Musikarekin jolasean
Nemiduri sarrera
Oraingo honetan Elgoibarko Taupada antzeztaldeak Antoine De Saint Exupéry-ren Le Petit Prince (Printze Txikia) -ren egokikuntzarako prestatu nuen beste giroketa-musika bat aurkeztuko dizuet.
Lan guztia egin nuen gustura. Aurrekoan aurkeztu nuen "Botilen Dantza"-rekin batera honako hau, "Nemiduri Sarrera", alegia, izan da Oinaztargiak bildumarako apartatu dudana.
"Sarrera" izena eman nion Nemiduri planeta agertuko zen unerako prestatu bainuen, baina ze izen "Nemiduri", ezta? Hara, irakurri aldrebes, atzekoz aurrera. Orduan jabetuko zara musikaren nondik-norakoaz.
Korsika
Argazki xume batek beste denbora batzuk eta bertan dauden eta ez dauden pertsonen oroitzapenak ekarri ohi ditu gogora. Oroitzapenak ez ezik, sentimendu edo emozioak ere bai, kasuan kasu.
Argazkiaren lekua bideo erreportaia batek hartzen duenean, oroitzapenetik deskribapenerako jauzia egin daiteke. Edo ez. Edukiaren eta tratamenduaren arabera.
Kontua da Korsikarako bidaia bati azpiko musika jartzeko eskatu zitzaidala. Ohartuko zara batzuetan efektu itxura handiagoa duela eta beste batzuetan, berriz, abesti baten forma antzematen zaiola.
Giroketa desberdinak egin nituen, denak segidan, elkarren arteko koherentzia bilatuz, baina irudietan ageri zena azpimarratuz. Ea antzematen diozun ze giro, momentu edo irudiri erantzuten dion pasarte bakoitzak: bidaia bera, eguzkia, udako bero kiskalgarria, eliza, mugimenduak ...
Ilusioa
Nola musikatu ilusioa? Edo... zergatik ipini nion "Ilusioa" izena musika hari?
Musika ala izenburua, asmoa, zer izango zen lehena? Egia esan, ez dut gogoratzen, baina banago lehena musika izango zelakoan, eta beronek barreiatzen zituen emozioetan ilusioaren antzeko zerbait identifikatuko nuela.
Halere, bizkor lotuko nituen musika-lanaren eta beronen izena, egun batean ez baita musika ehuntzen, nahiz eta 01:09 baizik ez iraun.
Dena instrumentu elektronikoz egina, nahikoa aspaldi, etengabeko mugimenduan ari diren tximeleta moduko batzuk goi-erregistroan, atzean, eta niri behinik-behin lasaitasuna ematen didan melodia irristatzen da mugimendu motelean tinbre modulatu batekin.
Agian, aurreko paragrafoaz pentsatzea baino errazagoa da musika-lana entzutea.