Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)

e-gor 2005/05/25 16:26
Eztei-bidaia baten kronika eta fraide baten bloga

"Turkistan" blogaren pantailazo bat

Euskal blogosferan, zorionez, jada ez da notizia blog berriak martxan jartzea. Hala ere, uste dut bi blog hauen sorrera anunziatzeko modukoa dela, esparru berriak ukitzen baitituzte. Lehena ezkontza-bidaia baten kronika da (blog hau martxan jarri bakarrik ez, jada utzita ere badago, bidaia amaitu baitute), eta bestea fraide baten bloga. Ari da poliki-poliki euskal blogosfera alor guztietara zabaltzen...

Ezkondu behar zuten lagun batzuekin, Iñaki eta Maiderrekin, egon ginen ezkontza-eguna baino pixka bat lehenxeago. Eztei-bidaia Turkiako Kurdistanera egitekoak ziren. Esan ziguten idatziko zigutela e-postaz handik, ahal bazuten, senide eta ezagun guztiei idaztea ez baita erraza ziberkafean egoten zaren denboran. Orduan nire neskalagunak proposatu zien blog baten idaztea kronika, eta ahaide eta lagunei blogaren helbidea emateko, eta beraiek animatu. Turkistan izena aukeratu zuten blogarentzat (euren senide batek Turkia eta Kurdistan hitzak nahastuz nahigabe asmatutakoa). Ireki nien bloga blogger-en eta erakutsi nien posteatzen eta flickr-era argazkiak igotzen. Probatuko zutela ea nola zihoan gauza, ongi ez bazihoan beti zeukaten bide hori uztea eta posta elektroniko tradizionalera itzultzea...

Ba kristoren arrakasta izan du blogak. Kronika polita idatzi dute, ez dute izan arazorik interneterako konexiodun toki-publikoak aurkitzen (herrialde pobreetan, horrelako gehiago daude ia hemen baino, etxeetan jende gutxiagok baitu ordenagailua, guk Tailandian duela urte batzuk konprobatu ahal izan genuenez). Euren lagun eta senitartekoak hor egon gara egunero blogean sartzen, gauza berriak irakurtzeko irrikitan! Eta beraiekin komunikatzeko ere tresna egokia izan da, blogean bertan erantzunak idatzita. Erantzun asko egon dira, eta horietan kuxkuxeatzen ere saltsa sortzen zen. Gizartearen gehiengo handi-handi batek hitza entzun bai baina blogak zer diren ere ez dakienean, lagun hauen familietan jende helduak ere izan du blogekin kontaktua, idatzi ere egiten zuten. Amona harrituta zegoen hango argazkiak ikus zitzakeelako. Ezkontideek ere oso esperientzia polit eta arrakastatsua izan dela esaten dute (eta horregatik eman didate baimena orain horren berri emateko).

Iñaki eta Maider beraien laguna den fraide batek ezkondu zituen, Koldok. Fraide honek ere jarraitu ditu beraien abenturak blogaren bidez eta ideia gustatu, nonbait. Artean besteak bidaian zirela, berak ere blog bat irekitzea erabaki zuen, eta baita egin ere. Horrela sortu zen Fray Koldo bloga. Hau oraindik berria da, zein bide egiten duen ikusi behar.

Euskal blogosfera, zabal hadi lau haizetara!

Gaizka Barandiaran euskal dantzen ikertzailearen ondarea

e-gor 2005/05/18 22:55
Igandean omendutako jesuita amaren osaba da

Gaizka Barandiaranen argazki bat

Igandean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Euskal Herriko Txistularien Elkarteak omendutako Gaizka Barandiaran jesuita amaren osaba da. Azken urteetan bere liburuak (berak idatzitakoak nahiz ez), paperak eta beste gauzak hainbat jenderen artean banatzen ibili da, tartean ni nagoelarik.

Adin nagusiko izatera iristean jakin nuen etxean beti Tio Salbador (bai, Mondragoeko euskaran "tio" erabiltzen dugu osaba esateko) bezala ezagutzen genuen osaba jesuita euskal folklore eta etnografiaren ikertzaile garrantzitsua zela, literatur-idazle ere izateaz gain. Eta denborarekin bere jakinduria gehiago ezagutu dut: zekizkien hizkuntza guztiak, egindako lanak...

Badira urte batzuk bere liburutegi pertsonala osatzen duten liburu, aldizkari, eskuizkribu eta abarrak hainbat jenderen artean banatzen ari dela. Pentsatzen dut egiten duela liburuok norbaitentzat baliagarri izan daitezen, edo bere lanarekin beste batzuk jarraitu ahal dezaten, edo bere lanak dantza taldeetan aplika daitezen. Duela hamabost bat urte, nik hemezortzi nituenean, Arrasateko dantza talde baten parte hartzen hasi nintzen dantzari gisa, eta osabak jakin zuenean, Arrasatera egun batzuk familiarekin pasatzera etortzen zen bakoitzean liburu eta paper batzuk ekartzen zizkidan. Guztira izango dut balda oso bat, tartean bere lanen orijinalak eta eskuizkribuak (eskuz idatziak nahiz makinaz).

Nik gustura hartu dizkiot beti lanok, liburu eta paper asko ditut eta ez dekoraziorako soilik. Ilias-ena, Homeroren Ilíada Gaizkak euskaratua, irakurri nuen, eta dantzari buruzko bere beste libururen bat edo bi ere bai (ez ditut komikiak soilik irakurtzen, literaturaren klasikoak eta saiakerak ere irakurtzen ditut, ez pentsa!). Alabaina, ez naiz ni izango bere lanarekin jarraituko duena (ikusten duzue zein motako gauzetara dedikatzen naizen) ezta dantza taldeetan bere ikerketak aplikatuko dituena (dantza taldea utzi nuen). Horregatik, jakin Gaizkaren lanean interesa duenari gustura utziko dizkiodala nik ditudan bere gauzak.

"El País"-en komiki bilduma

e-gor 2005/05/15 23:03
Hurrengo igandetik aurrera

Hurrengo igandean hasita, El País egunkariak komiki-bilduma bat emango du. Lehenengo komikia maiatzaren 22an emango dute dohainik egunkaria erostean, eta hurrengo 34ak ostegun eta ostiraletan izango dira egunkaria erosteaz gain 2,50 euro ordainduta. Bilduma oso ona da, kalitate handiko komikiak ditu. Komikizaleontzat gure bilduman ez ditugun obra on asko merke lortzeko aukera ematen digu. Ez zaretenontzat, komikien mundu zoragarri hau ezagutzeko aukera paregabea.

Espainiako egunkari horri dirua emateko kontzientzia-arazoak dituzuenok, jakin prezio horretan ez diezuela dirurik ematen, ziur beraiek galtzen ateratzen direla! Eta kiosko askotan egunkaria erostea ere ez dizuete eskatzen...

Hau da bilduma eta komiki bakoitzaren data:

  1. Astérix - Astérix el Galo (Goscinny eta Uderzo): maiatzaren 22an, igandea, doan
  2. Mafalda (Quino): maiatzaren 26an, osteguna
  3. Mortadelo y Filemón - El sulfato atómico (F. Ibañez);maiatzaren 27an, ostirala
  4. Corto Maltés - Fábula de Venecia I (Hugo Pratt): ekainaren 2an, osteguna
  5. Corto Maltés - Fábula de Venecia II (Hugo Pratt): ekainaren 3an, ostirala
  6. Charlie Brown (Charles M. Schulz): ekainaren 9an, osteguna
  7. Blake y Mortimer - La marca amarilla (E. P. Jacobs): ekainaren 10ean, ostirala
  8. Blueberry - El hombre que valía $500,000 (Charlier y Giraud): ekainaren 16an, osteguna
  9. Blueberry - Balada por un ataúd (Charlier y Giraud): ekainaren 17an, ostirala
  10. El Capitán Trueno - Aventura en Groenlandia (Victor Mora): ekainaren 23an, osteguna
  11. El Príncipe Valiente I (Harold Foster):: ekainaren 24an, ostirala
  12. Max Fridman - Rapsodia Húngara I (Vittorio Giardino): ekainaren 30ean, osteguna
  13. Max Fridman - Rapsodia Húngara II (Vittorio Giardino): uztailaren 1ean, ostirala
  14. Mortadelo y Filemón - Contra el gang del chicharrón (F. Ibañez): uztailaren 7an, osteguna
  15. El Hombre Enmascarado - El país del hombre enmascarado (Ray Moore): uztailaren 8an, ostirala
  16. The Spirit - El origen de Spirit (Will Eisner): uztailaren 14an, osteguna
  17. Blake y Mortimer - El caso del collar (E. P. Jacobs): uztailaren 15ean, ostirala
  18. Persépolis I (Marjane Satrapi): uztailaren 21ean, osteguna
  19. Persépolis II (Marjane Satrapi): uztailaren 22an, ostirala
  20. Flash Gordon I (Alex Raymond): uztailaren 28an, osteguna
  21. Hellboy - El cadáver (Mike Mignola): uztailaren 29an, ostirala
  22. Astérix - Asterix y Cleopatra (Goscinny y Uderzo): abuztuaren 4an, osteguna
  23. El Zorro (Joe Shuster): abuztuaren 5ean, ostirala
  24. El garaje hermético I (Moebius): abuztuaren 11n, osteguna
  25. El garaje hermético II (Moebius): abuztuaren 12an, ostirala
  26. The Spirit - Guerra de bandas (Will Eisner): abuztuaren 18an, osteguna
  27. Rip Kirby (Alex Raymond): abuztuaren 19an, ostirala
  28. El Príncipe Valiente II (Harold Foster): abuztuaren 25ean, osteguna
  29. Roco Vargas - La estrella lejana (Daniel Torres): abuztuaren 26an, osteguna
  30. Flash Gordon II (Alex Raymond): irailaren 1ean, osteguna
  31. Niebla en el puente de Tolbiac (Jacques Tardi): irailaren 2an, ostirala
  32. Mandrake (Lee Falk): irailaren 8an, osteguna
  33. Hellboy - Los lobos de San Augusto (Mike Mignola): irailaren 9an, ostirala
  34. Paracuellos - La carta (Carlos Giménez): irailaren 15ean, osteguna
  35. Garfield (Jim Davis): irailaren 16an, ostirala

Bildumari eta komiki bakoitzari buruzko informazio gehiago "El País"-ek horretarako jarri duen orrian .

Euskarazko komiki bat libre jarri du interneten bere egileak, lehenbizikoz

e-gor 2005/05/13 22:35
Fructuoso eta Harrieten "Justin Hiriart" saileko lehena, "Itsas gorritan"

"Itsas gorritan" albumaren azal frantsesa
Irudia: Fructuoso

Tebeosblog-en bidez jakin dut Francisco Fructuoso murtziarrak bere obrak interneten eskuragarri jartzea erabaki duela. Hasteko, berak eta Gregorio Muro "Harriet"-ek egindako Justin Hiriart saileko lehena, Itsas gorritan izenburukoa, ipini du jaisteko moduan.

80ko hamarkadan Fructuoso eta Harriet-ek euskal bale-arrantzaren inguruan egindako bost kapitulutako komiki-sorta ederra da Justin Hiriart. Hemen euskaraz Ereinek argitaratu zituen (ez dakit bostak atera zituen, baina). Euskaraz gain, gaztelaniaz, frantsesez, portugesez eta danieraz ere argitaratu zen.

Ni aspaldi nenbilen kolekzioa osatu nahian baina bigarrena (Izotzetako tranpa) eta hirugarrena (Sekretua) bakarrik lortu ditut. Orain hori posible izango dut, formato elektronikoan bada ere.

Lehen aldia da euskarazko komiki batekin hau egiten dena, nik dakidala behintzat. Txalotzekoak dira horrelako ekimenak. Internet eta digitalizazioari esker argitaletxe eta ekoiztetxeen interes eta erabaki ekonomikoetatik ihes egiteko aukera dugu. Jada deskatalogatuta dauden komiki edo bestelako lanak interneten jartzea, legala den edo ez argi ez badago ere, zilegi behintzat bada, etxe batek berrargitaratu nahi ez duen zerbait lortzeak ez baitio etxe horri kalterik egiten. Baina hobe egileak berak libre jartzen duenean, Fructuosok edo BBC-k egiten duen bezala. Kulturaren hedapenari lagundu besterik ez dio egiten horrek, eta gurea bezalako kultura txiki bati mesede itzela.

Pega txiki bat bakarrik, ordenagailuan ikusteko NeoBook liburu digital formatuan jarri du interneten, audio eta guzti. Nik neuk nahiago nuke jatorrizko komikia bere horretan jarri izan balu, CBZ edo CBR formatuan, CDisplay (Windows) edo CBView (Linux) programekin ikusi edo inprimatu ahal izateko. Jarri naiz kontaktuan Fructuosorekin, ea kasurik egiten didan...

Denbora-bidaiarien konbentzioa egin dute MIT-en

e-gor 2005/05/12 00:18
...baina ez da inor agertu

Microsiervos-en bidez jakin dut MIT-ek denboran zeharreko bidaiarien konbentzioa antolatu zuela hil honen 7an, baina ez zela denbora-bidaiaririk agertu. Bai, niri ere grazia egin zidan hasieran notiziak, baina pentsatzen jarrita gai serioa izan daiteke...

Hori entzutean lehen erreakzioa barrea da, izan ere, nola pentsa dezake inork denboran zehar bidairik egin daitekeenik gaur egun? Baina ez du zertan orain posible izan: etorkizunean denboran bidaiatzea agian posible izango da, eta etorkizun horretan jakin badakite noiz egin zen lehen konbentzio hori, eta normalena da etorkizuneko denbora-bidaiariek historian egin zen lehen denbora-bidaiarien konbentziora joan nahi izatea...

Eta ez zen denbora-bidaiaririk agertu, edo, antolatzaileen esanetan, behintzat inork ez zuen bere burua horrela agertu publikoki, agian norbait agertu zen baina incognito, etorkizunari buruzko galderak saihestearren.

Serio jarrita, hainbat gogoeta datozkit honen inguruan. Eta arrakasta izan balute? Bidaiari bat edo batzuk agertu izan balira, egun historikoa izango litzateke... Baina bestalde, geroan bidaiok posible badira, zergatik ez dira lehenago ere agertu?

Agian bidaiok posible dira etorkizunean baina isilean egiten dira, historia ez aldatzeko edo paradoxarik ez sortzeko. Edo bestela denbora-bidaiak etorkizunean ere ez dira inoiz posible izango. Azken hau kezka sortzeko modukoa da... Zaila egiten zait sinestea denborarekin hori asmatuko ez denik, eta beraz inoiz ez badugu denbora-bidairik egitea lortzen, esan nahi du denbora nahikoa ez dugula izan. Beraz, gizadia etorkizun hurbilean amaitu egingo dela esan nahi du?

Tira, dramatiko ez jartzeko azalpen asko egon daiteke. Agian fisikaren legeek aginduta ez da posible hori egitea. Agian asmatzen dute baina debekatu, historia ez aldatzeko. Edo agian asmatu dute, iraganera bidaiatu dute eta historia aldatu dute, eta gu orain aldatutako historian bizi gara, eta gure etorkizun honetan ez da denbora-bidairik asmatuko. Edo iraganera bidaiatu zen eta historia aldatu zen, eta guk bizi dugun hau ez da benetako historia, aldatuta eta bidetik kanpo gelditu zen bat baizik. Edo denbora-bidaiariak badaude, baina denbora-polizia ere bai hauei jarraitzeko publikoan ager ez daitezen edo historia alda ez dezaten. Edo...

Gai liluragarria denboran zehar bidaiatzearena, inondik ere.

Firefox eta bere plugin zoragarriak

e-gor 2005/05/11 22:21
"Down Them All" plugina

Bada denbora dezente interneten nabigatzeko Firefox nabigatzaile librea erabiltzen dudala, eta oso gustura nago berarekin. Eta bere plugin batzuk ere instalatuta ditut, asko oso interesgarriak baitira. Baina lehengo baten are txundituago utzi ninduen: banuen eginbehar bat, zeina burutzeko hainbat programa probatu nituen (batzuk ordainpekoak ere!) eta guztiek kale; bada, azkenean Firefox-en plugin batek konpondu zidan arazoa!

Duela hilabete pare bat interneten izan nuen Alacant-eko mutil batek aurrera daraman proiektu oso interesgarri baten berri, eta berarekin kolaborazio txiki bat egiten hasi nintzen (idatziko dut laster proiektu horri buruz). Baina horretan laguntzeko, zerbitzari batetik fitxategi mordoa jaitsi behar nituen. Zerbitzaria ez zen berea eta posible izatekotan nahiago zuen niretzako FTP kontu bat ez eskatzea. Beraz, fitxategi horiek jaisteko HTTP zerbitzariak eskaintzen zuen index orrira joan eta esteketan klik eginez banan-banan jaitsi behar nituen.

Banekien, lehenago ere erabili izan dudalako, horrelako gauzak egiteko badaudela programak. Web helbide bat ematen diozu programari eta bertako esteka guztiak bilatzen ditu. Gero horietatik batzuk edo guztiak aukeratzen dituzu, eta berak esteka horiek seinalatzen dituzten fitxategiak jaisten ditu. Hau oso interesgarria da lehen aipatutako kasurako (HTTP zerbitzari bateko karpeta baten dauden fitxategiak erakusten dituen index orri bateko fitxategiak jaisteko), baina baita beste batzutarako ere. Adibidez, argazki asko dituzten guneetan oso ohikoa da index orri bat egotea argazki txiki edo thumbnail-ekin, eta berauek argazki handirako esteka izatea. Ba horrelako batekin argazki guztiak jaitsi daitezke kolpe bakar baten.

Nik horrelako gauza batzuk egiteko aspaldi Go!Zilla erabili nuen, bere Leech funtzioaz baliatuz. Baina jada zaharkitua zegoelako edo, ez zidan web gune honekin funtzionatu. Eguneratzen saiatu nintzen, baina orain ordainpekoa dela ikusi nuen (adware-a zeukan lehen, orain kendu egingo zioten horrek ematen duen izen txarragatik). Pirateatzen hasi aurretik, beste bat probatzea erabaki nuen, GetRight, baina hau ere ordaindu behar. Doako bat bilatu, aurkitu eta jaitsi nuen, Free Download Manager, baina ez zuen egiten nik nahi nuena.

Desesperatzen hasia nengoenean, argitxoa piztu zitzaidan. Ez al da Firefox-erako plugin bat egongo hori egiten duena? Hara joan eta bingo! Download Tools ataleko lehenengoa probatu, Down Them All, eta di-da batean jarri nituen automatikoki jaisten 400 fitxategitik gora!

Firefox-en plugin-ak eskura izanik, gauza bera egiten duten beste programak ordainpeko bihurtu dituzten enpresa horien alde ez nuke txakur txikirik ere jokatuko...

Oraindik Firefox probatu ez baduzu, egin ezazu lehenbailehen, ez zara Internet Explorer-era bueltatuko. Eta Firefox erabiltzailea bazara, eman bueltatxo bat plugin-en orritik eta probatu itzazu batzuk, ez zaizu damutuko!

Urtebetetzeko komiki-opariak (eguneratzea)

e-gor 2005/05/07 00:11
Komiki gehiago jaso ditut!

Aurreko astean komentatu nizuen ba nola nire neskalagunak komiki eder batzuk oparitu zizkidan? Ba hori kontsolazio-oparia besterik ez omen zen! Bere asmoa beste komiki batzuk oparitzea zen eta aurkitu ez zituelako ekarri zizkidan horiek... Eta gaur ez zait ba besteekin etorri!

Bere asmoa, esan nizuen moduan, aurten Angoulêmeko festibala irabazitako Marjane Satrapi-ren Poulet aux prunes oparitzea zen, baina ez zuen aurkitu. Nik komentatu nuen ez nuela uste Espainian argitaratu zenik, baina berak bazekien, nik baino hobeto jakin ere, baietz, berriki aterea zela. Horretarako al nago komikiei buruzko hainbeste blogetara harpidetuta, gero horrelakoetaz ez enteratzeko? Edo agian justu horregatik da, hainbeste berri izaten ditut irakurtzeko, "Avance Novedades Editorial Norma Abril" modukoei ez diedala kasurik egiten!

Kontua da "Donostiako Armageddon Comics" dendara joan zela hori erosteko asmotan eta han esan ziotela oraindik ez zeukatela, nire urtebetetzearen hurrengo egunean ekarri behar zietela. Gauzak horrela, aipatu nizkizuen hiru marabillak erosi zizkidan. Baina horrekin pozik gelditu ez eta gaur berriz joan da eta erosi dit Pollo con ciruelas.

Horrez gain, esan dit: "eta jada han nengoenez, beste bat erosi nahi izan dizut, ez dakit gustatuko zaizun...". Eta ez dit ba Alan Moore handiaren, Watchmen perfektuaren egilearen, From Hell ekarri! (izenburua ingelesez mantentzen badu ere, gaztelaniazko bertsioan ekarri dit)

Pufff!!! Zer gehiago eska dezake pertsona batek bere urtebetetzerako?

PS.: Aurreko post-ean zoriontze-erantzun mordoa jaso eta gero, nik ere erantzun nuen nire asmoa hori ez zela adieraziz eta nire lotsa agertuz euskal blogosferako "kronika arrosa" estreinatu ote nuelako... Beno, ba ez, aurkitu dut horren moduko post bat baina zaharragoa: Mikel Larreategi "erral"-ek egin zuen 15 egun lehenago.

PPS.: Neskalagunak beti asmatzen du opariekin eta kristorenak egiten dizkit, eta ni desastre hutsa naiz... Azken honek gainera hurrengoan zerbait oso ona egiteko erantzukizuna sortu dit... Iradokizunak onartzen ditut, edo hobe esanda eskertuko nituzke. Kontaktu orriaren bidez, mesedez, bloga irakurri egiten baitu.

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
  • Harpidedunak:
  • e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste) RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Twitter-en jarraitu:
  • Erantzunen harpidetza
  • Harpidedunak:
  • RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Artxiboa
    2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017
    Artikulu aipagarriak

    MythTV sorta
    2004/11

    "Pololoak" sorta
    2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

    Monoblogoa
    2005/01/11

    "Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
    2005/01/25

    Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
    2005/04/18

    Firefox eta bere plugin zoragarriak
    2005/05/11

    "El País"-en komiki bilduma
    2005/05/15

    Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
    2005/05/25

    "Watchmen" sorta
    2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

    "La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
    2005/11/08

    "Goienkaria"-n agertu naiz
    2005/12/08

    Komikiak eta euskal rock-a
    2005/12/14

    Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
    2006/01/02

    Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
    2006/02/01

    "Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
    2006/08/05

    Argazkigintza eta DRM-a
    2006/10/09

    Paul Auster eta Euskararen Herria
    2006/10/29

    Angoulême sorta
    2007/01-02

    Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
    2007/04/23

    Hergé-ren defentsan
    2007/05/22

    Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
    2007/07/02

    OLPC sorta
    2007/12 - 2008/01

    Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
    2008/02/05

    Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
    2008/03/11

    Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
    2008/08/04

    "Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
    2008/08/25

    "Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
    2008/09/17

    "Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
    2008/10/14

    Pottokiek 50 urte!
    2008/10/22

    Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
    2008/11/12

    Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
    2008/12/04

    "Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
    2009/01/23

    I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
    2009/04/16

    Elkarrizketa egin didate 7K-n
    2009/06/03

    Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
    2009/10/06

    Asterix, heroi garaitua
    2009/10/29

    "Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
    2009/11/13

    Pololoak 3: The making of
    2009/11/22

    5 urte 5!
    2009/12/15

    Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
    2009/12/20

    "Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
    2010/01/13

    Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
    2010/01/19

    Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
    2010/01/27

    Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
    2010/02/09

    e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
    2010/05/20

    Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
    2010/06/02

    "Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
    2010/07/22

    Sistema eragileen guda berria
    2010/12/14

    Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
    2010/12/27

    Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
    2011/01/10

    "Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
    2011/01/13

    Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
    2011/01/27

    "Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
    2011/02/20

    Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
    2011/03/21

    Sare sozialetan preso
    2011/04/06

    Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
    2011/10/14

    Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
    2011/11/04

    Euskarazko 8 komiki berri
    2011/12/02

    Social networks killed the RSS star?
    2012/06/10