Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Sisifo

Sisifo

Markos Zapiain 2015/10/08 08:50

Sisifok Korinto fundatu zuen, Greziako polis garrantzitsuenetarikoa. Beste edozein fundatzailek bezala, iturriren bat behar, ura. Herri-fundatzaile gehienei sortzen zaien arazoa da urarena. Kadmo ere ur bila ibili zen Tebas fundatzeko orduan. Ez soilik herri-fundatzaileek. Dirudienez, Palentziako futbol taldeak Hernaniko ile- apaintzaile ijito batengana jo zuen, zuharia bera, klubak ura dagoen eremuren batean eraiki nahi baitzuen estadioa, dutxak eta behar dira eta. Han ibili omen zen zuharia penduluarekin lur azpiko ur bila, baita aurkitu ere, eta horri esker dute Palentziako jokalariek ligako garbienak izateko fama.

Harira: Sisifok ura behar; urik ez ordea. Jakin du erreka-Jainko bat, Asopo, urduri dabilela, ez du-eta alaba Egina aurkitzen, Egina lamia, naiadea, ninfa. Sisifok tratua eskainiko dio Asopori: emadazu iturri oparo bat eta trukean jakinaraziko dizut zergatik ez duzun alaba aurkitzen. Tratua onartuta, Sisifok diotso alaba Zeusek bahitu diola. Hauxe da Jainkoen aurkako Sisiforen lehenbiziko desafioa, salaketa.

Kontua da Zeus bahitzaile jainkotiarrak dena dakiela, eta, Sisiforen eta Asoporen hitzarmenaren berri izan bezain laster, biak zigortuko ditu. Erreka zeharo idortuko du, eta Sisiforen bila Tanatos bidaliko du, herio.

Sisifo bereziki amarrutsua da haatik. Odiseori ere mila amarrudun gizona deitzen zaio. Izan ere, diotenez, Sisifo da Ulisesen benetako aita, Ulisesen aita ofizial Laertes ezkondu zen egunean bertan oheratu baitzen Laertesen emazte Antiklearekin. Ulisesek Sisiforen dohain maltzurrak heredatuko ditu. Edozelan ere, Sisifok maizegi zerabilen tronpatzeko bere gaitasun itzela lagun hurkoaren kalterako; ezin eragotzi horrenbestez Jainkoen zigorra.

Hortaz, Zeusek herio Sisiforen bila bidali baina Sisifok bere engainuei esker Tanatos bera tronpatu eta bere jauregiko gela batean giltzapetuko du. Aurrerantzean inor ez da hilko: Asklepio/Eskulapioren kasuan bezala, hybrisa dugu hemen, anabasa, ordenak jaiotzak adinako heriotzak eskatzen baititu. Orain, berriz, ez dugu jendearen segida, heriotzak ahalbidetua, baizik eta jendearen biderkatze hipertrofikoa, kaosa. Bezerorik gabe gelditu da Hades eta gudaren Jainko Ares ere haserre dabil: zertarako guda, zertarako ni, baldin eta inor ez bada hiltzen? Hona Sisiforen bigarren desafioa. Katastrofea saihestearren Zeusek esku hartu beharko du berriro.

Hirugarren aldi batez ere desafiatu zituen Sisifok Jainkoak. Heriotzako ordua hurbil sentitzean, Sisifok bere emazteari eskatu zion ez zezala bere gorpua ohiko erritoen arabera erre eta lurperatu. Behin Hadesean, hildakoen egoitzan, Hadesi emaztearen axolagabekeriaz kexatu zitzaion eta baimena eskatu Lurrera itzultzeko, behar bezalako hileta prestatu eta emaztea zigortzera, ez zuen-eta merezi bezala lurperatu. Berehala itzuliko zela agindu zion Hadesi. Baina, behin jauregian, bere gorputzean sartu eta uko egin zion Hadesera itzultzeari. Bizialdi luze bat izan zuen eta zahardadez hil zen. Orduan bai, ezinbestez Hadesera joan behar, eta han ezarri zion Hadesek berak zigor ezaguna, eragozteko berriz ere tronpa zezan, orduan ezarri zioten harritzarra amaigabe igotzeko zigorra. Hadesen, infernuan, harri handi bat harraraziko diote eta muino batera igoarazi biraka-biraka. Oso pikoa da malda, eta, ia-ia gailurrera iritsi denean, orduan harritzarra eskuetatik txirristatu eta muino-magalera jausiko da. Orduan Sisifo jaitsi eta berriro ekin beharko dio harri erraldoia igotzeari. Horrela berriro eta berriro, etenik gabe, eternitate osoan, zeregin infinitu bezain alferrikakoa. Akidura eternalera dago kondenatua Sisifo.

“Sisifo maite minez” eleberrian, Laura Mintegik Sisiforen lan errepikakor eta amaigabea bizialdiko maitemintze gutxi-asko katastrofikoekin alderatzen du. Engaiatzen zara harreman batean, elkarrekin bultzatzen duzue harria mendian gora ilusioz, eta behin gailurra ukitzera zoaztela harria labaindu, harremana hautsi eta berriro hasi behar behetik. Konponbidea, Laura Mintegik diradokienez, harriarekin onezkoak egitea da, nork bere maitemintze-behar eroa onartzea, harritzarra gorabidean bultzatzearen alde atsegina sentitzen ikastea, jakin arren tontorrera heldu orduko ostera ere beheraino jausiko dela ziur aski.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.