Hemen zaude: Hasiera Blogak Markos Zapiain bermeo

Markos Zapiain

bermeo

freebatasuna

mzap 2007/10/05

Perturren kasuaz

1998ko abuztuaren 31n "Tiempo" aldizkariak Sáenz de Santamaría jeneralaren adierazpen batzuk jaso zituen. Testuingurua, PSOEren aurkako PPren erasoa, GAL aitzakia.

Jenerala, Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren zuzendari ez ezik, Espainiako Gobernuaren Ordezkari EAEn izan zena, harrituta eta suminduta ageri zen PPkoen hipokrisiagatik eta zinismoagatik, eta Anasagastiren kezka bakarra GAL zelako: "Anasagasti zergatik ez ote da Argalaz eta Perturrez eta beste hainbestez ere kezkatzen?"

Alegia, sozialistak baino lehen ere, UCD, AP eta PPko jendea zebilenean agintari, Espainiako Gobernuek legez kanpoko hilketa ugari bultzatu zituzten. Siglak erabili zituen gerra zikinak -Triple A, BVE, GAL- hamabi urte inguru iraun zuen.

Datu ezaguna ziur aski. Baina indar berezia du Sáenz de Santamaríaren ahotan entzunda eta Pertur hitzez hitz aipatuta. Jeneralak, bizirik bagenu, baleukake noski zer kontatua Amigori eta Aramendiri.

mzap 2007/08/30

Ziminofiloen pudorea

Zoofiliaren unibertsoan bada datu deigarri bat: txinpantzea eta gu oso gara hurbilak, ia berdina dugu genoma, baliteke behiala sexu harremanak elkarrekin eduki izana...

Hala ere, zoofiliarako oroz lehen zaldia eta zakurra maite ditugu.

Epelago, baina ahuntza, sugea eta arraina ere bai.

Ziminorik ez ordea, edo apenas.

Hori ikusi dut bederen Interneten.

(Zoofilia ziminoarekin, sarean aipatu egiten da, baina doinu nolabait esan zientifiko batez; ez dira haatik zoofiloak berotzeko moduko bideoak jartzen.

Bestalde, Ann Althouse-k "datu zientifiko" gisa saldu nahi den ideia arraro bat eztabaidatzen du: gizona ez bezala, andrea berotu egiten ei da ziminoak larrutan ikusita.)

(Bide batez, bista-bistakoa da zoofilia weborrietako emakume asko behartu egin dituztela aberearekin txortan. Eta neskatxak dira maiz. Uste dut ez dagoela tabu estetikorik ez politiko-ideologikorik, baizik soilik afektiboak. Eta irudi horiei begiratzeak taburen bat ukitu dit antza: goibelaldi hau...)

Harira. Zergatik agertuko ote dira askoz ere sarriago (eta beraz, pentsa liteke, erabili ere bai) zakurra eta zaldia txinpantzea baino, nahiz hurbilago dugun?

Leire Narbaiza adituak “Eibartarrak” foroan idatzi duenez, preseski, "hain iguala izanda, ez dabe zoofilixia danik konsiderauko."

(Ildo berean, Arnaldo Otegik telebistan kontatu zuen lesbiar batek aitortu ziola gizon batekin oheratzea bestialismo hutsa zitzaiola.)

Imanol Trebiño liburuzainak hurbiltasun genetikoa eta fisikoa bereizi ditu: “neri gertutasun kontua emoten desta. Zer dago "gure kulturan" gertuen? Ez genetikoki, fisikoki. Etxabereen artean ez da tximinoa sartzen, eta tximino bat lortzeko... zirko batean ez bada... zootan begittuta... Madrilen edo gertuen?”

Aldiz, anonimotasuna gorde nahi duen emakume batek Narbaizaren bidetik berdintasuna funtsezkotzat jo du ziminofiloen uzkurtasuna ulertzeko orduan, baina bestelako ondorioak atera ditu.

(Nabaritzekoa da, ezusteko handia izan ez arren, hiru emakumeek –Leire Narbaizak, lesbiarrak eta anonimoak- gizonaren eta ziminoaren arteko antza azpimarratu izana eta Trebiño gizonak berriz urrutitasuna, bizilekuari dagokiona baizik ez bada ere.)

Andre anonimoak idatzi dit garbi sentitzen duela zergatik baztertzen den ziminoa: ahuntza, sugea, zakurra, zaldia eta arraina gu ez bezalakoak dira zeharo, eta urrutitasun horrek gizagabetu egiten ditu, erdi dardaragailu bihurtu.

Txinpantzeak gurekin duen antzak berak bilakatuko luke munstrotsu, intzestu eta izugarri harekiko txortaldia.

Trebiñorentzat hortaz normala da hurbilen duguna, eskura, erabiltzea; emakume anonimoari berriz itxurari, jokabideari eta genomari dagokienez hurbilen duguna erabiltzea munstrotsu zaio. Hipotesi bateragarriak dira, arazo desberdinek elkar osa dezaketen heinean. Nolanahi ere, ideiok zehaztu nahi izanez gero ikerketa eraman beharko genuke aldi berean zoofilia irrikaz hedatua eta zimino ugari luketen lurraldeetara, ez dago beste irtenbiderik. Eskainiko dute beharbada bekaren bat Turismo Sailean edo Hezkuntza Sailean edota Maitasun Sailean.

Dena den, dauzkagun datuak aztertuta, egia da zoofiloentzat ziminoak ematen duela, animalia ororen artean, lotsagarriena.

Emakume anonimoak iradokitakoaz gain, izan liteke bestelako arrazoirik? Zoofilo guztien artean berez izango dira herabeenak agian ziminofiloak? Zergatik?

(Gizonak Nietzscheri lotsa eragiten dio, gizona edozein zimino baino ziminoago omen baita. Lotsa ospetsu hori ulertzekotan, pentsalariaren ziminofilia erreprimitua suposatu beharko genuke apika?)

Auskalo. Dena den, deigarri gertatzen da hainbat bestialismo weborritan “horse suck”, “dog fuck”, “snake sex” edo “Cicciolina inculata dal cavallo” lasai asko aipatzen diren bitartean, ziminofilia argazki eta bideo urriak “bestiality sex” edota “exotic porn” zehaztasunik gabeko izenburu engainagarrien pean agertzea.

mzap 2007/07/05

Memeturik

Ezustean eta larriki memetu naute Leire Narbaizak eta Jon Martinek. Hurrenez hurren, beren Kalamuatik Txargainera eta Sorbatza. Zorrak sor -en bidez endilgatu didate MEME delako hori eta dagokidana idatzi baino lehen beste bost blogariri pasako diet:

Markel Anasagasti "Anasintxa"ri, Mundekar baten bitakora

Ugutz Falzesi Harribolasetik zuzenean

Leire Narbaizari Kalamuatik Txargainera, erraz asko gogoratu edo asmatuko baititu beste bost.

Patxi Gaztelumendiri

Jon Regueirori Looking for my own religion

Bakoitzak bere bizitzako bost pasadizo kontatu behar lizkiguke, guretzat ezezagunak.

Adibide zirraragarria, Asel Luzarragaren Nasmastarraren apunteak -eko Memelotzat har nazazuen

mzap 2007/03/14

Toñi Foroa (m)ren adierazpena

Mezu hau helarazi nahi diogu Euskal Herriari eta bereziki gaur egun Toñi Foroaren fundatzaileen espiritua bereganatua duen talde bakarrari, hots, Toñi Foroa (m) ildo beregainari (baita Lakasta eta Zaldieroa buruzagiei ere, nahiz eta, egiaren erraiteko, sarritan ematen duen beren burua (a) eta (m)ren arteko distantziakidetasun ziniko batean kokatzen dutela koldarki):

Badatorkigu berpiztea, lagunok, badator odol gaztea gure bihotza gozoro biziberritzera.

Euskadi Sariei uko egin diegun idazleak hiru taldetan sailkatu gaitu ukatzaile horietako baten emazteak: pardillos, pringaus, rojos amargaus.

Askok gure burua pardilloen artean ikusten dugu zalantza izpirik gabe. Are gehiago, okaztagarri zaizkigu eta traidore pringauak eta gorri mingostuak: ez dute nortasunik, ez ekimenik, EAEko Kultura Sailekoak dirudite. Behar-beharrezkoa dugu ukatzaileen arteko zatiketa, egiaren eta zintzotasunaren zuziak bizirik iraungo badu.

Honatx azkenik albiste pozgarria, honatx gure herriarentzako itxaropena: pardillo GUZTIOK igaroko gara Toñi Foroa (m)ra.

Toñiren bitartez herriarekin oraindik sakonkiago batzearren, gaztigatzen dizuegu pintxoen txostenarena ez zela izan aperitibo bat baizik eta geure lehenbiziko atentatua Diario de Navarrari, Garari eta El Mundori Txikiteroak benetan zenbat patinete eta petaka dituen filtratzea izanen dela. Kabroiak laurdena ere ez baitio aitortu Ogasunari, horrela zeharka Hirugarren Munduko txiroak gosez hiltzen lagunduz.

Gora Toñi Foroa! Gora (m)!!

Gora Hegoalde Autonomoa!!

mzap 2007/02/28

Ziminoa ere kulturgile?

Zenbait berezilarik “kultura” legegintzari eta literaturari lotu beharrean, bestela definitzen dute, eta gero eta maizago entzuten zaie animalien kulturaz mintzo, esate baterako Frans de Waal-i, “Ziminoek tea hartzen dutelarik. Animalien kulturaz” liburuaren egilea. (Frans de Waal, Quand les singes prennent le thé. De la culture animale, Fayard, 2001)

“Sciences Humaines” aldizkarian elkarrizketa bat egin diote (“Les Grands Dossiers des Sciences Humaines”, lehenbiziko alea, 2005ko abendua-2006ko urtarrila-otsaila, 51-52 orr).

De Waal-en ustez, giza zein abere kulturaz mintza gaitezke egiaztatzen dugunean ohiturak edo jakintzak sozialki transmititzen direla, eta ez herentzia genetikoz. Esate baterako, baldin dantzan beste bati begira ikasten badut, neure estiloa nire kabuz garatu beharrean, hori “kultura koreografiko” bat da a fortiori. Gerta liteke beste batzuek gu imitatu eta azkenik taldekide guztiok berdintsu dantzatzea. Eta beste talde batzuek berriz bestela dantzatzea: hor desberdintasun kultural bat izango genuke, gizatiarra.

Baina animalien artean ere berdin gerta liteke eta gertatzen da. Kinji Imanishi biologista eta antropologo japoniarra lehenbizikoa izan zen, berrogeita hamarreko hamarraldian, abere kulturaz idazten. De Waalen iritziz, ez da oso harrigarria nozio hori Ekialdean sortu izana, zeren Mendebaldea batez ere kultura giza endaren pribilegio egiteaz arduratu baita: uste dugu kultura gu gizaki egiten gaituena dela. Horrenbestez, Ekialdetik etorririko ideia horren aurrean erresistentziak ditugu.

Baina Kinji Imanishiren dizipuluek ebidentziak pilatu dituzte. Zehazki, ikusi dute nola Japoniako hegoaldeko uharte txiki bateko ziminoek ikasi duten batata edo patata gozoa uraz garbitzen, jan aurretik. Jokabide hori eme gazte batek hasi zuen. Ondoren, bere hurbilekoek bereganatu eta azkenik uharteko ia tximino guztiengana zabaldu zen.

Gaur egun, frogatutzat jo daiteke zenbait ziminok, esaterako txinpantzeek, hainbat jokabide imitazioz transmititzen dituztela. De Waalek eta bestek ikerketa garrantzitsu bat argitaratu dute berriki (A. Whiten, V. Horner eta F. De Waal, “Conformity to cultural norms of tool use in chimpanzees”, Nature online, 437 zenbakia, 2005-09-29, http:/dx.doi.org/10.1038/nature04047). Garrantzitsua da, zeren espezialista batzuek jarraitzen baitute zalantzan jartzen animaliek benetan elkarrengandik ikasteko ahalmena dutela. Uste dute izan daitekeela ikasketa indibiduala, animalia bakoitzak esperientzia bere aldetik eginez, imitaziorik batere gabe. Kasu horretan, jakina, ezin ez transmisioaz ez kulturaz mintzatu.

Ordea, Frans de Waalek eta bere kideek esperimentuz ukatu dute arrazoibide hori. Txinpantze eme bati erakutsi diote ontzi bat irekitzen, litxarreriak zeuzkana, atetila makila batez bultzatuz. Ondoren, beste eme bati, beste talde batekoa, beste metodo bat irakatsi diote (atetila altxatzea) emaitza berdina ontzi berdinetik erdiesteko. Ondoren, txinpantze biak zein bere taldean berriro kokatu eta ontzi batzuk beren esku utzi dituzte. Eta ohartu dira berehala talde biek ikasi eta bereganatua zutela bakoitzak metodo diferente bat: zeinek bere “ereduarena” hain zuzen.

Txinpantze batzuek beren aldetik zuten metodo alternatiboa aurkitua baina, aldi baten buruan, beren “ereduaren” metodora itzuli ziren. Frans de Waalek “konformismo kultural” izendatu du jarrera hori: txinpantzeek ezagut ditzakete gauzak egiteko hainbat modu, baina nahiago dute beren taldean gehienek erabiltzen dutena.

Aurreneko aldia da, hain argiro erakusten dena teknika berri bat zimino talde batean artifizialki sartu eta kulturaz transmititzen. Era berean, Frans de Waalek egiaztatu du, hirugarren txinpantze talde baten laguntzaz, “eredurik” gabe txinpantzeek ez dutela litxarreriaz beteriko ontzi hori irekitzea lortzen, ahalegin guztiak gorabehera. Egiaztapen horiek guztiek erakusten dute ziminoen artean badirela kultur tradizioak.

Eta horrek guztiak kulturaz genuen ikuspuntua aldatu digu. Kultura ez da gizakiaren pribilegio, nahiz askok kontrakoa aldarrikatzen jarraitu. Kultura batez jabetzea esentziala izan liteke animaliarentzat: gatibutasunean hezitako txinpantzea ez da gai naturara itzultzeko. Ez ditu mehatxatzen duten arriskuak ezagutzen, ez daki jaten, ez bere burua babesten, ez ditu ezagutzen sendabelarrak, bere generokideek hartzen dituztenak eri sentitzen direlarik. Naturan biziraun ahal izateko ikasketak falta zaizkio. Espezie adimentsu askotan, trebetasun horietaz imitazioz jabetzen dira, bizirautea kulturaz jasoriko ezagutzetan oinarritzen da. Jakina, giza kultura konplexuagoa da, eta tresna sinbolikoak erabiltzen ditu, animaliek ez bezala. Baina, Frans de Waalen iritzirako, kultura ez da “gizakiaren bereizgarria”.

Bestalde, kultura dioenak dibertsitatea suposatzen du, eta aniztasun hori begien bistakoa da txinpantzeen artean. Naturan, txinpantzeen taldeek hain tradizio desberdinak dituzte ezen berezilariek, bideo bat begiratze hutsaz, identifika baitezakete bideoa egin den ingurua, kontuan hartu behar izan gabe landaretza edota ziminoen itxura fisikoa, baizik soilik txinpantzeen jokabidea, inguru batetik bestera aldatzen baita. Zenbait taldek intxaurrak harri batez hausteko ohitura dute, beste zenbaitek ez. Zenbait taldek keinu multzo bat darabilte bestek inoiz erabiltzen ez dutena. Desberdintasun horiek egoera naturalean bezalaxe ageri dira gatibutasunean ere. De Waal “Primatologiaren Gune Nazionala”ren zuzendaria da, Emory Unibertsitatean, Atlantan, AEBetan, eta bertan badute txinpantze talde bat, kideek eskua elkarri ematen diotena zorriak eta arkakusoak kendu bitartean, eta bakarrak dira hori egiten.

Horrek guztiak aldatu egin du orain arteko ikuspuntua hizkuntzaren zereginaz eta kultura sinbolikoarenaz hominizazio prozesuan. De Waalen esanetan, hizkuntzaren jabetza eta sinboloen erabilera arazo arras desberdinak dira. Egia da gizakiarengan gaitasun horiek kulturari lotuak daudela: hizkuntzak kultura transmititzeko balio du eta sinboloak praktika kulturalen oinarri dira. Baina transmisio kulturalaren fenomenoa ziur aski askoz ere antzinagokoa da hizkuntza baino. Hizkuntza ez da ezinbestekoa imitaziozko ikasketarako eta ez da talde-tradizioak izateko baldintza. Beraz, Frans de Waalek dioenez, hizkuntzaren jatorriaren arazoa eta bere bilakaerarena, kulturaren arazotik bereizi behar da. Nahiz gure espeziean bi fenomenoak estuki lotuak izan.

mzap 2006/08/09

Bonoboak, elkarrekin gustura

Gizakiok ez dugu asmatu elkarrekin gustura bizitzen. Zimino mota batek sozietatean elkartzeko modu atseginagoak sortu ditu (Frans de Waal, "Bonobo: The Forgotten Ape", Berkeley, University of California Press, 1997; lan hori gero Jesus Mosterín-ek laburtu du: "¡Vivan los animales!", Random House Mondadori, Bartzelona, 1998, 162-164 orr. Ikus orobat Frans de Waal beraren "Chimpanzee Politics: Power and Sex Among Apes" bikaina, Johns Hopkins University Press, Baltimore, 1982, non besteak beste erakusten baita Makiaveloren gogoeta aginteaz eta politikaz bat datorrela txinpantzeen betiko jokabidearekin.)

Bonoboak bereziki argiak omen dira. Horixe adierazten du beren behako zuzen, zabal eta zirraragarriak. Bizitza sozial harmoniatsu eta barea dute, gatazkarik ez. Txinpantzeek edo gizakiek ez bezala, bonobo batek egundo ez du beste bat hil, behatzaileek bederen inoiz ez dute halakorik ikusi. Promiskuitatez nahasten dira, maitasun librez eta etengabeko sexu harremanez, ia beti ugaltzeko xedeaz berex. Bonoboak beti ari dira sexuarekin jostari eta beste bonoboen sexuekin igurtzitzen, harreman aukera guztietan: ar-eme, ar-ar, eme-eme, heldu-gazte, ahoan musu, larru jotze, zurrupatze, edozelako kontaktu.

Horrela, eme bi urdurituz gero, elkar besarkatu eta, elkarri tinki so, kanpoko sexu organoak igurtzi egiten dituzte lasaitu arte. Sexualitatea baita bonoboen sozietatea mugitzen duen gasolina, eta tentsioa baretzeko balio du, adiskidetasuna pizteko, aliantzak ezartzeko, bakea egiteko edo beste barik denbora pasatzeko. Emeak ia beti daude harkor eta irekirik, arrekin larrua jotzeko gertu (“como las humanas” dio harrigarriro Mosterínek; giza primateak izango gara Mosterín eta biok, espezie berekoak, baina bai desberdinak gure bizipenak, zorionez).

Ondorioz, arrek ez dute emeengatik borroka egin beharrik. Gainera emeek, beren artean aliantza sendoak eratuz, arren erasokortasuna eta kumeak hiltzeko joera (beste primate batzuen artean ohikoa) eragoztea lortzen dute.

Izan ere, emea duzu sexu nagusia, arra bezain nagusi behintzat bai. Oro har, bonoboek osatzen dute ezagutzen dugun primate sozietaterik kohesionatuena eta baketsuena, eta ez dago bertan inongo oldarkortasunik, ezta obsesiorik ere hierarkia dela eta, edo nagusitasuna. Aitzitik, gozamena eta laguntasuna zaintzen dituzte, modurik hedonistenean, hots, zentzuzkoenean. Horixe da bederen egoera naturalean aztertu dituzten zientifikoen inpresioa.

mzap 2006/08/05

Modern Times, Dylanen disko berria

Abuztuaren 28an aterako da.

Abesti berriekin osaturiko lehenbiziko diskoa duzu bost urtean.

Joan den astean New Yorken oso tentuz aukeraturiko zenbait kazetariri disko berriaren maketa eta aperitif bat eskaini ziguten, baina baita aldi berean legezko agindu bat izenpetzera behartu ere, bertan entzunikoaz txintik ere ez esateko.

Ordea, New Musical Expressek agindua hautsi duenez , pentsatu dut: eta zuk zergatik ez?

Disko berriak 2001eko "Love&Theft" dakar gogora. Maketa entzuteko aukera izan genuenok bat etorri ginen: hamabi abesti berrien artean badira gutxienez hiru maisulan gogoangarri.

Tamalez, ez dirudi Donostian kantu berririk erabiliko duenik. Dylanek berriki jira luze bat egin du AEBetan barrena, maiatzean Floridan amaitu duena, eta ez du "Modern Times"eko deus abestu.

mzap 2006/06/13

Nondik gatoz? Elgoibar, 1947

Nondik gatoz? Zer jaten zuten gure arbasoek?

Elgoibar, 1947. Arnaldo Deuna artean jaio gabe.

Bada, herriaren bihotz altxagarri, bikote eder bat: bizipoza dario, itxaropena eta oparotasuna. Baina mutilak soldaduzkara joan beharra dauka.

Espainia aldean maniobretan dabilela neskalaguna hil egin da. Lurperatu dute. Berehala itzuli da mutila eta maitea azkeneko aldiz ikustea eskatu du. Ireki dute hilkutxa... hutsik!

Ikerketen ondorioa: lurperatzaileak zerriei eman die gorpua, zapero merkea barren.

Zabaldu dituzte beste hilkutxa batzuk... hutsik guztiak.

mzap 2006/05/10

Brokeback arrantzale

Xabier Mendigurenek Urbia Mountain sarreran euskal basomutilen arteko harremanez filosofatu du.

Arrantzaleen arteko harreman homosexualez inoiz ez dut deus aditu, ez Hondarribian ez Bermeon.

Aitzitik, lagun eta ikasle homosexual batzuk, arrantzaleen semeak, eta tradizioz arrantzan behar luketenak (beren anaiak bezala), lehorrean gelditu dira eta nazka diote arrantzale giroari.

Lehengoan ikasle ohi arrantzale oso hetero batek kontatu zidan Tailandiako kostaldera iritsi eta kaian bertan putetxe kulunkariaren itxura nahastezina (argitxo bereziak kanpoan, dekorazio amultsu kutrea...) zuen itsasontzi batera emozionatuta sartu eta...

BARRUAN KARAOKEA BAINO EZ!

mzap 2006/04/07

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
Birraitonak 210 urte Amatiño, 2010/02/15
Mormoiak Luistxo, 2010/01/14
Mamuak Hasier, 2010/01/10
Etiketa lainoa
bermeo etakideen ametsak globalizazioaz irun kalakakoak liburuak eta idazleak