Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

II. Donostiako Komiki Jardunaldiak

e-gor 2005/10/26 17:24
Urriaren 29tik azaroaren 25era izango dira, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XVI. Asteak antolatuta

"Euskadi fantastikoa I" erakusketaren kartela
Irudia: Iñaki G. Holgado

Urriaren 29tik azaroaren 5era Donostian izango den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XVI. Astea-ren barruan II. Donostiako Komiki Jardunaldiak antolatu dituzte, urriaren 29tik azaroaren 25era izango direnak. Aurten lau erakusketez osatua egongo da: "Zientzia fikzio eta fantasiazko komikiaren antologia", "Euskadi fantastikoa I", "30 urte Carlos Megliarekin: heroiak eta antiheroiak" eta "Arthur Suydamen gogoan barrena".

Iaz antolatu zituzten lehen aldiz jardunaldiok. Orduko erakusketak "Las mil y una sonrisas de Enrique Ventura", "Sergio Bleda: pesadillas y ensoñaciones", "José Luis Macías: ilustrando el futuro" eta "Antología del cómic español de ciencia-ficción" izan ziren.

Aurtengo erakusketetatik, "Zientzia fikzio eta fantasiazko komikiaren antologia" izenekoa Intxaurrondoko Larrotxene Kultur Etxean izango da. Bertako paneletan Flash Gordon, Marvel eta DC etxeetako heroiak, Hayao Miyazaki, Moebius, Métal Hurlant edo Epic Illustrated moduko argitalpen mitikoak, manga edo bande dessinée bezalako generoak, Jeff Hawke, Winsor McCay, Jack Kirby, Alberto Breccia, Suehiro Maruo, Regis Loisel, Horacio Altuna eta abar ikusiko ahal izango dira.

"Euskadi fantastikoa I" erakusketak euskal komikiari eskainitako erakusketa-ziklo bati hasiera ematen die, eta Ernest Lluch Kultur Etxean (zeinaren zuzendari Mikel Iturria Eibar.org blog komunitateko kidea den; bide batez, mila esker informazio eta laguntzagatik Iturri! ;-) eta Príncipe Zinemetan egongo da. Aurtengo edizioa bi egiletan zentratuko da, José Angel Labari Jali eta Iñaki G. Holgado. Horrez gain, espazio bat dedikatuko zaio Príncipe Zinemetan Ikastolen Elkarteak egiten duen Xabiroi aldizkariari (blog honetan komentatu genizuen zerbait aldizkari horri buruz).

"30 urte Carlos Megliarekin: heroiak eta antiheroiak" erakusketak, bere izenak dioen bezala, Carlos Meglia argentinarraren lana erakutsiko digu Okendo Kultur Etxean eta "Arthur Suydamen gogoan barrena" izenekoak, aldiz, pintura klasikoa komikian barneratzen aitzindari izan zen Arthur Suydam ezagutaraziko digu Udal Liburutegi Nagusian eta Vito 021 galerian.

Ikusten duzuenez, oso erakusketa interesgarriak. Hala ere, nik pegatxo bat aurkitzen diot: dispertsioa, hau da, hain urruti dauden lau aretotan izatea. Anoeta, Intxaurrondo, Boulevard-a, Gros... Donostiara horiek ikustera joateko arratsaldetxo bat libratuta, zaila da (edo behintzat estresantea, ziur) guztiak ikusi ahal izatea...

Hona hemen erakusketen egutegi, helbide eta ordutegiak:

ARTHUR SUYDAMEN GOGOAN BARRENA

Udal Liburutegi Nagusia

  • Urriaren 29tik azaroaren 5era: 10:00 - 20:30
  • Azaroaren 7tik 25era: astelehenetik ostiralera 10:00 - 20:30, larunbata 10:00 - 13:30 / 16:30 - 20:30

Vito 021 Galeria

  • Urriaren 31tik azaroaren 25era; astelehentik ostiralera (jaiegunak izan ezik) 17:00 - 20:00

30 URTE CARLOS MEGLIAREKIN: HEROIAK ETA ANTIHEROIAK

Okendo Kultur Etxea

  • Urriaren 29tik azaroaren 5era: 10:00 - 14:00 / 16:00 - 20:30
  • Azaroaren 7tik 25era: astelehenetik larunbatera 16:30 - 20:30

EUSKADI FANTASTIKOA I

Ernest Lluch Kultur Etxea

  • Urriaren 29tik azaroaren 5era: 10:00 - 14:00 / 16:00 - 20:30
  • Azaroaren 7tik 25era: astelehenetik larunbatera 16:30 - 20:30

Príncipe Zinemak

  • Urriaren 29tik azaroaren 25era: 17:00 - 22:30

ZIENTZIA FIKZIO ETA FANTASIAZKO KOMIKIAREN ANTOLOGIA

Larrotxene Kultur Etxea

  • Urriaren 29tik azaroaren 5era: 10:00 - 14:00 / 16:00 - 20:30
  • Azaroaren 7tik 25era: astelehenetik ostiralera 16:30 - 20:30

Asterix-en azken albumaren iruzkina

e-gor 2005/10/21 14:19
Aurreikuspenik okerrenak bete dira...

Asterix-en azken albumaren bineta bat
Irudia: Uderzo

Asterix-en azken albumaren inguruan montatu duten kanpaina mediatikoaren inguruan ez nuen idatzi nahi, baina jada bi artikulu idatzi ditut (hemen eta hemen) eta beste bat ere bai orain! Ostiralean jarri zen salgai ditxosozko albuma, nik supermerkatu baten irakurri dut eta hemen duzue horren inguruko komentarioa. Aipatutako aurreko post horietan Goscinny lehengo gidoilaria hil zenetik eta Uderzo-k gidoiak egiten dituenetik albumek asko-asko galdu dutela nioen (batez ere azken zenbakietan), baina esperantzarako leiho bat zabalik uzten nuen, titulua ez baitzen txarra... Ba kaka! Azken abentura hau guztiz eskasa da, aurretiko azkenak baino are txarragoa.

Hasteko, istorioa bera tontakeria hutsa iruditzen zait. Uderzok estralurtarrak sartu ez ditu ba! Goscinnyren gidoietan erromatarren garaiko egoera eta toki ezberdinak erretratatzen ziren, ederto asko gainera. Uderzoren gidoi batzuetan ere ideia nagusia ez da txarra izan, nahiz eta gero istorioa ongi garatzen ez duen jakin. Baina oraingo honetan iparra guztiz galdu du, Asterix-en beste istorio guztien azpian dagoen osotasun edo koherentzia hori hausten duela uste dut.

Horrez gain, istorioaren azpian dagoen mezua dago. Goscinnyren istorioetan mundu tradizionala vs. modernoaren burruka dago sakonean (bariante askorekin, batzuetan balore frantsesen aldeko apologia ere badago balore amerikarren aldean; eta euskaldunon ikuspegitik ere burujabetza vs. inperialismoa antzeman ohi da), eta balore batzuk goraipatzen dira (laguntasuna...) beste batzuen aldean (merkantilismoa...). Uderzok gauza bera egin nahi izan du eta ez du asmatu. Hau da istorioa: etorritako estralurtarrak Dyswaltlandia planetakoak dira, eta galiarrei edabe magikoa kendu nahi diete beren etsai diren Namgek eskura ez dezaten; azkenean, beti bezala, galiarrak garaile. Defendatu beharreko balore moduan komiki franko-belgiarra agertu nahi izatea... Oso kausa pobrea iruditzen zait. Berez komiki europarra amerikarra edo japoniarra baino hobea dela suposatzea oso txobinista da. Hori demostratu egin behar da, eta komiki honek ez du horretan laguntzen prezisamente...

Gainera, moraleja edo mezua iradoki egin behar da, zuzen-zuzenean agertu barik. Goscinnyk oso sotilki iradokitzen zituen bere istorioaren moralejak, eta Uderzok aldiz oso modu zakarrean. Estralurtarren izenak ez baditu batere disimulatzen, horien itxurak ikusi beharko zenituzkete! Mickey Mouse, Superman, Mazinger Z eta horrelakoetan inspiratu baino gehiago egiten da, eta inspirazio edo omenalditik kopia hutsera dagoen lerroa oso fina izan ohi da.

Istorioaren garapena bera ere ez da libratzen. Haria eta bertan egiten diren txisteak Obelix-en galera eta Asterix eta Latraviata albumetan bezain infantil eta burugabekoak direla esatearekin...

Laburbilduz, oso album txarra. Iritzia orokorra da komikiei buruzko blog guztietan. Adibide gisa, irakurri hemen La cárcel de papel-en egin dioten komentarioa.

Eta hain txarra den arren, eta tristea bada ere, euskaraz atera dadin aldarrikatu beharrean gaude berriz ere (oraingoz gaztelaniaz soilik atera da). Txarra izanagatik ere, aurrez ziurta daiteke hit bat izango dela, gutxienez haur eta gaztetxoentzat asko salduko dela, eta horrelakoak ere ez badira euskaraz ateratzen, nola espero dezakegu beste komiki batzuk euskaraz irtetzea? Eta orduan, euskal haurrak komikiak irakurtzeko erdaretara jo beharrean aurkituko dira...

Fitxa

Izenburua: El cielo se nos cae encima (Asterix 33)

Gidoia eta irudiak: Albert Uderzo

Argitaletxea: Salvat

Urtea: 2005

ISBN: 8434504014

"Watchmen" 1923tik hona ingelesez idatzitako 100 nobela onenen artean, "Time" aldizkariaren arabera

e-gor 2005/10/21 14:10
Nobelen zerrendan komiki bat sartu dute!

"Watchmen"-en azala
Irudia: Dave Gibbons

Berriz ere La cárcel de papel-en bidez jakin dut Time aldizkari entzutetsuak 1923tik hona ingelesez idatzitako 100 nobela onenen zerrenda egin duela, eta bertan komiki bat sartu dela: Alan Moore gidoilari handiaren eta Dave Gibbons irudigilearen Watchmen maisulana, zein bestela? Nobela grafiko zoragarri horretaz duela gutxi egin nizuen berba blog honetan, inoizko komikirik onena bezala aurkeztuz, eta horra non denborak (Timek ;-) arrazoia eman didan.

Zerrenda ordenik gabe eman dute Time-en, baina webgunean irakurleek euren puntuazioa eman dezakete, eta puntuazio horren araberako sailkapenean 8. postuan ageri da Watchmen une honetan, eta duela egun batzuk 3. ere egon zen!

The Lord of the Rings nire beste nobela gogokoenetako bat ere hirugarren postuan dago orain, duela gutxi lehena egon ondoren. Pixka bat harritzekoa ere bada, zerrendako beste obren itzala ikusita. Ez dut esan nahi Watchmen edo The Lord of the Rings-ek merezi ez dutenik, baina agian komikien eta genero fantastikoaren zaleak gazteagoak garela eta interneten gehiago ibiltzen garela izango da?

Bide batez, Sir Arthur Conan Doyle-ren Sherlock Holmes liburuen zerrendan laugarren postuan daukala esango dizuet, nik ere asko atsegin dudan liburu bat, blog honen irakurleek jakingo duzuenez (bestela irakurri hau, hau eta hau).

Zerrenda honek zein kultura gutxi dudan konturatzeko balio izan dit, izan ere zerrenda horretako 8 besterik ez ditut irakurri ! (beste mordoska baten filmak ikuisi ditut, baina ez da gauza bera): George Orwell-en Animal Farm, Raymond Chandler-en The Big Sleep, Evelyn Waugh-en Brideshead Revisited (hau nire liburu eta telebistako serie gogokoenetako bat da), J. D. Salinger-en The Catcher in The Rye, F. Scott Fitzgerald-en The Great Gatsby, J. R. R. Tolkien-en The Lord of the Rings, Ernest Hemingway-ren The Sun Also Rises eta Alan Moore eta Dave Gibbons-en Watchmen.

Eta kasualitatea, zortzi horietatik guztiak ingelesez ditut irakurriak, Watchmen izan ezik. Ingelesez irakurtzeko aukera ona izan daiteke (entzuten, Olentzero? ;-) oraintsu atera den Watchmen: The Absolute Edition, Watchmen-en 20. urteurrenaren karira ateratako luxuzko edizio berezi bat, zirriborroak eta horrelako estra pilo batekin...

(eta hau kontatzeak pozten ez nauen arren, zintzoa izan beharra daukat eta kontatuko dizuet, baina ez inori esan e!: mihi gaiztoek diote 75 dolar balio dituen edizio berezi hau ateratzea ez ote den izango Time-ek Watchmen zerrenda horretan sartu izanaren arrazoia, Watchmen-en argitaletxe DC Time-en talde berekoa baita...)

Jean François Sauré eta Astiberri euskal komiki argitaletxeei elkarrizketa bana "Argia" eta "The Balde"-ren azken aleetan

e-gor 2005/10/20 17:24
Komikiak euskaraz ere argitaratzen dituzte, Sauré-k batez ere

Euskarazko komiki gehien argitaratzen duen Sauré argitaletxeko jabe, editore eta arima den Jean François Sauré-ri elkarrizketa interesgarria egin diote Argia aldizkarian.

The Balde aldizkariaren azken alean, berriz, Bilboko Astiberri argitaletxekoei egin diete elkarrizketa.

Sauré-k komiki asko ateratzen ditu euskaraz, dozenerdi bat-edo urtean. Itzulpenak eta baita bertako produkzioa ere. Eskertzekoa da argitaletxe honek euskarazko komikien alde egiten duen lana, baita harrigarria ere. Izan ere, komiki argitaratzaile frantses bat komikiak euskaraz kaleratzen ikustea ez da oso normala... Elkarrizketak argitzen du arrazoia. Sauré oso tipo jator eta interesgarria iruditu zait. Komikiekiko pasioa dario Sauréri elkarrizketa guztian zehar, eta ziur naiz egiten duena horregatik egiten duela, komikiekiko maitasunagatik (ez dut uste aberasteko asmoekin hurbiltzen denik inor euskarazko komikien mundura!). Horrez gain, hemen egin izan dugun eta egiten dugun komikien inguruko erreibindikazio ugari egiten ditu. Benetan, horrelako ero zoragarri gehiago behar ditugu...

Astiberri argitaletxea berriagoa da, baina bide onean doaz. Hainbat sari eraman zituzten Bartzelonako Nazioarteko Komiki Jaialdiaren azken edizioan, blog honetan bertan Patxi Lurrak esan zigunez. Tartean Raquel Alzate barakaldoarrak lortutako egile berriaren saria Cruz del Sur lanagatik.

Amaitzeko eta bide batez, duela bi urte baino gehiago The Balde aldizkarian Sauréri egindako beste elkarrizketa bat irakur dezakezue hemen.

"Little Nemo"-k 100 urte!

e-gor 2005/10/20 17:09
Larunbatean bete zuen mendea Winsor McCay-ren pertsonaiak

"Little Nemo"-ren azal bat
Irudia: Winsor McKay

Little Nemo in Slumberland Winsor McCay-ren komiki-bandak 1905eko urriaren 15ean ikusi zuen argia lehen aldiz New York Herald eta William Randolph Hearst-en New York American egunkarietan, beraz larunbatean 100 urte bete zituen.

Genero bezala komikia "ofizialki" sortu zenetik 10 urtera (1895ean ateratako Richard F. Outcault-en The Yellow Kid komikia hartzen da holakotzat, hor agertu baitzen lehen aldiz bunbuilo edo bocadilloa) argitaratutako komiki honek haur baten, Nemo txikiaren, ametsak kontatzen ditu. Baina ez zen haurrentzako moduko komikia. Surrealista eta iluna ere bazen sarritan.

Little Nemo komikien historiako maisulanik handienetakoen artean jarri ohi da. La cárcel de papel komikiei buruzko blog zoragarriaren editore Álvaro Pons-ek, adibidez, bere kuttunenen artean bigarrena du. Pons-en Little Nemori buruzko post oso interesgarria irakur dezakezue hemen.

Eta webgune horretan bertan diotenez (hemen eta hemen), Little Nemoren ohoretan omenaldi-liburu bat atera dute, munduko komikigile eta komikiei buruzko aditu ezagunenetako askoren partehartzearekin. Komikigileen zerrendan, adibidez, Art Spiegelman, Bill Watterson, Moebius, Katsuhiro Otomo eta Miguelanxo Prado daude. Modu ederra duzue, beraz, mendeurrena ospatzeko.

Zorionak Nemo!

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
  • Harpidedunak:
  • e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste) RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Twitter-en jarraitu:
  • Erantzunen harpidetza
  • Harpidedunak:
  • RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Artxiboa
    2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017
    Artikulu aipagarriak

    MythTV sorta
    2004/11

    "Pololoak" sorta
    2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

    Monoblogoa
    2005/01/11

    "Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
    2005/01/25

    Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
    2005/04/18

    Firefox eta bere plugin zoragarriak
    2005/05/11

    "El País"-en komiki bilduma
    2005/05/15

    Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
    2005/05/25

    "Watchmen" sorta
    2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

    "La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
    2005/11/08

    "Goienkaria"-n agertu naiz
    2005/12/08

    Komikiak eta euskal rock-a
    2005/12/14

    Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
    2006/01/02

    Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
    2006/02/01

    "Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
    2006/08/05

    Argazkigintza eta DRM-a
    2006/10/09

    Paul Auster eta Euskararen Herria
    2006/10/29

    Angoulême sorta
    2007/01-02

    Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
    2007/04/23

    Hergé-ren defentsan
    2007/05/22

    Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
    2007/07/02

    OLPC sorta
    2007/12 - 2008/01

    Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
    2008/02/05

    Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
    2008/03/11

    Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
    2008/08/04

    "Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
    2008/08/25

    "Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
    2008/09/17

    "Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
    2008/10/14

    Pottokiek 50 urte!
    2008/10/22

    Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
    2008/11/12

    Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
    2008/12/04

    "Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
    2009/01/23

    I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
    2009/04/16

    Elkarrizketa egin didate 7K-n
    2009/06/03

    Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
    2009/10/06

    Asterix, heroi garaitua
    2009/10/29

    "Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
    2009/11/13

    Pololoak 3: The making of
    2009/11/22

    5 urte 5!
    2009/12/15

    Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
    2009/12/20

    "Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
    2010/01/13

    Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
    2010/01/19

    Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
    2010/01/27

    Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
    2010/02/09

    e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
    2010/05/20

    Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
    2010/06/02

    "Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
    2010/07/22

    Sistema eragileen guda berria
    2010/12/14

    Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
    2010/12/27

    Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
    2011/01/10

    "Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
    2011/01/13

    Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
    2011/01/27

    "Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
    2011/02/20

    Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
    2011/03/21

    Sare sozialetan preso
    2011/04/06

    Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
    2011/10/14

    Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
    2011/11/04

    Euskarazko 8 komiki berri
    2011/12/02

    Social networks killed the RSS star?
    2012/06/10