Sarraskitzaileen aldeko boto-asmoak gora
Nazientzat juduak ez ziren humano osoak. Holokaustotik sortu zen Israel. Israelgo armadak Gaza sarraskitu baino lehen ere, blokeo basatiaren erruz, palestinarrek ez zuten janaririk, ez urik, ez argindarrik, ez botikarik edo erregairik. Erasoak astea aspaldi pasa duen honetan, Tzipi Livnik jarraitzen du ez dagoela krisi humanitariorik aldarrikatzen. Bistan da: Livnirentzat, hainbat agintari israeldarrentzat bezala, palestinarrak ez dira humanoak. .
Libanoko derrotak min handia egin zion harrokeria sionistari. Oraingo etsaia askoz ere ahulagoa da. Hezbolak Libanoren eta Siriaren arteko muga lainotsua zeukan armez hornitzeko. Aldiz, Hamasek etsaiak ditu mugaz bestaldean: Israel bera, eta Egipto. Egiptoren Gobernuak sarraski hau onartu egin baitu, Saudi Arabia eta Jordania orobat arabiarrek bezalaxe.
Sarraskia gorabehera, Hamasek koheteak botatzen jarraitzen du, orain 40 bat kilimetroraino iristen dira Israelen lurraldean. Israeldar militarrik errealistenek diote oldarraldi honen benetako helburua kohete-jaurtiketa hori murriztea dela. Ezta erabat desagertzea ere! Hori Avi Benayahuk aitortu du, israeldar armadaren bozeramaleak. Hamasen kohete-jaurtiketak apur bat gutxitzeko, ehunka zibil aieneka, odoletan, zafraturik, hilik, muinoi bihurturiko neskatxa horiek...
Are larriago, israeldar armada bera eta defentsa-ministroa ez zeuden erasoarekin ados. Hauteskunde-kanpainaren osagaietako bat izaten ari da triskantza. Kadima Likud baino ahulagotzat dute Israelen. Gainera, Kadimakoek Tzipi Livni emakumea aurkeztu dute presidentegai. Emakumea: ahulezia ahuleziaren gainean. Gobernuari eusten dion Kadima alderdiak behartu du sarraskia, Israeli erakustearren badakitela Likudekoak bezain krudelak izaten. Baita arrakasta handiz erakutsi ere, erasoari ekin ziotenez geroztik izugarri egin baitute goiti boto-asmoari buruzko inkestetan. Espainian ere, zenbat ankerrago presoekin eta senideekin, hainbat oparoagoak hauteskunde-emaitzak.
Olibondoetatik Apartheid hesira
Israeldarren eta palestinarren arteko gatazkaren sustrai erlijioso, historiko, kultural eta soziopolitikoen inguruan bada aholkatzeko moduko liburu bikain bat, mapez eta ederki hornitua, “Olibondoetatik Apartheid hesira”, Berriako kazetari Juanma Sarasolak idatzia.
Oraingo erasoaldiaz gain, legez kanpoko asentamenduek, kolono fundamentalista zoro horiek, palestinarren lurraren etengabeko lapurreta… horrek noski ez du batere laguntzen. Gaur egun israeldar gobernua da antisemitarik gogorrena, palestinarrak ere semitak baitira.
Ezaguna da sionistek naziekin kolaboratu zutela. Historian halakoak ere gertatzen dira, errotik etsaiak direnek bat egiten dute ezustean. 1937ko irailaren 26an Adolf Eichmann nazia tren batera igo zen Berlinen Palestinan Feivel Polkes-ekin biltzeko. Azkenik El Kairon elkartu ziren. Polkes hau Hagana erakunde sekretu sionistako buruzagia zen. Bileraren helburua, erakunde sionisten eta nazien koordinazioa zehaztea, Alemaniako juduen Palestinarako emigrazioa errazteko. Naziek ez zituzten Mendebaldean nahi eta sionistek Palestinan nahi zituzten, palestinarrak baino gehiago izateko lehenbailehen. Gertaera arraro honek naziek eta sionista erradikalek helburu komun bat izan zutela erakusten du, biak ahalegindu baitziren bortizki aldatzen beren lurraldeetako talde etnikoen populazioaren proportzioa, biek bilatu zuten garbiketa etnikoa. Halaxe jarraitzen dute sionista modernoek.
Horregatik, Zizekek ederki dioen bezala, juduentzat, Holokaustoaren memoriari fideltasuna gordetzeko modu bakarra palestinarren aurka egiten ari direna bidegabekeria hutsa dela onartzea da eta konponbidea benetan bilatzea. Israelen oraingo politika genozida Holokaustoaren izenean egitea da traizio etikorik okerrena, Holokaustoa izan baitzen Historia osoko genozidiorik zitalena.
Palestinarrek ez zuten inongo erantzukizunik izan Holokaustoan. Gertatu zenik ere ez zekiten. Europa izan zen errudun nagusi. Zentzu horretan, Irango presidente Mahmud Ahmadinejadekek egia dio: Europako bihotzean sortu behar zuketen Israel, ez Palestinan. Horrela ez lukete ume palestinarrek pairatuko Israelen krimenen aurreko Europaren isiltasun nagia, europarren erru sentimenduaren ondorio besteak beste.
Argazkiak.org
Asmakuntza berriak medikuntzan, antisorgailuak, biharamuneko pilulak, nerabeen sexu bizitza bizkortu dute. Baita teknologia berri batzuek ere. Luistxo Fernandezen ekarpenen kasuan, hala ere, ez dago batere garbi.
Nerabeentzat sexuak oso garrantzitsua izaten jarraitzen du, zalantzarik gabe. Baina ez ote zaizkio bestelako arrantza mota batzuk nagusitzen ari? Nerabeari, ondo pasatzeaz gain, zapatu gauetako parrandetatik etxera zerbaitekin itzultzea gustatu izan zaio beti: ordu atseginak lagunekin, txortaldi duin bat, oroitzapen politak… Gaur egun nahiago dute zerbait enpirikoagoa eta iraunkorragoa, biharamunean ere jai-giroari eustea ahalbidetuko diena: alegia, argazkiak. Gutxi dira Argazkiak.org-en edo Tuentin edo Face-book-en ez dabiltzanak. Parrandaren helburu nagusietako bat biharamunean argazkietan agertzea da, argazkietan "ondo" agertzea. Aukeratu behar izanez gero, nerabe batzuek nahiago dute zapatu gauetik Argazkiak.org-en edo Tuentin eskegitzeko moduko 10 argazki ederrekin etxeratu, bikotekidearekin igarotako goxoaldi polit baten oroitzapenarekin baino.
Zaila da ordea “ondo” hori zehaztea. Zenbaitentzat ahalik eta mozkor itxura narratsenarekin agertzea da, lurrean botata adurra dariola, lagunarte askotan sinpatiko eta barregarritzat jotzen baita. Beste zenbaitek eder agertzea dute xede, eta edertasun horren inguruan ahalik eta iruzkin gehien pilatzea. Ohikoa da neska bat pose betean agertzea, hipermakillatua, ezin pinpirinago, txit eder. Bere lagun on batek igo du Tuentira argazki hori. Hipermakillatu ederrak, orduan, idatziko du: “Baina nola egin diezadakezue hori, mesedez, supertxarto nago”. Eta lagun batek berehala erantzun: “Ezta pentsatu ere, neska, superguapa zaude, zoragarri!”
Oinarrizko grinek tinko diraute mundu birtualean ere, esaterako lurraldetasunak. Mutil baten argazkia igo dute. Neska batek iruzkina idatzi du, mutila laudatuz, mutilarengana hurbilduz. Orduan berehala mutilaren atzetik dabilen beste neska batek hamaika iruzkin idatziko ditu jarraian, neska sarkinari gaztigatuz bezala: “Alde hemendik, utikan, hau nirea da, bilatu beste norbait”.
Nerabeen mundua, horrela, bitan banatzen da: batetik, beren itxura gogoko dutenak, Argazkiak-en edo Tuentin dabiltzanak; bestetik, beren argazkiak erakutsi beharrak batere graziarik egiten ez dienak. Hauek ez dira derrigorrez itsusiagoak, baizik ez hain nartzisistak.
Argazkiak.org-en adikzioaren ondorioak ez ditugu ezagutzen, baina berriki hamazazpi urteko neska batek aitortu dit nahiago lukeela amak Internet zeharo debekatuko balio. Oraingoz mugak ezarri dizkio, astegun jakin batzuetan ibiltzeko baimena du bizpahiru orduz. Baina ikaslea urduri egoten da ama dutxatzen noiz hasiko, Argazkiak-en sartu eta dutxak iraun bitartean saltseatzeko.
Debekatuaren xarma eta lilura arriskutsua: nerabeak, beste adin batzuetan baino maizago beharbada, barne gatazka gogorrak ari da pairatzen, eta bere buruagandik salba dezatela eskatzen du, agerian edo ezkutuan, gurasoei eta irakasleei: ez dut nahi dudana nahi, ez zenidan eskatu nizuna eman behar. Ez du jakiten benetan zer nahi duen, helduok bezala bestalde, baina gutxiago disimulatzen du. Nerabe mota horrek irakasle arrunt autoritarioak hobetsi ohi ditu.
