Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Marjane Satrapi, berriz irabazle Angoulêmen

e-gor 2005/01/28 09:53
"Poulet aux prunes" bere lanak irabazi du aurten album onenaren saria

"Poulet aux prunes"-en azala
Irudia: Marjane Satrapi

Aste honetan bertan idatzi dut blog honetan Marjane Satrapiren "Persepolis" lanari buruzko artikulu bat, lehenago Angoulêmen gidoi onenaren saria irabazitakoa. Ba oraintxe bertan jakin dut bere azken lanak, "Poulet aux Prunes"-ek, irabazi duela aurtengo sari nagusia, album onenari ematen diotena.

Atzo gauean izandako sari banaketan bertan jakinarazi zuten izendatutakoen artetik nor den irabazlea, Oscarren antzera. Ekitaldiak ere Oscarren itxurakoa dirudi, argazkiaren arabera... Behintzat "Persepolis" komikiko Marjane protagonistaren benetako aurpegia ikusi ahal izateko balio digu!

Satrapi saria jasotzen
Irudia: www.bdangouleme.com

Ea noiz dudan aukera lan berri hau irakurtzeko. Ez dut uste oraindik Espainian eta gaztelaniaz argitaratu dutenik, baina Hendaia hortxe bertan daukat, eta bestela eMule hor dago...

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna

e-gor 2005/01/25 00:00
Iraneko azken hamarkadetako historia komiki autobiografiko ederrean

"Persepolis"-en azala
Irudia: Marjane Satrapi

Duela gutxi eskuratu nuen Marjane Satrapiren "Persepolis" obraren 4. tomoa, eta serie osoa berrirakurtzeko aprobetxatu dut. Lan ederra eta sakona da oso, haur baten ikuspegi inozentetik Iraneko azken 30 urteotako historia, politika eta gizarte mailako kontu gogorrak ezin hobeto kontatzen dituena. 2002. urtean Angulemako komiki-azokan gidoi onenaren saria irabazi zuen.

"Persepolis" lana Marjane Satrapiren komiki autobiografikoa da. Iraneko kapitalean, Teheranen, jaio zen Marjane, eta bere bizitza ezin da ulertu bere herriaren testuinguru historiko eta politikoan ez bada. Honela, bere bizitza berak gogoratzen duen unetik (6 urte inguru zituenetik edo) kontatuz, Iraneko azken 30 urteen historia gogorra kontatzen du: diktadura, iraultza, errejimen integrista, Irakekiko gerra...

Istorioa, baina, haur baten (bera halaxe baitzen) ikuspegitik kontatzen du, haur batek soilik izan dezakeen ikuspuntu xalotik. Baina xalotasun horretatik gauza sakon eta gogorrak deskubritzen ditu, eta dizkigu. Asko pentsarazten digu eta hausnarketa sakonak eragin. Istorio arras hunkigarria da, une askotan negar eragiten duena.

Irudiak ere gidoia bezalakoxeak dira, sinpleak baina asko gordetzen dutenak. Sinpletasun ikaragarrizkoak, haur batek marraztuak balira bezala, txuri eta beltz hutsean. Ez baita gehiago behar benetako bizitzako istorio errealak kontatzeko, eta agian txuri-beltz hori delako kontakizun krudel horiek kontatzeko modurik onena.

Persepolis komikiko orri bat
Irudia: Marjane Satrapi

Lehen eta bigarren tomoetan Marjanek bere haurtzaroa kontatzen digu. Marjaneren familia diruduna, ikasia eta modernoa da. 70eko hamarkadako Sha-ren diktaduran errejimenaren aurka daude, ezkerrekoak izaki (horren kontraesan guztiak ere azalerarazten ditu Marjik). Euren ingurukoek jasandako krudelkeriak kontatzen ditu. Iraultzak irabaztean, euren esperantzak zapuztuta ikusten dituzte, errejimen berria erlijioaren integristek osatzen dutela ikustean. Orduan garai are gogorragoak hasten dira, errepresioa eta Irakekiko gerrarekin. Marjane txikiak ez du bere ingurua ulertzen eta bere aurka altxatzen da.

Hirugarren tomoan gurasoek Marji Europara bidaltzen dute, bizimodu duina eta arriskutik librea izan dezan. Austrian pasatuko du bere nerabezaroa, baina bertako bizimodua ere ez zaio erraza egiten. Gure gizartearen kontraesan ugari erakusten ditu. Bere haragitan bizitzen ditu kanpotarrekiko mespretxua batzutan, indiferentzia beste batzuetan eta exotikoarekiko miresmen/adeitasun faltsua bestetan.

Hirugarren tomoaren amaieran Marjane Iranera itzultzen da, eta badirudi hor bukatzen dela serie guztia, lehen tomoa hasi zuen irudi berarekin bukatzen baitu hirugarrena, zapiarekin. Baina laugarren tomo bat dago, non Iranen bere heldu bizitza kontatzen duen, azkenean, bertako egoerak asfixiatuta, betirako Europara bizitzera joatea erabakitzen duen arte.

Nik ez ditut atsegin gurea bezalakoa ez diren gizarteei maiz egiten zaizkien kritikak, euren kontestuan kokatu gabe edo euren egoera ulertu gabe, mundua guztia gure parametroen arabera egon beharko balitz bezala. Eta esan dudanagatik agian irudi luke Satrapik Irani egiten dion kritika gogorra jende okzidentalizatuaren ikuspuntu horretatik egiten duela. Ez da horrela. Berak maite du bere herria. Abertzalea da eta erlijiosa ere bada, integrismoa eta errepresioa da kritikatzen duena. Eta horren froga da Europako bizimodua ere asko kritikatzen duela.

Nik lehen bi tomoak izugarri atsegin ditut. Kalitate itzela dute. Haurraren ikuspegi horretatik erabiltzen duen ironia eta kritika oso orijinalak eta sakonak dira. Hirugarren eta batez ere laugarren tomoetan ikuspegi hori galtzen du (derrigorrez), baina hala ere oso ongi eginak egoten jarraitzen dute, eta seriea bere osotasunean ikusita oso ona da. Nire gusturako hirugarrena da agian eskastxoena, ziur aski niretzat ezaguna den gizarte bat deskribatzen duelako eta ez didalako besteek besteko gizarte baten "deskubrimendua" egiten. Edo agian ni ere, munduko pertsona izan nahi arren, sakonean okzidentalizatu dirudun bat besterik ez naizelako eta nire gizartearen kontraesan, miseria eta okerkeriak erakusten dizkidalako izango da?

Lan borobila Marjane Satrapiren lehen obra hau. Bere egilearen azterketa-gaitasun eta maisutasun sakonaz ohartzeko, bereziki gustatzen zaidan pasartetxo iragarle bat (kontuan izan 1999koa dela): 1979an Sha-ren errejimenaren aurkako iraultzak irabazi eta gero, Marji eta bere ama pozik daude eta aitak dio "Ekialde Ertainean petrolioa daukagun artean, ez dugu bakerik ezagutuko".

Fitxa

Izenburua: Persepolis

Gidoia eta irudiak: Marjane Satrapi

Argitaletxea: Norma

Urtea: 2002 - 2003 - 2003 - 2004

ISBN: 84-8431-561-4 - 84-8431-562-2 - 84-8431-704-8 - 84-8431-936-9

Monoblogoa

e-gor 2005/01/11 22:30
Blogen audientziari buruz

Blog bat idazteak ematen duen satisfazio handiena erantzunak jasotzea da, norbaitek irakurtzen zaituela eta idazten duzuna interesatzen zaiela esan nahi baitu. Nik blog berria martxan jarri nuenean, duela hilabete inguru, erantzun mordoxka eta poz handia jaso nuen. Baina hori izan zen Sustatun iragarri nuelako, eta asko ongi etorri mezuak ziren. Ziurrenik aurrerantzean ez dut erantzun askorik jasoko, eta nire blog hau monoblogoa bihurtuko da.

Normala da hori horrela izatea, ondoko kausak medio:

  • Euskaldunak gutxi gara, euskaldun internautak gutxiago eta blog euskaldunak irakurtzen ditugunak are gutxiago
  • Jende askok ez ditu RSS feed-ak edo Bloglines moduko zerbitzuak ezagutzen; jende horrek blog interesgarri bat aurkitzen badu, nabigatzaileko gogokoen zerrendan gordeko du, eta noizean behin (normalean egunean behin) sartuko da ea ezer berririk dagoen ikustera; ez baduzu maiztasun nahiko handiarekin gauzak argitaratzen, aspertu egingo da eta sartzeari utziko dio; eta nire asmoa hilabetean bizpahiru gauza idaztea denez...
  • Jendeak zure bloga irakurrita ere, irakurleen portzentaje batek soilik dauka erantzuteko ohitura

Horregatik, asumituta daukat nire bloga ia ziur monoblogoa bihurtzera kondenatuta dagoela, blogari euskaldun gehienona bezala. Denborarekin gauza hobetuko den esperantza ere badut, aipatutako lehen eta bigarren puntuak hobetzen doazen neurrian.

Baina feedback-ik ez jasotzea baino okerragoa litzateke irakurri ere inork ez irakurtzea. Eta nik behintzat zalantza hori daukat beti. Inork irakurtzen al nau? Merezi al du idazteko lana hartzea? Izan ere, internetek hori dauka: antzerkian ez bezala, ez dakizu audientziarik duzun ala desertuan predikatzen zabiltzan.

Hori argitu nahian, aipatutako Bloglines zerbitzura jo dut. Zerbitzu honek hainbat blogetara harpidetu eta berauetan artikulu berriak noiz ateratzen diren ikusteko balio du. Eta gainera blog jakin batek zenbat harpidedun dituen ikus dezakegu. Helbide honetan euskarazko blogen zerrenda dago. Eta nik ere neure harpidetza-zerrenda dut, euskarazko hainbat blogez gain gaztelaniazko eta ingelesezko beste batzuekin. Harpidetza-kopuruen azterketa egin eta ondokoak ikusi ditut:

  • Tknika EAEko Lanbide Heziketaren Berriztapenerako Zentroak teknologiari buruz duen blog bat da, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak dituena; bada, Harry Potter filmaren emisioak ez bezala, euskarazko bertsioak gaztelaniazkoak baino harpidedun gehiago ditu, 25 euskarazkoak eta 8 gaztelaniazkoak! Honen arrazoia, dudarik gabe, Sustatu, CodeSyntax eta Eibar.org-ek osatzen duten Hirutasun Santuak (hauek ere, kristau erlijioaren hirutasuna bezala, hiru eta bat dira aldi berean, inork hori nola den ongi ulertzen ez dugularik) euskaldunon artean internet, teknologia berriak, blogak, RSS jarioak eta Bloglines promozionatzen egindako lan eskerga da. Eskerrik asko, beraz.
  • Aurrekoa konfirmatzeko konpara ditzakegu Sustatu eta Barrapunto-ren harpidedun kopurua: 61 eta 615 hurrenez hurren. Bi webguneak antzekoak izanik (Barrapunto teknikoagoa eta Sustatu kulturazaleagoa diren arren), harpidedun kopuruok ez dira inola ere euskara eta gaztelaniaren hiztun kopuruekiko proportzionalak.
  • Nire blogera 18 daude harpidetuta; beraz, badakit gutxienez horrenbestek irakurtzen nautela (espero dut gehiago izango direla, Bloglines erabiltzen dutenez gain), eta hori ez da gutxi! Euskarazko blog pertsonalen ranking-ean 12.a nago 55etik, liderraren (Luistxoren) harpidedunen ia erdiarekin. Gainera, nirea baino askoz lehenagokoak, ezagunagoak, interesgarriagoak eta hobeak diren beste blog batzuen aurretik nago. Ziur hori Sustatun iragarri izanagatik dela. Beraz, bloga lehendik martxan zenuten pionero langile finei gomendatzen dizuet zuen bloga Sustatun anuntziatzeko, ziur harpide kopuruak gora egingo dizuela.

Beraz, artikulua ezkor samar hasi badut ere, bada itxaropenerako tarterik:

  • Badakit 18k behintzat irakurtzen nautela
  • Bloga iragarri eta gero idatzitako artikulu batzuk erantzunak jaso dituzte, beraz, oraingoz ez da monoblogo bat!
  • Euskaldun blogosfera, idazle zein irakurle aldetik, osasuntsu dago, beste hizkuntza batzurekin proportzioan konparatuz
  • Blog fenomenoa orokorrean gora doanez, pentsatzekoa da euskarazkoak ere onera egingo duela

Aurrera, beraz, euskal blogosfera!

Nola hobetu zure COREBlog bloga I: Estiloa aldatzeko aukera

e-gor 2005/01/10 08:47
eibar.org eta goiena.net-eko blogetan aplikatzeko

Artikulu honetan azalduko dut nola lor daitekeen COREBlog produktuan oinarritutako blog baten (eibar.org-eko blog guztiak hala dira) erabiltzaileak estiloa dinamikoki aldatzea, beste blogger batzuek nahi badute egin ahal dezaten.

CSS estilo-orriak lortu edo diseinatu eta COREBlog-era ekarri

COREBlog-ek CSS estilo-orria behar du blogak itxura polita izateko. CSS estilo-orri propioak sortu nahi badituzu, irakurri hau.

eibar.org-en ostatatutako blogek Jeff Hicks-ek egindako hobekuntza bat dute, zeinari esker MovableType 2 blogak egiteko plataformaren CSS orriak erabil daitezkeen. Plataforma hori oso erabilia da, eta beraz estilo-orri mordoa daude eginak berarentzako. Nik MovableStyle.com orritik jaitsi nituen nire orrian ditudanak, eta horrez gain internetetik beste mordoxka bat lortu nuen, "powered by movabletype 2" googleatuz.

Lortutako edo diseinatutako orri horiek gordetzeko COREBlog-en barruan karpeta bat sortzea komeni da, txukuntasunagatik. Nire kasuan css deitu diot. Karpeta horretan CSS orri bakoitzeko DTMLMethod bat sortu behar da, izena style_css + zenbaki bat jarriz bakoitzari (style_css01 lehenari, style_css02 bigarrenari eta abar). DTMLMethod horien izenburua estiloaren izena izango da, eta edukia jaitsitako orria. Estilo-orriek irudiak erabiltzen badituzte, horiek ere sartuko dira karpeta honetan, Image elementu gisa.

Estiloa-aldatzeko aukera

Moduluen karpetan (normalean modules) DTMLMethod berri bat gehituko dugu, eta hau idatziko dugu bertan:

<div class="sidetitle">Itxura aldatu</div>
<div class="side">
<form action="change_style" method="POST">
<select name="new_style">
<dtml-in "css.objectValues('DTML Method')" sort=id>
<option value="<dtml-var "id()[9:]">"<dtml-if "REQUEST.has_key('style')"><dtml-if "id()[9:]==REQUEST['style']"> selected</dtml-if><dtml-else><dtml-if "REQUEST.SESSION.has_key('style')"><dtml-if "id()[9:]==REQUEST.SESSION['style']"> selected</dtml-if></dtml-if></dtml-if>><dtml-var title></option>
</dtml-in>
</select>
<input type="SUBMIT" name="SUBMIT" value="Aldatu">
</form>
</div>

Honek egiten duena da css karpetan dauden style_css izeneko elementu guztien tituluekin aukera-zerrenda bat sortu, defektuz azken aldian aukeratutakoa agertzen delarik markatuta.

Ondoren modules horretako index_htmlan deitu beharko diogu modulu berriari.

Estilo-aldaketa gordetzeko

Gero COREBlog-aren orri nagusian change_style izeneko DTMLMethod bat sortu behar dugu, eta hau idatzi bertan:

<dtml-call "RESPONSE.setCookie('style',new_style,expires='Wed, 19 Feb 2020 14:28:00 GMT')">
<dtml-call "REQUEST.SESSION.set('style',new_style)">
<dtml-call "RESPONSE.redirect(blog_url)">

Honek egiten duena da aukeratutako estiloaren zenbakia erabiltzailearen ordenagailuko cookie baten gorde. Cookie-ak desgaituta dauden kasurako, sesio-aldagai baten gordetzen du (azken honetan ez du aukeratutako estiloa hurrengo sesioan gogoratuko).

COREBlog-i esan aukeratutako estilo-orria erabiltzeko

Blog-eko orri guztiek erabiltzen duten goiburukoan (normalean blog_header) lerro hau jarri behar dugu, dagoena ordeztuz:

<link rel="stylesheet" href="<dtml-var blogurl missing="">/css/style_css<dtml-if "REQUEST.has_key('style')"><dtml-var style><dtml-else><dtml-if "REQUEST.SESSION.has_key('style')"><dtml-var "REQUEST.SESSION['style']"><dtml-else>07</dtml-if></dtml-if>" type="text/css" />

Honek esaten dio nabigatzaileari cookiean edo, ez badago, sesio-aldagaiean gordetako zenbakia duen estilo-orria kargatzeko, eta hauetako bat ere ez badago, defektuzkoa kargatzeko (kasu honetan 07 zenbakiduna).

Eta hau da guztia. On egin!

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
  • Harpidedunak:
  • e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste) RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Twitter-en jarraitu:
  • Erantzunen harpidetza
  • Harpidedunak:
  • RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Artxiboa
    2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017
    Artikulu aipagarriak

    MythTV sorta
    2004/11

    "Pololoak" sorta
    2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

    Monoblogoa
    2005/01/11

    "Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
    2005/01/25

    Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
    2005/04/18

    Firefox eta bere plugin zoragarriak
    2005/05/11

    "El País"-en komiki bilduma
    2005/05/15

    Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
    2005/05/25

    "Watchmen" sorta
    2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

    "La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
    2005/11/08

    "Goienkaria"-n agertu naiz
    2005/12/08

    Komikiak eta euskal rock-a
    2005/12/14

    Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
    2006/01/02

    Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
    2006/02/01

    "Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
    2006/08/05

    Argazkigintza eta DRM-a
    2006/10/09

    Paul Auster eta Euskararen Herria
    2006/10/29

    Angoulême sorta
    2007/01-02

    Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
    2007/04/23

    Hergé-ren defentsan
    2007/05/22

    Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
    2007/07/02

    OLPC sorta
    2007/12 - 2008/01

    Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
    2008/02/05

    Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
    2008/03/11

    Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
    2008/08/04

    "Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
    2008/08/25

    "Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
    2008/09/17

    "Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
    2008/10/14

    Pottokiek 50 urte!
    2008/10/22

    Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
    2008/11/12

    Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
    2008/12/04

    "Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
    2009/01/23

    I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
    2009/04/16

    Elkarrizketa egin didate 7K-n
    2009/06/03

    Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
    2009/10/06

    Asterix, heroi garaitua
    2009/10/29

    "Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
    2009/11/13

    Pololoak 3: The making of
    2009/11/22

    5 urte 5!
    2009/12/15

    Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
    2009/12/20

    "Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
    2010/01/13

    Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
    2010/01/19

    Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
    2010/01/27

    Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
    2010/02/09

    e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
    2010/05/20

    Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
    2010/06/02

    "Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
    2010/07/22

    Sistema eragileen guda berria
    2010/12/14

    Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
    2010/12/27

    Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
    2011/01/10

    "Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
    2011/01/13

    Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
    2011/01/27

    "Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
    2011/02/20

    Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
    2011/03/21

    Sare sozialetan preso
    2011/04/06

    Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
    2011/10/14

    Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
    2011/11/04

    Euskarazko 8 komiki berri
    2011/12/02

    Social networks killed the RSS star?
    2012/06/10