Hemen zaude: Hasiera Blogak Markos Zapiain Artxiboa 2009 Iraila 25 Patata eta autoritatea
Dokumentu Akzioak

Markos Zapiain

Patata eta autoritatea

Gure ikasle batek bere andereño adeitsuaren autoko ihes-tutuan patata mardul bat sartu du berriki.   

 

Esaten da irakasleen autoritatea bereziki ondo ezartzen dela Finlandian, Suedian eta oro har iparraldean. Espainiatik, Italiatik, Euskal Herritik lan-taldeak bidaltzen dituzte dohai hori ezagutu eta geureganatzeko asmoz. Gehienek uste dute ikasketa-egitasmo eta pedagogia-hausnarketarik egoki eta aurreratuenak edukitzeak dakarkiela arrakasta hori.

 

Baina baliteke ez izatea hotza baizik. Bob Dylan Kanadako mugan jaio zen eta dio hango hotzak matxinadarako edozein tentaldi desaktibatu eta izozten ziela.

 

Historia azaltzeko orduan, autoritatearen historia adibidez, faktore ideologiko eta filosofikoei garrantzi handiegia eman izan zaie beharbada, eta gutxietsi egin dira faktore klimatikoak, geologikoak, elikadurari dagozkionak…

 

XVIII. mendeko Frantzian Erret autoritateari eta Elizarenari indarra kentzeko orduan Rousseauren “Gizarte-hitzarmena” aipatzen da, entziklopedisten idazki ilustratzaileak, eta abar.

 

Alta, Alexis Philonenko ziur da Frantziako Iraultzan Rousseau baino eragingarriagoa izan zela patataren absentzia. Frantzian patata ezagutu izan balute eta ordurako behar bezain zabalduta egon izan balitz, gose gutxiago zuketen eta horrenbestez grina iraultzailea ere epelago.

Markos Zapiain 2009/09/25

ez dakit

Iban Zaldua — 2009/09/25 10:37
Ez dakit, Markos. Azalpen monokausal hauek beti dira susmagarriak. XVII. mendean, edo XVI.ean, gose berbera zuten frantsesek (edo, ziurrenik, gehiago), eta ez zuten iraultzarik egin. Eta orduan askoz ere gutxiago zegoen patata zabalduta. Ez dut uste Rousseau izan zenik Iraultzaren kausa nagusia. Baina ezta patataren zabalkuntza eza ere. Iraultzak, gainera, ez dira gertatzen, askotan, egoera ekonomikoa okerren dagoen unean, baizik eta, "hobekuntza" garai baten ondoren, hobekuntza horiek galtzeko aukera sumatzen dutenean gizarte-talde jakin batzuek (edo aurrera egiteko aukerak ixten ari direla sumatzen dutenean).

gure garaiak

asel — 2009/09/25 16:39
ibanek dioen legez iraultzak hobekuntzak galtzeko zorian daudenean gertatzen badira, beharbada iraganeko iraultzei baino gehiago orain piztu behar denari begiratu behar diogu. ematen du langileek hamarkada askotan lortu dituzten hobekuntza apurrak galdu arren, urtebetean hainbat hamarkada atzera egin arren, ordea, iraultza urrun dagoela. baina batek daki, batzuetan gizarteak ezusteko norabideak hartzen dit. zer gehiago behar du mundu osoko gizarteak enpresen aurka eztanda egiteko? agian patata gehiegi daukagu egun!
estutua, markos, aspaldiko partez ;-)

biologistak eta pitagorikoak

markos zapiain — 2009/09/26 18:05
Egia diozu, Iban. Arreta deitu zidan Philonenko filosofoak filosofiaren eragin-ahalmena mugatzea, alderantziz gertatzen baita ia beti. Baina Philonenko ez da ohiko filosofoa, Boxeoaren Historia bat ere idatzi baitu, eta Mohammed Aliren biografia. Edonola ere, harrigarria da ikasgai bat luzaro irakasteak nola galerazten dizun ikuspegi orokorra. Institutuan, adibidez, Biologiako lankideei giza harremanez hizketan entzun eta nabari da gorabehera biologiko hustzat dutela, batik bat maitasuna. Matematikakoek berriz Zuzendaritza lortzeko botere-borrokak zenbaki-kontuetara mugatzen dituzte, pitagorikoak baitira sakon-sakonean (beti egiten dute kale).

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
José Basarri Onaindía Jozulin, 2012/01/28
Eman ta zabal zazu Markos Zapiain, 2012/01/25
alua oier g, 2012/01/24
bakotxa bere lekuan oier g, 2012/01/14
+1 azken esaldi horri Gorka Bereziartua, 2012/01/14
Azken sarrerak
Tanpax 2012/02/04
Sarrionaindia 2012/01/23
Etiketa lainoa
bermeo etakideen ametsak globalizazioaz irun kalakakoak liburuak eta idazleak