. Erabiltzaileon ordenagailu eta mugikor gehienak prest daude IPv6-rekin lan egiteko, nahiko maiz eguneratzen baititugu normalean. Aldiz, zerbitzariak, Internet-hornitzaileak edo Interneten beraren azpiegitura ez dira ziurrenik hain prest egongo, haietan gauzak ez ukitzea eta eguneraketa gutxi egitea baita joera. Enpresa horiek lana eta inbertsioak egin beharko dituzte, eta, hala ere, arazoak egongo dira denbora batez zerbitzu batzuetan.

Nolanahi ere, eta 2000 efektuarekin bezala munduaren amaiera iragarriko duen zoritxar-igarlerik faltako ez den arren, katastrofe handirik ez da aurreikusi; bai, ordea, orduan baino arazo gehixeago. Prest egon behar, beraz! Eta azkenean ezer gertatzen ez bada ere, gutxienez artikulu honek balio izango zizun Interneten barne-funtzionamenduaz apur bat gehiago jakiteko. Ez da hala, irakurle?

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
  • Harpidedunak:
  • e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste) RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Twitter-en jarraitu:
  • Erantzunen harpidetza
  • Harpidedunak:
  • RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Artxiboa
    2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017
    Artikulu aipagarriak

    MythTV sorta
    2004/11

    "Pololoak" sorta
    2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

    Monoblogoa
    2005/01/11

    "Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
    2005/01/25

    Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
    2005/04/18

    Firefox eta bere plugin zoragarriak
    2005/05/11

    "El País"-en komiki bilduma
    2005/05/15

    Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
    2005/05/25

    "Watchmen" sorta
    2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

    "La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
    2005/11/08

    "Goienkaria"-n agertu naiz
    2005/12/08

    Komikiak eta euskal rock-a
    2005/12/14

    Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
    2006/01/02

    Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
    2006/02/01

    "Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
    2006/08/05

    Argazkigintza eta DRM-a
    2006/10/09

    Paul Auster eta Euskararen Herria
    2006/10/29

    Angoulême sorta
    2007/01-02

    Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
    2007/04/23

    Hergé-ren defentsan
    2007/05/22

    Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
    2007/07/02

    OLPC sorta
    2007/12 - 2008/01

    Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
    2008/02/05

    Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
    2008/03/11

    Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
    2008/08/04

    "Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
    2008/08/25

    "Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
    2008/09/17

    "Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
    2008/10/14

    Pottokiek 50 urte!
    2008/10/22

    Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
    2008/11/12

    Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
    2008/12/04

    "Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
    2009/01/23

    I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
    2009/04/16

    Elkarrizketa egin didate 7K-n
    2009/06/03

    Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
    2009/10/06

    Asterix, heroi garaitua
    2009/10/29

    "Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
    2009/11/13

    Pololoak 3: The making of
    2009/11/22

    5 urte 5!
    2009/12/15

    Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
    2009/12/20

    "Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
    2010/01/13

    Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
    2010/01/19

    Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
    2010/01/27

    Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
    2010/02/09

    e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
    2010/05/20

    Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
    2010/06/02

    "Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
    2010/07/22

    Sistema eragileen guda berria
    2010/12/14

    Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
    2010/12/27

    Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
    2011/01/10

    "Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
    2011/01/13

    Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
    2011/01/27

    "Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
    2011/02/20

    Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
    2011/03/21

    Sare sozialetan preso
    2011/04/06

    Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
    2011/10/14

    Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
    2011/11/04

    Euskarazko 8 komiki berri
    2011/12/02

    Social networks killed the RSS star?
    2012/06/10