Hemen zaude: Hasiera Blogak Markos Zapiain Artxiboa 2009 Urtarrila 23 Mehatxuaren garrantzia irakaskuntzan
Dokumentu Akzioak

Markos Zapiain

Mehatxuaren garrantzia irakaskuntzan

Ikasturtea ondo joan dadin oso eragingarria izaten da hasieran sentiaraztea (ez hitzez azaltzea, baizik gorputzean sentiaraztea) zeu, irakaslea, ero biolento arriskutsu beldurgarri bat zarela, erabat arbitrarioa, kontuz ibiltzeko modukoa. Horrek aurrerantzean ikasturtean zehar bare atxikitzen ditu ikasleak.

Aldiz, emakumea bazara, txikia eta argala, jai duzu. Hau da, beldur fisiko bat eragiteko gai ez bazara, beharrezkoa duzu erakundearen zeharkako mehatxua.

Masailekoa berez ez da oso eragingarria, horrexegatik debekatuko zuten ziur aski: irakaslea edo gurasoak barregarri uzten ditu, beren desoreka nabaritzen baitu, urduritasuna eta gontzetarik jalgi izana. Heldua bere burua bridatzen ez dakien gizajo biolento gisa erakusten du ikasleen edo seme-alaben aurrean, bere makaltasuna. Era berean, Rousseauren eta Nietzscheren ustez, Estatu batek tortura erabiltzea bere ahulezia, ezinegona eta ergelkeria nabaritzen ditu.

Belarrondokoa eragingarriagoa da beharbada ematen duenarentzat jasotzen duenarentzat baino. Zartakoaren bidez hezten omen dela, gerora asmatu zaion zentzu edo helburu bat da. Aurrena masailekoa dator, erraietakoa, itsua, naturala. Eta a posterriori asmatzen zaizkio norberaren kontzientzia onak eta gizarteak onartzeko moduko xedeak: hezi, bide onetik eraman.

Ikasi beharrak eskatzen duen diziplina ezartzeko orduan benetan eragingarri izu lauso bat da, mehatxu-giro latente orokorra, irakaslea gainditu eta erakundeak berak zabaldua. Hori biziki onuragarria da bihurrikeriak egiteko tentaldia eragotzi eta ikasketak eskatzen duen diziplina ezartzeko orduan.

Eskolak oinarri ugari dauzkake, baina bat duda barik beldurra da: etorkizunari beldurra (titulurik gabe ez ei dago lanpostu kaxkarra baino), jendartean ez integratzeko beldurra, adinkideen aurrean estralurtar emateko beldurra…

Masailekoa gorabehera, irakaskuntzaren oinarrian mehatxu eta txantaia sistema sendo bat dago. Nerabe osasuntsu batek nola pairatuko ditu bestela udaberriko egun alai bateko sei-zazpi ordu jarraian eserita?



Markos Zapiain 2009/01/23

Gaztetxoek etorkizuna urrun

Superandoni — 2009/01/23 11:32
Gaur egun askotan entzuten da DBH-ko adineko ikasleek irakasle eta nagusienganako errespetu falta ikaragarria dutela, edo behintzat, lehen baino maizago gertatzen direla irakasle eta gurasoekiko mehatxu eta tratu txarrak.

Antzina, matrailekoa, erregelarekin kolpeak eskuan, etab. zeuden. Bide okerra. Gaur egun hitzez konbentzitzen saiatzen da, baina batzutan ez dago konponbiderik, eta matrallako bat beharrezkoa izaten da, azken aukera bezala soilik.

Beste gauza bat, adin baterarte gazteenek kontutan izaten ez dutena etorkizuna da, halakoak izan gara gu geu baita, 18 urteak urruti urruti ikusten genituen...

agintea

Asel Luzarraga — 2009/01/23 12:35
Eskola haurrei agintearen, autoritatearen ideia buruan ondo errotzeko leku nagusia da. handik ateratzen denean ere autoritatearen beldur izan dadin. Estatuaren tresna nagusia izpiritu askeak otzantze hasteko. Sortu den egitura horretan irakaslerik askeenak ere zeregin gutxi dauka, askatasunik ez, ematen zaion tresna bakarra botere bertikala da, beldurra, ez errespetua. Egitura bertikalean sinistu ez arren, bertikaltasun horren irakasle bihurtzen da irakaslea. Eskola egitura horizontalak jaio aurretik deuseztatzeko dago pentsatuta, tamalez.

ezinaz

27zapata — 2009/01/30 09:01
Ez nerabeak bakarrik. Nola eduki liteke edozein pertsona 6-7 ordu lanean edo 10-11 orduz torno makina batekin, udaberri egun ederretan! Gazteak etorriko zaien zigorrera ohitzen ditgu txiki-txikitatik. Eta badirudi, zigorra arintzeko kondena plazerez hartzea baino ez dela gelditzen. Eta ikasleei ere berdin. Klaseak gehiago zamatu beharrean arintzean, eder egitean, egon liteke ihesbide bakarra.

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
José Basarri Onaindía Jozulin, 2012/01/28
Eman ta zabal zazu Markos Zapiain, 2012/01/25
alua oier g, 2012/01/24
bakotxa bere lekuan oier g, 2012/01/14
+1 azken esaldi horri Gorka Bereziartua, 2012/01/14
Azken sarrerak
Tanpax 2012/02/04
Sarrionaindia 2012/01/23
Etiketa lainoa
bermeo etakideen ametsak globalizazioaz irun kalakakoak liburuak eta idazleak