Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Komiki-ekitaldi ugari Donostian eta Gasteizen

e-gor 2009/10/30 18:34
VI. komiki-jardunaldiak, Métal Hurlant zinema zikloa eta Komik 10 gida Donostian, eta fanzine erakusketa eta Crash Comic 09 lehiaketa Gasteizen

Ekitaldien kartelak

Jada hasita daude edo hurrengo egunotan izango dira komikien inguruko hainbat ekitaldi Donostian eta Gasteizen. Hemen daukazue horien berri.

Donostiako VI. Komiki Jardunaldiak

Aurten ere, urriaren 31tik azaroaren 6ra Donostian izango den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XX. Astearen barruan Donostiako VI. Komiki Jardunaldiak antolatu dituzte, urriaren 31tik azaroaren 30era izango direnak. Aurtengoan hiru erakusketa egongo dira, lau egileri dedikatuak: Juan Giménez (Okendo Kultur Etxean eta Vito 021 Galerian azaroaren 14a arte),  Euskadi fantastikoa V Manu Ortega (Udal Liburutegi Nagusian azaroaren 21a arte) eta Álex Orberekin (Ernest Lluch Kultur Etxean azaroaren 21a arte) eta Eva Conde (Principe zinemetan azaroaren 30a arte).

Métal Hurlant zinema zikloa

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XX. Aste horren barruan, zikloetako bat Métal Hurlant eta fantasiazko zinemari dedikatua dago. Métal Hurlant 70 eta 80ko hamarkadako zientzia-fikziozko komiki-aldizkari frantziar mitikoa da. Bertan Moebius eta Alejandro Jodorowski bezalako komikigile ezagunek hartzen zuten parte, eta partehartzaile horietako asko gero zineman ere aritu ziren dekoratzaile, gidoilari edo zuzendari gisa. Zientzia fikziozko titulu ezagun askotan dago beraz aldizkariaren marka. Film horietako ezagunenetako batzuk emango dituzte zikloan: Barbarella, El topo, Alien, Heavy Metal, Les maîtres du temps, Tron, The Keep, Taxandria, El quinto elemento eta Kamikaze 1999 – El último combate.

Komik 10 gida

Donostiako Udal Liburutegien sareak Komik 10 izeneko gida kaleratu du. Beste komiki-gidek ez bezala, honek Euskal Herriko komiki ekoizpenaren erakusgarri izan nahi du, eta azken 10 urteotako lanik garrantzitsuenak azaltzen ditu. Azala Dani Fanorena da.

Fanzine erakusketa

Sancho el Sabio Fundazioaren egoitzan azken lau hamarkadetako fanzineen erakusketa paratu dute, 200 ale baino gehiagorekin. 1970etik gaur arterainoko fanzine piloa daude erakusgai: Euskadi Sioux, Pott, TMEO, Mamorro, La Comictiva, Ekintza Zuzena, Araba Saudita, Karma, Muskaria... Abenduaren 31 arte duzu altxor hau ezagutzeko aukera.

Crash Comic 09 gazteentzako komiki-lehiaketa

Aurreko urte batzuetan bezala, Crash Comic 09 gazteentzako komiki-lehiaketa antolatu dute Gasteizen TMEO aldizkariaren inguruan ibiltzen diren hainbat komikigilek osatutako Atiza komikigileen elkarteak eta Gauekoak ekimenak.

Lehiaketa honetan 18 eta 35 urte bitarteko pertsonek dute parte hartzeko aukera eta hiru komiki onartuko dira egile bakoitzeko, originalak eta lehenago argitaratu gabeak, eta pertsonaiek ere originalak izan beharko dute. Lanak zuri-beltzean edo koloretan eta edozein teknika erabilita aurkez daitezke. Lanak orrialde beteko luzera izango du, eta gaia librea da. Lehenengo 3 sariak 500, 400 eta 300 eurokoak izango dira. Arabako komiki onenak 200 euro jasoko ditu eta TMEOn argitaratuko da, eta emakume baten lan onenak 500 euro.

Izena emateko epea azaroaren 2an hasiko da eta 2009ko abenduaren 3an amaituko da. Ebazpena abenduaren 11n jakinaraziko da. Aldabe Gizartetxean erakusgai jarriko dira ondoren aurkeztutako lanak.

Asterix, heroi garaitua

e-gor 2009/10/29 09:33
Komikirik bada mundu guztian zehar haur zein helduen artean, komikizale izan nahiz ez, zale ugari dituena, hori Asterix da. Inperio handien aurkako herri txikien erresistentzia kontatzen da galiar honen istorioetan, umore eta abenturaz lagunduta. Gaur betetzen dira 50 urte Asterixen komikiak argitaratzen ari direla. Baina ez dago ezer askorik ospatzeko...
(Berria egunkariaren gaurko alerako idatzitako artikulua)

Urteurrena Albert Uderzo Asterixen marrazkigilearen eta haren alaba Sylvieren arteko hika-mika latzaren erdi-erdian dator, komunikabideetan akusazio gogorrak (eta are irainak) eta auzitegiak ere tarteko direla. Eztabaidaren kausa: Uderzo aitak, orain arteko iritzia aldatuz, bere heriotzaren ondoren Asterixen album gehiago ateratzea baimendu izana, bide batez Albert-René bere argitaletxearen gehiengoa Hachette handiari salduz; alabak dio Asterixen memoria traizionatzea dela hori, baina batzuek argitaletxearen kontrola galdu izanari egozten diote bere haserrea.

Niri galdetzen badidazue, Asterixen izpiritua garbi mantendu nahi bazuten, 1977an René Goscinny gidoilari handia hiltzean abandonatu behar zuen Uderzok bion artean sortutako pertsonaia. Orain beste egile batzuk Asterixen abenturekin jarraitzea? Tira, ez dute Uderzok baino lan txarragoa egingo. Berak bakarrean perpetratutako istorioak zentzurik gabekoak dira, inozoak, txobinistak, batere graziarik gabeak... Eta ez naiz bakarra hau pentsatzen duena, jende askok kritikatu du Uderzok Asterixen albumak argitaratzen jarraitzea. Baina 50. urteurren hau ospatzeko atera duen album berriaren sarreran dioena oso argigarria da: Uderzoren ustez, salmenten arrakastak frogatzen du zuzen zegoela eta justifikatzen du hala egin izana. Izan ere, Asterixek aspaldi utzi zion euskaldunok geure egin genuen inperialismoaren aurkako heroi ausart zintzo hura izateari; Obelix eta konpainia albumean ez bezala, merkantilismoak garaitu du eta orain dirua egiteko makina besterik ez da.

Mikroformatuak, web semantikoaren aperitifa

Igor Leturia 2009/10/23 10:39
Aurreko artikuluetan ikusi dugunez, web semantikoak, hau da, esanahizko marken bidez etiketatutako eta erlazionatutako elementuz osatutako Internet berri batek aukera berri mordoa irekiko ditu, baina hura inplementatzea neketsua eta konplikatua da, eta ez da berehalakoan iritsiko. Bitartean, ideia horren gainean gauzak egiten joan daitezkeela sinetsita, mikroformatuak sortu dituzte, egungo HTMLn oinarritutako sarean kontzeptu jakin batzuk semantikoki etiketatzeko bidea.
(Elhuyar aldizkariko 2009ko uztaileko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Web semantikoa ez bezala, mikroformatuak ez dira World Wide Web edo amaraunaren etorkizuna gidatzen duen W3C erakundearen eta haren zuzendari eta web-aren asmatzaile den Sir Tim Berners Lee-ren ekimen bat, internauten artean sortutako mugimendu bat baizik. Baina ez da web semantikoari kontrajarritako ekimena ere; hura iristen den bitartean ideia beraren gainean aurrerapausoak ematen joatea da mikroformatuen helburua.

Egungo HTMLko webean txertatuta

Web semantikoan, sare paralelo bat eraikitzea proposatzen da, esanahia adierazteko formatu egituratuetan kodetutakoa, eta, sare paralelo horretan, bestean aipatzen diren objektu, pertsona eta abar guztiak eta euren arteko erlazioak deskribatuko lirateke. Mikroformatuen mugimenduan, aldiz, kontzeptu jakin batzuk soilik etiketatzen dira semantikoki, erabilienak eta praktikoenak alegia, eta HTMLn dagoen egungo webaren baitan. Horretarako, HTML formatuak dituen etiketa eta atributu generiko batzuez baliatzen dira:
etiketa (orriko atalak ezberdintzeko erabilia),  etiketa (testu baten zatiak nabarmentzeko erabilia), class atributua (edozein elementu zein motatakoa den deskribatzeko erabilia) eta rel atributua (erlaziozko elementuetan erlazio mota definitzeko erabilia). Hala, etiketa horiei class eta rel atributuen balio jakin batzuk emanez definitzen da mikroformatu bat.

Adibidez, HTML-n honela kodetuko litzateke enpresa baten helbidea:

Elhuyar Fundazioa

Zelai Haundi kalea, 3

Osinalde Industrialdea

20170 Usurbil, Gipuzkoa

Gipuzkoa

Telefonoa: 943 363040

Eta honela izango litzateke hCard mikroformatuan:

Elhuyar Fundazioa

Zelai Haundi kalea, 3

Osinalde Industrialdea

20170
Usurbil,
Gipuzkoa

Telefonoa: 943 363040

CSS estilo-orriak erabiliz, kode-zati hori erabiltzaileak edozein web orri bezala ikus dezan lor dezakegu, baina, informazioa egituratua dagoenez, makinek ulertu egin dezakete edukia.

Gauza askotarako mikroformatuak

Mikroformatuen mugimendua ez da estandarrak definitzeko erakunde bat; http://microformats.org webgunearen bidez koordinatzen den komunitate ireki bat besterik ez da. Horko wikiak, posta-zerrendak eta abarrak erabiltzen dituzte mikroformatuak definitzeko, berriak sortzeko, eztabaidatzeko eta abarretarako, eta modu horretan definitu dituzte egun existitzen diren mikroformatuak.

Webgune horretan bertan ikus daitezke existitzen diren mikroformatuak edo erabakitze-fasean dauden proposamenak. Hauek dira garrantzitsuenetako batzuk: hCalendar, ekitaldientzat; hCard, pertsona eta erakundeen kontaktu-informaziorako; adr, posta-helbideentzat; geo, koordenatu geografikoentzat; hResume, curriculumentzat; hReview, kritika, aipamen, komentario eta puntuazioentzat; hRecipe, errezetentzat; hProduct, produktuak deskribatzeko; VoteLinks, bozketentzat; rel-license, zein lizentziarekin banatzen den adierazteko.

Beraz, webgune bat kudeatzen badugu, webgune horretako hainbat gauza (kontaktu-informazioa, ekitaldien egutegia...) mikroformatu bidez kodetu ditzakegu. Webgunearen HTML kodean edo programazioan zuzenean egin dezakegu, baina, bestela ere, gero eta web-garapeneko tresna gehiagok ematen dute aukera mikroformatuak kodetzeko: Drupal, Wordpress, Dreamweaver... Eta balidatzaileak ere badaude, ongi egin ditugun ikusteko.

Mikroformatuen erabilerak

Mikroformatuek milaka erabilera izan ditzakete. Adibidez, edozeinek nahiko erraz osa dezake hainbat webgunetan hCalendar bidez adierazita dauden ekitaldiak batuko dituen zerbitzu bat, eta eremuka antolatu geo mikroformatuaren informazioa aprobetxatuz... Programazio-lengoaia gehienek badituzte mikroformatuekin lan egiteko liburutegiak.

Gainera, jada badaude hainbat zerbitzu mikroformatuak erabiltzen dituztenak. Bilatzaile nagusiek lizentzia libreko edukiak bilatzea ahalbidetzen dute, rel-license mikroformatua erabiltzen duten webguneei esker. Google-k berriki jakinarazi du webguneetan hCard, hReview eta hProduct mikroformatuak detektatuko dituela, bilaketa-emaitza aberatsagoak eskaintzeko (Yahoo!-k egiten du hori, duela urtebetetik baino gehiagotik). Eta Firefox nabigatzaileak badu Operator izeneko plug-in bat, nabigatzen ari garen orrietan mikroformatuak detektatzen dituena; eta, haiekin, eragiketa aurreratuak egiten uzten digu: ekitaldiak gure agendara gehitu, kontaktu-informazioa automatikoki gure helbide-zerrendan sartu, koordenatu geografiko bat gure Tagzania-ko kontura eraman... Laster, horrelako aukerak zuzenean nabigatzailean integratuta etorriko dira.

Eta zalantzarik ez dago horrelako gero eta tresna eta zerbitzu gehiago sortuko direla. Web semantikoa iritsi bitartean, mikroformatuen bidez dugu semantikaren ahala dastatzeko aukera.

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean

e-gor 2009/10/06 23:13
Komikigile ezagun honek egindakoak dira ordenagailu mitikoarentzako jokoen karatula ikusgarrienetako asko

Azpiriren "Spectrum" liburuaren azala
Irudia: Alfonso Azpiri

Komikizalea bazara ezagutuko duzu Alfonso Azpiri, Lorna, Mot edo Goomer pertsonaien sortzailea. Eta komikizalea izan gabe ere urteetan aurrera doan informatikaria bazara, ziur ezagutzen duzula Alfonso Azpiri, agian horretaz jakitun ez bazara ere.

80ko hamarkadan ordenagailu pertsonalekin ibiltzen bazinen, ezaguna izango duzu Sinclair ZX Spectrum ordenagailu mitikoa (nire lehenengo ordenagailua hura izan zen, nire lanbidea eta afizioa bideratu zituena). Ba Azpirik egindakoak dira ordenagailu bikain horretarako joko asko eta askoren karatulak; Espainian egindako gehien-gehienak berak egindakoak dira, 200 baino gehiago egin baitzituen. Eta gehienak marrazki eder-ederrak dira, benetako artelanak. Bereak dira adibidez Dinamic enpresaren Abu Simbel profanation eta Army Moves jokoen azalak.

Ba orain Planeta DeAgostini argitaletxeak liburu bat atera du Azpirik Spectrum-arentzako egindako jokoen azalak biltzen dituena. Orri batzuk ikus ditzakezue Entrecomics webgunean. Kristoren harribitxia, ni bezalako nostalgiko porrokatuentzat derrigorrezko erosketa!

Edonola ere, Azpiriren karatulak onak baziren ere, garai hartan nire gustukoenak hau, hau eta hau ziren. Azken bien posterrak neuzkan jarrita gelako paretan, nire amaren atsekaberako. Nerabezaroa, badakizue... ;-)

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
• Harpidedunak:
• e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste) RSS jarioa
• E-mail harpidetza
• Twitter-en jarraitu:
• Erantzunen harpidetza
• Harpidedunak:
• RSS jarioa
• E-mail harpidetza
• Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10