Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Koldobika Ezberdinen interpretazioaz

Koldobika Ezberdinen interpretazioaz

Markos Zapiain 2015/11/17 11:26

Uste dut Koldobika Ezberdin tronpatu egin dela, hainbat zentzutan baita Sisifo maite minez arras kristaua. 

Kontuan hartu behar da gure kultura kristaua dela, baina gainera Laura Mintegi beti ibili da Lacan psikoanalistarekin atzera eta aurrera. 

Puntua da psikoanalista bakoitzari ere badariola bere erlijio inguru edo jatorriaren kutsua: Freuden psikoanalisia psikoanalisi judu bat da; Jungena berriz paganoa, ariarra; eta Lacanena katolikoa da, frantsesa, fraidea zuen anaia, eta abar.

Bestalde, Nazareteko Jesukristok esaldi ospetsu franko bota zituen. Horietako bat: maita ezazu etsaia. Beste bat: Jainkoa maitasuna da. Arameoz bota zituen ordea. Eta Itun Berria grekera batuaz idatzi zuen Jainko Jaunak. 

Grekeraz, baina, berba bi zerabiltzaten maitasuna izendatzeko: batetik EROS, pasiozko maitasuna, eta Jesukristok ezin zigun etsaia EROTIKOKI maitatzeko agindu; eta ezin zezakeen JAINKOA EROS DA aldarrikatu, O THEOS EINAI EROS. 

Eta bestetik FILIA, gehiago hurbiltzen zitzaiona Jainkoaren maitatzeko erari, baina oraindik mugatua zena, adiskidetasuna adierazten baitu gutxi gorabehera, eta adiskideak aukeratu egiten dira; Jesukristok gogoan zerabilen ezohiko maitasun hori ostera edozeinentzako da, desinteresatua, unibertsala. 

Orduan AGAPE hitza berreskuratu zuten, ondoren vulgatan CARITAS eta euskaraz karitate edo gupida edo erruki gisa ere itzuli izan dena. Jainkoa den maitasuna AGAPE da, O THEOS EINAI AGAPE, Jainkoa karitatezko maitasuna da. Eta etsaia AGAPE maitasunaz behar da maitatu, ez EROS ez FILIA maitasunaz.

“Etsaia” modu desberdinetan interpreta liteke; batzuek uste dute maitatu beharreko etsai hori guretzat ere Hitler dela, edo Estatu Islamikoa, zenbat urrunagoa hainbat gaiztoagoa. Ez ba: Jesusek, dirudienez, eguneroko bizitzan benetan zure onetik ateratzen zaituena du gogoan, emazte ohia, lankide edo bizilagun jasangaitz horiek. 

Are hurbilago, zehazkiago: gizaki horrek zure sentimenduetan eragiten duen depresioa, gorrotoa, amorrua, errua litzateke etsaia. Etsaia zure gorputzean legoke kokatua, eta etsaia maitatzea litzateke gorrotoari, amorruari, erruari, zure baitara etortzen uztea, sentimendu txar hori onartu eta berekin hitz egitea, Goenkaleko Maria Luisa hortentsiei eta orkideei ez ezik astakardu, mariloka eta belar txarrei ere mintzatzen zitzaien bezala: zatoz nahi izatean, beti izango da zuretzat libre txoko bat nire erraietan. Soilik zara libre maite duzunaz, gorroto diozunari kateatuta zaude. Horregatik maitatu behar da etsaia, libreago eta lasaiago bizitzeko, bestela behin eta berriz itzuliko zaizkizu gorrotoa, depresioa, errua eta amorrua. 

Laura Mintegiren eleberrian ere etsaia pertsona jakin bat baino gehiago barne-muinetako iltze bat da, ezinbestez zoritxarra dakarren maitemintzeko grina da Sisiforen harria. Eta Mintegik iradokitzen du harri hori maitatuz gero maitemintzeak eragindako sufrimendua uxa daitekeela. Agapeki maitatu beharra dago eros. Zentzu horretan, Laura Mintegik etsaia maitatzeko aldarrikatuko luke, Jesukristok bezalaxe. Diotenez, Munillak batzuetan Putz! aldizkaria baliatzen zuen bere doktrina jendarteratzeko. Munillaren ezizena izan liteke Koldobika Ezberdin. Kristau bion aliatua izan zitekeen Mintegi, Munillak etsaia hobeto maitatuko balu. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.