Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Filosofiaren sorreran laguntzaile

Filosofiaren sorreran laguntzaile

Markos Zapiain 2015/12/23 12:30

 

Filosofia, etimologikoki jakinduriarenganako maitasuna, “filo-sofia”, Kristo aurreko seigarren mendean sortu zen, Grezian. Filosofiak galdetzen du lehenbiziko aldiz “zer da honen edo horren funtsa eta esentzia?”, "ti to on", “zer da izatea?"

Aurretik mitoa zegoen, kontakizun sakratua. Antzeko kezkei narrazioen bidezko erantzuna ematen zitzaien. Filosofiaren mintzamoldea, logosa, berriz, arrazoiari atxikitzen ahalegintzen da, autokritikoa izaten.

Gizakiaren sakoneko kezkak antzekoak izan badira ere beti, erantzuna aldatu egiten da. Mitoak kontakizunen bidez erantzuten du. Filosofiak, berriz, kontzeptuak sortuz.

Edonola ere, nola sortu zen filosofia, zein da dagoenaren funtsari buruzko itaunaren jatorria?

Noiz eta non agertu ziren galdera hori egin ahal izateko baldintzak?

Grezian bertan sortu ziren, esan bezala, Kristo aurreko hamargarrenetik seigarrenera doazen mende ilun eta enigmatikoetan.

Baldintzok mugimendu bertikal bat eragin zuten, gorantz, abstrakzio gero eta handiago baterantz, eta, aldi berean, hedatze horizontal bat, gure itauna sortu ahal izateko giro jakingura, bidaiari eta unibertsalizatzaileari lotua.

 

1-Aurrena, “to” artikulu neutroa agertu zen, gure “tasun”aren antzeko zeregina betetzen duena: belarraren berdea, itsasoaren berdea, mukiaren berdea bildu eta gainditu eta edertasunaz oro har galdetzea ahalbidetzen du, edo zuzentasunaz, edo munduaren funtsaz.

2-Bestalde, txanpona sortu zen, ezinbestean gauzaki zehatzak trukatu beharra desagerraraziz. Txanponak dena eros dezake, edozer bilaka daiteke txanpon. Era berean, Heraklitoren Logos-ak, arrazoi komun edo unibertsalak, guztia uler dezake, edozer bihur daiteke zentzu koherente giza adimen batentzat. Giza arrazoia edozeren azalean jar daiteke, eta ulertu.

3- Garai hartako grekoen grina bidaiariak, ia beti Mediterraneoan isuriak, ikuspuntu zabalago batera eraman zituen, eta gutarkeria gainditzera, norberarena egiazkoena eta onena dela uste izatearen umekeriaz lotsatzera. Herri desberdinek jainko desberdinak zituzten, konstituzio desberdinak, eta ez ziren gu baino okerrago bizi.

4-Halaber, inbasore dorioek ezarritako antolakuntza berria dugu polisean, aurreko mizeniko-minoikoena ez bezalakoa. Honek erdigunean errege jauregia kokatzen zuen, eta inguruan nekazarien, abeltzainen eta artisauen etxeak, erregeari obeditu besterik ez zutenak. Goitik beherako hierarkia dugu hemen.

Aldiz, dorioek errege jauregi zentrala kendu eta bere ordez hutsa jarri zuten, alegia, plaza bat, agora. Plazan hiritarrak elkartu eta beren iritziak ezagutaraz ditzakete; horra hor demokraziaren nolabaiteko ernamuina.

5-Idazkera bokalikoa sortu zen, bestalde. Hamargarren mendea baino lehen, grekoak bete-betean zeuden ahozko kulturan murgilduta, non tradizioa errepikatzea baita funtsezkoena. Soilik eskriba-elite batek zekien idazten; idazkera, bestalde, silabikoa zen, entzuten zenaz oso bestelakoa horrenbestez, idazkera silabikoan letra edo zeinu bakar batek soinu-multzo bat adierazten baitu. Idazkera silabiko batzuetan ez dago bokalik. Esaterako, bokalik gabe dago idatzia Bibliako Itun Zaharra, ia dena hebraieraz (Itun Berria ostera ia osorik grekeraz, idazkera alfabetikoz).

Mende ilun haietan Egiptotik papiro ugari ekarri zuten Greziara, alde batetik, eta, bestetik, Feniziatik alfabetoa. Idazkera alfabetikoan joera da letra bakoitza soinu bati lotzea. Gainera, feniziar alfabetoari grekoek beren bokalak erantsi zizkioten. (Alfabeto greko horretatik eratorriko ziren, besteak beste, nola latindarra, gurearen jatorria, hala zirilikoa.) Idazkera alfabetikoari eta bokalei esker idatzia eta esana antzekoago egingo dira. Ondorioz, jende gehiagok bereganatuko du idazteko ahalmena, eta izkribuen eskuz esku ibiltzea nabarmen areagotuko da.

Hain zuzen ere, idazketaz batera ager daitezke zerbaiten funtsari buruzko galderaren antzekoak, praktika zehatzetik nolabaiteko urrutiratzea eskatzen baitu, ahozko kulturetan ezinezkoa.

6-Aldi berean, azpimarratu beharra dago erlijiozko kultu bi daudela garai hartan indarrean, bata apolineoa, lasaia, jendaurrekoa, eta bestea orgiastikoa, mozkorra, ezkutua, azken hau Eleusisen kokatua. Bertan, nork bere burua bilatzen zuen bere burua galduz, mugak eta arauak hautsiz.

Bada, herriak tinki eskatu baitzuen, Dionisoren kultu misteriko drogazale hau Delfosera eraman behar izan zuten, hots, Greziako tenplurik bisitatuenera, urtean zenbait astez. Bertan Pitia, medium antzeko bat, trantzean jarri eta zentzugabekeria mordoa botatzen zuen eldarnioz, Apolo Jainkoak berak diktatuak itxuraz, eta hermeneuta edo interprete batzuek gizaki arruntentzat ulergarri izango zen mintzamolde batera itzultzen zuten.

Kultu biotan, filosofiak historian zehar munduaren aurrean izan dituen bi jarrera desberdinen ernamuina edo ispilua dago: bata funtzionariala, mekanikoa, linguistikoa, eta bestea poetikoagoa, inplikatuagoa, mundua bera sakratutzat-edo duena, eta filosofiaren bidez munduaren muina birsortzen saiatzen dena.

----

Horixe da munduaren funtsari buruzko galderaren jatorria, geure idatzizko kulturen jatorria azken batean.

Hala ere, zenbaitek uste izan du grekoena erabateko hasiera izan zela, beren ahalmen sortzaile itzelak beraiena itzularazten zuela baina berek beren aldetik besterena itzuli behar izan gabe, Aristotelesen Jainkoa legez, ororen baitan pizten baitu Berarenganako amodioa, baina Berak aldiz ez du maitatzera derrigortzen duen gabeziarik.

Hau gezur hutsa da. Grekoek itzultzen zuten itzuli. Edonola ere, gure kulturetara iristeko giltzarri izan zen itzultze ekimen erraldoi bat, arras eskuzabala, latinoena grekoekiko. Biziki sufritu zuten berek “aberri hizkuntzaren gabeziak” zeritzotenarekin. Gero hizkuntza erromantzeak sortu ziren, eta nazio estatuak, derrigorrezko irakurketekin, hezkuntzan, klasiko greko eta latinoena, gehi tokian tokiko heroi literarioena. Beharrezkotasun horrekin, soldaduskarenarekin batera, egin izan da Europan nazio-eraikuntza.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.