Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Lehen Wittgenstein. Tratatu logiko-filosofikoa

Markos Zapiain 2024/02/07 18:02

Hauxe da Wittgensteinen gogoeta abian jarri zuen harridura: hitz egin, hitz egiten dugu, noski, baina zer da zehazki egiten duguna mintzo garelarik? Nola funtzionatzen du zentzuak esaldian? Kanten galdera ezagut dezakedanaren mugen gainekoa bazen, Wittgensteinek itaunduko du zer ote den era onargarriz esan dezakedana.

Erantzunaren arabera, Wittgenstein bi bereizi izan dira, eta biek izan dute eragin handia filosofian: lehenbizikoak Vienako Eskolaren neopositibismoa bideratu zuen, eta bigarrenak filosofia analitikoa, edo hizkuntza arruntaren filosofia, batez ere ingelesez mamitua. Edonola ere, Wittgensteinek urruti ikusten zuen bere burua bai neopositibosmotik, bai filosofia analitikotik.

 

LEHEN WITTGENSTEIN

Tratatu logiko-filosofikoa liburuak darakutsa lehen Wittgensteinen pentsamendua. Baina kontuz: vienarrak dioenez, zati bi ditu Tratatuak: idatzirik dagoena, eta idatzirik ez dagoena. Eta bigarrena ei da garrantzitsuena.

Lehen Wittgensteinentzat, badago egia, mintzoz adieraz daiteke, egia adierazten hasi eta bukatu egin behar dugu, eta egia adierazi ostean filosofia baztertu eta jolastu, maitatu, bizi. Arazo filosofiko guztiei behin betiko konponbidea eman omen die Tratatuak, eta, hortaz, ez du zentzurik aurrerantzean ere arazo horiek buruan bueltaka erabiltzen jarraitzeak. Gainera, Tratatuak bere burua deuseztatzen du. Aldi berean du Wittgensteinek egia aldaezintzat eta gainerako filosofia-liburuak bezain absurdotzat. Dagoenari buruzko ikuspuntu zuzenera daraman eskailera bat da, eta, igo ostean, bota egin behar da. 

Lehen Wittgensteinentzat, tautologia eta kontraesana dira zentzuz esan daitekeenaren mugak: tautologia beti da egia, baina ez digu ezer esaten munduaz; kontraesana beti da gezurra, eta ez digu ezer esaten munduaz. 

Tautologiaren eta kontraesanaren artean dagoen esaldiak, zentzuzkoa denean, mundua irudikatu egiten du. Hizkuntzak eta munduak forma logiko berdina dute, isomorfoak dira: adibidez, izenak bat datoz gauzekin. Eta izenak esaldian modu jakin batean konbinatzen diren bezala konbinatzen dira gauzak gertaeran. Hizkuntzaren eta munduaren karkasa da logika. 

Beraz, munduaren irudi legez funtzionatzen du esaldi onargarriak. Hizkuntzaren izaera figuratiboaren ideia auto-istripu baten inguruko epaiketa baten berri irakurri zuenean bururatu zitzaion Wittgensteini: panpinen eta figuratxoen bidez errepresentatu zituzten autoak, etxeak, jendea. Antzera irudikatuko luke esaldiak munduko gertaera edo egoera.

Alabaina, ezin da esaldien bidez munduaren eta hizkuntzaren forma logiko komuna azaldu. Hori norberaren lokartze unea zehazki kronometratu nahi izatea litzateke. Esaldiek forma logiko hori “erakutsi” egiten dute; ezin dute  “azaldu”, edo “adierazi”. Hizkuntzan adierazten dena ezin dezakegu guk hizkuntzaren bidez adierazi. Era berean, margolanak paisaia irudika lezake, baina ezin du irudikatu formek eta koloreek paisaia nola irudikatzen duten. 

Tratatu logiko-filosofikoan, izenaren zentzua bere erreferente erreala da. Eta mundua deskribatzen dutenak dira esaldi onargarriak; hots, Natur Zientzietakoak. Esaldi filosofiko klasikoak ez bezala, errealitatearekin bat etor daitezkeen esaldiak egiazkoak ala faltsuak izan daitezke. Natur Zientziak egiazko esaldi guztiak bilduko lituzke. Ordea, Natur Zientzietako gaiak ez dira garrantzitsuenak gizakiontzat. Zientziaren galdera guztiei erantzunda ere, gure funtsezko arazoak ez genituzke ukitu ere egingo. 

Sakonkien dagozkigun gaiak etikoak, estetikoak, metafisikoak dira. Baina ezin dira hitzez adierazi, ez dira gertaeren pinturak, ezin dira egiazkoak edo faltsuak izan. Hil ala bizikoak dira, baina ez dute zentzurik. Hizkuntzak ezin du etikaren berri eman. Ez da gai, katiluak Atlantiar Ozeanoa har ez dezakeen legez. Horregatik, bizitzaren arazoak ez du erantzunik. Arazo hori desagertzeak adieraziko luke konpondu dela.

Wittgensteinen bizitza zoragarria

Markos Zapiain 2024/02/06 14:05

Vienan jaio zen Ludwig Wittgenstein, 1889an, judu jatorriko familia batean, munduko aberatsenetakoa, burdingintzari eta altzairugintzari esker. Lau urte bete baino lehen, ez zuen hitzik esan. Ohikoa izaten da atzerapen hori gerora hizlari eta solaskide apartak izango direnengan. Mezenasak ziren Wittgensteindarrak, Austriako artista behinenen lagunak, maiz joaten zitzaizkienak etxera: Brahms, Mahler, Pau Casals, Klimt… Kultura-giro ezin kitzikagarriagoan hazi eta hezi zen filosofoa. Ospetsua da Klimtek Ludwigen arreba Margaretheri egin zion erretratua. Sigmund Freudek berak psikoanalizatu zuen Margarethe. Lagun minak egin ziren, eta Margharetek modu erabakigarrian lagundu zion Freudi naziengandik ihes egiten. 

14 urte bete arte, etxean ikasi zuen Wittgensteinek, aitak ezarritako ikasketa-plan baten arabera. Gero, Linz-eko eskola teknikoan sartu zuten, non ikaskide izan baitzuen Adolf Hitler. 

Wittgensteinen aitak asko eskatzen zion bere buruari; ingurukoei ere bai. Wittgensteinen hiru anaia nagusik beren burua hil zuten. Ez ziren aitaren exijentzia-mailara heltzen, eta hiruei ekarri zizkien arazoak eta errua homosexualtasunak. Ludwigek ere bizialdi osoan erabili zuen etengabe buruaz beste egiteko aukera. Anaia Paul Wittgenstein piano-joleak besoa galdu zuen Lehen Mundu Gerran, eta harentzat idatzi zuen Maurice Ravel euskaldunak “Ezkerreko eskurako kontzertua”. Hona hemen Paul Wittgenstein bera Ravelen pieza jotzen. 

Ludwigek ere sentiberatasun musikal berezia zuen. Buruz zekizkien Mozart, Beethoven eta beste hainbat musikagile klasikoren pasarte luzeak, eta trebetasun harrigarriz txistukatzen zituen.

1908an, Manchesterko Unibertsitatean Ingeniaritza aeronautikoa ikasteari ekin zion. Hantxe asmatu zuen propultsio-motor aeronautikoa. Dena den, berehala harrapatu zuen ingeniaritzaren oinarri matematiko eta logikoarekiko jakin-minak. Halatan, Cambridgeko Unibertsitatera jo zuen,  Bertrand Russell matematikari, logikari eta filosofari ospetsuarekin ikasteko.

Russell aurkitu zuenean, hauxe galdetu zion Russelli: “Mesedez, esan egia: zeharo ergela al naiz? Ergela baldin banaiz, Ingeniaritza aeronautikoa ikasiko dut. Bestela, Filosofia”. Wittgensteinen testu bat irakurri ondoren, filosofiari ekiteko aholkatu zion Russellek. 

Hala ere, detektibe-nobela popularrak eta cowboy-filmak nahiago zituen filosofiako liburu klasikoak baino. Zaratatsua egiten zitzaion askotan Cambridgeko giroa, axalekoak konbentzio akademikoak, eta bere pentsamenduan behar bezala kontzentratzeko Norvegiako fiordo batean etxola txiki bat eraiki eta hantxe bakartu zen. Ederki ikasi zuen norvegieraz mintzatzen eta idazten. 

1912an bere dirutzaren zati handi bat Rainer Maria Rilke eta George Trakl bezalako poeta txiroen artean banatu zuen; eta 1919an aitarengandik heredaturiko ondasun itzelari uko egin eta anai-arrebei eman zien. 

Itxura ederreko mutila zen Wittgenstein, eta izaera menderatzailekoa. Magnetismo izugarria zuen. Bat zetozen Bertrand Russell, George Moore, J.M. Keynes eta bertatik bertara ezagutu zuten gehienak: jenio bat zen.

Lehen Mundu Gerra hastean, Austriako artillerian sartu zen, boluntario. David Pinsent maitalea, aldiz, Ingalaterraren armadan egin zuen gerra. Etsaiak ziren ofizialki. Maitasuna ez zen itzali ordea, gutun ugari idazten zioten elkarri. Atsekabe handiz jakin zuen Wittgensteinek Pinsent maitea hegazkin-istripu batean hil zela. Gerra amaitzen ari zenean, Italiako armadak preso hartu zuen Wittgenstein, eta hamar hilabetez atxiki. 

Borrokaldi-urteetan zein Italian preso, koadernoetan idazten zituen gogoeta filosofikoak. Bertako oharren zein Norvegiako etxolan idatzirikoen artean egokienak aukeratu, ordenatu, berridatzi, eta, hainbat argitaletxek atzera bota ondoren, 1921an atera zuen Tratatu logiko-filosofiko famatua, “Lehen Wittgenstein” deitu izan denaren adierazpen osoa, vienarrak bere bizitzan argitaraturiko liburu bakarra. David Pinsenti eskaini zion. Hitzaurrea Russellek idatzi zuen; Wittgensteinen iritziz, ez zuen tutik ere ulertu. 

Tratatuak arazo filosofiko guztiak behin betiko erantzun zituela sinetsirik, Wittgensteinek, behin gerra bukatuta, filosofia baztertu zuen. Vienarraren ustez, Filosofia-irakasle duzu munduko lanbiderik absurdoena. 

1920 eta 1926 artean, Austriako zenbait herri txikitan egin zuen lan, maisu. Ikasleek sarritan ateratzen zuten bere onetik, eta Wittgensteinek jo egiten zien. Zoritxarreko sentitzen zen eta etsiak hartu zuen. 

Irakaskuntza utzirik, Vienara itzuli zen. Depresioa sendatzeko fraide sartzen saiatu zen, baina komentuko buruak fede-falta sumatu eta  bertako lorezain izatea proposatu zion, eta Wittgensteinek onartu. Hainbat aldiz saiatu zen bere baitan fedea pizten, zoritxarra arinduko ziolakoan, baina inoiz ez zuen lortu.  

Arkitekto lanak ere egin zituen ondoren, arreba baten etxea diseinatzen, modu harrigarriro zorrotz eta obsesiboan. Gainera, Moritz Schlick eta Rudolf Carnap filosofoak ezagutu zituen, Tratatua inspirazio-iturri eta eredu hartuta “Vienako Zirkulua” eskola neopositibista sortuko zutenak. Berriz ere filosofatzen hasi zen horiekin. 

1929an Cambridgera itzuli eta Tratatu logiko-filosofikoa Doktorego-tesi gisa aurkeztu zuen. Wittgensteinen bizitzako urterik emankorrenak hasi ziren orduan: berriz ekin zien filosofiako lanei; Tratatuko teorietatik urrutiratzen ari zen, ordea. Gainera, ez zetorren bat interpretazio neopositibistarekin. 

1930ean hasi zen Cambridgen irakasten. Aurretik prestaturiko gidoirik gabe ekiten zion jendaurreko gogoeta autista samarrari. Adimen-borroka gogorrak eta isilune sutsuak tartekatzen zituen. Ideia berriez erditzen zen Wittgenstein, baina ahiturik bukatzen zuen. Norvegiako etxolan bakartu zen berriz ere 1936an, eta horrek Filosofia-azterketak lantzeko aukera eman zion. 

Hitlerren Alemania Austriaz jabetu zenean, 1938an, Britainia Handiko herritar bihurtu zen Wittgenstein. Erizain ibili zen Bigarren Mundu Gerran. Amaitu zenean, urte bi eman zituen irakaskuntzan, eta 1947an bizitza akademikoa berriro baztertu eta erretiratu egin zen. Aurrerantzean, lan egin ahal izateko Irlandan ezkutatu zen, Dublinen eta itsas ondoko etxola bakarti batean. Gaelerari eusteko ahalegina aldeztu zuen. 

1949an minbizia aurkitu zioten eta 1951n hil zen. Wittgensteinen azkeneko hitzak: “Esan iezaiezu zoragarria izan dela nire bizitza”. 

1953an argitaratu zuten Filosofia-azterketak, “Bigarren Wittgenstein” deitu izan denaren pentsaeraren funtsa dakarrena.

 

Wittgenstein eta hautsa

Markos Zapiain 2024/02/06 13:25

Hainbat irizpide erabili izan dira Lehen eta Bigarren Wittgenstein bereizteko. Hona hemen beste bat:

Hizkuntza zikinak bere onetik ateratzen zuen Wittgenstein, beste edozein zikinkeriak bezalaxe. Etxeko lurzorua garbitzeko metodo bitxi bat asmatu zuen, Tratatu logiko-filosofikoa bezain zorrotza: te-hosto batzuk ondo zopatu eta zoruan jartzen zituen, hautsa eta zikinkeria xurga zezaten. Hostoek zikina ondo jaso arte ez zuen erratza pasatzen. Sarritan zerabilen teknika berezi hori, eta beti egin zion irmoki uko edozein alfonbrari.  (Ray Monk, The Duty of Genius, 377)

Bestalde, hauxe esan zuen Wittgensteinek Cambridgen igaro zuen azkeneko urtean:

«Batzuetan, estudio batean sartu eta liburuen eta paperen nahaste-borrastea aurkitzen dugu edonon, eta erabakitasunez aldarrikatzen dugu: “Hau kuxidadea! Bistan da gela hau txukundu beharra dagoela!”

Aldiz, beste batzuetan, lehenbizikoaren oso antzekoa den beste gela batean sartu eta, goitik behera miatu ostean, dagoen bezalaxe uztea erabakitzen dugu, onartuz oraingo honetan hautsa bera ere dagokion lekuan dagoela». (Janik eta Toulmin, La Viena de Wittgenstein, 261)

Tratatu logiko-filosofikoaren izpiritua adierazten du lehenbiziko jokabideak: gela zikina bezalaxe behar da eguneroko hizkuntza garbitu, zilarra baino distiratsuago utzi arte; alegia, munduaren berri akatsik gabe emateko gai.

Eta bigarren jokabideak, berriz, Filosofia-azterketen izpiritua adierazten du, begirunea hautsari: hizkuntza-joko ugari aldakorrak aztertzera eta deskribatzera mugatu; hizkuntza-jokoak bakean utzi, edozein hobetu-nahiri uko eginik.

 

Hanpaduraren zioak

Markos Zapiain 2024/01/23 10:45
Txillardegi eta Ereño (eta IV)

Egia bada ere polemikari esker artez irudikatu eta ulertu dezakegula zertan ziren Txillardegiren eta marxisten arteko adostasunak eta desadostasunak, egia da ere arreta ematen duela desadostasun bilakatu izanak hainbeste adostasun.

Kanpotik aztertuta, artifizialki hanpatua dirudi polemikak. Kontrako itxurak egin arren, puntu nagusietan bat datoz: gizartean bizi diren izaki historiko aldakorrak dira hizkuntzak, hizkuntzek beren logika propioa dute, errealitatea ebaki eta taxutu bere erara egiten du hizkuntza bakoitzak, lotuta daude hizkuntza eta pentsamendua, estrategia eraginkorrak adostu behar ditugu euskara salbatuko bada, etab.

Orduan, Txillardegiren eta marxisten arteko botere-borrokak zergatik hartu zuen adierazpidetzat horrelako eztabaida? Honi dagokionez ere, Joxe Azurmendik eman du erantzunik zentzuzkoena. Galdera-sorta bat da erantzuna, hain zuzen, hizkuntzaren balio politikoaren ingurukoa: mundu-ikuskera berezia badakar hizkuntza bakoitzak, ez ote da kili-kolo geldituko nazioarteko langileriaren mundu-ikuskera, marxismo-leninismo zientifikoak aldarrikatua? Herriek ala klaseek mugiarazten ote dute, nagusiki, gizateria eta historia? Herriei ala klaseei eman behar ote zaie lehentasuna gizateria eta historia ulertzeko orduan? Azurmendi:

«Diferentzia erabakigarria bien artean doktrina linguistikoei ematen zaien edo ez zaien balio politikoan bilatu behar da apika. Eta, zuzen ikusten badut, Ereñoren artikuluan diferentzia hori hizkuntza eta mundu-ikuskeraren inguruan iruten da. Beharbada, hizkuntza bakoitza mundu-ikuskera bat dela onartzen bada, eta era horretan herri (nazio) bakoitza mundu-ikuskera bat originala legez definitzen eta mugatzen bada, marxista-leninista bat beldur da, nazioaren izaerari inportantzia larresten zaiola (gizadia nazio ezberdinen batura, emaitza, bihurtzen baita), eta batez ere proletargo internazionalaren mundu-ikuskera galtzen dela? Eta mundu-ikuskera guztiak hizkuntzak baldintzatuak eta, beraz, subjektiboak badira, non gelditzen da mundu-ikuskera marxista-leninista zientifiko objektiboa? Klaseek ala herriek ezaugarritzen dute gizadia, historia?»[1]

 

 

 



[1] Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua, 294. or.

Desadostasun artifizialak

Markos Zapiain 2024/01/18 09:06
Txillardegi eta Ereño (III)

Bai Txillardegik eta bai Ereñok gartsuki adierazi zituzten beren arteko desadostasunak. Dena den, oinarrizko ideia askotan ados egon arren, batzuetan, polemikaren fabore, artifizialki behar dira desadostasunak sortu, arerioaren esanak apur bat bihurritu behar badira ere, eztabaidaren ikuskizuna itzaliko ez bada. Horrelaxe ibili ziren Txillardegi eta Ereño ere. 

 

EREÑOREN ALDETIK

1. Marxisten ustez, herriaren ispilua da hizkuntza. Aldiz, Ereñok dioenez, alderantziz gertatzen da Txillardegirentzat; alegia, hizkuntzaren ispilua dela herria, hizkuntzak beste barik sortzen baitu mundu-ikuskera, automatikoki. Gizarteari eta historiari ezikusia egitea gaitzesten du Ereñok, hizkuntzatasun hutsean kontzentratzea.[1]

Hori ez da inondik inora Txillardegiren kasua, ez gogoetan ez ekintzetan. Sekula ez zuen idatzi hizkuntzak mundu-ikuskera automatikoki sortzen duela, eta bistakoa zitzaion hizkuntza gizartean bizi den izaki historikoa dela. Beti piztu zion jakin-mina euskararen historiak, eta euskara gizartera eramateko lagundu zuen —modu erabakigarrian— euskara batua sortzen.

2. Etengabe leporatzen dio Ereñok Txillardegiri hizkuntzek ez dutela logikarik esatea[2], baina Txillardegik dioena da hizkuntza guztiek ez dutela Logika bera, baizik eta bakoitzak berea; hain zuzen, Ereñok eta marxistek uste dutena. Horri loturik errepikatzen du Ereñok Txillardegik zeharo ukatzen duela itzulpenaren aukera, baina Txillardegik “Hizkuntza eta pentsakera” artikuluan «ez dago hitzez hitz itzultzerik» idatzi zuen. Ez da gauza bera.

3. Ereñorentzat, aurkakoak dira dialektika eta estrukturalismoa. Dogmatismo antidialektikotzat dauka estrukturalismoa[3], sinkronia estatikoa baitarabil hizkuntzaren fenomenoa ulertzeko, diakroniaren eta dinamika historikoaren ordez.

Ereñoren esanetan, marxismoak ez die estrukturei ezikusia egiten, baina ez dira gauza bera estrukturak eta estrukturalismoa. Materialismo dialektikoaren arabera, estrukturak ezin dira finkoak eta geldiak izan, beti berberak, aldaketarik gabe; aitzitik, estrukturek ere aldaketak dauzkate, bilakaerak. Estrukturetako aldaketak geldiak edo bizkorrak ote diren, kasurik kasu aztertu beharko, baina inoiz ez dago oreka estruktural eternorik.[4] Edozelan ere, Txillardegik egundo ez zituen baztertu ez diakronia ez historia, eta inoiz ez zuen eternaltasun linguistiko hori aldarrikatu.

 

TXILLARDEGIREN ALDETIK

1. Txillardegik komunistei leporatzen die nazio-arazoa ukatzea eta hizkuntzaren garrantzia gutxiestea: ez ei da gainegitura baizik. Brankan dioenez, Euskal Herrian ezkerraz nagusitzen ari diren sasi-ezkertiarren ustetan, «herririk ez dago, klaseak daude soilik. Hizkuntzen gorabeherak kapitalistek asmatutako sasi-problemak dira».[5]

Haserretu egin zuten Ereño komunista euskaltzalea Txillardegiren hitz horiek. Ereñoren esanetan, Txillardegiren asmakeria da komunistentzat ez dagoela herririk. Alderdi komunistek beti hartu ei dituzte oso kontuan nazio-arazoak. Langileriaren eta herriaren alderdia da Alderdi Komunista, alderdirik nazionalena. Langileen klasea da nazioaren bizkarrezurra, eta nabarmena da hori Euskal Herrian. Alderdi Komunistak sortu zenez geroztik egin du Euskadiren eskubide nazionalen alde. Eta eskubide horien artean dago euskararen eta euskal kultura nazional osoaren defentsa eta garapena. Engelsen hitzetan, gizateriaren ondasun kulturala osatzen dute hizkuntzek.[6]

Ereñoren iritziz, kontraste itzela egiten du Marxen eta Engelsen argitasun zientifikoak Txillardegiren solipsismo irrazional ilunarekin, ezin erreakzionarioagoa.[7]

2. Hizkuntzen eboluzionismoa aldeztea ere egozten die Txillardegik komunistei: hizkuntza berez aurreratuagoak leudeke, egituraz hobeak, eta beste batzuk kaxkarragoak, logika-lerro bakar batean segida bereko kate-begiak balira bezala.[8] Ordea, hitzez hitz dio Ereñok estruktura linguistikoetatik kanpoko kausek egokitzen dutela hizkuntza bizi den gizartera, produktu filogenetikoa baita hizkuntza, giza eboluzioaren eta gizarte-praktikaren produktua. Estrukturak aztertuz eta alderatuz gero, ez dago goi-mailako eta behe-mailako hizkuntzarik.[9]

 



[1] “El solipsismo lingüístico”, 307. or.

[2] Ibidem, 292. or.

[3] Ibidem, 304. or.

[4] Ibidem, 305. or.

[5] Euskararen aldeko borrokan, 69. or.

[6] “El solipsismo lingüístico”, 284. or.

[7] Ibidem

[8] Hizkuntza eta pentsakera, 53-54. orr.

[9] “El solipsismo lingüístico”, 300-301. orr.

Benetako desadostasunak

Markos Zapiain 2024/01/12 12:22
Txillardegi eta Ereño, II

Itxurak gorabehera, Txillardegi eta Ereño bat datoz hainbat puntu garrantzitsutan. Baina desadostasunekin hasiko gara.

1. Txillardegik “zakuzale” deitzen die hizkuntzaren kontzepzio atomista ez estrukturalista dutenei, hizkuntza zaku batean sartzeko moduko hitz-bilduma gisa ikusten dutenei. Hala balitz, ez litzateke garrantzitsua hizkuntza bat edo beste bat erabiltzea.[1] Baina, Txillardegiren ustez, hizkuntza ez da hitzez beteriko zakua, baizik eta oposizioak eta transformazioak bizi dituen estruktura mordoa, eta hizkuntza batetik beste batera igarotzea ez da axaleko kontua. Hezurdura baita hizkuntza, ez soinekoa.[2]

Ereñok bumeranarena jokatu eta Txillardegiri egotziko dio beste edonor baino zakuzaleagoa izatea, zaku berean sartzeagatik Whorf eta Mounin, Benveniste eta Hjemslev, Marcel Cohen eta Sapir. Manipulatu egiten omen ditu Txillardegik hizkuntzalari horien esanak, hizkuntzak mundu-ikuskera dakarrela dioen teoria indartzeko. Eta marxistentzat gaitzesgarria da teoria hori.[3]

2. Zuzen dabil Ereño, dioelarik Lévi-Strauss eta Txillardegi lakoenean, hizkuntzalaritzak mendean hartzen dituela historia, ekonomia politikoa, antropologia, etnografia, psikologia, etab. Estruktura linguistikoak ekonomia politikoa ere estaliko luke. Hizkuntzalaritzak goitik behera ordeztu litzake gizarteko azpiegitura materialaren determinazioak. Haatik, azpiegitura material horrek dauka marxistentzat zeregin determinantea.[4]

Ñabardura bat: Ereñoren hitzetatik ondorioztatu liteke Txillardegiren hizkuntzalaritzak ez duela zerikusirik materiarekin. Baina giza burmuinaren fisiologian sustraituriko gramatika kognitibo gisako bat litzateke Txillardegik “estrukturamena” deritzona. Lévi-Straussentzat zein Txillardegirentzat, garuneko zelula materialen martxak eraginiko gramatika kognitibo hori legoke mundu sinbolikoen eta kulturalen oinarrian. Egia da bestelakoa dela marxisten materia: gizarte eta garai zehatz bateko harreman ekonomikoek eta baldintza material eta teknologikoek osatzen dute marxistentzat oinarrizko estruktura, azpiegitura. [5] 

3. Ereñoren kritikaren arabera, hizkuntzen arteko diferentziak baizik ez ditu azpimarratzen Txillardegik. Marxisten ustez, ostera, unibertsal ugari dago hizkuntzen artean errealitatea taxutzeko orduan ere.[6]

4. Txillardegik uste zuen Euskal Herriak zapalketa bikoitza pairatzen duela: nazionala eta soziala. Maok Txinan egin bezala, nazioa askatu beharra dago aurrena, fronte nazionala osatuz euskaldun guztion artean. Ondoren egingo dugu iraultza sozialista. Baina ezer baino lehen, mundu-ikuskera berdintsua ematen digun euskararen erabiltzaileok behar dugu elkartu.[7]

Ereñoren iritziz, aldiz, kapitalista zeken euskaldunak eta langile kontzienteak, nahiz eta hizkuntza bera erabili, zeharo desberdina dute mundu-ikuskera. Ez baita gauza bera soldata ordaintzea eta soldata jasotzea. Zuretzat izango ez den gainbalioa sortzeko lan egitea, edo gainbalio hori sakelaratzea, alde horrek bai dakarrela mundu-ikuskera desberdina. Hurbilago du langile euskaldunak Granadakoa, Esteban Orbegozoren tankerako burges euskalduna baino. 

5. Kanten eta Lévi-Straussen logika analitikoarekin bat egiten zuen Txillardegik; eta Ereñok, berriz, Hegelen eta Marxen logika dialektikoarekin. Ordea, Txillardegik ikusten zuen dialektikaren fase negatiboa Stalinen, Maoren eta Pol Poten milioika hilketak zuritzeko erabiltzen zela, ezinbestekoa omen baita antitesia sintesi loriatsura heltzeko. Oinazearen bidez dator zerua. Odola eta heriotza exijitzen ditu dialektikak, erabat positiborainoko bidean. Txillardegik ez du horrela ikusten historiaren martxa. Etengabeko aurrerapen dialektikoa baino gehiago, aniztasuna eta jauziak ikusten ditu.[8]

Bestalde, gurean nagusi den Historiak hizkuntzak bezalaxe funtzionatzen du: guk taxutzen ditugu gertaerak, batzuk nabarmenduz, beste batzuk baztertuz. Historian  aurkitzen omen ditugun legeak, dialektikoak eta beste edozein, geuk jarri ditugu aldez aurretik, gertaerak aukeratzeko eta antolatzeko orduan.[9]

 



[1] Euskararen aldeko borrokan, 68-69. orr.

[2] Hizkuntza eta pentsakera, 126. or.

[3] “El solipsismo lingüístico”, 307. or.

[4] Ibidem, 306-307. orr.

[5] Dicttionaire Lévi-Strauss, 642. or.

[6] “El solipsismo lingüístico”, 299. or.

[7] Hitza hitz, 99. or.

[8] Hizkuntza eta pentsakera, 74. eta 131. orr.

[9] Ibidem, 75. or.

Txillardegiren eta marxisten arteko polemika (I)

Markos Zapiain 2024/01/11 09:10
Hizkuntzari lotutako arazoetan zentratuko dira testu hauek

Ertz ugari dauzka Txillardegiren eta marxisten arteko eztabaidak, eta hemen hizkuntzari dagozkionetara mugatzen saiatuko naiz. Zer leporatzen zioten elkarri Txillardegik eta marxistek?

Polemika hura hitzezkoa izan zen batik bat: laburbilduz, españolazo sozial-inperialistak eta komunista sotanadunak, CIAren agente burgesen aurka, orduko mintzamolde fina erabiltzeko. Idatziz, Txillardegik Branka aldizkariko lehenbiziko alean, 1966an, argitaratu zuen “Hizkuntza eta pentsakera” artikuluari, Manuel Ereñok hurrengo urtean erantzun zion Arragoa aldizkari komunistan, “El solipsismo lingüístico en el ensayo «Hizkuntza eta Pentsakera» de Txillardegi” lan sendoarekin.[1] 1972an Hizkuntza eta pentsakera liburua atera zuen Txillardegik, 1970erako amaitua zuen arren. Hor ez du Ereño aipatzen, baina haren kritikako zenbait punturi erantzuten dio. Marxisten eta estrukturalisten artean Parisen zebilen ika-mikaren isla da Txillardegiren eta Ereñoren artekoa.

“Txillardegi” eta “Larresoro” bezala, ezizena zen “Manuel Ereño” ere. Francisco Zalakain Illarramendi errenteriar komunista ezkutatzen zen atzean. Euskadiko Alderdi Komunistako buruzagitzan ibili zen eta Alkartu eta Euskadi Obrera bezalako aldizkarietan idatzi zuen. Leninen Estatua eta iraultza euskaratu zuen. 1964an Arragoa aldizkaria fundatu zuen, eta han atera zuen Txillardegiren solipsismo linguistikoaren kritika.

Hizkuntzek herrien izaera eta psikologia jasotzen eta biltzen dituzte: bat datoz Txillardegi eta Ereño. Ordea, Txillardegik esaten du euskara galduz gero, Euskal Herriarenak egingo lukeela. Ereñoren ustez, alderantziz planteatu behar da arazoa: euskal izpiritu eta borondate nazionala galduz gero, ez baldin bada herritik sortzen euskara pizteko gogo eta ekimen sakona, orduan izango dugu hizkuntza galtzeko arriskua.

Aspalditik ezagutu ditugu gurean marxista-leninista euskaltzaleak. Halakoa zen ETAren sortzaileetako bat ere, Eneko Irigarai. ETAren V asanblada baino lehen, erakunde bizefalo bat sortzea proposatu zuen Txillardegik, alde bat marxista-leninista eta bestea, berea, sozialista autogestionarioa. Ez zioten onartu eta dimisioa eman zuen.[2]

Esanguratsua da gaztelaniaz hazi eta hezitako Txillardegik euskaraz idaztea artikulua, eta Manuel Ereño euskaldun zaharrak, berriz, gaztelaniaz. Dena den, zeharo sinesgarria egiten da Ereño komunistak euskarari eta herriari erakusten dien maitasuna. Euskaraz ere idazten du, ondo ezagutzen du bertsolaritza, goitik behera ditu irakurriak eta entzunak Xenpelar, Otaño, Basarri eta Mattin. Ez doakio “sozial-inperialista” etiketa; Txillardegiri ere ez, Ereñok darabilen “erreakzionario”. Zoritxarrez, erdi lo bizi garen euskaldunak esnatzeko beharrezkoa izaten da hizkera deigarri hori. Ez da ñabarduraren gailurra izaten, baina tratatu zentzuduna baino pizgarriagoa bai, behintzat. Alde txarra: maizegi sakrifikatzen duela egia zehatza.



[1] Saioak aldizkarian jasoa, Baiona, 1979, 279-309. orr. Jakinek sarean jarri du.

[2] Hitza hitz, 109. or.

Molekulak, zentzumenak, garuna, adimena

Markos Zapiain 2024/01/08 13:24

Giza kontuetan hizkuntzak duen omnipresentzia hainbat esparrutan mamitzen bada ere, biologiako agerpenak harritu zuen bereziki Txillardegi. 1972rako adierazia zuen kromosomaren hizkuntzatasunaren aurreko txundidura, eta hizkuntza estrukturalaren hedatzeari lotu zion Anaitasuna aldizkariko “Bi jakintsuren aitorrak” idazkian: zelulako kromosoma, programa zibernetikoa eta liburuko izkribua berdintzen ditu jakintsu horietako batek, François Jacob biologoak, Roman Jakobsonen ideien ildotik. “Materialismo zibernetiko” deitu izan denetik hurbil dabil pasarte honetan Txillardegi:

«Zuntz genetikoaren luzeran «irakur» daitezkeen kimika-radikalak, eta Fortran-programa baten lerroetan «irakur» daitezkeen sinboloak, benetan zaizkio kide hertsiak [François Jacobi]: bakarka harturik adikizunik ez badute ere, elkarturik «mezu» bat dakarte, operabide bat; eta operabide hau gero Zibernetikaren arabera obratzen da; alegia, azken funts zolan, «bai» ala «ez» arrapostu bikunaren bidez.

Kateko elemento bakar baten aldakuntza edo lardaska, bai zuntz genetikoan, bai programa elektronikoan, ondorio berbera dakar: programak ez duela, eman behar zukeena ematen; edo, huts hori egin delako, beste ondorio bat dakarrela. «Huts» hoietaz baliatuz azaltzen ditu gaur Biologiak mutazioak eta eboluzioa».[1]

 

ZENTZUMENEN ERAGIKETAK ETA ADIMENARENAK BAT DATOZ

Hainbat filosofok aldarrikatu du hizkuntza eta pentsamendua ez dagozkiola gizakiari baizik. Alderantzizkoa erakutsi du kode genetikoaren aurkikuntzak: biziaren oinarrizko estruktura hainbat mailatan gauzatzen eta garatzen da. Adibidez, giza hizkuntzetan eta giza pentsamenduan. Biziaren beraren oinarrizko ezaugarriak berragertzen dira giza mintzairan eta pentsamenduan. Estruktura biologikoen jokabideak erreplikatzen dituzte giza mintzairak eta pentsamenduak; hots, beste maila batean bikoiztu, errepikatu eta garatu. Antzekoak dira biziaren eta zelularen estrukturak, batetik, eta, bestetik, giza hizkuntzaren eta pentsamenduaren estrukturak. Estrukturala da kode genetikoaren eta hizkuntza artikulatuaren arteko analogia. Estruktura biologikoak, elementu sinpleen konbinazioaren bitartez, izaki bizidunak eratzen ditu: molekulak eta zelulak. Gizakion gaitasun linguistikoak eta giza komunikazioak beste maila eta esparru batean erreplikatzen dute jarduera hori: berez esanahirik ez duten zeinuak konbinatuz sortzen dituzte esanahiak. Molekulen arteko komunikazioaren hastapen estrukturalen arabera daude eratuak estruktura linguistikoak.[2]

François Jacoben eta Txillardegiren ikuspuntuaren zehaztapen eta garapen interesgarria osatzen dute donostiarraren maisu Claude Lévi-Straussen ideia hauek ere: munduari ez diogu bere horretan antzematen. Kontzientziara heltzen zaizkigun datuak ez dira gordinak, berehalakoak; aitzitik, zentzumenek eta garunak kodeturik heltzen zaizkigu. Antzera jokatzen dugu testuekin: beste hizkuntzetara itzuli ahal izateko edozein testu deskodetu behar den bezala, zentzumenek eta burmuinak aurretik kodeturikoa deskodetzen eta interpretatzen du ondoren adimenak.

Bestalde, ez dago funtsezko alderik bi eragiketa horien artean: berdintsu dabiltza kodetze-eragiketen oinarri diren prozesu fisiko-kimikoak eta deskodetze-lanean gogamenak darabiltzan prozedura analitikoak.

Halatan, adimenaren bideak eta bitartekoak ez dagozkio soilik gorentzat jotzen den jarduera intelektualari; aitzitik, zentzumenen organoetan jadanik abian dauden eragiketa intelektualak erreplikatu egiten ditu adimenak.[3] Lévi-Straussek azpimarratzen du isomorfismo eta erreplika horiek ez direla metaforikoak, errealak baizik. Zinez datoz bat kode genetikoaren estruktura eta giza hizkuntzetako kodeen azpian datzan estruktura.

Zorionez, Lévi-Straussi, François Jacobi eta Txillardegiri esker, gero eta zehazkiago dakigu nola gauzatzen den gorputz-arimetan hizkuntzaren nonahikotasuna.



[1] “Bi jakintsuren aitorrak”, in Anaitasuna, 1972-05-15, 6-7. orr.

[2] Nous sommes tous des cannibales, 257-258 orr.

[3] Le regard éloigné, 164. or.

Frantzian, marxismotik estrukturalismora; hemen, seminariotik marxismora

Markos Zapiain 2024/01/05 13:05
Txillardegiren eta marxismoaren arteko harreman zailak ulertzeko, Pako Suduperen "Txillardegiren borroka abertzalea" bikaina da tresnarik egokiena. Eta mundu osoko marxistek eta antimarxistek hizkuntzaz esandakoa zehazki ezagutzeko, berriz, Joxe Azurmendiren "Hizkuntza, etnia eta marxismoa" ezin aberatsagoa.

Txillardegi idazten hasi zen garaian, marxismotik estrukturalismora igaro ziren hainbat idazle Frantzian. François Furet historialariaren esanetan, adikzio ideologikoak behar izaten ditu intelektual frantsesak, eta marxismoaren kokaina estrukturalismoaren LSDarekin ordeztu zuten. Gizon berriaren igarleen ondoren, gizakiaren disoluzioaren analistak etorri ziren.[1]

Adikzio erlijiosoak behar izaten dituela euskaldun mota batek zioen Txillardegik. 60ko hamarraldiaren amaieran, Euskal Herriko seminarioak hustu zirenean, gogorregia egin omen zitzaien fraide ohiei inongo federik gabe bizitzea, eta marxismoa hartu zuten ordezko fedetzat. Ez zitzaien zaila egin, bere liburu sakratu, karisma, milenarismo, herexe eta edozein erlijioren parafernaliaz hornitua baitzetorren marxismoa.[2]

Txillardegik, Marxen aholkuari jarraiki, ETAko marxistek ziotena baino gehiago zegitena hartzen zuen kontuan. Eta, Txillardegi-eta erbestean zeudela profitaturik, marxistak buruzagitzaz jabetu eta goitik behera hasi zen erakundea gaztelaniaz funtzionatzen. PSOEn amaitu zuen buruzagi haietako zenbaitek. Ez zetozen bat ez sentsibilitateak ez proiektu politikoak. Praktika erdaldun hori zuritzeko, klaseen nazioartekotasuna, “herri” kontzeptuaren kutsu burgesa eta antzeko ideiak zerabiltzaten. Sutan jartzen zen Txillardegi.

Edonola ere, ñabardurarik ez zaio falta donostiarraren antimarxismoari. Materialismo historikoaren ideia nagusiak onartzen ditu, eta aldarrikatzen du historiak frogatu duela klaseei buruzko Marxen ideiak egiazkoak direla.[3] Erantsiko duenez, «marxismoa ezagutu eta lehen inpresioa da gizartea X izpien bidez ikusten duzula».[4]

Ordea, ez zien ezikusia egin Stalinek marxismoaren izenean egin zituen  krimenei. Ez zuen uste CIAren propaganda hutsa zirenik Gulag Artxipelagoa, sobietarren tankeak Budapesteko 56ko iraultzan, edota 68ko udaberrian Pragan. Marxismoa oinarri omen zuten sobietarrei leporatzen zien pluralismoa eta demokrazia ez bermatzea. Eta marxista euskaldunak moskutero itsuak ei ziren.[5]

Polemika betean, Txillardegik idatzi zuen marxismoa mitologia zela, moda hutsa, eta estrukturalismoa, berriz, zientzia: etorkizuneko itzalari dagokionez, pareko ikusten zituen Albert Einstein eta Ferdinand de Saussure. Hizkuntza eta pentsakera saiakeran erruz erabili zituen materialismo dialektikoaren aurkako Lévi-Strauss estrukturalistaren ideiak. Ordea, gauzak apur bat gehiago konplikatzeko, Lévi-Straussek marxistatzat zuen bere burua. Hori bai, inork gutxik sinesten zion. Marxista eta estrukturalista izan zaitezkeela aldi berean, Louis Althusseren materialismo aleatorioak erakutsi zuen garbi. Dena den, handik pixka batera bere bolada estrukturalista desbiazionismotzat joko zuen. Pentsalaria ondo sailkatua eta etiketatua duzula uste orduko, ihes egiten dizu.  



[1] LOYER, Emmanuelle, Lévi-Strauss, Flammarion, Paris, 2015, 470. or.

[2] TXILLARDEGI, Hitza hitz, Elkar, Donostia, 1996, 103. or.

[3] Ibidem, 118. or.

[4] “Elkarrizketa”, in Argia, Euskal Kulturaren Urtekaria, Lasarte-Oria, 2007, 39. or.

[5] Hitza hitz, 109. or.

 

Txillardegi eta Claude Lévi-Strauss

Markos Zapiain 2023/12/23 09:45
Ipar eta Hego Katalunia eta Ipar eta Hego Euskal Herria elkartzearen alde idatzi zuen Lévi-Straussek. Baionako Errabino Nagusia zuen aitona, eta Baionan hazi eta hezi zen Clauden ama.

B. Russell, J.P. Sartre eta E. Morin aipatu bazituen ere inspirazio-iturri gailen gisa Hitza hitz elkarrizketa-liburuan eta Euskal Herria helburu autobiografian, uste dut, Txillardegiren obra osoa kontuan harturik, Claude Lévi-Strauss eta Jean-Paul Sartre ageri direla zinez nagusi. «Mende hunen gizon gaillenak Einstein, Sartre eta Levi Strauss baitira», dio 1967an.[1] Txillardegiri bezala Gilles Deleuzeri eta beste hainbati, Sartreren eta Lévi-Straussen ikuspuntuak inkonpatibleak izateak ez die eragotzi biak aldi berean mirestea. Koldo Mitxelenak ere miresten zuen:  Lévi-Strauss bide zuzenetik doala dio, oso gizon leial eta zuzena dela lanean, sendoa eta sakona duela obra.[2]

Artikulu mamitsu bi eskaini zizkion Txillardegik: “Lévy Strauss-ek Unamuno-rengana” (1965) eta “Levi Strauss gailen” (1973); baina, gainera, Hizkuntza eta pentsakera liburuko motor nagusia da bruselarra, Saussureren, Whorfen eta Lacanen gainetik.

Txillardegiren maisuen artean, Lévi-Straussek izango du ziurrenik donostiarraren sentiberatasunaren antzekoena: biek gaitzetsi zuten errotik Mendebaldeko zibilizazioa; biei piztu zizkieten bihotza eta luma desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzek eta herriek, animaliek, budismoak; biei iruditzen zitzaien zuzena ez ezik beharrezkoa estatuek mehatxaturiko identitate nazionalak babesteko ahalegina: Ipar eta Hego Katalunia eta Ipar eta Hego Euskal Herria elkartzea aldeztu zuten.[3]

Bretainia, Normandia eta Euskal Herria, horratx 24 urte bete arte Lévi-Straussek ezagutu zituen Frantziako eskualde bakarrak, Paris bizilekuaz gain. Baionan hazi eta hezi zen haren ama. Baionako Errabino Nagusiaren alaba zen. Lévi-Straussen amaldeko osabetako bat Henry Caro-Delvaille baionar margolari ospetsua zen, Isadora Duncanen amorantea. Caro-Delvaille Baionako judutar hilerrian dago lurperatua.  Harreman estua zuen Lévi-Straussen aitarekin, margolaria halaber. Amaren aldeko beste osaba bat Gabriel Roby margolari euskaltzalea izan zen. Claude bera margolari izaten saiatu zen, baina ez zen trebea.[4] Txillardegik bezala, zientzia miresten duen artistaren begiradaz, adimenaz eta sentiberatasunaz aztertu zituen Lévi-Straussek ere giza kontuak.

Estatuak bata zein bestea kanporatu zituen: Lévi-Strauss judua Frantzia kolaboratzaileak pariatzat jo eta erbestera behartu zuen, eta Txillardegi euskalduna Espainia frankistak pariatzat jo eta erbestera bota zuen. Frantziak ere kanporatuko zuen Txillardegi. Marxek eta Walter Benjaminek bezala, liburutegi publikoetan irakurtzen eta idazten zuten erbestealdian: Lévi-Straussek New Yorkeko Liburutegi Publikoan pasatzen zituen orduak eta orduak, eta Txillardegik Bruselako geltoki nagusiaren albokoan. 

Biek izan zuten gizarte zientziak ekuazioetara ekartzeko joera eta dohaina, eta halaxe egin zuten asmatu zituzten jakintza-arloekin —Etnologia estrukturalista eta Soziolinguistika matematikoa—.[5] Matematika hutsak ez du errealitateari buruz ezer azaltzen, baina, Lévi-Straussek dioenez,

«Matematikaren enuntziatuek islatzen dute, gutxienez, espirituaren funtzionamendu librea, hau da, burmuinaren azaleko geruzetan aurkitzen diren zelulen jarduera, kanpoko hertsadura guztietatik aske, eta beren legeei bakarrik obedientzia zor dietela. Espiritua ere gauza bat denez, gauza horren funtzionamenduak gauzen izaerari buruzko ikasbideak ematen dizkigu: hausnarketa huts-garbia ere kosmosaren barneratzea besterik ez da».[6]

Bientzat izan zen biziki garrantzitsua musika klasikoa. Hori bai, hobeki jotzen zuen Txillardegik pianoa Lévi-Straussek klarinetea baino. Biek gutxietsi zituzten beren ahalegin literarioak. Ederki bezain azkar idazten zuten, hala ere: lau hilabetean amaitu zuen Lévi-Straussek Tropiko tristeak, lau astean Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua.

 



[1] “Sinistu ezinean iges egin behar”, in Jakin, 1967, 17. or.

[2] Zenbait hitzaldi, EEE, Donostia, 2003, 59. or.

[3] Dictionnaire Lévi-Strauss, Jean-Claude Monod koordinatzaile, Bouquins, Paris, 2002, 1158. or.

[4] LOYER, Emmanuelle, Lévi-Strauss, 50-51. orr.

[5] Ahaidegoaren estruktura elementalak liburuko estrukturak matematikara ekarri zituena André Weil izan zen, Simone Weil ospetsuaren neba.

[6] Pentsaera basatia, 353. or.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.