Artxiboa 2010
- Abendua (10)
- Azaroa (3)
- Urria (6)
- Iraila (6)
- Abuztua (4)
- Uztaila (12)
- Ekaina (5)
- Maiatza (5)
- Apirila (9)
- Martxoa (6)
- Otsaila (14)
- Urtarrila (27)
Kristori injekzioak behin eta berriz ipini, berpiz dadin
Talde-arimaren ekimen berri honetarako apaiz-enda berri bat asmatu beharko da, apaiz judua ez bezalakoa. Honek ez baitzuen ez unibertsaltasunik ez azkenkirik, tokikoegia zen, eta zerbaiten zain zegoen oraindik. Apaiz kristauak hartu beharko du apaiz juduaren ordea, bi-biak itzuliko dira Kristoren aurka. Kristo protesirik okerrenaren mendean jarriko dute: talde-arimaren heroi bilakatuko dute, talde-arimari berak inoiz eman nahi izan ez ziona bihurtzera behartuko dute. Edo, hobeki esan, Kristok beti gorrotatu izan zuena, kristautasunak emango dio: talde-ni bat, talde-arima bat. Patmoseko Joanek bere ahalegin osoa jartzen du bihurrikatze honetan: “Aginte-tituluak beti, inoiz ez maitasun-tituluak. Kristo beti da konkistatzaile, ahalguztidun, suntsitzaile ezpata distiratsudun, gizaki-suntsitzaile, heriotza-zaldien pikabuztanetara heldu arte. Inoiz ez Kristo salbatzailea, inoiz ez. Apokalipsiko gizakiaren semea lurrera aginte berri eta izugarri bat ekartzera jaitsi da, Ponpeio, Alexandro edo Zirorena baino handiagoa. Atzera eginarazi eta edozein asmo erauzten duen aginte izugarria... Zur eta lur uzten duena...” Hori lortzearren, Kristo berpiztera behartuko dute, behin eta berriro jarriko dizkiote injekzioak. Kristo, ez zuena epaitzen, ez zuena epaitu nahi, Epaitze-sistemaren funtsezko osagai bihurtuko dute. Ahulen mendekuan edo aginte berrian puntu zehatzetan kokatzen baita epaimena, gaitasun espantagarria, eta arimaren ahalmen nagusi bilakatzen da. (Filosofia kristau baten arazo txikiaz: bai, bada filosofia kristau bat, baina ez du sineste-moldeak erabakitzen, baizik epaimena ahalmen autonomotzat hartzeak, kari honetara Jainkoaren sistemaren bermearen beharrean baita.) Irabazi egin du Apokalipsiak, inoiz ez dugu epaitze-sistematik irtetea lortu. “Eta tronu batzuk ikusi nituen, eta bertan jesarri zirenei epaitzeko ahalmena eman zitzaien.”
Aita, semea eta espiritu santua: mendekua, kontrola eta epaiketa
Talde-arimak agintea nahi du. Lawrencek ez ditu kontu errazak esaten, oker geundeke guztia ulertua dugula usteko bagenu. Talde-arimak ez du xalo-xalo agintea bereganatu nahi, edo despota ordeztu. Alde batetik, agintea suntsitu nahi du, agintea eta indarra gorroto baititu, arima osoz gorroto du Patmoseko Joanek Zesar, erromatar inperioa. Beste batetik, agintearen ate guztiak zeharkatu nahi ditu, unibertso osoan sakabanaturiko aginte-gune orotan sartu: hots, aginte kosmopolita bat gura du, baina ez, inperioarena bezala, egunaren argitan, baizik kantoi eta zokoetan, izkina ilunetan, talde-arimaren zirrikitu guztietan. Nietzschek zioenez, “kristautasunean Jainkoa toki guztietan sentitu zen bere etxean, kosmopolita handia... baina judu izaten jarraitu zuen, zirrikitu, kantoi eta izkina ilun guztien jainkoa izaten... Geroztik, lehen bezala, mundu honetako bere erresuma azpimunduaren erresuma da, lur azpiko txiro-etxe...” Azkenik, eta batez ere, beste jainkoei deituko ez dien azken aginte bat nahi du, ezin gorago jotzeko moduko Jainko batena, gainerako aginte guztiak epaituko dituena. Kristautasuna ez da erromatar inperioarekin hitzarmen batera iristen, inperioa eraldatu egiten du. Apokalipsiarekin, kristautasunak agintearen irudi guztiz berri bat asmatuko du: epaitzeko sistema. Gustave Courbet margolariak (Courbeten eta Lawrenceren arteko antzekotasun ugari dago) gau bete-betean “epaitu nahi dut, epaitu beharra daukat!” garrasika esnatzen zirenak aipatu zituen. Suntsitu nahia, zirrikitu orotan sartu nahia, sekula betikoz azken hitza bota nahia: nahi hirukoitza, ez baita bakar bat baizik, Aita, Semea eta Espiritu Santua. Inperiotik kristautasunera, agintea aldatu egiten da, bereziki izaeraz, adierazpenez, banaketaz, intentsitatez, bitartekoz eta helburuz. Kontrabotere bat bilakatzen da, aldi berean kantoi ilunetarainoko aginte eta azken gizakien aginte. Agintea mendekuaren politika luzatu gisa existitzen da soilik, talde-arimaren nartzisismoaren ekimen luzatu legez. Ahulen mendeku eta autoloriatzea, dio Lawrence-Nietzschek: anbulo zuri grekoa bera ere, nartziso kristau bihurtuko da, euskaraz anbulo gaizto. Eta zelako xehetasunak, mendekuen eta lorien zerrendan... Ahulei ezin zaie leporatu, horixe ezetz, aski gogorrak ez izatea, beren loriaz eta beren nagusitasunaz aski ziur ez izatea; horixe da ezin lepora dakiekeen bakarra.
Hedabideak, bildots adardunen esku (Apokalipsia 5)
Apokalipsiak “txiroen” edo “ahulen” errebindikazioa azaltzen du. Ahulok ez dira, pentsatzen ohi den bezala, umilak edo zoritxarrekoak; izugarriak baino okerragoak dira, talde-arima baino ez duten gizaki horiek. Lawrenceren orrialderik ederrenetarikoa da Bildotsarena: Patmoseko Joanek Judeako lehoia zuen iragarria, baina bildotsa da heldu dena, bildots adarduna, lehoiak bezala orro dagiena, harrigarriro maltzurra, hainbat krudel eta ikaragarriagoa nola sakrifikaturiko biktima gisa aurkezten baitu bere burua, ezen ez sakrifikatzaile edo borrero gisa. Nolanahi ere, gainerako borreroak baino okerragoa. “Joanek behin eta berriro kontatzen du badela bildots bat beti immolatuarena egiten, baina ez da inoiz immolaturik ageri, aitzitik gizakiak pilaka immolatzen ditu; elastiko garaile odoltsu batez jantzirik ageri da azkenik, baina odola ez da berea...” Kristautasuna izango da benetan Antikristoa; ipurdian sortzen ditu haurrak, Jesusi indarrez ezartzen dio talde-arima bat, eta ordainez talde-arimari banako arima bat ematen dio, axalekoa, bildots txikia. Kristautasunak, oroz lehen Patmoseko Joanek, gizaki mota berri bat fundatu du, baita oraindik ere badirauen pentsalari mota bat, erresuma berri bat ezagutzen duena: bildots haragijalea, haginka dagien bildotsa, garrasi egiten duena “lagundu, zer egin dizuet, zuen onerako baitzen, geure kausaren alde!”. Zeinen figura bitxia, pentsalari modernoarena: lehoi-larrua duten bildots horiek, hagin luzeegiak nabari, jadanik ez dutenak apaiz-mozorroaren beharrik ere, edo, Lawrencek zioen bezala, Salbazio Armadarena: aunitz hedabide baitituzte berenganatuak, herri-indar ugari.
Buruzagi beharra (Deleuze eta Apokalipsia 4)
Kristoren ekimena indibiduala da. Banakoa ez zaio taldeari, bere horretan, kontrajartzen; banakoa eta taldea, gure arimaren zati diferenteak diren heinean kontrajartzen dira. Baina Kristo ia ez zaio gure baitan datzan taldeari zuzentzen, ez dio ia jaramonik egiten. Bere arazoa gehiago zen Itun Zaharreko apaizen sistema kolektiboa desegitea, juduen apaizgoaren agintea, baina soilik alferreko lasto horretatik banakoaren arima askatzearren. Zesarrari, berriz, dagokiona utziko lioke. Zentzu honetan, Kristo aristokratikoa da. Uste baitzuen banakoaren arimaren kultura bat aski zatekeela talde-ariman gorderiko munstroak aldentzeko. Hutsegite politikoa: utzi zuen talde-arimarekin konpon gintezen, Zesarrarekin, gugandik kanpo bezalaxe gure baitan ere. Horri buruz, inoiz ez zion apostoluak eta dizipuluak desliluratzeari utzi. Pentsa liteke, are gehiago, berariaz egin zuela. Ez zuen maisurik nahi, ez zien dizipuluei lagundu nahi (soilik maitatu, zioen, baina zer ote zuen horrekin ezkutatzen?). Inoiz ez zen beraiekin benetan nahasi, ez zuten elkarrekin lan egin, ez ziren elkarrekin deusetan aritu. Kristo beti egon zen bakarrik. Jakingura bizia eragin zien dizipuluei; baina, beren baitako eremu batean, bertan behera utzi zituen. Uko egin zion haien buruzagi fisiko indartsu izateari: Juda bezalako gizonek behar-beharrezko dute jaunen bat etengabe gurtzea, nagusia ohoratzea. Baina Kristoren ukoak traizionaturik sentiarazi zuen; ordainez berak ere traizionatu egin zuen hura. Garesti ordainarazi zioten apostoluek eta dizipuluek Kristori: ukoa, traizioa, faltsutzea, Berriaren iruzur lotsagabea. Lawrencek dio kristautasunaren pertsonaiarik garrantzitsuena Juda dela. “Ez zarete ohartzen egiatan Juda gurtzen duzuela? Juda da egiazko heroia, Juda gabe porrota litzateke ebanjelioko drama... Jendeak Kristo dioenean, Juda esan nahi du. Zapore gustagarria aurkitzen dio; izan ere, Jesus bere ahaidea da...” Eta gero Patmoseko Joan, eta ondoren San Paulo. Kristok mespretxaturiko arimaren zatiaren protesta adierazten dute, talde-arimarena.
Nietzsche eta Lawrence, San Paulo eta Patmoseko Joan
Lawrence oso hurbil dago Niezscherengandik. Suposa liteke Lawrencek ez zukeela bere testua Nietzscheren Antikristoa-rik gabe idatziko. Nietzsche bera ez zen lehenbizikoa izan. Ezta Spinoza ere. “Igarle” aunitzek kontrajarri ditu batetik Kristo, maitasun-gizakia, eta bestetik kristautasuna, heriotza-ekimena. Ez dute Kristo gehiegizko atseginez hartzen, baina beharra sentitzen dute kristautasunarekin nahas ez dadin. Nietzscherenean, Kristoren eta San Pauloren arteko aurkakotasun handia dugu: Kristo, endekatuen artean leunena, maitaleena, apaizen nagusitasunetik askatuko gintuzkeen Buda antzeko bat, baita erru, zigor, ordain, epai, heriotza ideia orotatik ere, eta heriotzaren ostean letorkeen orotatik; berri onaren gizon hau San Paulo beltz eta ilunak ordeztu zuen, Kristo gurutzean atxikiz, Kristo etengabe gurutzera itzularaziz, berpiztaraziz, grabitate-zentro guztia bizitza eternalera aldatuz, lehengoak baino apaiz mota izugarriagoak asmatuz: “Apaiz-tiraniaren teknika da San Paulorena, samaldari dagokion teknika: hilezkortasunean sinetsaraztea, hots, epaitze-doktrina.”
Lawrencek berreskuratu egiten du aurkakotasuna, baina oraingoan Kristoren aurrez aurre Patmoseko Joan gorri eta odoltsua dugu, Apokalipsiaren egilea. “Heriozko” eta “hilgarri” deritzo Deleuzek Lawrenceren liburuari, bere agonia gorri hemotisikoan idatzi baitzuen: Lawrenceren azken mezu alaia da, azken berri ona. Ez da Nietzsche antzeratuko zukeen Lawrence bat, baizik, hobeki, Nietzscheren gezia jaso eta beste norabait jaurtikitzen duena, bestela tenkaturik, beste kometa batera, bestelako jendartera: “Naturak disparatu egiten dio filosofoa gizateriari, gezia bailitzan; ez du apuntatzen, baina espero du gezia nonbait zintzilik gera dadin.” Lawrence ostera entseatzen da Nietzschek egin nahi izan zuena egitera, San Paulo barik Patmoseko Joan jomugatzat hartuz. Kontu asko aldatzen dira, edo osatzen, saio batetik bestera, eta komun dutenari ere indarra eta berritasuna dario Lawrencerenean.
Zonbien liburua (Apokalipsia 2)
2012ra arte itxoin behar ote dugu Apokalipsia ezagutzeko? DH Lawrencek eta Gilles Deleuzek ez dute oso garbi.
DH Lawrencek hil baino lehentxeago Apokalipsia idatzi zuen, Bibliako Apokalipsiaren azterketa bikaina. Bertan erakusten du Itun Berriko azken liburua maitasunaren eta otzantasunaren aldeko Jesusen mezu aristokratikoaren kontrakoaren apologia dela, ahulek amesten duten indartsuen aurkako mendeku basatiarena. Halatan, Apokalipsia gehiago dagokio Itun Zaharraren jiteari. Sarkin hutsa da Itun Berrian, bertako espiritu hippya traizionatzen baitu; Itun Berriko liburuen arteko Juda Iskariote duzu.
Liburu postumoa da, Lawrence 1930ean hil ondoren argitaratu zen, 1931n. Tuberkulosiak jota hil zen, odol-karkaxak tu eginez. Kolore gorriari garrantzi berezia emango dio liburuan.
Gilles Deleuzek talentu aparta du irakurlea autore eta liburu ederretara bideratzeko. 1993an argitaratu zuen azken liburua, Kritika eta klinika. Hirurogeiko hamarraldian tuberkulosia pairatu zuen; ez zen inoiz erabat sendatuko. Gero birika bat kendu zioten. Fanny Deleuzek, emazteak, jarri zuen frantsesez Lawrenceren Apokalipsia, eta Gillesek hitzaurrea egin zion; 1978an argitaratu zuten. Hitzaurre hori da Kritika eta klinika-n “Nietzsche eta San Paulo, Lawrence eta Patmoseko Joan” izenburupean jasotako testuaren funtsa. Datozen egunetan Deleuzeren testuaren itzulpen-bertsio bat agertuko da hemen.
PATMOSEKO JOANEN AGINTE-ERLIJIOA
Joan bera ote da laugarren ebanjelioa idatzi zuena eta Apokalipsia idatzi zuena? Erudituen eztabaidan esku hartzen du Lawrencek: ez, ez da bera, ezin liteke bera izan... Lawrenceren argudioak hagitz dira sutsuak, bortitzak, baloratzeko metodo bat gordetzen baitute ezkutuan, tipologia bat: gizaki mota berak ezin izan ditu ebanjelioa eta apokalipsia idatzi. Ez dio batere axola testu bakoitza bere baitan oso konplexua izan dadin, edo osagai ugari barnebil ditzan, askotariko kontuak batu ditzan. Ez dira soilik gizabanako bi, autore bi, baizik gizaki mota bi, edo arimaren eremu bi, multzo bi, guztiz desberdinak. Ebanjelioa aristokratikoa da, indibiduala, leuna, maitasunezkoa, endekatua, aski jantzia. Apokalipsia berriz kolektiboa, popularra, ezikasia, herratsua eta basatia: ebanjelaria eta apokalipsilaria ezin dira idazle bera izan. Patmoseko Joanek ebanjelariaren mozorroa ez du ukitu ere egiten, ezta Kristorena ere; bestelako mozorro bat asmatzen du, Kristori bere mozorroa kentzen diona, edo Kristorenaren gainean janzten duena. Patmoseko Joanek izu eta heriotza kosmikoak jorratzen ditu; aldiz, ebanjelioak eta Kristok giza maitasuna lantzen dute, izpiritu-maitasuna. Kristok maitasun-erlijio bat asmatu zuen (praktika bat, bizimodu bat, ez sinesmen bat); Apokalipsiak, ostera, agintearen erlijioa dakar, sinesmen bat, epaitzeko era ikaragarri bat. Kristoren dohaina barik, zor amaigabea dakarkigu.
Lawrenceren testua Apokalipsiaren ostean irakurriz, kolpez ulertzen da Apokalipsiaren gaurkotasuna, eta Lawrencerena. Gaurkotasun hau ez dago Neron=Hitler=Antikristoa bezalako elkarrekikotasun historikoetan. Ezta munduaren amaieren eta milenaristen sentimendu gainhistorikoan ere, beren izu askotarikoekin: atomikoa, ekonomikoa, ekologikoa, zientzia fikziozkoa. Apokalipsi bete-betean gaude, itun berriko testu horrek epaile makabroaren bizimodua eta epaitzeko moduak ematen baitizkigu: biziraule dela uste duenaren liburua duzu, zonbien liburua.
Bugarachen elkartuko gara (Apokalipsia 1)
Argiturri apokaliptikoak Frantziako herri txiki baketsu bat inbaditzen ari dira. 2012ko abenduaren 21an etorriko omen da munduaren azkena eta soilik Bugarachen daudenek izango dute salbatzeko aukera.
Bugarach Frantziako hego-ekialdeko herrixka bat da, izen bereko mendi baten magalean dago, Pirinioetan. Okzitanieraz mintzo ziren, okzitanierari dagokio Bugarach izena bera. 200 biztanle inguru dauzka. Frantsesarenaren ondoren, bestelako inbasio bat pairatzen ari da aspaldion.
2012. urteak ekarriko du munduaren akabera eta inbasore horiek babesa bilatzen dute. Jean-Pierre Delord alkatea oso kezkatuta dago: "Interneten ikusten ari gara iluminatu mordo batek uste duela 2012ko abenduaren 21ean mundua amaituko dela, eta salbatu ahal izateko aukera Bugarachen egoteak eman dezakeela".
Jakina, Bugarachtarrak Nostradamusen eta maien profezietan sinesten duten argiturri horien beldur dira.
Internet mukuru beterik dago egutegi maiaren araberako denboraren akabantzaren inguruko iruzkinez eta teoriez, poloen alderantzikatzeaz, eguzki-sistemako planeten lerrokatzeaz, lurraren eta planeta misteriotsu baten arteko talkaz... NASAk berak ukatu behar izan ditu zurrumurruok berriki: espazio-agentziak hainbeste zabaldutako esamesak gezurtatzeko kanpaina bati ekin eta ziurtatu du mundua ez dela 2012ko abenduaren 21ean amaituko.
Kontua da inspiratuak gehiago berotzen dituela edozein profeta hermetikok mendebaldeko zientziak baino, eta berehala etorriko omen den apokalipsiari buruzko teoria batzuen arabera, Bugarachen gailurra duzu apokalipsitik salbatuko den mendi sakratuetako bat.
"Internetek edozein erokeria piztu dezake eta gu ez gara 200 bizilagun baizik; ezingo diogu eutsi", adierazi du alkateak, 67 urteko abeltzain ohiak, izuak joa ehunka edo milaka frikiren inbasioa aurreikusirik.
Alkateak kontatu duenez, herrian zurrumurru horiekin ohituta daude, pilo bat esoteriko etorri baitzaie dagoeneko. Udaletxeak Bugarach menditik kutunak, harri mistikoak eta beste hainbat bitxi kenarazi ditu.
Zenbait utopistak uste du mendia, Corbières mendiguneko gailurra, 1.231 metroko garaierakoa, OHE edo Objektu Hegalari Ezezagunentzako aparkaleku bat dela, eta mendi barruan estralurtarrentzako lokomozio-gailuak dauzkatela.
Beste zenbaiten iritziz eremu honetan Grial Santua edo tenplarioen altxorren bat gorde daiteke. Sigrid Benardek, herriko aterpe bateko arduradun duela 6 urtez geroztik, jakinarazi du aterpean lanean hasi zenean bezeroen % 72a mendizalea zela. Aldiz, azken aldian % 68a da bisitari esoteriko.
Utopistek hamarraldi honen hasieran ekin zioten oldarka etortzeari. Ikastaroak antolatzen dituzte eta etxeak erosten ari dira. Izugarri garestitu da etxeen salneurria. Nekazaritza-lurrak ere erosten dituzte gainera, eta ondorioz bertako gazteak ezin dira herrian bizitzera gelditu. Erbestean harrapatuko ditu apokalipsiak.
Satorraren palestinarra
Autopistetan polizia sekretuek beren plaka erakutsi eta ez dute ordaindu behar izaten. Pilo bat dira, eta azken aldi honetan ikurrinak eta palestinar zapiak jantzita doaz. Manifara bidean edo Infiltraziotik bueltan, arropa aldatzeko lana ere ez dute hartzen, ez zaie axola autopistetako ordain-kabinetako langileek ezagut ditzaten. Giro berriari esker, euro eta erdi aurrez dezakete, diskreziorik batere gabe ibilita ere. Ondo pentsatuta, dena den, baliteke etakideak izatea, hedabideek jakin gabe polizia sekretuen plakak lapurtu eta erabiltzen ari direnak.
Bizkaiko bertsolarien finala
Estiballes, Lekue, Amuriza eta Enbeita ezagunak genituen, egundoko saioa egin zuten larunbatean BECen zortzi finalisten artean, baina ustekaberik atseginena ezezaguna zitzaigun Beñat Ugartetxeak eragin zigun. Ugartetxearen kanta-erak, umoreak eta tinbreak Lazkao-Txikirena oroitarazten du. Batzuetan ematen du bertsoa desorekatzera doala baina azkenean biribil irteten zaio. Herrena izango da Ugartetxearen ibilera, baina ezin zuzenagoa bere bertsoaren txinparta.
Gure aurrean Eneko Abasolo “Abarkas”en senide batzuk zeuden, tartean ama. Ikusgarria semearekiko lotura sentimentala eta enpatia 100 metro eta buru mordoa gaindituz, nola bizi zituen amak semearen bertsoak barru-barrutik, nola sufritzen zuen akatsen erruz eta gozatzen semeak asmatzen zuenean, eta hunkitzen ikusleen animo-oihuekin. Zortzigarren gelditu zen, azkena, baina jaso zuen txalo-zaparrada itzelaren ondoriozko amaren malko-festa ez zen nolanahikoa izan. Jende frankok egin zuen negar larunbatean BECen.
Han plazan ez nintzen Miren Amurizaren eta bere aita Xabierren artekoaz ohartu, urrutiegi zeuden, baina gero interneten ikusi eta ematen du saioan zehar harreman telepatiko bete-betean dabiltzala. Aitak burua makurtu eta sakonki kontzentratzen da uhin telepatiko indartsuak bidaltzeko, alabaren bertsoa gidatzea xede, edo bederen laguntzea; alabak, oholtzan, burua makurtzen du uhin ikusezin horiek ahal bezain artez jasotzeko. Zaila da zehazten uhin horien edukia eta mamia, baina ezin ukatu harremana badela.
Oroitzen naiz xake-final handi batean ezustean xakelarietako bat zutitu eta ikusle batengana zuzendu zela haserre. Aretotik kanporatu nahi izan zuen. Zergatik? Interferentzia telepatikoen bidez kontzentrazioa eragozten ei zion.
Orobat, Karpov Korchnoiren aurka lehiatu zelarik: Karpov sobietar ofizialismoaren ordezkaria zen eta Korchnoi, aldiz, Sobiet Batasunetik ihes egin eta Suitzako banderapean zebilen: gerra hotza xake-taulan, prestigioa eta ohorea jokoan. Halako batean, Korchnoi hanka-sartze infantilak egiten hasi zen, eta errua Karpoven eta KGBren gizon bati leporatu zion, Zukhar doktore misteriotsuari, uhin telepatiko gaiztoak igortzen omen baitzizkion bere ikusle-aulkitik. Eragin txar horri aurre egiteko Korchnoik ere parapsikologoak kontratatu eta Zukharren eraso telepatikoei behar bezala erantzutera eraman zituen finaleko aretora. Gerra txundigarria izango zen noski eraso eta kontraeraso telepatikoak hautemateko gaitasuna izan zezakeenarentzat. Korchnoik galdu egin zuen, eta hil arte uste izan zuen sobietarrek joko zikina egin ziotela, Karpov ez ezik telepatia komunista ere izan zuela arerio.
Zigortu behar ote litzateke laguntza eta oztopo telepatikoa, dopina legez? Hizkuntzaren kirol nazionalean ere bai? Auskalo.
Gezurtia bikotekide
Feminist Economics aldizkariak dakar: Ingalaterran 3.500 bikote inkestatu ditu London School of Economics delakoak, eta frogatuta geratu da dibortzio-kopurua izugarri murrizten dela baldin gizonak etxeko lanetan esku hartzen badu: umeak zaindu, garbiketak, erosketak, eta abar. Berdin dio emakumea etxeko andre den edo etxetik kanpo lan egiten duen. Gizonak irensgailua erabiltzeak sendotzen du bikotea, ez bikotekideen arteko konfiantzak. Konfiantza, hori atzerapausoa.
Platonek, eta Platonen ondoren beste askok, maitasuna gabezia dela adierazi dute, ezin duzula maite falta zaizuna baino. Bestalde, zoriona maite duzun hori erdiesten duzunean pizten omen da, eta halatan ezin luzaz iraun. Behin maitea lortuta, ez zaizu falta, etxean duzu, bere burua eskaintzen dizu. Alta, maitasuna falta baldin bada, eta emaztea ez baldin bazaizu falta, egunero bertan baituzu, orduan ezinezkoa duzu emaztea maitatzea. Abiapuntu honekin, Platonek ezin du azaldu nola gerta daitekeen munduan noizean behin agertzea elkar luzaro maite duen bikote bat. Mirari hori gerta dadin, ezinbesteko baldintza dateke konfiantzak gurean duen gehiegizko ospeaz mesfidatzea.
Gure gizartean behin eta berriro errepikatzen baita lelo faltsu bezain kaltegarri hauxe: bikoteak konfiantza behar du oinarri. Tratu txarra ematearen eta onartzearen azpian maitasun-eredu erromantikoa dagoela salatzen dute adituek, baina ez dute konfiantzaren laudorioa eta premia zalantzan jartzen.
Gezurtiak ez du bikotea osatzeko eskubiderik ala? Konfiantza deritzon hori ez ote da sarritan utzikeriaren pareko, ezintasun halako bat? Zuk zeuk gezurrerako joera baduzu debekatu behar al diozu zure buruari, konfiantza eragin ezinaren izenean, bikote-bizitzarako eskubidea, bistan den arren konfiantza hori sarritan hipokresiak edo ahuleziak ekarria dela?
Bikote gehienetan egitez funtzionatzen duena da nork bere buruari gezurra esateko eskubidea ematea, atzeman ez zaitzaten ahaleginduz, eta aldi berean bikotekidearen markaketa zorrotza eta, gezurretan harrapatuz gero, espantua eta errieta. Nekez eta oker altxatuko dugu Euskal Herria hainbesteko itxurakerian oinarrituta.
Gezurti batekin bizi bazara eta “zer moduz Gasteiz aldean?” galdetzen badiozu, edota “zelan masajistarekin?”, badakizu erantzunak apika zerikusia izango duela enpirikoki gertatuarekin, baina apika ez. Ziur dakizuna da erantzuteko orduan bikotekideak erantzun dizun hori entzunarazi nahi zizula, kito. Eta hori ez da eragozpena amodioz eta laztantasunez bizitzen jarraitu ahal izateko. Hori bai, gezurtiak ganoraz bete beharko luke bere lana. Lardaskeria hutsa litzateke ezustean hirugarren batengandik adarren berri edukitzea, ohiko xehetasun mingarriak. Nolanahi ere, txapuzero horrek ez luke “gezurti” izen ohoretsua mereziko.
Bikotekidea gezurtia atera bazaizu, ezaugarri hori barne behar duzu maite. Alde on ugari ditu gezurtiak: gezurtiaren aldean, beti eta nonahi egiara mugatu beharra duena ezindu antzeko bat da, kamutsa, edo bestela alferra. Egia esateak ez du ahaleginik eskatzen; aitzitik, gezurrak asmamena ez ezik gero asmatuari eusteko irudimenaren etengabeko lana ere eskatzen du. Ariketa horren ondorioz, gezurtia irudimentsuagoa izaten da, barregarriagoa izan daiteke, libreagoa, eta, egiati beti ere zozoagoak ez bezala, ustekabez bete diezazuke ohea.