Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ortozik

Besarkadak doan

Asier Arregi 2011/01/24 00:10

Egunotan besarkada ugari jasotzea tokatu zait, eta baita prezio berdinean ematea ere. Jaso barik eman ezin, eta eman barik ezin jaso.

Batzuk fisikoak, beste batzuk birtualak. Batzuk, oso sentituak, hartu-eman sakonean, estuan, beste batzuk laburxeagoak, ikutu eta banatu. Emateko modu asko daude, binaka, hirunaka, gehiagoka (batasun keinuan kiroletan esaterako), aurrez aurre edo alboka, muxu ta guzti edo aurpegien kontaktuan. Estu estua izan, edo piskat hotzagoak, atseginak izan ohi dira. Eta ondo ondo emandakoak direnean, terapeutikoak ere badira abrazoterapia egiten dutenentzat bederen, eta egiten ez dutenentzat baina besarkatzen direnentzat, neurriren baten, baietz seguru.

Besarkada lotsatiagoak ere badira, besoak arkotu baina bihotzen talka eta kontaktua ekiditzen dutenak. Batzutan agian nesken bularraldeak ezar diezagukeen lotsa izan daiteke, baina mutil askorekin ere pasatzen denez, izango dira arrazoi gehiago edo lotsa modu ezberdinak distantzia horiek sortzeko, gertutasun falta, sentimentu gutxiago, enpatia eza, ohiturarik ez... Auskalo. Horrela, baliteke batzutan, sasi-besarkada ere izatea. Egunotan ez dut halakorik sentitu nahiz eta forma guztietakoak izan ditudan, baina inoiz iruditu zait.

Emateko forma fisikoak ez du besarkadaren benetakotasunik bermatzen. Sentimentuak bai. Bihotzetik jaioak izan behar lukete izena merezi izateko, kortesia hutsezkoa edo derrigortutakoa denean gezurretik ere badaukatelako. Ez dakit sasi-besarkada esatea zuzena den, baina ez zait beste ezer bururatzen.

Sasietatik saltoka benetakotasunetik metaforara bidean, besarkatu, hitzekin ere egin daiteke besarkada hitza erabili gabe, baita begiradarekin ere, edo keinu batekin, pentsamenduarekin, musikarekin...Honetara, jarrera batekin zerikusi gehiago izan dezake, eragiketa fisiko konkretu batekin baino. Edozer besarkatzeko jarreran bagina: drogazaleak, putak, asesinoak, aberatsak, pobreak, poliziak, atxilotuak, politikoak, terroristak, bankariak, gaixoak, eroak...edo zergatik ez, mendiak, itsasoak, ibaiak, elurra, euria, basoak, landareak, zuhaitzak, piztiak eta abar besarkatuko bagenitu...paradisuan geundeke.

Gaur bideo honetako lotura bidali didate eta irripar eder batekin geratu naiz.


besarkada haundi bat,

bihotzez

ETXEAREN OSASUNA

Asier Arregi 2011/01/18 12:17
SALUD Y BIOCONSTRUCCION III eta azkena

Hau izan zen blogean idazteari uzteko arrazoi edo aitzakietako bat. Hasierako asmoa euskaraz idaztea zen, baina itzulpengintza oso oso astuna egiten zitzaidan. Gero aurrez gazteleraz egindako lan hau testu dokumentu batetik blog formatu honetara pasatzea, argazkiak, taulak eta abarrak egokitzeak ere zeharo aspertzen ninduen, eta bertan behera geratu zen.

Orain, interesik izan dezakezuenentzat, lana pdf formatuan jeisteko lotura gehitzen dizuet. Lanak bi urte baino gehiago ditu jada eta kontu batzutan atzeratua geratu da, errore txiki batzuk ere badaude tartean, baina tira, gaiari buruzko ideia orokor bat egiteko nahiko ondo dagoela deritzot. Honats:

 SALUD Y BIOCONSTRUCCION1

Ortozik berriz oinez

Asier Arregi 2011/01/17 10:56

Hilabete luzetako geldialdiaren ostean berriro ere martxan jartzeko asmotan hemen naiz. Ia ba, zapata-zapatillen erosotasun arriskutsuan ez naizen ostera erortzen.

Blogaren kontu honekin inongo jarraitasunik ez dut izan. Arrazoi bat edo beste dela, edo aitzakia bat edo beste...errezena egin nuen. Utzi. Zertarako idatzi ere...ez nekien. Beharrik ez nuen ikusten. Orain ere ez dut blog beharrik ikusten, baina hasi naiz.

Eraren baten blog honen hirugarren faseari ekingo diot. Berez, fasea den ere ez dakit, baina bai bigarren ixilaldi luzearen apurtzea. Era kuriosoan bigarren apurketa hau ere egoera pertsonalaren gorabeherek eragindakoa izan daiteke. Eta ni harritzen nauen beste kontu bat, zera da, benetan zapata galtzerdiak kendu eta oin azpiko masaje naturalera, ortozik ibiltzera bueltatu naizela honetan ere. Horretara, beharbada bai, idatzi egin beharko nuke zerbait, barne beharren bat asetzeko, baina ez blog honetan edo ez inorendako, niretzat idatzi eta kitto. Bizitzari buruz, maitasunari buruz, heriotzari buruz gogoa bueltaka ari zaidanean, nolabait, irakurtzeko eta idazteko beharrak sortzen zaizkit.

Kontatzeko ez dakit askorik izango dudan, edo bai, beharbada bai, zertzuk kontatua egongo da. Beste kontu bat izango da hemen agertzen ditudan kontuak inori irakurtzeko atsegin egiten zaizkion edo ez. Edozein pertsonak irakurtzeko moduan agertuko direnez Eibar.org honetan, atsegin edo besteentzat erabilgarri izatearenak, helburu izan beharko luke. Irakurle apur batzuk izanda ere, horietako bakar batzuri erabilgarri suertatzen bazaizkie, idatzitakoen helburu hau betetzat ematen dut. 

 

 

 

 

Aurkezpena

Asier Arregi

eibartarra, 74an jaioa, nekazaritza ingeniaria, geobiologoa, bioeraikuntzan eta elektromagnetismoan aditu eta aritua, geometria zalea, edo auskalo zer...kurrikulumek ordea ezer gutxi balio dute oraina bizitzerako orduan. Beraz, gustoren jarriko nukeena, orainzale, baina hori...ikasteko.