Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Joan Mari Torrealdai, komunikazioaz gehien arduratutako jakintsua

Joan Mari Torrealdai, komunikazioaz gehien arduratutako jakintsua

Amatiño 2020/08/01 12:55
Joan Mari Torrealdai hil da bart. Euskarak eta euskal sustapenak azkenengo berrogeita hamar urteotan izan duen erreferentziarik nabarmenenetakoa. Bai, gutxienez, 1975an. Durangoko Liburu Azokak “Kirikiño” euskal kazetari onenari saria eman zionetik eta, bi urte geroago, “EUSKAL IDAZLEAK GAUR. Historia social de la lengua y literatura vascas” azterketa soziologikoa argitaratu zuenetik.
Joan Mari Torrealdai, komunikazioaz gehien arduratutako jakintsua

Durango, 1975

Gauza asko, eta gogotik, aldatu dira geroztik Euskal Herrian, ordurako Joxe Azurmendik hitzaurrean iragarri bezala. Gogoan ditut Joan Mariri aita hil zitzaionean Foruko jaiotetxean izandako elkarrizketa eta besarkada maitakorrak, hainbat urte geroago Donostiako Jakin aldizkariaren bulegoetako bilerak eta 1982an, Ramon Labaienen onespenaz, Eusko Jaurlaritzaren Euskara Zuzendari izan zedin egin nion proposamena.

Gauza asko aldatu dira, eta ez denak onerako, “ETB simboliza la función moderna del euskera” txostentxoa (1984) bidali zidanetik, orain hurrengo, Joxe Azurmendiren Kongresuan (2019), Xabier Barandiaranek “egungo komunikazio-gizartean ETB anekdota bat” baino ez dela adierazi zuen arte.

Gauza asko aldatu dira, bai, baina, zer gerta ere, Paulo Agirrebaltzategi, Joseba Intxausti eta Joxe Azurmendirekin batera Joan Mari Torrealdaik berak osatzen zuen 1956ko belaunaldiaren ‘corpus’ bateratuak jarraitu izan dio hasierako helburuari eusten, alegia: “euskalduntasunari lehentasuna eman, euskararen eta taldearen independentzian oinarrituta”. 

Ez da batere erraza Torrealdairen lanerako ahalmen joriaren zein ardura kementsuaren emaitza zehatzak zerrendatzea, baina, gizarte-komunikazioaren ikuspegitik behintzat, bere esaldi batek laburbiltzen du nerabetatik erakutsi izan zuen irrika: “Euskal kulturari ikusgarritasuna ematen saiatu naiz”.

Izan ere, zail da, gero, euskal gizartean aurkitzea beste inor, Joan Mari bezain jakitun eta jantzia, komunikazio-arloan hainbeste egin duenik.

Goian bego, Joan Mari.

Torrealdai Joan Mari
Lorea Agirre, Paulo Agirrebaltzategi, Joseba Intxausti eta Joxe Azurmendirekin batera
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: