Hemen zaude: Hasiera Blogak Markos Zapiain Artxiboa 2010 Abuztua 08 Behakoa, penaltia sartzeko zein gelditzeko traba. Ezin tortura ikusi
Dokumentu Akzioak

Markos Zapiain

Behakoa, penaltia sartzeko zein gelditzeko traba. Ezin tortura ikusi

Kontrol-kamerak edonon jartzearen aldekoek diote etengabeko zaintzapean gaudela jakiteak hobetu egiten duela gure jokabidea, sendotu gure baitan arau eragingarriei eduki beharreko begirunea.

Ordea, gure burua beste gizakien begiradapean kokatua sentitzeak gure eraginkortasuna hobetzen duela dioen iritzia ez dagoela sendoki oinarritua erakutsi du azterketa zientifiko batek, penaltiaren kinkan tiratzaileek eta atezainek izaten duten jarrera aztertu duena.

Ben-Gurion Unibertsitateko Michael Bar-Elik eta bere taldeak, psikologia kognitiboan adituak, 286 penaltiz osaturiko lagin bat aztertu dute, goi mailako futbol-partidetan jaurtiak. Hainbat ondorio atera dituzte.

Lehenik eta behin, guztiok genekiena egiaztatu dute: penaltiak gelditzea oso da zaila. Atera zuzen samar jaurtikiz gero ehuneko 85a sartzen da. Atezainek, baloia geldiarazteko ahaleginez, jauzi egiten dute ia beti, ehuneko 94ean zehazki, ezkerrera zein eskuinera. Jaurtiketaren norabidea aldez aurretik igartzen saiatzen dira atezainak, eta ehuneko 50an tronpatzen dira edo asmatzen dute.

Atezaina soilik ehuneko 6an gelditzen da atearen erdialdean, salto egiteke. Eta, hauxe deigarriena, taktika minoritario hori da hain zuzen bidezkoena, Bar-Eli doktoreak eta bere aditu-taldeak frogatu dutenez: alde batera salto egiten duen atezainaren arrakasta-aukera apalagoa da, ehuneko 13koa baino ez; aitzitik, erdialdean tinko gelditzen den atezainaren aukera ehuneko 30eraino igotzen da.

Penalti-jaurtitzaileei dagokienez, taktikarik erabiliena (ehuneko 57) ateko beheko aldera botatzea da, beheko herenera. Haatik, hori ere ez da egokiena: goiko herenera jaurtikiz gero gola sartzeko aukera ehuneko 100etik hurbil dabil; aldiz, beheko herenera botata ehuneko 80 besterik ez.

Zergatik ote dira erabilienak porrota errazago erakartzen duten aukera horiek? Israelgo ikerlarien arabera, besteen begirada (publikoarena, gainerako jokalariena, kirol-agintariena) erabakigarria da bai tiratzaileen eta bai atezainen jokabidea ulertzeko orduan.

Penaltiaren aurrez aurre atezainak badaki baloia gelditzeko aukera urriak dituela, etsia izaten da ia beti atezainaren barne muinetako egoera. Eta mugitu egiten da, bere burua eskuin edo ezker aldera botaz, ezer egin gabeko porrota lotsagarriagotzat jotzen baita, zerbait egin ondoren galtzea baino.

Tiratzaileari dagokionez, nahiago izaten du atezainak baloia gerarazteko arriskua, altuegi bota eta baloia hodei artean gal dadin baino, lotsagarriagoa eta desohoragarriagoa omen baita.

Bar-Eliren ikerketak guztiok genekien beste hau ere nabarmendu du: besteen begiradak batzuetan hobetu egiten du gure jokaera, baina beste batzuetan okertu. Niretzat torturatzea gaiztoagoa da hiltzea baino. Kamerak giza jokabidea duda barik zintzotuko lukeen eremuetako bat tortura-ziega litzateke. Alta, tortura-ziegak dira agintariek kamerak ipintzen ez dituzten leku bakarrak; bien bitartean, kamerez josten ari dira basamortuak, itsaso zabalak, lorategiak, hodeiak eta futbol-zelaiak. Agintariek, torturari etekin mediatiko/elektorala ateratzeko eragozpenik ez duten psikopatak direlarik, ez dute tortura-ziegetan kamerarik nahi izaten, eta horrelakoxe agintariak ezarri dizkigute tamalez.

Markos Zapiain 2010/08/08

begira nauzu

asel — 2010/08/08 20:06
oso ados nago eta orain kameren aurkako jarrera finkoagoa daukat zure hausnarketa interesgarria irakurri eta gero. blogera ere ekar daiteke ikerketaren emaitza: inork gutxik irakurtzen gaituela uste dugunean askeago eta, beraz, eraginkorrago (arriskua eraginkorra den heinean, behintzat) idazten dugu geure buruari zentsura txikiagoa jarriz. begiak gugan jarrita dauzkaten guztien izenak jakin ezkero, ordea, birritan pentsatuko genituzke gure esan batzuk, seguruenik. edo agian ez, sen nahiko matxino eta potro-ukitzaile daukagun heinean ;-) edozelan ere, nik irakurle gutxi daukadala sentitzea gurago; kamerarik gabe hobe, errepikapenik ez egoteko, akatsak hain nabarmen ez geratzeko XD

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
José Basarri Onaindía Jozulin, 2012/01/28
Eman ta zabal zazu Markos Zapiain, 2012/01/25
alua oier g, 2012/01/24
bakotxa bere lekuan oier g, 2012/01/14
+1 azken esaldi horri Gorka Bereziartua, 2012/01/14
Azken sarrerak
Tanpax 2012/02/04
Sarrionaindia 2012/01/23
Etiketa lainoa
bermeo etakideen ametsak globalizazioaz irun kalakakoak liburuak eta idazleak