Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Isiluneen Sekretua

Musikarekin jolasean

Koska

Alfonso Guillo 2020/12/23 13:38
Nerabeen ametsak gauzatzen hasi nintzeneko atala zen aurrekoa, Expresión Sonora. Oraingo honetan norbere proiektuaren ondorengo pausoaren berri emango dut: Koska

Musikaria izan nahi nuen, miresten nituen haiek bezalakoa, musikak piztu egiten ninduen, bizi egiten nuen eta. Musika pila bat entzun, kantuak berdin-berdin jotzeko azken ñabarduraraino atera nahi izateak eta hainbeste jotzeak eman zidan musika-eskola baten oinarria, neurrirako eskola, oso maisu onekin, batetik, eta, bestetik, autodidakten eskola mugatua. Hori dela eta, neure aldetik haiek egituratzeko eduki teorikoak bilatzen nituen.

Magisteritza ikasteak kontrapuntoa egin zion nire musika ibilbide goiztarrari betirako izango zen bikoiztasuna ezarriz: lana eta musika. Hartarako euskaraz ikasten hasi eta urtebetera Elgoibarko ikastolan hasi nintzen lanean. Orduan sartu zen euskara gure rock abestietan Antton Haranburu ikastolako maisuaren laguntzaz. Hasieran inoren kantuak baziren ere, gureak sortzeari ekin genion.1972eko Koskan euskaraz kantatzen hasi ginenean, hauek ziren euskeraz jarritako cover (bertsio) batzuk:

The Weawers Answer (Family “Badakit Nik Txiki Naizena”), Processions (Family “Umetxo”), Jumpin’ Jack Flash (The R. Stones, “Txori Txiki Bat”), All Your Love (John Mayall), Black Magic Woman (Fletwood Mac/Santana “Neguko Elur Hotzak”), Worried Life Blues (The Animals “Zertan Isildu”), Need Your Love So Bad  (Fletwood Mac ”Lehen Zen Lur”), It’s my life (The Animals), Sookie Sookie (Steppenwolf), Nothing Is Easy (Jethro Tull), You Keep Me Hangin’ On (Vanilla Fudge, Supremes “Leiho Bat Itxi Zait”), Race With The Devil (Gun, “Noiz Ukan Dugu Guk” ).

Ingelesez ere bai bat edo beste: River Deep, Mountain High, Inside Lookin’ Out.

Gure abesti batzuk ere bai:Alferrik, Moztu, Egin Zak Lan, ...

Eibarko Coliseoan egin genuen aurkezpen-kontzertua.

Jotzen ari gineneko lekuak eta eginkizuna erabat aldatzen ari ziren. Dantzalekuak  diskoteka bihurtzen ari ziren. 1972-1976 tartean euskal jaialdietan sartzen ahalegindu ginen pizten ari zen euskal mugimenduaren partea gu ere baginela uste genuelako. Ez zen erraza beti izan, rockaren energia elektrikoa ingurune akustikoan sartzea,

2 Koska Euskal Jaialdian

Horrela, euskal jaialdi, rock jaialdi eta unibertsitate, lanbide eskola, eta institututan ikuskizun izatera pasatzen ari ginen oharkabe. Gipuzkoan batez ere ibili ginen hainbat herri eta hiritatik rocka jotzen eta euskaraz kantatzen, hala nola, Goierriko nahiz Arrasateko Lanbide Eskoletan, Otamendin, Oinatiko Idahon, ...

KOSKAren lehen osaleak honako hauek izan ginen:Txerra Gurrutxaga (kitarra eta kantaria), Endika Iriondo (bateria), Mitxi Diego (kitarra akustikoa), eta Gabi Agirregomezkorta (lehen kitarra)  eta ni neu, baxua eta kantaria.

2 Koskako partaideak

1973-74 inguruan magnetofoi-zinta bat grabatu genuen euskal disketxeei aurkezteko. (Herri Gogoa, Artezi). Ez zitzaien interesgarria iruditu.

Beste saiakera bat Bilboko musika-ordezkari batekin Madrileko Columbiarekin disko anitz batean parte hartzeko bidea zabaldu bazen ere, gertakari politiko latz batengatik zapuztu omen zen.

 Lagunen soldadusken etena gertatu zen.  Ondoren,1976an heldu zitzaigun aukera. Kultura aurrerakoia bultzatu nahi zuten hiru lagun disketxe bat sortzen ari ziren, IZ, eta album bat grabatzeko aukera eman ziguten, gure kantuekin, rocka alegia, eta osorik euskaraz. 1976an grabatu genuen lehen diskoa Madrilen lanetako oporrak koordinatuz, Regson estudioetan. Nahikoa abesti bagenituen, baina geure abestiak soilik jo eta grabatu nahi genituen eta aukeraketa bat egin eta epe laburra genuelako kantu bat edo beste nahikoa bizkor ere egin behar izan nuen diskoaren lema izan zedin, “Otaloreen Antzera”.

Madriletik itzuli eta diskoa euskal irrati bakanetan (Herri Irratiak eta)  entzuten hasi zen. Belaunaldi osoa ari ginen ate joka, rocka ere euskaraz aldarrikatuz, gizarte osoa, ez ameslari bakar bat edo beste.

2 Koska Diskoa A

 

Arrakasta izan genuen. Euskal Herriko bazter asko bisitatu genituen, jendearen egarria handia zen eta.

2.diskoa Xoxoa disketxearen eskutik heldu zen 1979an. Donibane Lohitzunen grabatu genuen. Landuagoa, konplexuagoa, eta barneratzen zailagoa. Musikaren parte handi bat egin nuen eta testu guztia neuk idatzi nuen, une hartako egoera soziala gai hartuz. Eta giro soziala bor-bor ari zen. 

 

2 Koska 1979 Bihozkadak A

 


 

 

Koskaren testuak beti izan ziren sozialak. Sasoi batekoak dira, gizarte batenak. Oso gogorrak ziren batzuetan, denok geunden ados horretan eta gaztaroaren gardentasuna zerien. Azken batean rocka lehendik zen erreibindikatiboa, bere hasieratik bertatik.

Bi errekonozimendu izan nituen sasoi hartan, Euskal Herrian oso kantari maitatu eta prestigiatua den batekin ezustean topo egin eta  2. diskoaren bide aintzindaria pertsonalki goraipatu zidalarik, batetik, eta UNEDen euskarazko B titulurako ikasten ari nintzela,  irakasle genuen hizkuntzalari erreferente hark ni ezagutu eta Koskak bide hartatik jotzeari interesgarri zeritzala, bestetik.

Koska ez zen 3.diskora iritsi. Panorama aldatzen ari zen. Abeslariak, musika taldeak, ugaltzen ari ziren, eta gu joaten ginen jaialdiak eta, berriz, bakantzen. Berbenak, ordea, ugariak ziren eta geldirik ez egoteagatik leku bat egin eta jotzen gustura egon gintezkeela iritzi genion eta oso ondo aritu ginen eremu hartan ere zenbait urtetan. Hiru urtez jarraitu nuen nik eta 1985ko abenduaren 31an jo nuen azkenekoz Arrasateko polikiroldegian. 

Besteek Koska izenarekin jarraitu egin zuten eta gero, Gabik eta beste batzuek Basque Country izeneko country talde bat egin zuten. Nik musikari ezin utzi eta etxetik jarraitu nuen portaestudio batekin. Denboraldi batean neuk jotzen nituen kitarrak eta baxua, bateria TR606 Drumatix izeneko erritmo kaxa batez jartzen nuen eta ahotsa jartzen nuen gainean. Teklatu xume bat edo beste ere sartzen nuen, dena abestiak egiteko plazerragatik eta noizpait kanporatzeko ilusioz.

Koskaren beste nolabaiteko itzulera batzuk:

1989an Trenbide izenarekin, berbenetako markatik bereizteko. Han geunden Gabi gitarrarekin, Roberto García baterian, L. M. Diego, Mitxi gitarran eta ni neu baxuan eta kantuan. Abesti asko aurrez etxean egindakoak izan ziren.

1998an ETB1ek urtezaharreko programa batean,   lehengo Koskaren oroigarri bezala edo, parte hartzeko deitu zigun, eta Garraztasuna jo genuen Zeanuriko plazan.

2016an iritsi zen hirugarren errekonozimendua Ruper Ordorikaren aldetik, izan ere,  "Garraztasuna"  kantua hartu baitzuen "Azukre Koskorrak" izeneko albumean sartzeko. Bertsio polita egin zuen. Eskertzekoa da Ruperrek 40 urte geroago gure orduko lan hura kontuan hartu izana Garraztasuna Ruper Ordorika

2016an ere bai gertatu zen, Elkar argitaletxeak,  IZ eta Xoxoa disketxeen katalogoak bereganatu zituela eta, gure bi diskoak CD bakar batean argitaratu zuela Durangoko Azokarako.

 

2 Koska birrargitalpena CDa

Beste batzuek Koskaz zer dioten.

 badok.info

The Sounds of My Mind


Musikaren eskutik oholtzara

Alfonso Guillo 2020/12/03 22:25
Nire lehen sarrera honetan jendaurreko lehen abenturaren berri emango dut, 1969an, 16 urtez, Expresión Sonora-rekin.

Lau edo bost urte. Xilofono bat.

Haurtzaro guztian irratian dantzarako orkestrak (txa-txa-txa, manboak, ). “Patricia” nuen gustuko eta beste konposizio batzuen oroitzapen lausoa.

8-12 urtez: armonika jotzen etxeko leihotik, (Non Ho l’Eta, Five Hundred Miles, …).

12 urterekin, 1965, Erresuma Batuan familiarekin, The Beatles zuzenean BBC telebistan eta zinean (Help!). Irratian musika pil-pil. Izebaren etxean, Finlandia (Sibelius)

Hemen, berriz,etxean iluntzietan ikasteko denboran irratia egunero. Kalean jolaslekuetako sinfonoletan abestiak. Lehenengo diskoak erosten, “Sargent Pepper´s” erdi bana bi lagunen artean. 1967ko uda, hippiak, soula, …

Herriko lau lagun talde bat egiteko asmoz: gitarra espainola, elektriko bat, hamaikagarren eskuko anpli zahar bat eta bateriatzat jarleku bat. Igande arratsaldeetan instrumentuak nola lortu pentsatzen, paga ere jarriko genuen, ezer gutxi.Musika ikasketarik ez, baina buruak musikaz blai.

Gustuko abestia behin eta berriro entzuten genuen.Gitarra bidez akordeak ateratzen genituen. Horretarako, baxuaren notak, akordeen fundamentalak, bilatzen genituen, behar izanez gero 33 r.p.m. ko diskoa 45 r.p.m. etan erreproduzituz, horrela baxuen tonua igo eta akorde sekuentzia ulergarriagoa bihurtzen zen. Bestelako riff edo patroiak liluratuta berdin jotzen saiatzen ginen. Gitarra soloak pazientzia handiz ateratzen zituen buruz. Azkenik, abestia elkarrekin jotzen saiatzen ginen azken xehetasunetaraino.

Gabi Agirregomezkorta eta biok gu baino nagusiagoak ziren beste bi lagunekin (Luis M. Arakistain, Patxi García ) elkartu eta Expresión Sonora taldea atera genuen.

1969/10/18an egin genuen aurkezpena. 16 urte nituen.

1969

 

1970ko udaberrirako Donostiako "IV Concurso de Artistas Noveles" irabazi genuen. Berebiziko oihartzuna eman zigun.

 

1970  ExpresiónSonora Concurso Noveles.jpg

1970  ExpresiónSonora Concurso Noveles 2.jpg

Gazteentzako dantza saioetan jotzen genuen (tokiren batean 3:45 ordu segidan, dantzak irauten zuen guztia, igande arratsaldea, alegia, 6:00 etatik 9:45 arte) .

1970 Expresión Sonora Arroan.jpg

Dantza hauetan kanal ez ofizialetik poliki-poliki sartzen ari zen rock errepertorioa jotzen genuen eta ( Beatles, Rolling Stones,Animals, Spencer Davies Group, Santana, The Shadows, Led Zeppelin…-en bertsioak), nahiko ezezaguna orduan, ez horratio gutxi estimatua gure inguruAriatza 1971an.

Maiz bisitatutako lekuak Arroako "La Cabaña”, Eibarko "La Bolera" ( Ariatza), Donostiako ( Ibaeta, Mirakruz Gaina), Ordiziako “Zigor”, Arrasateko “Otamendi”, Durangoko "Abaraska", Goierriko edo Oliteko gazteen dantza saioak, eta ekitaldi aipagarriak izan ziren Donostiako Trinitate Plazan nazioartean ezaguna izan zen "Los Bravos" taldearen edo Andaluziako rock "progresivo"ko "Gong" taldearen telonero bezala egin zituztenak izan ziren.

 

Plaza Trinidad

 

Gaina Eibarko Coliseo antzeztokian eskaini genuen errezitaldian joko genuen.

1971 Coliseo

Hona hemen ez dakit nola ordutik geratu den erlikia bat. 50 urte inguru ditu.

 

60. hamarkadako errepertorioa bagenuen ere, taldearen izena rock progresiboko taldeen jitekoa zen eta horrantz gindoazen. 1971an haustura eman zen eta Gabi eta biok segitu genuen geure aldetik Koska izango zen taldearekin.

Izan ziren, halere, Expresión Sonora taldearen berpizte desberdinak oroigarri moduan. 1986-01-04an izan zen taldearen itzulera ekitaldi bakar baterako, 2001etik 2010 era bitartean hamairu bat kontzertu eman genituen Elgoibar, Mendaro, Deba, Eibar (Untzagan eta Coliseon berriro, Bilbo, Markina, Lekeitio, …) Jon Gurrutxaga kantari bezala hartuta,

2016an Luis M. Arakistain bateria hil eta haren oroigarri elkartu ginen 2016-06-23an omenaldi gisa taldekide ohiak eta beste zenbait lagun.

2019 ko abenduan argitaratutako 69. aldizkarian eskaini dio artikulu zabala Urko Ansa kazetari espezializatuak Expresión Sonora-ri. Hemen eros dezakezu 15 € gatik.

Portada