Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Leturia eta Don Juan (eta III)

Markos Zapiain 2026/06/02 15:05

Ikuspuntu existentzialista batetik joko du Leturiak Mikelen bizimodua inautentikotzat: Leturiak garbi ikusi du hautatzeak beti dakarrela galera, baina susmoa du Don Juanek zein Mikelek ere ez ote duten ez aukeratzea aukeratu. Seduzitzailearen bizimodua inautentikoa da, konpromisoari ukoagatik ez ezik, aukeramenari eta askatasunari berari ere muzin egiten diolako. Seduzitu bezain laster ihes egiteko premia neurotikoaren jopu da.

Leturiarentzat, Sartrerentzat bezala, gizakia libre izatera kondenatua dago, eta aukeraketen bidez eraiki behar du bere burua. Aldiz, Don Juanek eta Mikelek fede txarrez jokatzen dute; alegia, beren burua zein emakume konkistagaiak gauza bilakarazten dituzte. Autentiko, inautentiko, aukeramen, konpromiso eta askatasunarekin batera, kontzeptu giltzarria da “fede txarra” existentzialismoan. Sartrek asmatu zuen.

Emakumeak konkistatzeko makinak balira bezala jokatzen dute Don Juanek nahiz Mikelek: horrelakoxea naiz ni, ezin naiz aldatu, neure sena da. Libertatearen baztertze hori aitzakiatzat hartzea duzu fede txarra. Rol jakin baten gatibu bizi da jende inautentikoa. Mikelek uko degio gizakiak atxikirik duen libertateari, seduzitzaile petoaren maskara janzteko. Maskara hutsa da ordea; ez da egia Mikelek ez duela rol hori jokatzea beste erremediorik.    

Bestalde, Kierkegaardek dioenez, Don Juanek ezin du egoera estetikotik egoera etikora jauzi egin, eta engainuaren mendean bizi da, unean uneko bulkadaren eta plazeraren morroi. Errepikatu egiten ditu konkistak, baina antzuak dira errepika horiek. Aurrekoaren kopia hutsa da konkista berri oro. Etengabe ibili behar du estimulu berrien bila, barneko hutsunea estaltzeko, eta geroari begiratu ezinik. Inautentikoa da haatik etorkizunera begirako proiekturik aukeratzen ez duenaren bizitza, ezin baitu ezer berririk sortu. Hortik dator Leturiaren aldarria: “Aske izan nahi dut nik, neure esku!! Neuk izan behar dut neure geroarean aukeratzailea”.

Engaiatzea da benetakotasun existentzialistaren adierazpen nagusia, zeure burua helburu bati edo pertsona bati lotzen diozularik ari baitzara askatasuna modu arduratsuan erabiltzen eta erantzukizunez jokatzen.

Don Juanen eta Mikelen jarreren oinarrian, zinezkotasunari beldurra dago, askatasunari maitasuna baino gehiago. Hutsala da seduzitzailearen bizitza, ez du ez norabiderik ez ganorarik. Inautentikoa da, eta ez du arrastorik edo zentzurik uzten; zenbakiak baino ez, konkisten zerrendak.

Leturia eta Don Juan (II)

Markos Zapiain 2026/06/02 14:25

Leturiari bere buruaren eta bizitzaren gaineko galdera sakonak eginarazten dizkiote beti Mikelen jokabideak eta iritziek. Susmoa du, bere bihotzondoan ez ote duen Mikel bekaizten.

Udazkeneko laugarren atalean solasten dira azkenekoz. Mikelentzat,  hasiera da maitasunean politena, eta hasieratik hasierara doa bera beti. Beti liluraturik, beti pozik, inoiz konprometitu eta ezkondu gabe.

Miriamez amorosturik dabil orain. Ezkontzeko asmorik ote duten galdetu dio Leturia ezkondu berriak.

“Nondik nora ezkonduko ni? Hilabete batzuetan ibiliko gaituk elkarrekin, biok pozaren pozez, eta gauza xamurregi jartzen ari dela ohartu eta laster moztu egingo diat. Hau bai: honetarako bihotzik ez: tenk egingo diat ezertako errukirik gabe. Ohituta nagok”.

«Eta Miriam?»

«Bazakik hark ezkontzeko asmorik ez dudana, neuk hala esanik. Hasiera duk polita; horretaz: has gaitezen ahalik eta gehienetan. Orain, esate baterako, irrikan nagok ni, ia olerkari bihurtuta, Miriam dela bide. Eta hau galtzea eskatzen didak? Nola gal nezake zorionerako dudan bide bakarra? Hobe nikek burua moztu!

Bazekiat nik bati lotu, eta higuinak harrapatuko ninduela ezinbestez. Nola nahi duk, bada, neure eskuaz neure burua urkatzea? Ezin diat. Nire askatasuna zagok guztien gainean, hura gabe galduta naizela bai baitakit.

Bazakiat, besteko, ezkondu den batentzat ezbide handia dela hau, eta bizitza txatxukeriatan hondatzea. Bainan, besteak beste, honetarako jaio nauk ni!»

Leturiak pentsatu izan du, ez ote duen Mikelek bere burua ezagutuko berak berea baino hobeto, eta Mikel beti alaiak bere izaeraren arabera jokatzeak eragiten diola agian aipatu inbidia ezkutua.

Dena den, aukeratzeari ukoan dagoela Mikelen bozkarioaren giltza hausnartuko du berehala Leturiak. Gabezia larria da haatik aukeratzearen ondorioak ez ikusi nahi izatea. Mikel seduzitzaileari buruzko Leturiaren gogoeta:

“Baina, sakonago aztertuz, libre al da? Ez aukeratzea aukeratu du, nire ustez, eta zentzugabekeria da hori. Bere burua engainatzea baino ez. Pentsatu ondoren hartu izan balu bederen bere bide hori... Baina ez dut uste. Oharkabean edo pentsatu gabe, aukeratu du itsutasunaren bidea; eta hori saldukeria da, gizonak egin dezakeen saldukeriarik galduena. Mikelek jakinez eta burubidez, bizitza autentikoa hautetsi beharrean inautentikoa hartu du bidetzat. Ezin bat etor harekin”.

Leturia eta Don Juan (I)

Markos Zapiain 2026/06/02 13:25

Argi adierazi zuen Txillardegik Euskal Herria helburu-ko 186. orrialdean: “Gerratearen ondoko garaiak existentzialismoarenak ziren. Eta gu giro hartako seme ginen, dudarik gabe.

Sartreren “authenticité”aren aldeko dei sutsuek ere, konpromezu politikoak hartzera bultzatu gintuzten. Eta laburki, hitz gutxitan, neure burua orduan definitu behar izan banu, honelako zerbait erantzungo nukeen, ustez eta nahikundez bederen: ‘Ni existentzialista abertzalea naiz; eta intelektual konprometitua, engagé frantsesez’.”

Euskal mundu osoan izan zuen eragin handia existentzialismoak. Joxe Azurmendik zehaztu zuenez, existentzialista izan zen gerraondoan ETA, poesia edo antzerki berria, Txillardegiren nobelagintza, Jakin aldizkaria etab. sortu zireneko pentsamendu nagusia.

Txillardegik Euskal Herria helburu idaztean, 1994an, uste zuen bere lehenbiziko saria “Kierkegaard-en hazia Unamuno-gan lore” 1955eko testuarekin lortu zuela. Nahasketa txiki bat da, Joxe Azurmendik "Kierkegaard-en egunkari ezkutua" artikuluan argitua: Berasaluze'tar Sabin frantziskotarrarena da "Kierkegaard-en hazia Unamuno-gan lore".

Dena den, nahasteak garbi erakusten Txillardegi urte haietan autore existentzialista horiek pasioz irensten zebilela. 25-26 urte zituen 1955ean, eta aurreko zazpi urteak eman zituen euskara  ikasten eta lantzen. Orduan hasi zen fruituak ematen egundo amaituko ez zen ikastaldi hori. Hurrengo urtean idatzi zuen Leturia, 1956an.

Txillardegik dioenez, Leturiaren egunkari ezkutua, Peru Leartzako bezala, liburu filosofikoa da osotara. Haizeaz bestaldetik ere bai. (Euskal Herria helburu, 192)

Hatsarre existentzialisten izenean bereiziko da Leturia Mikel adiskidearengandik, zeina Don Juanen ildoari atxikirik bizi baita. Libertatea maite duen matxino gisa ikusi du zenbaitek Don Juan. Kierkegaarden eta Sartreren ikuspuntu ezkorragoei lotuko zaie berriz Leturia.

Otzara buruan

Markos Zapiain 2026/06/01 12:35

Ezkontza-modu modernoaren biktima da Leturia, amodio erotikoak erabakitako ezkontzarena. Gurasoek edo herriak erabaki izan dute ezkontza aski berriki arte; horrek bestelako arazoak eragiten zituen, baina “Leturiaren egunkari ezkutua” libertateak maite-kontuetara dakarren ezinegon ilunaren kontakizuna ere bada, maite-kontuetan ere zailagoa baita sarritan askatasuna morrontza baino.

Orain dela berrehun urte inguru arte, garbi zeuden bereizirik ezkontza eta maitasuna. Montaigneren iritziz, konparazione, itun zibila da ezkontza, erakunde legal, sozial eta ekonomikoa, ondorengotza eta gizarte-ordena bermatzera bideratua, inondik inora ez pasiora. Ezkontideen arteko errespetuan eta adiskidetasunean behar du oinarritu. Gerora, Kierkegaardek idatziko du emazteak inoiz ez duela senarra poeta bilakarazi. Eta, gauzak ondo joango badira, amorostuak behar duela poeta izan, eta senarrak berriz umorista. 

Errespetua ez bezala, pasio kontrolaezina da maitemina, bulkada sutsu aldakor menperagaitza. Halatan, akats handitzat zeukan Montaignek ezkontza eta maitasuna nahastea. Maitalearekin ezkontzea zein emazteaz maitemintzea, harremanaren bi joko-arauak haustea zela uste zuen, bakoitzak bere espazioa eta funtzioa betetzen baitzuen.

Montaignerentzat, emazteaz maitemintzea “otzaran kaka egin eta gero buruan jartzea" da (“Virgilioren bertso batzuez”, Entseiuak III, V. atala); alegia, begirunez eta txukun mantendu beharreko erakundea (ezkontza, otzara), grina itsuaren lohiaz zikintzea, azkenean zeure burua ere uhertzeko eta kaltetzeko.

Adituek XIX. mendearen hasieran kokatzen dute ezkontzaren inguruko aldaketa kulturalik handiena Europan. Emakumearen emantzipazioari lotu diote, orduantxe hasi baitziren andreak herria utzi eta hirian lanaren truke soldata jasotzen, eta beregaintasun ekonomikoak maitasunagatik ezkontzea ahalbidetu zien, ez beharturik.

Ordu arte, esan bezala, gurasoek edo herriak kontrolatzen zituen ezkontzak, erabaki ere bai maizetan, eta bikotekideetako baten desleialtasuna herriari eginiko traiziotzat hartzen zuen jendeak. Gurea baino zabalagoa zuten desleialtasunaren kontzepzioa, gainera: halakotzat jotzen zen, berbarako, alarguna bigarren bider ezkontzea. Bere gain hartzen zuen herriak kontrola eta zigorra. Protagonismo berezia izaten zuten apaizek, ofizialki xaribariaren aurka baina azpitik jazarpena bultzatzen.

XVIII. eta XIX. mendeetako aldaketa ekonomiko eta filosofikoengatik iruditzen zaigu gaur egun xaribaria bidegabea bezain higuingarria, eta maitasunari lotzen diogu ezkontza. Zernahi gisaz, Denis de Rougemont historialariak "Maitasuna eta Mendebaldea" gogoangarrian nabarmendu zuen Montaigneren garaiko ezkontza-sistemak egonkortasunaren abantaila zuela, behintzat: ez zenez maitasunean oinarritzen, orduan, amodioa piztu zein itzali, ezkontza ez zen pitzatzen. Hain zuzen, kontrakoa dugu Leturiaren eta Mirenen kasuan, eta gure munduan: maitasunean oinarritzen denez ezkontza modernoa, sentimendua hozten denean errazago suntsitzen da. 

 

Le papillon, la mariposa

Markos Zapiain 2026/06/01 11:45

Txillardegik Ferrolera soldadutza egitera joan aurretik, Mitxelenari jakinarazi zion Knut Hamsunen Pan eleberria euskaratzeko asmoa zuela. Mitxelenak beste bide bat hartzera animatu zuen haatik: barruak agindutako zerbait idaztera, sormenezko eleberri bat, inoren obra itzuli beharrean. Eta Leturia idatzi zuen Txillardegik.

Mitxelenaren aholkuaren testuingurua Joxe Azurmendiren Gure klasizismo txikia-k erakutsi digu ondo. 50eko urteetan baziren euskarazko aldizkari nagusi bi: Mitxelenaren inguruko Egan, eta Jokin Zaitegiren eta Andima Ibinagabeitiaren Euzko-Gogoa. Itzulpena lehenesten zuten Euzko-Gogoakoek, oroz gain klasikoena, kultura jasoa, eta Eskilo, Sofokles, Platon, Zizeron, Virgilio, Ovidio euskaratu zizkiguten. Ostera, Mitxelenak eta Eganek sorkuntza propioa hobesten zuten, garaikidea, gure arazo berrien berri gure moduan ematea. Hortxe aurkitzen dugu Mitxelenaren aholkuaren zentzua.

Itzulpenari dagokionez ere, polemika gogorrak izan zituen Txillardegik, batez ere marxistekin. Halako batean, Txillardegik “ez dago itzultzerik” idatzi zuen. Hizkuntzek mundu-ikuskera berezia baldin badute, gorri ez da rojo ez rouge, eta txukun ez da ordenado ez propre. Hizkuntzen mundu-ikuskera bereziak unibertsalismo abstraktuari kontrajartzeagatik leporatu zion Ereño marxistak Txillardegiri solipsista hutsa izatea.

Dena den, itzulpen piloa egin zuen Txillardegik berak; gainera, “ez dago itzultzerik” idatzi zuen ez bere izenean, baizik eta Whorf erlatibistaren muturreko interpretazio baten berri ematean. Bere izenean, “ez dago hitzez hitz itzultzerik” idatzi zuen Txillardegik. Hain zuzen, hizkuntza batetik beste batera itzultzean galtzen dena da poesia, eta herriek hizkuntzak sortzen dituzte poetak olerkia legez.

Ez dagoela hitzez hitz itzultzerik dioelarik, Txillardegiri ez zaio arrazoirik falta, gaur egungo hizkuntzalarien ekarria aintzat hartuz gero. Esate baterako, genero gramatikalak eragina ei du hiztunen garunetan. Gramatikan genero-markak dituzten hizkuntzen hiztunak sarriago “ohartzen” dira gauzen “sexu” metaforikoaz. Adibide bi ikusiko ditugu.

Euskarak ez du generorik, baina latinak eta hizkuntza erromanikoek badute. Victor Hugoren testu hau aipatzen du Koldo Mitxelenak: «La pauvre fleur disait au papillon céleste: ‘Je reste, tu t’en vas’». Gaztelaniaz: La pobre flor decía a la celeste mariposa: «yo me quedo, tú te vas». Victor Hugok emakumearen egoera salatu nahi zuen, lore gaixoa lurrari bezala bizi baitzen etxean erroturik eta loturik, “gizona batetik bestera alaiki lorez lore zebilen bitartean. Baina, zer dela eta ezin itzul daiteke gaztelaniaz honela? Papillon gaztelaniaz, mariposa, femenino delako, eta hain zuzen ere horretantxe datza poesia honen funtsa. Behar-beharrezko da hemen lorea emakume izatea eta papillon zerutarra gizonezko, eta irudi hau generoetan datza”. (Idazlan guztiak II, 277-278)

Errusiar Itziar Laka dugun Lera Boroditsky psikolinguistarena da bigarren etsenplua.  Boroditskyren ikerketek erakutsi dutenez, hitz jakin bat hizkuntza batean maskulinoa baldin bada (hala nola, gaztelaniazko “el puente”), hiztunek “sendo”, “luze” edo “astun” legezko adjektiboekin deskribatzeko joera izaten dute. Aldiz, femeninoa izanez gero (alemanezko “die Brücke”), “dotore”, “polit” edo “hauskor” bezalako adjektiboetara jotzen dute gehiago.

Generoak gure hautematea eta ulerkera koloreztatzen duenez, zuzen zebilen honetan ere Txillardegi: hitzez hitz itzultzera ez gaitezke hurbildu baizik egin.

Tuyuka: informazio-iturria, deklinabidean

Markos Zapiain 2026/05/27 12:15

Mitxelenaren esanetan, hizkuntzak pertzepzioari eragiten dio, hautemateko gure gaitasuna mugatzen baitu. Hizkuntzak berak sailkaturik jasotzen ditugu hotsak. Ez ordea edozein soinu. Adibidez, hizkuntzak ez du zerikusirik musikaren hautematearekin:

“Mintzatzeko erabiltzen ditugun hotsak soil-soilik mugatzen ditu hizkuntzak. Bestela esan, hizkuntzarekiko gertakariak dira hizkuntzak mendean dituenak”. (Idazlan guztiak, II, 274)

Mitxelenaren iritziz, hortaz, sistema fonologikoak hiztunaren gogoa mugatzen du.

Eta sistema gramatikalak?

Amazoniako Tuyuca hizkuntzan, marka gramatikalen bidez adierazten du hiztunak baieztatzen duenaren informazio-iturria. "Ebidentzialtasun" deitzen zaio hizkuntza gutxi batzuek duten ezaugarri horri. Hiztunak ezin du aditz finkorik erabili, informazioa nola lortu duen adierazteko atzizki gramatikal bat erantsi barik. Esaldia ezin da neutrala izan: egia dela nola dakizun zehaztu behar duzu ezinbestez.

Esaldi osoa behar izaten dugu guk informazioa nola lortu dugun adierazteko. Beste zenbait hizkuntzak, bereiziriko partikulak darabiltzate, partikula isolatuak. Tuyucan, berriz, aditz-atzizkiak dira ebidentzialtasunaren markak.

Ebidentziaren bost paradigma daude tuyucaz, bost iturri-mota bereizten ditu:

1-zuzenean ikusia: gertaera zuk zeuk ikusi duzula adierazten du.

2-ikusi gabea (beste zentzumen baten edo zenbaiten bidez jasoa hala ere): entzun, usaindu, ukitu edo dastatu duzun zerbait baieztatzen duzu.

3-itxuran oinarrituriko inferentzia: zuzenean hautemandako seinale edo indizioetatik ondorioztatua. Esaterako, bustirik dakusazu lurra, eta euria egin duela ondorioztatzen duzu.

4-bigarren eskukoa edo bestek esana: beste norbaiti entzuniko informazioa.

5-suposizioa: logikan edo ohituran oinarritutako suposizioa: herriko arrantzaleak ordu berean joaten badira egunero ibaira, ordu jakin horretan arrantzan dihardutela suposatzea.

“Gaztea futbolean aritu da” esateko, tuyuka hiztunak bost atzizki erabil ditzake, informazio-iturriaren arabera:

1-Díiga apé-wi (ikusitakoa): jokatzen ikusi dut.

2-Díiga apé-ti (ikusmenaz bestelako zentzumenez jasoa): jokorik ez dut ikusi, baina kolpeak edo oihuak entzun ditut.

3-Díiga apé-yi (itxuran oinarrituriko inferentzia): jokorik ez dut ikusi, bai haatik jokoaren aztarnak, lokatza elastikoan edo zelaia mugituta.

4-Díiga apé-yigi (bestek esana): beste norbaitek esan dit gazteak futbolean jokatu zuela. Iraganean baino ez da erabiltzen.

5-Díiga apé-hiyi (suposizioa): ez duzue deus ikusi ez entzun, baina gazteek beti jokatzen dutenez ordu horretan, ziur zaudete jokatu duela. Ezin da orainaldiko lehen pertsonan erabili.

Azen ontzeko, 50 eta 140 bitarte kategoria nominaletan biltzen ditu tuyukak izen substantiboak. Ebidentzialtasun konplexuaren eta izenak sailkatzeko kategoria-kopuru eskerga hori dela-eta, “The Economist” britainiar aldizkariak bota zuen “munduko hizkuntzarik zailena” dela. Dena den, Mitxelenak jakinarazi zigunez, eta Wikipediak ohartarazten duenez, zientzia linguistikoan baieztapen horrek ez du inolako zentzurik.

Gramatika, arreta-iragazki oharkabea

Markos Zapiain 2026/05/25 17:40

Hautematean, gogoetan eta adimenean gramatikak izan lezakeen eraginaren ingurukoa da eztabaidarik interesgarrienetakoa hizkuntzalaritzan. Nolako eragina du jendearen mundu-ikuskeran darabilen hizkuntzaren deklinabide-taulak, kasurako, eraginik baldin badu, bederen? Erlatibista linguistikoek uste dute baduela, eta zehaztasunak jakinarazi dizkigute.

Mitxelenak pasioz eta goitik behera irakurri zuen Roman Jakobsonek 1959an idatzi zuen “On Linguistic Aspects of Translation” artikulua. On Translation liburuan argitaratu zuen gero.

Deszifratu beharrekoa da horko esaldi garrantzitsu bat, osteko hamarraldietako hizkuntzalaritzan eragin nabarmena izan zuena: “Languages differ essentially in what they must convey and not in what they may convey”.

Gutxi gorabehera: funtsean dira desberdinak hizkuntzak ezinbestez adierazi beharrekoari dagokionez, baina ez adieraz dezaketenari dagokionez; alegia, hizkuntzak ez dizu pentsa dezakezuna mugatzen, pentsatzeko aukera ezin zabalagoa ematen dizu; hala ere, gramatikak gauza batzuk markatzera behartzen zaitu.

Deklinabideak ez du erabakitzen zer pentsatu behar duzun; bai haatik zertan jarri behar duzun nahi eta nahi ez arreta: horra hor Jakobsonen tankerako erlatibista zuhurren ikuspuntua. Gramatikak adimena estutzen ez dizun arren, hala ere, Dan Slobin-en esanetan, “arreta-iragazki automatizatu” gisa jokatzen du.

“From ‘Thought and Language’ to ‘Thinking for Speaking’” izeneko artikuluan zehaztu zuen Slobinek ideia hori. J. Gumpertz-ek eta Stephen C. Levinson-ek 1996an argitaratu Rethinking Linguistic Relativity liburuan jaso zuten Slobinen artikulua.

Slobinen esanetan, hizkuntzak ez du pentsamendua espetxeratzen; dena den, mintzo zarelarik, hizkuntzak entrenatzen zaitu arreta eta atentzioa dimentsio jakin batzuetan jartzeko: kodetu beharreko aldeei erreparatzera ohitzen zaitu. Hitz egiteko orduan, automatikoki monitorizatzen ditu hiztun bakoitzak bere hizkuntzari loturiko arretagune eta joera jakin batzuk.

Jakobsonen eta Slobinen uberan, Guy Deutscher-ek ere, 2010eko Through the Language Glass honezkero klasikoan, espresuki baztertu zuen erlatibista gogorren determinismoa, eta hizkuntzak adimenean zenbait arreta-molde ohiko bilakarazten dizkizula erakustera mugatu zen: izaki eta egoera jakin batzuei atentzioa emateko ohitura automatikoa sortzen du hizkuntzak. Esan liteke Deutscherentzat ere, Slobinentzat bezala, arreta-iragazki oharkabea dela gramatika.

Kasu espazialen sistema erraldoia duen hizkuntza batean mintzo bazara —lehen aipatu Kaukasoko hizkuntzetan, adibidez, edota hungarieraz—, objektuek espazioan beteriko posizio zehatza kalkulatzera behartuta zaude, mintzatzen hasi orduko. Euskaldunak edo frantsesak “katua kutxan dago” esan dezake, kontuan hartzeke flotatzen dagoen, edo ertzean, edota hondoa ukitzen. Aitzitik, Tsez hiztuna behartuta dago kokagune horietako bakoitzari dagokion kasu zehatza hautatzera, eta horrek gurea baino arreta topografiko eta memoria espazial askoz ere zorrotzagoa garatzera bultzatzen du, eguneroko bizitza arruntean gainera.

Deklinabideak ez ezik, generoak ere badu eragina hiztunen garunetan. Gramatikan genero-markak dituzten hizkuntzen hiztunak sarriago “ohartzen” dira gauzen “sexu” metaforikoaz. Euskarak ez du generorik, baina latinak eta hizkuntza erromanikoek badute. Errusiar Itziar Laka dugu Lera Boroditsky psikolinguista. Haren ikerketek erakutsi dutenez, hitz bat hizkuntza batean maskulinoa baldin bada (adibidez, gaztelaniazko “el puente”), hiztunek “sendo”, “luze” edo “astun” legezko adjektiboekin deskribatzeko joera izaten dute. Aldiz, femeninoa izanez gero (alemanezko “die Brücke”), “dotore”, “polit” edo “hauskor” bezalako adjektiboetara jotzen dute gehiago. Deklinabideak eta generoak ez agian biribilki ez sendoki, ezpada aski sotilki, koloreztatzen dute gauzen gure hautematea eta ulerkera; edozelan ere, koloreztatu egiten dute.

Tsez hizkuntzak, 64 kasuko deklinabidea

Markos Zapiain 2026/05/25 09:55

Hizkuntz erlatibistek diotenez, ez dago Logika bakarra, hizkuntzek zeinek bere erara mamitzen dutena; hizkuntza bakoitzak dauka bere logika propioa. Logika fonologiko desberdina dute Ginea Berriko rotokas hizkuntzak: bost bokal eta zazpi kontsonante; eta Botswanako taa hizkuntzak: 58 kontsonante, 31 bokal eta lau tonu.

Desberdinak dira, halaber, hizkuntzen morfologiaren eta gramatikaren logikak. Adibidez, badira bai latinaren eta bai euskararen logikatik zeharo urrutiratzen diren deklinabide-sistemak. Eta zentzuzkoa da pentsatzea deklinabideak nolabaiteko eragina duela mundu-ikuskeran. Ez dut uste berdin-berdinak direnik datiborik, ablatiborik eta inesiborik gabeko hizkuntzaren erabiltzailearen eta euskaldunaren mundu-ikuskerak. Baina zertan ote da alde hori?

Latina eta hizkuntza neolatinoak flexiboak dira (generoa, numeroa eta kasua amaiera bakar batean nahasten dituzte); euskara, ostera, aglutinatzailea da (elkarren segidan itsasten ditu atzizkiak). Txit bestelakoak iruditzen zaizkigu horretan latina eta euskara. Badira ordea euskararen zein latinaren eskema horiek goitik behera hausten dituzten hizkuntzak, hala nola groenlandiera eta inuitera bezalako hizkuntza polisintetikoak.

Latinak eta euskarak ez bezala, hizkuntza polisintetikoek ez dituzte hitz isolatuak deklinatzen; esaldi osoak deklinatzen dituzte, hitz bakar baten barruan. Aditz-erro batek izenak, adberbioak eta kasu gramatikalak bereganatzen ditu, atzizki-kate erraldoi baten bidez. Hitzak adierazpen oso baten funtzioa betetzen du, eta “deklinabideak” zehazten du nork egiten duen zer, nori, non eta nola, dena pakete bakar batean trinkoturik.

Bestalde, latinak sei kasu ditu eta euskarak hamabi-hamalau. Ipar Kaukason 35.000 lagunek darabilten tabasaranerak, berriz, 48 inguru; eta Kaukasoko ipar-ekialdeko tsez hizkuntzak (15.000 bat hiztun), 64 kasu.

Tabasaraneraz eta tsezez ez dago kasu abstrakturik, baizik eta koordenatu espazialen matrize hiperkonplexuak. Oso zehatza da kasu bakoitza: badute kasu bat “likido baten barruan” egotea adierazteko, beste bat “objektu baten azpian hura ukitzen” egotea adierazteko, edota “zerbaiten ertzeranzko norabidea” adierazteko.

Azkenik, swahilia bezalako hizkuntzek ez dute deklinatzen funtzio sintaktikoaren arabera (subjektua/objektua), izenaren izaeraren arabera baizik. 10etik 20ra “genero” edo klase dituzte (gizakiak, landareak, tresnak, gauza abstraktuak, lekuak). "Deklinazioa" esaldi osoko aurrizkia aldatzean datza, izen nagusiaren klasearekin bat etor dadin.

Ba ote du horrek guztiak zerikusirik hiztunaren gogo-jardunarekin? Eta hala balitz, zer-nolakoa?

Irulegiko eskuaren lehenbiziko hitzak eztabaidak piztu ditu: datiboa ote den, genitiboa, ergatiboa. Oker ez banago, Gorrotxategik esan zuen arriskutsua dela egungo euskararen kasuak aitzin-euskarara edo dena delakora proiektatzea.

Gure sistema aski zaigu munduan bizitzeko: itsasotik dator, itsasora doa, amari eskainiko diot, herriko plazan dago… Mendez mende, euskararen sistema aglutinatzailea inguruko hizkuntza flexiboen sistemei egokitu diogu, eta aski erraz egiten ditugu gaur egun itzulpenak. Asimilatu eta integratu gara eta gaituzte, erosoago bizi gara.

Haatik, polita da irudikatzea zer zatekeen euskara zeharo bestelakoa litzatekeen deklinabide-sistema batera heldu izan balitz, datiboa eta inesiboa baztertu eta tabasaraneraren, tsezaren edo swahiliaren kasu zenbait bereganatu izan balitu, hala nola, "likido baten barruan egotea".

Matematikak asmatu, matematikak aurkitu

Markos Zapiain 2026/05/21 10:49

Mitxelenak testu batean dio gizakiok matematikak aurkitu egiten ditugula, eta beste batean, alderantziz, asmatu egiten ditugula.

Pello Salabururen Euskaltzaindian sartzea-n dioenez:

“Urrutitik ere ez dute eite gehiegirik zenbakiek, alde batetik, eta Tartaloak, bestetik. Batzuen izaera eta ibilera asmatu egiten ditugu, izan ere, besteenak aurkitu. Albadadi, hor baitago, ezin konta ahaleko multzoan, Fermaten «teorema handia», XVII. mendez geroztik frogatzeke daukaguna”. (Idazlan guztiak II, 78)

Zenbait hitzaldi-n, berriz, hauxe dio:

“Are gehiago, ez da inor, matematikoez kanpo, ilargipeko mundu honetan estruktura hutsik erabiltzen duenik. Matematikoek, izan ere, ez dute estrukturarik aurkitu beharrik, asmatu egiten baitituzte. Aski da, ene iritziz, Piageten Le structuralisme liburuxka aipatzea diodana frogatzeko. Aski ez bada jakina da, edo jakina behar luke izan, matematikoen laguntza bilatu zuela Lévi-Straussek bere Les structures élémentaires de la parenté idazteko”. (Idazlan guztiak II, 249)

Kontraesankorrak dira itxuraz bi baieztapen horiek, baina, Koldo Iturbide matematikariak diostanez, kontuan hartuta testuingurua, eta Mitxelenak “asmatu” eta “aurkitu” hitzei ematen dien erabilera, esan liteke matematikaren bi maila desberdinez ari dela.

Lehen pasartean —Pierre de Fermaten teoremaren harira— Mitxelenak ikuspegi ia platoniko bat darabil: “hor baitago [...] Fermaten «teorema handia»”.

Alegia: egia matematikoak ez ditugu geuk sortzen; guk frogatu ala ez, nolabait “hor” daude. Matematikariak ez du egia bat fabrikatzen; deskubritu egiten du. Horregatik kontrajartzen ditu Mitxelenak zenbakiak eta Tartaloak: Tartalo bai, asmatu egin baikenuen.

Bidenabar esanik, 1637 idatzi zuen Fermatek teorema hori koaderno baten ertzean, eta hiru mende pasa saiatu ziren munduko matematikari handienak frogatzen, lortzeke, harik eta 1994an Andrew Wiles britainiarrak frogatu eta 1995an komunitate zientifikoak onartu duen arte.

Matematika asmatzeari dagokionez, Koldo Iturbideren iritziz, bigarren pasartean Mitxelenaren fokua ez dago egia matematikoen estatutu ontologikoan, baizik eta matematikariek darabiltzaten egitura formaletan. Eta hor bai, konstruktibismo edo formalismo kutsuko zerbait dio Mitxelenak: “matematikoek [...] ez dute estrukturarik aurkitu beharrik, asmatu egiten baitituzte”.

Hemen “estruktura” hitzak sistema axiomatikoak adierazten ditu, eredu formalak, erlazio abstraktuak, joko sinboliko koherenteak, hala nola geometria euklidearra, geometria ez-euklidearrak, multzoen teoria, topologia…

Gizakiak eraiki edo asmaturiko tresna formalak dira horiek guztiak. Hori bai: behin sistema eraikita, haren barruko egia batzuk “aurkitu” egiten dira. Hori dela-eta, sistema formala asmatu egiten dela adierazi izan dute matematikaren filosofian diharduten autore askok; baina sistemaren ondorioak aurkitu egiten direla.

Mitxelenaren bi esaldiak horrela uztar litezke: matematikaren hizkuntza edo estrukturak asmatu egiten ditugun arren, estruktura horien barruko ezinbesteko egiak —Fermaten teorema, konparazione— aurkitu egiten ditugu.

Eta hori ez dago urruti Salabururi Euskaltzaindiara eginiko ongi etorrian Mitxelenak azalduriko Karl Popperren “hirugarren munduaren” ideiatik. Gizakiak sortutako objektu kulturalek —matematika, hizkuntza, teoria zientifikoa— autonomia moduko bat hartzen dute gero. Behin sortuta, haien ezaugarri guztiak ez daude giza borondatearen mendean. Gisa berean, gizakiok asmatu dugu xakea, baina xakearen barruko posizio askoren ezaugarriak "aurkitu" egiten dira, ez arbitrarioki erabaki.

Aldi berean asmatu eta aurkituko genituzke beraz matematikak, batera baitarakutsate alde sortzailea, formala, eta alde objektiboa, aurkitu beharrekoa.

Amor fati (eta III)

Markos Zapiain 2026/05/19 15:30

Ez beti, baina batzuetan ideien genealogia sakonari erreparatzen zion Mitxelenak, formulen estreinaldi tipografikoari baino gehiago. Alegia, litekeena da errenteriarrarentzat garrantzitsuagoa izatea “amor fati” adierazpenaren edukia, ezen ez nork idatzi zituen lehenengo bider berba bi horiek elkarren ondoan. Eta Nietzschek berak behin baino gehiagotan eman zuen aditzera zein zen handia estoikoekin zuen zorra. Hori bai, pasiorik tristeena zitzaion fideltasuna, eta ideia estoikoak muturreraino eraman, dramatizatu eta irauli egin zituen maizenik.

Bestalde, ulergarria da Mitxelenak kristauei ere lotu izana zorioneko lokuzioa, kristau batzuek Jainkoaren borondatearen erabateko onarpen apala aldarrikatu eta transmititu dutelako, probidentziarekin adostasuna, sufrimenduaren baiestea. Kutsu estoikoa dute jarrera horiek guztiek. "Fato consentire" eta "voluntatem fato submittere" aipatu zituen Justus Lipsius kristauak XVI. mendean. Antzeko jarrera sumatuko zien Mitxelenak oinarrian mugimendu biei: nahitaezkoaren onespena. Ezin ahaztu nola hedatu zen bolada batean Senekaren eta San Pauloren arteko balizko harreman sekretuen inguruko literatura.

Dena den, gertaeren eta zoriaren onarpen estoikoa eta maitasun nietzschearra ez datoz bat kristauenarekin, konpentsazioa espero baitute kristauek hil ostean haraindian, eta estoikoek eta Nietzschek, berriz, honaindiko mundu hauxe baino ez dute gogoan.

Bukatzeko, garrantzitsuena: ganorazko edozer egiteko hastapen gisa, egokiagoa iruditzen zaio Mitxelenari onarpen umil hori, ezen ez beldurra, amorrua, negarra, larridura edo unibertso paraleloren batera ihesa; adibidez, gure mundu, sorterri eta giro gozogabeak onartzea, eta arbasoek utzi diguten ondare txiroa onestea, gure diglosia zinez gainditzeko abiapuntu gisa.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
Beharbada bai, Amatiño. Hori bai, ... Markos Zapiain, 2026/05/28 07:35
Ebidentziaren bost paradigma horiek egia ... Amatiño, 2026/05/27 18:16
Arrazoia, Amatiño, kar-kar-kar.   Josu Goikoetxea ... Markos Zapiain, 2026/05/02 22:56
Von Neumannek, matematiko eta informatiko ... Amatiño, 2026/05/02 12:11
Euskal abeslari ospetsu batek pertsona ilegabeen ... Markos Zapiain, 2026/03/12 17:55
Andoni Ortuzar zara? Markos Zapiain, 2026/01/07 17:50
Kaixo Markos, Oso sarrera interesgarria. ... Party S.A., 2026/01/05 22:35
Mila esker erantzunagatik, Joxin! Ahaztuak nitian ... Markos Zapiain, 2025/04/10 10:48
Eskertzen diat, Markos, nire aipamena, baina, ... Joxin Iturriotz, 2025/04/08 17:59
Eskerrik asko bihotzez, Amatiño! Egundoko ohorea ... Markos Zapiain, 2025/03/05 17:26