Bideojoko-ametsa
Gazteei buruzko eta edozeri buruzko orokorkeriak faltsuak dira beti. Aztergaia sakonki ezagutzen duenari berehala bururatzen zaizkio hamaika salbuespen. Gure gazteak alaiak dira. Aurkeztuko nizkizuke makina bat, Patxi Lopez baino tristeagoak. Dena den, mintzatu beharra dago, dirudienez, eta badago joera orokor lausoak hautematea, tentuz galdetu eta aztertuz gero.
Interesgarriak eta bitxiak izan daitezke belaunaldien ezaugarriak edota urte jakin batean jaiotakoenak erabakitzen dituzten kontuak: bada webgune bat, www.reves.ca, interneten dagoen amets-bankuetako bat, literatur ametsak jasotzen dituena, Erdi Arotik 1980a arte. Baina pertsona partikularrek gaur egun bidalitako ehunka amets ere erakusten ditu. Antonio Zadra webgunearen arduradunak adierazi berri du ordenagailuek, internetek eta, ametsak aldatu dituztela.
Gure gazteek, adibidez, batetik, bideojokoekin amets egiten dute, alegia, erabiltzen dituzten bideojokoetan sartuta daudela; bestetik, beren amets arruntek bideojokoaren itxura hartzen dute. Hori guztiz berria da, eta eragina du oraingo gazteen barne munduan.
Baliteke bideojokoetako istripu eta atentatuek eragina izatea orain DBHko hirugarren mailan dabiltzanen artean, 15 urte. DBHko bigarren eta laugarren mailan inor gutxik, baina hirugarren mailako nerabe pilo batek izan du esperientzia tamalgarri berdina: bizikletan zihoala, halako batean burua beheititu eta aurrera begiratu beharrean zapatei edo pedalei so jarri eta pareko autoaren, espaloiaren edo atearen aurka jotzea eta erortzea.
Zerriki-gameluak. Debekua erakargarri
Kalamua legez kanpo mantentzeak dakarren arriskua baino gehiago kalte erreala da agintariek gutxiesten dutena.
Kalamuaren debekuak gazteengan sor dezakeen erakarpenari lotuta, oroitzen naiz behiala lagun batzuk Marokora joan ginela. Tetuan-en autobusa hartu genuen Fez-era. Josemak txorizo-ogitarteko bat atera zuen. Halako batean, gazte batzuk hurbildu zitzaizkigun, misterio handiz. Txorizoaren truke, haxix-pusketa koxkor eder askoak eskaini zizkiguten. Onartu genuen. Autobusean bertan erre genuen.
Inoiz ez dut horrelakorik sentitu. Sakonki ulertu nuen mairuen kultura, bat egin nuen Mahomaren bihotzarekin. Zerikusirik batere ez hemengo ximaurrarekin. Tamalez, Marokoko mendietako olio huts eta frexkoak honantzako bide luzea auskalo noren ipurdian egin behar izaten du eta ondorioz magia galtzen du.
Gero Fez-era iritsi ginen. Autobusetik jaitsi baino lehen, gure lagunek zolako plaka batzuk igo eta bertan ezkutuan zekartzaten mortadela eta saltxitxoi-zorro batzuk atera zituzten. Zerriki-gameluak baitziren. Han leku bakarti eta ilunetan “badaukak materiala?” galdetzen dute isilka-misilka, “bai, ehun gramo saltxitxoi, urre gorria, merke utziko diat.”
Kontua da, gazte haiek ez bezala, saltxitxoiak eta mortadelak ez dituztela gure gazteak grinatsuki erakartzen, salbuespenak salbuespen. Eta debekua da azalpen bakarra.
Zapatapean
Alaba bi dauzkagu, Amaia eta Leire. Guztiontzat da biziki garrantzitsua musika. Txikiak zirelarik, musikari dagokionez, planeta desberdinetan bizi ginen. Beraientzat “Kanuto xixilindro” eta Takolo eta Pirritx ziren erabakigarriak.
“Zapatapean” horrekin izan genuen laurok lehenbiziko aldiz aldi bereko estasi estetiko bat.
Garai hartan Amaiari haginetako aparatua ipini zioten. Baina maiz galtzen zuen. Denbora franko igaro nuen Amaiaren aparatu galduaren bila. Oroitzen naiz behin batean gure etxe azpiko mahai batean, Talan, urte betetzeko askaria egin zutela. Bukatutakoan, ordurako ilunabarra, Amaiaren aparatua agertzen ez. Orduan pentsatu nuen jan ahal izateko kendu eta paperezko ezpain-zapi horietako batean bilduko zuela. Ezpain-zapi guztiak kontainer-zakarrontzira boteak zituzten ordea. Han sartu behar izan nuen linterna batekin kontainer barrura eta bilatu. Aurkitu egin nuen azkenik.
Beste batean, autoan sartu Bilbotik Bermeora itzultzeko eta Amaia aparatu barik. Bilboko Zazpi Kaletako Brasil kafetegian egon berriak ginen eta badaezpada ere bertara itzuli ginen. Zabor-poltsa erraldoi bat atera zidaten, bertara bota baitzituzten eguneko hondakin guztiak. Ordurako erdi espezialista, zigarrokin, erdi jandako pintxo eta arrain-zatien artean bilatzeari ekin nion. Aise emango nuen bertan ordu eta erdi. Ez zen agertu. Etsi eta bagindoazela, Amaiak berak aurkitu zuen aparatua tabernako zoko ilun batean.
Etxera bueltatu eta aparkatzerakoan Joseba Tapia “Zapatapean” kantatzen hasi zen. Aparkatu eta isil-isilik gelditu ginen laurok liluratuta. Esan bezala, “Zapatapean” izan zen laurok aldi berean sakonki hunkitu gintuen lehenbiziko kantua. Apo bati buruzkoa da, basatzetako urretxindorra, “ni ez nauzu apoa ni nauzu bihotza”.
