Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Isiluneen Sekretua

Musikarekin jolasean

"Hor Dabil" abesti berriarekiko xehetasunak

Alfonso Guillo 2022/06/05 15:58
Kantu berri bat egiteko orduan barruko xehetasun batzuk

Joan den astean argitaratu da ¨Hor Dabil¨ kantua Leok´k taldearekin. Hemen hura eraiki bitarteko xehetasun batzuk deskribatuko ditut. 

Kantu hau egiteko testu bat sortu nuen aurreneko. Egitura bat jarraitu nuen buruan bueltaka nituen ideia batzuei forma emanez. Musikan betidanik, hemen nahiz han, eman den musikariaren figuraren aipamena egin nahi izan nuen. Testua hasieran lauso ageri zaizun arren, idatzi ahala argiago agertzen da.

Bi bertsotan deskribatu nuen pertsonaia, hauetako bakoitzean azalpen desberdina eginez, lehenengoan aditza lehenaldian jarriz (haurtzaroaren gainean ari da eta) eta bigarrenean orainaldira ekarriz. Leloa aurkeztuko da lehen aldiz musikariaren jende aurreko papera deskribatuz.

“Hor dabil, kantuari bizitza ematen

Hor dabil, notak airera emeki askatzen

Hor dabil  emozioen pil-pila zabaltzen

Hor dabil, jendearen umorea margotzen”

Hirugarren estrofan pertsonaiaren adin heldua  eta musikari ematen dion bizitza azaltzen dut, leloa beste behin eta birritan berriro errepikatu baino lehen, horrela pertsonaiarekiko atxekimendua azalduz. 

Leloaren barruan “Hor dabil” izenburua errepikatzen da, kanta osoari lotura eman, motibu nagusia agerian utzi eta gogoangarria egiteko.

Gero etorri zen testua zehaztu eta lehen akordeekin aproba egitea. Jakina, kantan zehar emozio asko aipatzen dira eta haiek kokatzeko minor akorde bat, Mi m, hartu nuen oinarritzat, baina leloan poza eta alaitasuna dagoenez, haren erlatiboari ekin nion, Sol M, horrela aldaketa biguna eginez.

Estrofa bakoitzak 15 silabako lau lerro ditu, errima itxi samarrekin, barruan, 8-7 silabako zatiak eginez. 

Kanta istorio bat kontatzeko zenez, testuak musikaren gainean erraz irristatu behar zuen eta hartarako  musika eraiki nion. Musikak ezin zion ebatsi arreta testuari kanta honetan.

Leok´k taldean kantaren apaindura, soloak eta beste xehetasunak erantsi zitzaizkion.

Beno, hemen entzun dezakezu. Ea goian kontatutakoari entzuten duzunarekiko lotura hartzen diozun.

https://youtu.be/xrjSQQ5SZuw