Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Asterix-en album berriaren izenburua jakinarazi dute

e-gor 2005/09/24 00:33
"Le ciel lui tombe sur la tête" izango da ("Zerua gainera erori zitzaienekoa" gutxi gorabehera)

Asterix-en azken albumaren azala
Irudia: Uderzo

Ez nuen Asterix-en album berriaren marketin jokoan sartu nahi, batez ere seriearen azken aldiko kalitatea arras eskasa iruditzen zaidalako, baina ezin izan dut agoantatu, enpin... Hemen dituzue atzo izenburua ezagutzera emateko eskainitako prentsaurrekoaren ingurukoak eta beste kontu batzuk ere bai, euskarazko bertsioaz-eta.

Aurreko post hartan esan nuen album berria irtetzekoa zela eta marketin kanpaina handia egin behar zutela aurrekoen salmenta txar samarrak hobetu asmoz (txarrak, euren ustetan eta aurreko beste batzuekin konparatuz, noski, munduan gehien saltzen den komikia izango baita ziurrenik, azkenak 10 milioi ale saldu zituen!). Berri hau emateak ez nau gehiegi entusiasmatzen, bi arrazoirengatik: lehena, ez ditut marketin kontuak atsegin; eta bigarrena, Goscinny hil zenetik Asterixen istorioak ez zaizkit hainbeste gustatzen (Uderzok justu atzoko prentsaurrekoan esan omen zuen bera hil ondoren ere Asterixek bizirik jarraituko duela, baina aurrez egindako materialarekin, ez duela nahi beste inork bere lana jarraitzerik alegia; esperientziagatik dakiela horrelakoetan egile berrien lana ez dela berdina izaten, eta ez duela jarraitzaileak zapuzterik nahi; erabat zuzen dago eta haatik guztiz kontraesanean, berak egin egin baitu!).

Hala ere, jendearentzat interesgarri datekeelakoan (aurreko baten lagun batek izenburua galdetu zidan, "semearentzat" esan zidan, oraindik ere lotsa dute heldu askok komikiak atsegin dituztela onartzeko!), post hau idaztea erabaki dut. Tira, eta Asterix Asterix delako eta nire bihotzean beti lekutxo bat izango duelako ere bai...

Marketin kanpaina horren barruan lehen pausua noiz aterako zen jakinaraztea zen, eta hurrengoa atzoko ekitaldia: Asterix-en inguruko erakusketa erraldoia ireki zen Bruselan, eta hori aprobetxatuz Uderzo-k prentsaurrekoa eman behar zuen izenburua jakinarazteko. Ba Le ciel lui tombe sur la tête izango da. Ingelesez, aldiz, Asterix and the falling sky izango du titulua, eta gaztelaniaz ez dago argi, iturri batzuk (gehienek) El cielo se nos cae encima izango dela diote eta beste batzuk La Galia en peligro.

(Hona hemen, askotan bezala, La cárcel de papel gune apartan horri buruz ateratako bi artikulu, ale berria aterako zela esan zutenekoa eta atzokoa)

Euskarazko izenburuak Zerua gainera erori zitzaienekoa edo halako zerbait beharko luke, baina euskaraz aterako dutenaren berririk ez dut... Espainiako blogetan diote 300.000 ale aterako direla gaztelaniaz eta 50.000 katalanez, eta euskara ez dute aipatzen, beraz...

Azken istorio luzeak (Asterix eta Latraviatta, Obelix-en galera) euskaraz ere atera zituzten beste hizkuntzetan atera ziren egun berean. Azken liburukia, Asterix et la rentrée gauloise (han eta hemen okasio ezberdinen karira ateratako istorio laburren bilduma), ez zen euskaraz atera, eta badirudi hau ere ez dela aterako... Munduko komikirik ezagunenetakoak, salduenetakoak, haur zein helduek maiteenetakoak ere ez badu merezi euskaraz ateratzerik, ederto gaude! Hemengo argitaletxeek hori euskaraz ateratzeko interesik ere ez badute... Zertan ari gara ni eta ni bezalako beste batzuk euskara eta komikien mundua bultzatzen, noizbait helduentzako komikien klasikoak ere euskaraz ikusteko esperantzarekin? Utopiko hutsak al gara? Merezi al du jarraitzeak? Ez dakit ba...

Alaixeago bukatzeko, bi txaskarrillo kontatuko dizkizuet, artikulu hau idazteko informazioa biltzean jakin ditudanak:

  • Uderzo daltonikoa da eta kolorista batek laguntzen dio albumak marrazterakoan! ("(...) the colourblind Uderzo continued writing and illustrating another eight albums, saying he had always had a colourist helping him with the finishing touches (...)")
  • Uderzoren konpainiak izena "ix"-ekin amaitzen duten IKTko hainbat enpresa alemaniar (ugari daude, Unix dela-eta alde batetik eta "ix" "ics" bezala —electronics, mechanics— ahoskatzen delako bestetik) auzitara eraman ditu, bere jabegokoak diren "Asterix" eta "Obelix" marka komertzialei konpetentzia edo kalte egiten dielakoan!

"Watchmen", inoizko komikirik onena

e-gor 2005/09/16 19:39
Alan Moore-ren maisulan handiaren kritika (edo laudorioa, hobe)

"Watchmen"-en azala
Irudia: Dave Gibbons

Watchmen da niretzat inoiz egin den komikirik onena. Alan Moore maisu handiaren gidoia eta Dave Gibbons-en irudiak dituen nobela grafiko hau inoiz existitu den onena dela ez dut nik bakarrik uste, mundu guztian zehar jende asko da iritzi berekoa, eta bozketa bat egingo balitz onena zein den jakiteko, ziurrenik berak irabaziko luke. Horrelako gorazarrea merezi izateko zer duen jakin nahi baduzu, segi irakurtzen eta ikusiko duzu!

Watchmen eta ni

Azken urteetako komikien zinemaratze masiboa ez da komikizaleak bereziki pozten gaituen fenomenoa. Izan ere, Hollywood-ek komiki onenekin ere bere estiloko akzio-film kaskar horiek besterik ez daki egiten, kasu gutxi batzuetan salbu (Sin City, zeina duela gutxi gutxi komentatu dugun blog honetan, X-Men eta besteren bat). Zerbait ona izatekotan, jende arrunta komikien mundura hurbiltzea izan daiteke, nahiz eta hau eztabaidatzekoa den, izan ere film hauetako askoren kalitate eskasak agian komikien fama okertu besterik ez du egiten, ez dakit. Tira, nire kasuan behintzat, esan beharra dut film baten bidez ezagutu nituela nire komikigile eta komikirik kuttunenak.

2003an The League of Extraordinary Gentlemen filma estreinatu zenean ezin izan nion joateari utzi. Nahiz eta kritika guztietan txarra zela irakurri, fantasia, abentura eta zientzia fikziozko nobela klasikoen hainbeste pertsonaia (Mina Harker, Nemo kapitaina, Allan Quatermain, Jekyll eta Hyde, gizon ikustezina...) film bakarrean ikusi ahal izatearen tentazioa erakargarriegia zen. Beraz filma ikusi nuen eta oso txarra zela baieztatu nuen, akzio eta efektu berezi asko eta gidoi gutxiko (ez baitzuten komikia errespetatu) beste film bat besterik ez.

Baina filmaren kritiketan komiki oso on baten oinarrituta dagoela esaten zuten, eta horrela handik gutxira erosi egin nuen The League of Extraordinary Gentlemen komikia. Eta hau bai, hau oso ona dela baieztatu nuen, guztiz originala, heroi klasikoen berrirakurketa ezberdin bat. Haren gidoigile Alan Moore-ren izena gogoan gorde nuen, hurrengo baterako.

(The League of Extraordinary Gentlemen filmari eta komikiari buruzko bi komentario euskaraz irakurri nahi badituzu, hona Sustatun Iban Zalduak egindakoa eta The Baldekoek egindako beste hau)

Handik denbora batera, kasualitatez egile horren beste obra bat aurkitu nuen denda baten. Watchmen izena zuen, eta kontraportadan, oso ondo jartzeaz gain (hori beti egiten dute), hainbat sari irabazi zituela esaten zuen (Kirby saria, Eisner saria eta Hugo saria). Beraz, erosi egin nuen eta irakurri.

Irakurtzen amaitutakoan, ezin erreakzionatuta geratu nintzen, shock egoeran. Benetan gertatu al zen esperientzia ia mistiko hura? Konprobatzeko, jarraian berriz irakurri nuen osorik, eta berriz ere sentsazio bera, zeozer aparta, paregabekoa irakurri izanarena. Inoiz irakurri nuen komikirik onena zen zalantzarik gabe. Are gehiago, jarraitzen ditudan beste kultur adierazpideak (zinea, literatura eta musika) hartuta ere inoizko obrarik onentsuenetakoen artean jartzeko bestekoa. Posible al zen? Internetera jo nuen ziurtatzeko ez zitzaidala niri soilik gertatu eta ea beste batzuentzat ere hain obra ona zen ikusteko, eta hala zela baieztatu nuen. Jende askok dauka komikirik gustukoentzat.

Nik harrezkeroztik jende guztiari emozioz gomendatzen diot, eta diszipulu bati zerbait zoragarriaren iniziazioan laguntzen ari denaren ilusioaz uzten diet Watchmen lagunei. Eta ni horrelako sentsazio gazi-gozo batekin gelditu naiz, egia absolutua edo perfekzioa ezagutu duenaren pozarekin baina behin hori bizita inoiz berriro horrelakorik ezagutuko ez duzula jakitearen penarekin.

Alan Moore paregabeko jenioa

Alan Moore-ren argazkia

Alan Moore komikigilea da, bai, baina ez marrazkigilea, komikien gidoiak egiten ditu. Komikia literaturatik bereizten duena justu irudiak izanik, agian norbaitek (komikia literaturaren aldean anaia txikia dela uste duen norbaitek) gutxietsi egingo du Moore, benetan ongi idazten jakingo balu idazlea izango litzatekeela pentsatuz. Ba oker dago. Zaleon artean komikirik onena edo komikigilerik onena zein den eztabaida asko badago ere, gidoiei soilik erreparatuz gero ia inork ez du zalantzan jartzen onena Moore denik. Bere istorio landuek ikaragarrizko kalitatea dute, eta irudigilea dena delarik ere bere lanen kalitate orokorra izugarria da. Eta goiko norbait hori oraindik konbentzitu ez badut, esango diot literaturarekin ere ausartu izan dela (nobelak eta antzerki obrak ere idatzi ditu). Egia esateko, zer ez du egin gizon honek! Antzerki-talde baten ere aritua da, musikan ere ibilia da, magoa ere bada...

Britainiarra da Moore, eta bere jaioterrian aritu zen lanean hasieran, etapa honetako lanik ezagunena V for Vendetta izanik, David Lloyd-ek marraztua, bere kultuko lanetako bat.

Ondoren mainstream amerikarrera (hau da, superheroien komikietara) pasatu zen, DC-ra zehazki, eta hainbat serietan aritu izan zen (Swamp Thing, Batman, Superman...). Tarte honetan egin zuen 1986an Watchmen, bere maisulan handiena. DC 1989an utzi zuen, hainbat desadostasun medio.

Nahiko independente aritu zen aldi batez, argitaratzaile ezberdinekin (tartean berak sortutako bat zela) hainbat lan ateraz, eta aldi honetan egin zuen, 10 urtetan zehar, zenbaitentzat bere lanik onena dena, From Hell, Eddie Campbell-en irudiekin.

Aldi batez berriz ere superheroien komikien gidoiak egiten aritu eta gero (Marvel-ekoak gehienbat), bere lerro propioa sortu zuen, America's Best Comics, Wildstorm argitaletxearekin publikatzeko. Baina Wildstorm DC-ri saldu zion jabeak eta Moorek nahiko egoera ezerosoan aurkitu zuen bere burua, berriz ere DC-rentzat lanean. Aldi honetan atera zituen, dena den, The League of Extraordinary Gentlemen eta Top 10.

Alan Moore artista da, eta bere artera dedikatzen da soilik. Komikien munduaren alderdi merkantilista ez du batere atsegin. Antisistema bat dela esan daiteke. Ez da azoketara edo liburu-sinaketetara joaten, eta liskar ugari izan ditu DC bere argitaletxearekin. Horietako bategatik zuen utzia DC lehen, eta bere nahiaren kontra berriz bertan aurkitu denetik ere eztabaida asko izan ditu. From Hell eta The League of Extraordinary Gentlemen bere nobela grafikoetan oinarritutako filmak egitea proposatu ziotenean, nahi zutena egin zezaten utzi zien bera eta bere lana bakean uzten bazituzten. Emaitzak ikustean, halere, erabaki zuen aurrerantzean bere lanetan oinarritutako filmik egiterik ez zuela utziko eskubide guztiak bereak ziren kasuetan, eta eskubideak beste batzuenak ziren kasuetan, bere izena kredituetan ez agertzea eta berari zegokion dirua marrazkigilearentzat izan zedila.

Alan Mooren izaera berezia eta jenialtasuna ikusi nahi baduzue, hiru elkarrizketa dituzue hemen, hemen eta hemen.

Baina zer da Watchmen?

Watchmen-eko irudi bat

Watchmen Alan Moore jenioaren lan gorena da. Batzuk From Hell bere beste maisulana nahiago badute ere, niri gehiago gustatzen zait Watchmen. 1986an argitaratu zen 12 emanalditan, eta ondoren guztiak laburtzen dituen liburu mardul formatuan. Irudiak Dave Gibbonsek egin zituen.

Watchmen hainbatek (oker, noski) superheroien komikitzat jotzen du. Justiziero mozorrotuak agertzen dira, bai, baina Moorek justu balizko superheroien ikuspegi ezberdina ematen du. Agertzen diren mozorrotuak ez dira superboteredun superheroi superonak. Nobela errealitate alternatibo baten kokatuta dago, non superheroien komikien eraginak hainbat jende mozorroa jantzi eta justizia egitera eraman duen. Eta Moorek zalantzan jartzen ditu justizieroak, hauetako batzuk faszistak, indarkeriazaleak edo amoralak baitira, euren burua justiziaren gainetik ikusten dutenak. Obraren izenburuak berak horrelako "heroien" zilegitasunari egiten dio erreferentzia: latinezko "Quis custodiet ipsos custodes" esaldia du oinarri, ingelesez "Who watches the watchmen?" moduan itzultzen dena, hau da, "Nork zaintzen ditu zaindariak?"

Nobela grafiko honek abentura eta polizi-intriga ditu, baina hori baino askoz gehiago da. Gizartearen, filosofiaren, historiaren, zientziaren eta beste hainbat arloren erreferentzia ugari ditu, horien azterketa sakona egiten du, eta gauza askoren kritika fina ere. Gai horiei guztiei buruzko jakinduria ia entziklopedikoa erakusten digu Moorek (nahiz eta horretan bai irabazten dion From Hell-ek).

Haria maisutanez lantzen du Moorek lan honetan. Hilketa bat da dena abiarazteko aitzakia, baina inbestigazioak enmaskaratuak inplikatuta egon daitezkeen eta Gerra Hotzagatiko munduaren amaiera suposa lezakeen konplot handiago batera garamatza. Hari nagusiaz gain, lehen taldea osatu baina gero banandu ziren mozorrodun bakoitzaren background-a edo iragana kontatzen doa, eta horrela guztia poliki-poliki prestatzen doa denak batera konpondu beharko duten konplotaren bukaera zirraragarri apoteosikorako. Eta bukaera erabat ezustekoa da, Moorek nobela guztian zehar maisutasunez engainatu gaitu, utzitako pistekin iradokitzen duenak berak nahi duena pentsarazten digu espero gabeko amaiera emateko, Hitchcock-ek Psycho filmean bezalatsu.

Baina liburuak hari bat baino gehiago duenez, haria baino, liburua zoragarriki hilbanatutako oihala dela esan beharko genuke, non hari guztien artean osatzen den oihal hori. Pertsonaia nagusiez gain, bigarren mailako beste mordo bat daude, baina guzti horien istorioak ez daude hor puntualki argumentuak eskatzen duelako soilik. Guztiek dute garrantzia istorio nagusian, gero deskubritzen joango garen bezala. Eta ez pertsonaiak bakarrik, liburuan zehar agertzen doazen objektu edo detailetxo askok eta askok ere bere izateko arrazoia dute, ondoren ikusiko denez. Horrez gain, erreferentziaz beteta dago. Hainbeste eta hainbeste detaile, erreferentzia eta abar daude, non irakurtzen duzun bakoitzean gauza berriez konturatzen zaren.

Teknikoki ikusita ere lan aparta da. Komikien munduan diren errekurtso edo teknika grafiko guztiak erabiltzen ditu, eta berriak ere asmatzen ditu. Niri bereziki gustatzen zait bi istorio, biei antzekotasunak emanez, paraleloan kontatzen dituenean eta bi harien irudiak eta hitzak nahasten dituenean, tipo bat irakurtzen ari den pirata-komikiarena adibidez, edo Manhattan doktorearen elkarrizketa.

Gainera, jatorrizko komikiaren entrega bakoitzaren bukaeran kontatzen den istorioarekin zerikusia duten hainbat testu edo bestelako sartzen ditu. Adibidez, kontatzen den istorioko pasarteren bat agertzen den egunkari bateko orri batzuk, edo pertsonaietako baten txosten psikologikoa... Horrelakoak beste lan batzuetan ere egin izan ditu Moorek, eta asko atsegin dudan zerbait da, alde batetik horrela komikiak gehiago irauten dizulako (komikian baino gehiago irakurri behar baita ;-) eta bestetik istorioa osatu eta errealismo handiagoa ematen diolako.

Lan ezin hobea. Benetan.

Epilogoa

Tira, goraipamenetan pasatu egin naizela uste duzue? Baliteke, izan ere emozionatu egiten naiz Watchmen edo Mooreri buruz berba egiten dudan bakoitzean. Baina benetan pasatu naizen edo ez jakiteko modu bakarra duzue, obra irakurtzea. Beraz, irakur ezazue eta kontatuko didazue! (Online eros daiteke gutxienez FNAC-en; bestela liburutegietan maileguan hartu gutxienez Abadiño, Iurreta, Arrasate, Elgoibar, Errenteria eta Hernanin, Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalaren Katalogo Bateratua-ren arabera, eta beste herri batekoa bazara ere, sistema horren barruan dagoen edozein liburutegitan eska dezakezu eta ekarri egiten dizute; edo bestela eMule-n ere aurki daiteke).

Eta filmei buruz hitz eginez hasi dudanez artikulua, filmei buruz hitz eginez bukatuko dut. Azaroan pantailaratzekoa da V for Vendetta filma, Wachowsky anaiek egokitutako gidoi baten gainean egina. Ba Joel Silver ekoizleak prentsaurreko baten adierazi zuen Alan Moorek Larry Wachowskyri esan ziola oso proiektu interesgarria iruditu zitzaiola filma. Silver-en adierazpen hau guztiz gezurra da, noski. Mooreri gidoia "ergelentzakoa" iruditu zitzaion, eta Silverren adierazpenak zuzen zitzaten eskatu zuen. Horrelakorik egin ez zutenez, Moorek DC-rekin definitiboki hautsi zuen.

Eta Watchmen bera ere zinemara eramateko bazeukan proiektu bat nahiko aurreratuta Paramount etxeak, Paul Greengrass-ek zuzentzeko. Interneteko komikizaleen foroetan iritzi orokorra zen hobe zela ezer ez egitea, obra horren xehetasunak, zorroztasuna eta kalitatea zinera ezin zirela eraman, eta are gutxiago Hollywood-ek! Zaleak pozik uzteko, foro bat eta guzti ireki zuten zuzendariarekin zuzenean filmari buruz berba egiteko. Baina azkenean uztailean bertan behera utzi dute proiektua eta beste estudio batzuei eskaini die. Eurek beste arrazoi batzuk argudiatzen dituzte, baina ez dakit... Interneten bidez batu eta antolatuta herriak duen botereaz konturatzen hasi al dira boteretsuak?

Niri dagokidanez, koherentziagatik eta Moorekiko errespetuagatik ez nituzke bi filmok (V for Vendetta eta Watchmen, azkenean egiten badute) ikusi beharko, baina ez dakit agoantatuko dudan...

Fitxa

Izenburua: Watchmen

Gidoia: Alan Moore

Irudiak: Dave Gibbons

Argitaletxea: Norma

Urtea: 2002 (jatorrizko edizioarena 1986)

ISBN: 84-8431-139-2

"Ahuntzaren Eguerdiko Doministikua", euskal blog berria

e-gor 2005/09/02 22:08
Patxi Lurra (edo Iñaki Peña) adiskidearena

Blog berri horren pantailazo bat

Gaur atseginez aurkeztu nahi dizuet (jada ezagutzen ez duzuenoi) blog euskaldun berri bat. Ahuntzaren Eguerdiko Doministikua (AHED) du izena, eta Patxi Lurra (edo hobe esanda Iñaki Peña) adiskideak sortu du. Patxi blogen munduan beteranoa dela esan dezakegu, eta ziur naiz gauza interesgarriak dituela bertan esateko.

Patxi-Iñaki ez da berria blogen munduan. Aspalditxotik dabil blog askotan erantzunak idazten, eta baita artikuluak ere. Artikulu gogoangarria idatzi zuen Sustatun azken Korrikaren harira, Korrikak euskaldun berriak omendu nahi zituela-eta euskaldun berri etiketa arbuiatuz. Blog honetan bertan hainbat artikulu idatzi izan du (Aitor Aranaren Komiki Gay eta Lesbiko bildumari buruz, Bartzelonako 23. Komiki jaialdiari buruz, American Splendor filmari buruz eta Marrazkirri komiki-erakusketari buruz) eta ezin konta ahala erantzun!

Horrez gain, aurrez bloga edukitakoa da. Gogoan duzue nola hitz egin nizuen hemen ezkontza-bidaia baten blogari buruz? Ba bera zen ezkontideetako bat. Eztei-bidaiaren kronika ederra osatu zuten berak eta Maider neskalagunak Turkistan 2005 blogean.

Irailaren 1ean izan zen blogaren irekiera ofiziala. Atal interesarriak izango ditu: Bilboko kontuak, medikuenak (bera medikua baita), militantismoak... Blogaren aurkezpen orrian aipatzen ditu gustuko dituen hainbat gauza, eta horrelakoak gustuko dituztenek atsegingo dutela bloga. Monty Python, Young Frankenstein... Eta berak badakienez, nik asko atsegin ditut horiek, beraz bloga ere ziur baietz!

Hasteko, blogaren atal ezberdinen aurkezpenak sartu ditu, eta jada badago bere harrikaldi oso polit bat. On egin dagizuela!

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
  • Harpidedunak:
  • e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste) RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Twitter-en jarraitu:
  • Erantzunen harpidetza
  • Harpidedunak:
  • RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Artxiboa
    2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017
    Artikulu aipagarriak

    MythTV sorta
    2004/11

    "Pololoak" sorta
    2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

    Monoblogoa
    2005/01/11

    "Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
    2005/01/25

    Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
    2005/04/18

    Firefox eta bere plugin zoragarriak
    2005/05/11

    "El País"-en komiki bilduma
    2005/05/15

    Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
    2005/05/25

    "Watchmen" sorta
    2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

    "La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
    2005/11/08

    "Goienkaria"-n agertu naiz
    2005/12/08

    Komikiak eta euskal rock-a
    2005/12/14

    Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
    2006/01/02

    Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
    2006/02/01

    "Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
    2006/08/05

    Argazkigintza eta DRM-a
    2006/10/09

    Paul Auster eta Euskararen Herria
    2006/10/29

    Angoulême sorta
    2007/01-02

    Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
    2007/04/23

    Hergé-ren defentsan
    2007/05/22

    Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
    2007/07/02

    OLPC sorta
    2007/12 - 2008/01

    Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
    2008/02/05

    Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
    2008/03/11

    Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
    2008/08/04

    "Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
    2008/08/25

    "Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
    2008/09/17

    "Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
    2008/10/14

    Pottokiek 50 urte!
    2008/10/22

    Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
    2008/11/12

    Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
    2008/12/04

    "Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
    2009/01/23

    I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
    2009/04/16

    Elkarrizketa egin didate 7K-n
    2009/06/03

    Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
    2009/10/06

    Asterix, heroi garaitua
    2009/10/29

    "Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
    2009/11/13

    Pololoak 3: The making of
    2009/11/22

    5 urte 5!
    2009/12/15

    Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
    2009/12/20

    "Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
    2010/01/13

    Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
    2010/01/19

    Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
    2010/01/27

    Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
    2010/02/09

    e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
    2010/05/20

    Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
    2010/06/02

    "Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
    2010/07/22

    Sistema eragileen guda berria
    2010/12/14

    Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
    2010/12/27

    Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
    2011/01/10

    "Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
    2011/01/13

    Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
    2011/01/27

    "Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
    2011/02/20

    Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
    2011/03/21

    Sare sozialetan preso
    2011/04/06

    Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
    2011/10/14

    Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
    2011/11/04

    Euskarazko 8 komiki berri
    2011/12/02

    Social networks killed the RSS star?
    2012/06/10