Hemen zaude: Hasiera Blogak Markos Zapiain Artxiboa 2009 Urtarrila 20 Oraingo nerabe ardurabakoak
Dokumentu Akzioak

Markos Zapiain

Oraingo nerabe ardurabakoak

<!-- @page { size: 21cm 29.7cm; margin: 2cm } -->

Diotenez, oraingo gazteek sexua ez dute arduraz erabiltzen. Ordea, ez ote dira sexu harreman guztiak hein batean arduragabeak? Sexu harremana eta ardura beti eta nonahi uztartu beharrak berehala dakar frigidotasuna. Rotterdamgo Erasmoren ustez, bizi ahal izateko arduragabetu beharra dago, erotu. Ezkondu, seme-alabak ekarri… pitzatuta ez bageunde, ez genuke halakoetan amiltzeko ausardiarik.

Ardura muturrera eramanez gero, politikoki zuzena sexu harreman fisikoan bertan txertatzea dugu. Amerikako Estatu Batuetako Ipar Mendebaldea omen da politikoki polita ezarri nahian amorratuen dabilen eskualdea. Bertako College batean sedukzio-prozesua bera ere arautu dute. Bikotekide bakoitzak, ezer egin baino lehen, hitzez baimena eskatu behar dio besteari, eta soilik mintzozko onarpena jaso ondoren egin ahalko ditu egin beharrekoak. “Sar diezazuket atzamarra belarri-zuloan?” “Bai, sartu”. Orduan bai, sar diezaiokezu, bestela bortxakeria genuke. “Jar diezazuket eskua ezkerreko titian?” “Aurrera, tigre”, eta abar. Dirudienez, ondo funtzionatzen du, ikasleek erabiltzen dute. Noski, serio hartzen ez dutelako dabil ondo. Galderak eta erantzunak berak erotizatzen dituzte eta jolas bihurtzen, ironia lizun batez apaintzen dituzte. Ez dakit gustatuko litzaidakeen horrela seduzi nazaten. Aukeran nahiago ohiko ekimen isila, betiko berotasun itsu eta mutua, eta ardura auzoan.

 

Bestalde, mintzamolde etsi hori, belaunaldi berriak ardura galtzen ari direla errepikatzen duena… Gaur egun ezagutzen ditugun izkribu politikorik zaharrenek honelakoak adierazten dituzte: “Gazteak begirunea galtzen ari dira, betiko balioez trufatzen dira, ohitura txukunak galbidean daude, ez dago helduenganako errespeturik, gero eta arduragabeagoak dira...” Antzinako Egipton etengabe salatzen zuten morala usteltzen ari zela, orobat mintzatzeko modu jatorra eta oro har hizkuntza. Era berean, hasierako taoismoaren hainbat testuk degradazioaren historia unibertsala dute hizpide. Juduen testu profetiko zahar askok ere gero eta okerrago gabiltzala gaztigatzen dute, eta endekatze honek ez duela irtenbiderik. Platon berdintsu. Dirudienez, aldatzen ez dena sentsazio horixe da, gazteak lotsagabeagoak direla eta pikutara garamatzatela, baina beti izan da horrela eta hementxe gaude ta poztutzen naiz.

Markos Zapiain 2009/01/20

ezin zuzenago

asel — 2009/01/20 21:14
Horixe baietz, gazteak beti dira nekagarriak, arduragabeak, gogaikarriak nagusientzat. Neuk ere nagusitzen naizen heinean holakoak esaten harrapatzen dut neure burua, eta orduan argi gorri(beltz) guztiak piztu. Uste dut bidali dizudan liburuak "gure moral zintzoa" galbidera eramteari buruzko ideia batzuk emago dizkizula, kar, kar, kar.
besarkada Bs As-etik! (ea zure mezuren bat jasotzen dudan :-P).

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
Mormoiak Luistxo, 2010/01/14
Mamuak Hasier, 2010/01/10
Hobera goaz Imanoltxu, 2010/01/10
Sasoi berekorik nahi ez Amatiño, 2010/01/10
Depilazio pornografikoa Urbinaga, 2010/01/10
Etiketa lainoa
bermeo etakideen ametsak globalizazioaz irun kalakakoak liburuak eta idazleak