Hemen zaude: Hasiera Blogak Markos Zapiain irun

Markos Zapiain

irun

Demokrazia eta giza eskubideak: Irungo Alardearen kasua

Alardearen aferak erakusten du demokraziak ez duela dena konpontzen, ez dela egia aurreiritzi zabaldu bat: zenbat eta demokrazia gehiago orduan eta babestuago giza eskubideak. Demokrazia eta giza eskubideak, bakoitza bere aldetik, ontzat har litezke, baina sarritan ezin dira aldi berean mamitu. Bata hobesteak bestea baztertzea dakar, biak politak izan arren. Ekialde Hurbilean diktadurek eusten diote laikotasunari; baina demokrazia ezarriz gero, herriak bere bizimodua Koranaren araberakoa nahi duela adierazten du, Bushen kalkuluen despit.

Era berean, Irunen gehiengoa onartu eta giza eskubideak zapuzten dituzu; edo bestela berdintasuna ezarri eta demokrazia ahantzi. Bistan da Irungo herriak ez dituela emakumeak nahi alardean. Oraingoz bederen ez dago giza eskubideen aldeko gehiengorik.

Baina gure agintariei alde batetik zenbaitetan ez zaie larregi interesatzen herriak zer nahi duen. Legea betearazi behar denean, gehiengoari ez zaio jaramon handirik egiten. Marseillan ez da galdetzen ea zer nahiago duten, etorkinei ongi etorri egin ala kohete batean sartu eta Groenlandiara bidali. Boroako zentrala dela eta zornotzarren nahia zelan erabili den kontuan hartuta, ondoriozta liteke jeltzaleek gehiago maite dituztela zentral termikoak emakumeen eskubideak baino, garrantzi handiagoa ematen dietela; hitzez agian ez, baina egitez bai.

Izan ere, Ibarretxe, Zapatero, Errazti, Gonzalez Txabarri, denek omen dituzte giza eskubideak iparrorratz.

Baina zer egin dute alderdi politikoek giza eskubide funtsezkotzat jotzen den gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarekin? Zein izan da alderdien jokabidea alardeari dagokionez?

PNVk, PSOEk, EAk eta PPk giza eskubideen aurka egin dute eta beste zerbaiten alde: beste hori esan liteke demokrazia dela, uste oneko interpretazioa; edo bestela boterea, interpretazio mesfidatiagoa. Gainera, ez botere erabakigarri bat, baizik zinegotzi goibel batzuk, gehienez ere alkatetza bat.

Alegia, giza eskubideak jendaurrean aldeztu bai, baina demokrazia edo botere pittin bat arriskuan sumatu orduko zokoratu behar dira.

Irunen, PNVk, PSOEk, EAk eta PPk garbi egin dute emakumea baztertzearen alde. PPren kasuan ez da harritzekoa, inoiz ez baitu ezkutatu giza eskubideak bospasei zaizkiola. PNVk alkategai izendatu eta alderdi barruan izugarri goititu du emakumea baztertzearen alde egitea beste meriturik ez duen irundar bat. PSOEk berdintasunaren alde zebilen bakarretakoa, Roman Rico, akabatu egin zuen politikarako. EAk Maribel Castello berrizale aitzindaria udaletxetik kanporatu eta betiko nabarmen bat jarri zuen alkategai.

Eta nori berea, alderdi guztiek ez baitute berdin jokatu: berdintasunaren alde benetan eta ausardiaz egin duten bakarrak Ezker Batua eta Batasuna izan dira. Prest egon dira giza eskubideak babesteko, jakinik ondorioz boto galera handia izango zutela. Ezker Batuak zeuzkan hiru zinegotziak galdu zituen 1999ko udal hauteskundeetan, eta Joxan Elosegik adore paregabez gidaturiko Batasunak ere botoak galdu zituen.

PNVk, EAk eta PSOEk giza eskubideetan benetan sinetsiko balute, prest leudeke botere pittin bat sakrifikatzeko. Aldiz, nabarmen jarri dute boterea giza eskubideen gainetik. Alderdi horietako buruzagien jokaerak zeharo desakreditatzen du giza eskubideen eta berdintasunaren aldeko Ibarretxeren, Erraztiren, Zapateroren eta Fernandez de la Vegaren ohiko mintzamoldea.

Bestelako gatazkak gertatu izan direnean, alderdiotako zuzendaritzek ez dute zalantzarik batere izan udal hauteskundeetako zerrendetatik, are alderditik, alderdiaren printzipioekin bat ez datozen militanteak egozteko, edo udal taldeak desegin eta berritzeko. Baina Irunen nagusi diren alderdi politikoen zuzendaritzei giza eskubideak axola zaizkie Madrilgo Windsor hotelaren erretzeak adina: izugarri.

mzap 2006/07/21

Alardea formoletan

Bereizi beharra dago alde batetik erantzun espontaneoa, sentipenei eta hautemateari dagokiona neurri handi batean eta bestetik sentsazio horren itzulpen ideologiko-morala. Itxura, ohitura edo arraza desberdinen aurreko beldurra edo nazka ez da arrazakeria edo xenofobia; aldiz, oso naturala da.

Arrazakeria, beldur eta nazka hori ideologia bilakarazi eta zu ez bezalakoak oro har beldurgarriak eta nazkagarriak direla aldarrikatzea da, edota, zehazkiago, jendea arrazaren arabera sailkatzea eta balioestea.

Alardea berritu nahi ez izatea ulergarria da, normala da bizitza osoan modu batean ikusi duzun zerbaitek, sentsazio eta sentimendu atseginei lotua, bere horretan jarrai dezan nahi izatea. Orain dela lau bat urte luzaro atzerrian egon ondoren irundar bat bere Larrendira itzuli eta haurtzaroko belardiak eta iturriak beharrean oraingo etxetzar piloa ikusi zuelarik negarrez hasi zen.

Alardearekin berdin. Txikitatik ezagutu duzun alardeari lotzen dizkiozu emoziorik eta sentimendurik politenak eta halako batean aldatu behar dizutela entzun eta iruditzen zaizu sentimendu haiek ezin dituela piztu alarde jakin horrek baino eta beraz betirako galduko dituzula.

Baina emozio horiek ez ditu ezinbestean eragiten kanpoko jainko, aberri, garaipen, arte obra edo alarde mota jakin eta zehatz batek. Lotura hori ezinbestekotzat jotzeak itxikeria ideologikoa dakar, platonismorik arriskutsuena, uste duena gaur egungo alardea beti izan dela horrelakoa eta beti behar dugula aurrerantzean ere horrelaxe atxiki, bestela alarde izateari utziko diolakoan. Nietzsche eta Deleuze ez zebiltzan lore jolas filosofikoetan platonismoa alderantzikatzea proposatu zutelarik. Eginkizun dugu oraino xede zail bezain artez hori, Foucault, Azurmendi, Onfray eta abarren ahalegina gorabehera.

Alardea bizirik dago eta bizirik dagoen guztia bezala etengabe ari da aldatzen, sortu zenez geroztik aritu da aldatzen eta garaian garaikoari egokitzen, Xabier Kerexetak, Gorka Morenok eta Mertxe Trantxek besteak beste erakutsi bezala (“Bidasoako alardeak: Herria versus Hiria”, UEU).

Joan den mendeko lehenbiziko hamarraldian futbolak zatitu zuen Irun. Sporting Klub eta Racing Klub elkarren etsai porrokatu ziren. Alardean Sporting konpainia sortu zen. Eta bertako kantinerak, ohiko upeltxoa beharrean, baloi bat eraman zuen. Hatxeroen zapi zuririk ez zen lehen, baina San Martzial batean hatxero batek bazkal ondoren serbileta lepoko zapi gisa jarri, besteei gustatu eta horrela atera ziren. Hurrengo urtean berdin. Azkenik ordenantzetan sartu zuten. Pedrós jeneral ospetsuak xanpaina edan zuen naziekin, berak gonbidatuta. Buenos Amigos konpainia berri samara da, Elizaren ingurukoek sortua. 76an poliziak soldadu batzuk atxilotu eta musikarik gabe egin zen desfilea. Beltza dut koinatua, alardean ibilia, eta lehen ez zebilen beltzik.

Bizirik dagoena sendotu egiten du ingurukoa eta berrikuntzak integratzeko ahalmenak. Hizkuntzari bezala alardeari eta edozein bestari, mesede eskasa egiten dio formoletan babestu nahi izan dezaten, betiereko ideia platoniko bilakarazteko asmoz.

Eta orain emakume batzuek soldadu irten nahi dute, edo txilibituarekin. Ba alardea emakumeei zabaltzeak indartu eta edertu egingo luke.

Ordea, itsusia bezain tristea ematen du elkarrizketa honek: “Alardean atera nahi dut.” “Ez, ezin duzu.” “Zergatik?” “Emakumea zarelako”.

mzap 2006/06/28

Elizaren poparen ponpa

Homosexualen aurkako Elizaren gurutzadak autofobikoa ematen du. Katolikoen liturgiak, zirimoniak, solemnitateak eta ponpak batez ere homosexualei egiten zaizkie erakargarri, Aita Saindu berria aukeratzeko kardinalen txutxumutxuek, igurtziek, irribarreek eta joan-jinek ene baitako emakumea piztu dute bederen, purpuraz pintatu didate bihotza. Ziur naiz Blazquez, Ratzinger, Juan Pablo bigarrena, Setien, Rouco eta gainerakoak homosexualak direla, EDO AGIAN ZERBAIT ORAINDIK OKERRAGOA.

mzap 2005/06/16

buruzagi karismatiko bi

mzap 2005/06/14

beste bi beato

mzap 2005/06/13

santu bi

mzap 2005/06/12

ETAkidea protagonista

Xabier Mendigurenek Eider Rodriguezen "Eta handik gutxira gaur" eta Lander Garroren "Orain galdera berriak ditut" ipuin liburu ederrak iruzkindu berri ditu "Egunen harian" bere blogeko idazki batean, euskal literatura ETA zelan erakusten ari den eta erakutsi duen ikergaia intuizio mamitsuz aberastu duena.

Bazter errealetan tiro ugari zebilelarik, gure literaturan ia ez zen bortxarik ageri. Tiroak urriago, etakide protagonista gehiago.

Hurrengo zerrendak etakideren bat protagonista (edo garrantzi handiko pertsonaia) duten euskal eleberri batzuk biltzen ditu.

("110. Street-eko geltokia"ko Joseba Telleria etakidea ote den ez dago garbi, baina Espainiako Justiziaren omenez etakidetzat jo dugu, ziplo sartzen baitzaitu zakuan zerorrek etakide zinenik imajinatu ere ezin zenuen arren.

Bestalde, Karlos Santistebanen eleberri biak, "Terrorista" eta "Mikel Zabalza edo izuaren tunela", zailak dira aurkitzen.)

Egin litezke aise dozena erdi bat jardunaldi gai honen inguruan, Guggenheim-enean esaterako.

-Ehun metro (1976)

-Grand Placen aurkituko gara (1982)

-110. Street-eko geltokia (1985)

-Terrorista (1986)

-Mikel Zabalza edo izuaren tunela (1987)

-Exkixu (1988)

-Mugetan (1988)

-Etorriko haiz nirekin? (1991)

-Ni naizen hori (1992)

-Gizona bere bakardadean (1993)

-Nerea eta biok (1994)

-Amaren begietan (1995)

-Hamaika pauso (1995)

-Zeru horiek (1995)

-Berriro igo nauzu (1996)

-Arian ari (1996)

-Joan zaretenean (1997)

-Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri (1998)

-Koaderno gorria (1998)

-Berandu da gelditzeko (1999)

-Agirre zaharraren kartzelaldi berriak (1999)

-Pasaia blues (1999)

-Euliak ez dira argazkietan azaltzen (2000)

-Lagun izoztua (2001)

-Ekaitz aroa (2001)

-Iraganean galdua (2001)

-Rebel Mayo Colorao (2002)

-Hiruko-tik "Herriak bizi behar du" nobela (2003)

-Ugerra eta kedarra (2003)

-Denboraren izerdia (2003)

-Hodei berdeak (2003)

-Hamar urte barru (2003)

-Soinujolearen semea (2003)

-Ezinezko maletak (2004)

mzap 2005/01/11

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
Birraitonak 210 urte Amatiño, 2010/02/15
Mormoiak Luistxo, 2010/01/14
Mamuak Hasier, 2010/01/10
Etiketa lainoa
bermeo etakideen ametsak globalizazioaz irun kalakakoak liburuak eta idazleak