Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Isiluneen Sekretua

Musikarekin jolasean

Abesti berri bat musikatik abiatuz (2)

Alfonso Guillo 2022/04/29 15:00
Musikak liluratu egiten zaitu, instrumenturen bat jo ere egiten duzu eta kanta bat sortzen hasteko besteren bat nola moldatzen den jakin nahi zenuke. Zuretzat idatzi dut hau. Gaur musika-elementu batetik abestia osatu arte nola moldatzen naizen agertuko dut.

Aurrekoan abesti berri bat testu batetik abiatuz egiteko nola konpontzen naizen edo ze pausu jarraitzen ditudan azaldu nuen.  Gaur, berriz, musika-elementu batetik abestia osatu arte nola moldatzen naizen agertuko dut.

Aldez aurretik, bidea beti bat ez dela aitortuko dizut, niretzat jolas baten edo labirinto baten antz handiagoa du eta.

Gogo bizia behar izaten dut, izan ere, asebetetzen nauen zerbait osatuko badut, abiapuntutik urrunegi joan diren zirriborroak baztertzeko adina adore beharko dut eta.

Instrumentu harmoniko bat behar izaten dut (gitarra nire kasuan, … ) halako batean akorde progresio bati heltzeko. 

Honako elementu hauetako batek bultza nazake kanta bat egitera: akorde progresio bat (errepikatuko den akorde sekuentzia bat esan nahi dut), gitarra edo piano lerro bat edo, burura behin eta berriro datorren melodia bat ,adibidez.

Bultzada horri lilura deituko diot.

Lilurari izenburu bat jartzen diot, izan ere, izenak lilura nolabait definituko du eta orientatu egingo nau geroago.

Halako batean, lilurak gehiago tira egiten ez duen edo ideia hori antzutu egin den sentsazioa  senti daiteke. Orduan, nola edo hala gorde egiten dut, neure kasuan mugikorreko ahots-ohar bat bezala, edo aplikazioren batean partitura edo audio gisa.  

Musika-elementu liluragarrien bilaketa eguneroko jolasa edo lana da. Nahi duzun bezala deitu, baina etengabea da.

Horrela egunero, edo oso sarritan, behinik behin. Ez dut baztertuko  ezer, ezta ezer golkoan gordeko ere, dena berriro errekuperatzeko moduan izango dut.

Alde batera utziko dut pausatzen eta hurrengo egunean atzera begiratuko dut ea zer iruditzen zaidan, elementu txepela den ala hasierako lilura oraindik piztu eta kanta eraikitzen jarraitzeko burutazio berriak iradokitzen dizkidan.

Abestia osatzeko, hiru bat zati loturik behar izaten ditut, bertsoei, leloari eta zubiari dagozkionak, alegia. Eta denak hari batez loturik, hezurdura musikal batez eta testu batekin. Askotan musika eta testuarekin, biekin batera jarduten dut, baina azalpen errazagoa eta ulergarriago baten mesedetan zatitu dut neure esperientziaren kontaketa.

Nola egin abesti berri bat (1)

Alfonso Guillo 2022/04/15 18:10
Musikak liluratu egiten zaitu, instrumenturen bat jo ere egiten duzu eta kanta bat sortzen hasteko besteren bat nola moldatzen den jakin nahi zenuke. Zuretzat idatzi dut hau.

Gogoa duzu eta ez dakizu nondik hasi. Erridikuluaren beldur ere izan zintezke. 

Badaude hor zehar abestiak egiten ikasteko ikasketak, baina nik jolas moduan proposatzen dizut. 

Musikazalea bazara, abesti pila bat entzun dituzu, beharbada jo eta kantatu ere bai haietako batzuk.

Hasi egingo gara. Testutik ala musikatik hasi? 

Biak batera ere etor daitezke, sarritan gurutzatu ere egin daitezke, baina zatika azaltzen badizut hobeto ulertuko da.

Atal honetan testuarekin hasiko gara eta hurrengoan musikari helduko diogu.

Abestiaren bi testu-parterik garrantzizkoenak zerrendatuko ditut:

Bertsoak, non istorioa edo, kontatu nahi dena azaltzen den eta leloa, gaztelaniaz  "estribillo", ingelesez "chorus" deitzen dena.

Jolasa testurako ideiak bilduz hasten da.  Paperean  edo mugikorreko oharretan idatziko dituzu  ideia guztiak: leloak, “estribillo”, izan daitezkeenak, hitz jokoak, kantarako motibazioak… Ez baztertu ezer, ez gorde ezer golkoan, idatzi hor. Egunean behin gutxienez. Noiznahi, beti, etengabe.

Poliki-poliki, burua hartara jarri eta sortzeko erraztasuna, sormena, garatuko duzu.

Gero bakanketa, entresaka, egiteko unea iritsiko zaizu, edo… agian, arrantzan egingo duzu, ideia pila horretatik bat edo beste hartu eta abesti forma emateko asmoz.

Jolasaren hurrengo maila idazketa da, hau da, hasi idazten aukeratu duzun gaiaz, silaba kopuruari, ezta errimei ere erreparatu gabe, idatzi eta idatzi. Hor benetan adierazi nahi duzuna askatu behar duzu. Idatzi eta utzi alde batera pausatzen. Hurrengo egunean  begiratu ea zer deritzazun. Eta horrela.

Hirugarren fasea poliki-poliki buruan zegoen horri, egunak pasa eta oraindik liluratzen zaituen horri forma ematea da.

Hortik aurrera, zeuk zeure aldetik  edo ikasteko iturri formalagoren baten laguntzaz ikasiko duzu, jolas horretan diharduzun neurrian.

Hurrengoan musikari helduko diogu.