Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Asterixen "Hamabi probak" liburua, euskaraz

e-gor 2010/05/26 00:19
Beste abentura zaharrak ere aterako al dituzte?

Asterixen "Hamabi probak" albumaren azala
Irudia: Uderzo

Ni txikia nintzela, 1976 eta 1978 urteen artean, Asterixen album klasikoetako 8 (Asterix eta Kleopatra, Asterix eta Normandoak, Buruzagien Burruka, Asterix Lejionarioa, Asterix Galesa, Asterix Helvetian, Asterix eta Godoak eta Asterix eta urrezko igitaia) euskaraz atera zituen Mas-Ivars argitaletxe valentziarrak (oraindik etxean ditut batzuk). Gero 1987 eta 1993 urteen artean Elkarrek eta Dargaudek elkarlanean guztiak atera zituzten (Asterix Galiarra,
Urrezko Igitaia, Asterix eta Godoak, Asterix Gladiadorea, Asterix Galiako Itzulian, Asterix eta Kleopatra, Buruzagien Burruka, Asterix Bretainian, Asterix eta Normandoak, Asterix Legionaria, Arbernoko Ezkutua, Asterix Joku Olinpikoetan, Asterix eta Pertza, Asterix Hispanian, Liskarra, Asterix Helvetian, Jainkoen Egoitza, Zesarren Erramu-Koroa, Aztia, Asterix Korsikan, Zesarren Oparia, Bidaia Handia, Obelix eta Konpainia eta Asterix Belgikan), eta denak erosi nituen.

Uderzok azken urteetan bakarrean atera izan dituen albumetatik batzuk egon izan dira euskaraz. Zanga handia, Asterixen odisea, Asterixen semea, Asterix Indian eta Arrosa eta ezpata, aipatutako Elkar/Dargaud bilduman atera ziren, ordukoak edo lehenagoakoak zirelako. Obelixen galera Elkarrek argitaratu zuen 1999an (jatorrizkoa atera eta hiru urtera) eta Asterix eta Latraviata Salvatek atera zuen 2001ean jatorrizkoarekin batera. Gero beste bi ez ziren euskaraz atera, Asterix et la rentrée gauloise eta Le ciel lui tombe sur la tête. Eta azkenengo albuma, Asterix eta Obelixen Urtebetetzea - Urrezko Liburua, berriz ere atera zuen Salvatek iaz jatorrizkoaren aldi berean.

Azken album hauek euskaraz atera edo ez bost axola dit, kaka putza besterik ez dira-eta. Haurrak komikietatik urruntzeko balio dezakete gehiago, zaletzeko baino. Baina belaunaldi berriek Asterixen klasikoak, Goscinny maisua gidoilari dutenak, euskaraz eskura ez izatea oso txarra da euskararentzat eta komikiarentzat. Eta horiek jada deskatalogatuta daude eta ezin dira inon lortu, bakarren bat edo ez bada...

Baina geroztik Salvatek Asterixen beste bi album atera ditu. Lehenengoa, Nola erori zen Obelix txikitan druidaren pertz barrura, 1965ean Goscinnyk idatzitako istorio labur bat da, 1989an Uderzok apur bat luzatu eta ilustratua. Bigarrena, berriki atera dena, Hamabi probak, Goscinnyk eta Uderzok eurek 1976an egindako filmaren liburu ilustratua da. Bietako bat ere ez da komiki-komikia, eta ez dira Asterixen albumen zerrenda ofizialekoak. Hala ere, Goscinnyren etapakoak dira, bigarrenak bereziki gidoilari apartaren ukitu jenial asko ditu, eta aurrez euskaraz inoiz atera gabeak dira. Zerbaiten seinale ote? Nahiko nuke bai, Salvatek Asterixen album klasikoak berriz ere euskaraz aterako balitu... Ea horrela den!

(Albumen eta publikazio daten informazioa Astérix le Gaulois - Wikipédia, Asterix around the World - Basque (Euskara) eta Tebeosblog: LA INTERMINABLE CATALOGACIÓN DE ASTÉRIX orri bikainetatik lortu dut. Mila esker!)

Komikiekin lotutako ekitaldi ugari Bilboko Alhondigan maiatza amaiera honetan hasita

e-gor 2010/05/24 19:37
Jardunaldiak, erakusketak, tailerrak...

Ekitaldietako kartelak
Irudia: AlhóndigaBilbao / Clara-Tanit Arqué / Pernan Goñi

Bihartik hasita eta uda osoan zehar komikiekin zerikusia duten ekitaldi ugari antolatu dituzte Bilboko Alhondiga ireki berrian.

Batetik, maiatzaren 25etik 28ra (bihartik ostiralera bitartean, beraz), AlhóndigaKomik jardunaldiak egingo dira. Berauetan, goizero 9:00etatik 11:00tara hitzaldiak egingo dira: 25ean Komikiaren mundua Álvaro Ponsen eskutik, 26an Iparramerikako merkatua. Superheroiak Pasqual Ferryren eskutik, 27an Egile-eskubideak. Nazioarteko legediak Javier Díaz de Olarte eta Guillermo Velascoren eskutik eta 28an Japoniako merkatua. Mangaren genero desberdinak Ken Niimuraren eskutik. Gainera, egunero 11:00tatik 14:00etara eta 16:00tatik 18:30era tailer praktikoak izango dira komikiaren hiru genero enblematikoren
inguruan (Europa abenturak, Asiako manga eta
AEBetako superheroiak) Toni Guiral, Pepe Gálvez eta Jesús Redondorekin. Amaitzeko, 18:30etik 20:00etara Komikizketak izango dira Álvaro Pons edo Antonio Altarribak moderatuta, partaide hauekin: 25ean Clara-Tanit Arqué eta Lola Lorente, 26an Ana Miralles, 27an Pasqual Ferry eta 28an José Maria Berenguer.

Bestetik, 100x100 komiki eta Un año en Angoulême erakusketak inauguratuko dira bihar 25 20:00tan, eta abuztuaren 20ra arte egongo dira. Lehenengoa, 100x100 komiki, Alhóndiga Bilbao eta Cité Internationale de la Bande Dessinée et de l’Image de Angoulêmek antolatzen dute eta bertan inoizko 50 komikirik onenetakoak egongo dira ikusgai, gaur egungo egileek horietaz egindako 50 bertsioz gain. Bigarrena, Un año en Angoulême izenburuduna, Clara-Tanit Arqué eta Lola Lorentek AlhóndigaKomik bekarekin Angoulêmeko La Maison des Auteursen urtebetez egindako egonaldian zehar landutako obrari buruzkoa da.

Horrez gain, Pernan Goñi komikigile eta twitterlari ezagunak bi tailer gidatuko ditu: lehenengoa komikien autoedizioari buruzkoa da eta ekaineko 10 egunetan izango da 17:30etatik 19:00tara, 12 urtetik aurrerako gazteei zuzendua eta gaztelaniaz; bigarrena komikia eta antzerkiari buruzkoa da, ordu berean ekaineko beste 8 egunetan, 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat eta euskaraz.

Amaitzeko, badirudi beste ekitaldi batzuk ere egongo direla, orri honetan ikus daitekeenez: bisita gidatua Antonio Altarribarekin maiatzaren 29an, Komikiaren hastapenak tailerra maiatzaren 29an, Autoeditatuak/Do it yourself topaketa ekainaren 12an eta Komiki egun bat uztailaren 8an. Baina ez dut informazio gehiago aurkitu hauen inguruan...

Egitarau oparoa, zalantzarik gabe, Bilboko Alhondigako hau. Eta urtean zehar beste hainbat gauza ere egiten dute. Segi horrela!

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan

e-gor 2010/05/21 00:38
Elkarrizketa egin didate teknologia berriak eta Internet gai dituen ETBko saioan


Irudia: Nick dut nik

Informatika eta Internet gai dituen ETBko Nick dut nik telebista programaren aurreko asteko saioan niri egindako elkarrizketa eman zuten, hemen ondoan ere ikus dezakezuena.

Elkarrizketa, blog honetan materializatzen den e-gor informatikari eta komikizaleaz gain, Igor Leturia Elhuyar Fundazioko I+G saileko ikertzaileaz da batez ere. Hala, e-gorblog, AnHitz, Elebila eta beste hainbat gauzari buruz aritu ginen Haritz Rodriguez Xuriken eta biok. Kamera eta foko baten aurrean galdekatzen nauten guztietan bezala, ez nintzen gustura gelditu esandakoekin, urduritasunagatik eta inprobisatu beharragatik. Baina beti bezala, telebistakoek euren magia egiten dute, mozketak, off-eko ahotsak, irudiak eta abar sartu, eta emaitza ongi gelditu dela iruditzen zait. Ea gustuko duzuen!

"TeleATOI: Kalabaza haluzinogenoak" eta "De Rerum Natura 3" atera dira

e-gor 2010/05/08 10:28
Euskarazko bi komiki berri aste batean!

Bi komiki-liburuen azalak
Irudia: Dani Fano / Zaldieroa

Aste bakarrean, euskarazko bi komiki berri ateratzea ez da egunero gertatzen den gauza, alajaina! Hobe hala balitz, baina... Gutxitan gertatzen da holakorik euskal komikizaleon mundu txiki honetan, ez bada Gabonetako kanpainan Sauréren haurrentzat bideratutako komikiekin. Ez da hau oraingo kasua, eta zorioneko egoteko moduan gaude.

Batetik, Dani Fanok Xabiroi komiki-aldizkarian 2005 eta 2007 artean atalka ateratako TeleATOI: kalabaza haluzinogenoak abenturaren bilduma-albuma atera du Ikastolen Elkarteak. Atzo bertan izan zen prentsaurreko aurkezpena, eta gaur medio askotan dator: Berrian, Garan, Diario Vascon... Abentura hau umorezko space opera bat da, espazio-bidaietarako erregai gisa patata erabiltzen den etorkizun absurdu batean kokatua, protagonistak antiheroi patetikoak direla. Irudi ederrak ditu, espazioko hiri eta ontzi dekadenteetako dekoratu politez beterik. Benetan barre egitekoa eta gomendagarria (eta ez da Xabiroiko nire jefeak egina delako, e! ;-)

Eta besteari buruz zer esan? Denok ezagutzen ditugu Patxi Huarte Zaldieroak egunero Berrian egiten dituen komiki-bandak (Euskalterm-ek dioen bezala) edo zintak (berak eta komikigile gehienek dioten bezala). Bere xaloz mozorrotutako umorean, euskal gizartearen eta munduaren erretratu sakona eta ironiaz betetako kritika fina egiten digu, askok eguneroko "pico"a dugun dosi txikietan. Euskaldunon imajinario kolektiboan betirako iltzatuta gelditu diren pertsonaia ahaztezinen bidez egiten du hori, asko Twitter-en bizitza propioa hasi dutenak: Mieltxo plastina-irakaslea, The Organization, Gizon Jakintsua eta M'ongolo, Napoleon Lopez, La Pelota Basqua, Azken Antxoa, Mitxelena XVI.a eta bere laguntzaile Yoda... Banda-zinta horien aukeraketaren hirugarren tomoa atera du orain, berriz ere Elkar-en eskutik, beste 350 istoriotxorekin.

Ez ahaztu bietako bat ere erosteaz, ez zaizue damutuko eta!

Alfonso Zapico, Bartzelonako komiki-azokan saritua

e-gor 2010/05/07 23:19
Egile berriarentzako Josep Toutain saria eraman du

"La guerra del profesor Bertenev" albumaren azala
Irudia: Alfonso Zapico

Alfonso Zapico komikigile asturiarra oso gustuko dut, eta askotan aipatu izan dut blogean: lehena 2007ko Angulemako komiki-azokatik nire furgonetan bueltan gentozela bere La guerre du professeur Bertenev albumean egin zidan dedikatoria ederragatik, bigarrena 2008an Astiberri Bilboko argitaletxearekin kaleratutako Café Budapest albumaren iruzkina egin nuenean, eta hirugarrena 2009an izandako berri on guztiengatik (sari-izendapenak, La guerra del profesor Bertenev Espainian argitaratu izana eta bere lan berria prestatzeko Angulemako La maison des auteurs etxeak beka eman izana).

Azken horretan nioen Café Budapest-engatik 2009an jasotako izendapen ugarietatik sari bat ere ez zuela eraman, baina komentatu nuen baita ere La guerra del profesor Bertenev album bikaina zela, 2010ean zeresana emango zuena ziur. Iragarpen hau egitera ere ausartu nintzen: "Dublinés aurten ateratzekoa da eta, zergatik ez, lan horregatik edo La guerra del profesor Bertenev-egatik ere izendapenak edo sariak jasoko ditu agian".

Ba aste bukaera honetan egiten ari diren Bartzelonako komiki-azokarako,  Espainiako azoka garrantzitsuenerako, berriz ere jaso zuen egile berriarentzako Josep Toutain sarirako izendapena, Bertenev albumarengatik oraingoan, arraroa bada ere bi urtean jarraian jasotzea egile berriaren sarirako izendapena. Gaur gauean jakinarazi dituzte sarituen izenak, eta Alfonsok eraman du aipatu saria, ondo merezita zalantzarik gabe.

Zorionak bihotz-bihotzez, Alfonso! Eta dena hastea da, ziur beste asko ere etorriko direla etorkizunean! ;-)

Liburu elektronikoak eta DRM: musika- eta bideo-industrien akatsak errepikatzen

e-gor 2010/05/03 19:56
Iazko irailean, DRM (Digital Rights Management) sistemei buruz hitz egin genizuen; formatu digitaleko abesti eta filmen kopiak ekiditeko erabili izan diren sistemez, alegia. Orduan genioen euskarri horietan DRMa hilda zegoela, baina mundu digitalerako lehen pausoak ematen ari zen liburu-industrian agian berpiztuko zela. Geroztik pasatu den urte-erdi eskasean, agente asko (on line liburu-dendak, argitaletxeak edo hardware-fabrikatzaileak, Euskal Herrikoak nahiz kanpokoak) liburu digitalen negozioan sartu dira, eta panorama argitu egin da: liburu digitalen industriak DRMaren aldeko apustua egin du.

10 urte alferrik pasatu balira bezala, liburuen industria musikarenak eta bideoarenak DRM sistemekin egin zituzten akats berberak errepikatzen ari da. Izan ere, joan den irailean genioenez, bi arazo nagusi dituzte sistema horiek: batetik, erabiltzaileei arazo ugari sortzen diete, eta diskoak, pelikulak edo liburuak erostera bultzatu beharrean, P2P sareetatik eta horrelako beste bide batzuetatik lortzera bultzatzen dituzte; bestetik, sistema horiek alferrikakoak izaten dira, eta beti egongo da norbait babesa gainditzea lortuko duena.

Erabiltzaileentzako mugak eta arazoak

Liburu digitaletan jartzen diren DRM sistemak honetan dautza: hasteko, liburu digitalak irakurtzeko erabiliko diren gailuak (liburu elektronikoa, ordenagailua, telefono mugikorra...) erregistratu egin behar dira saltzailearenean, gehieneko kopuru batekin; gero, obrak irakurri ahal izateko, irakurgailu horietan software jakin bat instalatu behar da, liburuak legalki erosi direla ziurtatzen duena; eta liburu digital bat erosi eta deskargatzen denean, enkriptatuta dator eta erregistratutako gailu horietan eta programa horrekin soilik irakur daiteke. Azken finean, ez da liburua erosten, liburua baldintza jakin batzuetan irakurtzeko lizentzia baizik, softwarearekin bezala. Eta paperezko liburuekin genituen eta legeak bermatzen zizkigun eskubide asko murriztu egin zaizkigu: guk geuk gure gailuetan ikustea da egin dezakegun gauza bakarra, eta ezin diegu familiakoei edo lagunei liburuak utzi, edo liburutegietatik maileguan hartu... Kontrol erabat orwelldarra da.

Kontrol hain hertsia egin nahi izateak, gainera, eragozpen-mordoa eragiten du. Adibidez, DRM sistema batzuk irakurri ahal izateko softwareek gailu edo sistema eragile jakin batzuetarako bakarrik balio dute. Bestetik, ordenagailu, telefono edo liburu elektroniko bat aldatzean, aldaketa hori erregistratu egin behar da liburuak erosi ditugun dendetan, eta gailu berri horretan irakurri ahal izango diren liburuak berriz deskargatu behar dira, baina gailu-aldaketa onartua izateko denbora bat pasatu behar da, eta, kasu batzuetan, deskarga-kopuru maximoa gainditu egin daiteke gailua askotan aldatzen badugu.

Horrez gain, hainbat DRM sistema ezberdin daude, beraien artean bateraezinak. Amazon on-line liburudendak eta Kindle bere irakurgailuak sistema bat erabiltzen dute, Barnes & Noble dendak eta Nook bere irakurgailuak beste bat, beste argitaletxe gehienek (oraingoz liburu digitalen negozioan sartutako euskal argitaletxe bakarrak diren Elkar eta Alberdania barne) Adoberena... Gainera, inork ez du argi esaten DRMa erabiltzen duen edo ez eta hala bada, zein sistema erabiltzen duen, zeinekin den bateragarria eta zeinekin ez. Beraz, horietakoren baten aldeko aukera eginez gero, beti bertan jarraitu behar dugu, erositako guztia ezertarako ez izatea nahi ez badugu. Eta guztiek katalogo hain ezberdinak izaki, aukeratu behar hori arazo handia da, mundu analogikoan gertatzen ez dena.

Azkenean, sortzen dituzten arazo guztiekin, erabiltzaileak liburuak sarean dohainik bilatzera bultzatzen dituzte, eta, hala, lortu nahi zenaren, hau da, pirateria ekiditearen, kontrako efektua lortzen da.

Dena alferrik

Gainera, lehenago edo beranduago, erabiltzaileek DRM sistema guztiak krakeatzea edo deuseztatzea lortzen dute. Horrela gertatu zen musikaren eta filmen kopiak ekiditeko sistemekin, eta horrela gertatzen ari da liburuenekin. Amazonen eta Barnes & Nobleren DRM sistemak deuseztatuta daude jada. Bestalde, liburuek ere badute zulo analogikoa, ezerk ezin du ekidin liburu bat orriz orri eskaneatu eta OCRratzea (karaktere-ezagutzaile bat pasatzea, irudia testu bihurtzeko). Hala, eMule eta halako P2P sareak liburu digital komertzialez josita daude.

Duela gutxi Apple ere agertu da liburu elektronikoen eszenatokian bere iPad-arekin: funtsean liburu-irakurgailu elektronikoen antzeko gailua da; bereizgarririk nabarmenena koloretako ukipen-pantaila du, eta, horregatik, argazkidun egunkariak eta aldizkariak irakurtzeko egokiagotzat aurkeztu dute. Egunkarien esperantza da paperean gainbehera doan negozioa altxatzea iPad-ak, lehen iPod-iTunes binomioak musikarena jaso zuen bezala; testuinguru honetan soilik uler daiteke medioek batere berritzailea ez den gailu honi egin dioten neurriz kanpoko harrera ona. Eta jakina da Apple-k ez duela inongo eragozpenik edukien industrien nahietara makurtu eta bere gailuak DRMz betetzeko.

Hala ere, argitaletxeek, dendek eta hardware-fabrikatzaileek planteatzen duten eredu horrek ez du etorkizunik. Musika- eta bideo-industrian huts egin zuen, eta hala egingo du liburuarenean ere. Nahiz eta oraindik hori guztia hasi berri den, eta oraingoz DRMaren aldeko apustua den nagusi, hasi dira jadanik bestelako mugimenduak agertzen. Adibidez, Sony Reader irakurgailuek eta haren on line dendek, hasieran Adoberen DRMa erabiltzen bazuten ere, kendu egin dute jada. Gainera, denda eta argitaletxe txiki askok DRMrik gabeko liburuak saltzen dituzte. Besteak saiatuko dira oraindik egoerari eusten, baina DRMa desagertzea denbora-kontua besterik ez da.

Ralf König, istorioen kontatzaile aparta

Willy Roa 2010/05/01 14:18
Willy Roa kolaboratzailearen artikulua

"Kondoi hiltzailea"ren azala
Irudia: Ralf König

Zenbat denbora da ez dudala komiki bat erosi? Ez dakit. Liburuak erosteari ere utzi diot neurri handi batean, eta (zer egingo diogu?) gauza hauek gertatzen dira!! Ziur nago berriz ere astinduko dudala kartera egunen batean, baina hori gertatu bitartean, nostalgia pixka bat ari da etxeko apaletan biltzen. Eta komikien apalean, nostalgiaren sekzioaren erdi-erdian Ralph König daukat. Kontatu ditut: König-en hamalau album ditut. Eta altxor bat balitz bezala dauzkat gordeta. Horretaz jabetu eta segituan e-gor bloga zabaldu nuen, eta ez nuen hari buruzko ezer aurkitu. Horregatik, animatu naiz idaztera blogerako. Eta ea zer esaten duzuen beste irakurleok... ezagutzen duzue Ralf König, ezta?

Ezagutzen ez duenarentzat, bi hitzetan aurkeztuko dut: homosexuala eta komikilaria. Bi gauza horiek definitzen dute ezin hobeto Ralf König. Bere komikiek gay-en giroa islatzen dute, gaur egungo Alemanian zein antzinako Grezian girotuta. Testuingurua edozein dela ere, "plus" bat ematen dio kontatzen duenari homosexualen ikuspuntutik aurkeztuta. Eta hori asko esatea da; baina ez da horretan bakarrik geratzen.

Königen lanaren definizioari nik hirugarren bat ezaugarri bat gehituko nioke: istorioen kontatzaile aparta dela. Istorioak eta ikuspuntuak originalak izateaz gain, erritmoa dute. Irakurtzen duzunean, aurrera eramaten zaitu ia nahigabe, eta denbora oso ondo neurtuta. Nik Asterix-ekin konparatzen dut; biñeta batean erromatarra jotzen du, bigarrenean gora begiratzen du eta hirugarrenean erori egiten da, eta hirurak marrazten ditu kolpeari erritmoa emateko. Nire iritziz, Königek gauza bera egiten du, batez ere dialogoekin. Biñeta bakarrean konta zezakeena batzuetan orrialde oso batean kontatzen du, eta irakurleak jasaten du elkarrizketaren erritmoa. Mundiala da.

A, eta umorezko komikiak dira (oraindik ez dut esan!!).

Königen zer komiki erosi edo irakurri? Beti bezala, oso zaila da gomendio bat egitea. Baina behintzat bada non aukeratu; album asko itzuli dira gaztelaniara eta gutxi batzuk behintzat euskerara ere bai. Ospetsua egin zen El hombre deseado, istorioa pelikula bihurtu zutelako. Mutil hetero guapo bat etxetik botatzen du bere neskak, eta gay-en taberna batean bukatzen du; ez du non lo egin, eta gay guztiek nahi dute etxera eraman. Istorioa hortik abiatzen da. König kexatu zen pelikula bihurtu zuena hetero zelako, eta nabaritzen zelako; hain zuzen ere, istorioaren indarretako bat da pertsonaia gay-ak askoz normalagoak eta zentzuzkoagoak direla heteroak baino.

Ez dakit El hombre deseado euskaraz argitaratu duten ala ez. Baina Königen bigarren komiki ezagunena bai: Kondoi hiltzailea (gainera nahiko eskaintza merke batean aurkitu dut albuma, 4-5 euro). Nobela beltz bat da (hau ere pelikula bihurtuta). Protagonista detektibe gay bat da, eta hiltzailea kondoi bat, hortzak dituena, eta biktimen zakilak txikitzen/jaten/suntsitzen dituena.

Bi horiek dira, beharbada, Königen lan ezagunenak, baina nire faboritoen artean Lisistrata, Yago eta Huevos de toro dira. Lisistrata antzezlan klasiko bat da, Aristofanes grekoak idatzita. Atenasen urteak daramate gerra luze batean, eta egoerari buelta emateko, hiriko emakumeak Akropolira sartu eta itxi egiten dute. Gizonek ez dute sexurik izango gerra bukatu arte. Königen bertsioan, egoera horretan, gizon homosexualek ikusten dute sekulako aukera, Atenasen emakumerik ez, eta gizonezko guztiak sexu eske. Oso dibertigarria.

Yago berez Shakespeareren Otelo obrako pertsonaia bat da. Shakespeareren garaian, antzezle guztiak ziren gizonezkoak, baita emakumeen paperak egiten zituztenak ere; Königen istorio batentzako planteamendu ezin hobea da. Eta Huevos de toro komikian, Königen pertsonaiak flipatuta daude Espainiako etorkin batekin (Alemanian); etorkina mutil-puska bat da, eta eraikuntzan egiten du lan.

Askoz ere komiki gehiago ditu Königek. Argitaratu dituen azkenekoak (Prototipo eta Arquetipo) ez ditut irakurri, baina badut gogoa harrapatzeko, Bibliaren pasarteak erabiltzen baititu istorioa montatzeko. Trilogia baten lehen bi zenbakiak omen dira (uste dut hirugarrenak Anti-tipo izango duela izenburua). Königen elkarrizketa batean irakurri diot gay-en istorioez nazkatu dela jadanik. Baina berdin du. Komiki berriak egiten baditu, ia ziur, oso ondo eginak egongo direla. Nire ustez, Ralf König istorioen kontatzaile aparta delako.

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
  • Harpidedunak:
  • e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste) RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Twitter-en jarraitu:
  • Erantzunen harpidetza
  • Harpidedunak:
  • RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Artxiboa
    2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017
    Artikulu aipagarriak

    MythTV sorta
    2004/11

    "Pololoak" sorta
    2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

    Monoblogoa
    2005/01/11

    "Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
    2005/01/25

    Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
    2005/04/18

    Firefox eta bere plugin zoragarriak
    2005/05/11

    "El País"-en komiki bilduma
    2005/05/15

    Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
    2005/05/25

    "Watchmen" sorta
    2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

    "La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
    2005/11/08

    "Goienkaria"-n agertu naiz
    2005/12/08

    Komikiak eta euskal rock-a
    2005/12/14

    Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
    2006/01/02

    Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
    2006/02/01

    "Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
    2006/08/05

    Argazkigintza eta DRM-a
    2006/10/09

    Paul Auster eta Euskararen Herria
    2006/10/29

    Angoulême sorta
    2007/01-02

    Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
    2007/04/23

    Hergé-ren defentsan
    2007/05/22

    Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
    2007/07/02

    OLPC sorta
    2007/12 - 2008/01

    Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
    2008/02/05

    Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
    2008/03/11

    Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
    2008/08/04

    "Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
    2008/08/25

    "Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
    2008/09/17

    "Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
    2008/10/14

    Pottokiek 50 urte!
    2008/10/22

    Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
    2008/11/12

    Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
    2008/12/04

    "Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
    2009/01/23

    I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
    2009/04/16

    Elkarrizketa egin didate 7K-n
    2009/06/03

    Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
    2009/10/06

    Asterix, heroi garaitua
    2009/10/29

    "Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
    2009/11/13

    Pololoak 3: The making of
    2009/11/22

    5 urte 5!
    2009/12/15

    Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
    2009/12/20

    "Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
    2010/01/13

    Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
    2010/01/19

    Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
    2010/01/27

    Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
    2010/02/09

    e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
    2010/05/20

    Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
    2010/06/02

    "Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
    2010/07/22

    Sistema eragileen guda berria
    2010/12/14

    Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
    2010/12/27

    Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
    2011/01/10

    "Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
    2011/01/13

    Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
    2011/01/27

    "Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
    2011/02/20

    Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
    2011/03/21

    Sare sozialetan preso
    2011/04/06

    Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
    2011/10/14

    Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
    2011/11/04

    Euskarazko 8 komiki berri
    2011/12/02

    Social networks killed the RSS star?
    2012/06/10