Markos Zapiain
Arma-saltzaileek indarkeria gaitzetsi
Marwan Barghoutik oroitarazi duenez, Hegoafrikaren aurkako blokeoak ondorio zuzenak ekarri zituen. Baina ez dirudi errusiarrek, asiarrek, europarrek, afrikarrek, hainbat herri arabiar barne, antzeko zerbait errepikatzeko asmoa dutenik.
Espainia ofiziala haserre omen dago, sarraski sionista kondenatu du. Hitzezko gaitzespenak zein merke diren ikusteko, gogora dezagun 2007an Espainiak Israelgo armadari saldu zion teknologia militarra. Greenpeacek eta Nazioarteko Amnistiak salatu dutenez, Espainiak Israelgo armadari bonbak, koheteak, torpedoak, misilak, pistolak eta fusilak saldu zizkion, 1.515.934 euroren truke. Fabricaciones Extremeñas (FAEX), Explosivos Alaveses, Unión Española de Explosivos… negozio biribila egiten ari dira, Espainiako Gobernuak ofizialki baimenduta, baimen berezi batez onartu behar baititu salmenta horiek. Baina beharbada Zapateroren Gobernuak usteko zuen iskilu horiek ez direla erabiliak izateko egiten eta saltzen.
Bien bitartean, Moratinosek, Tzipi Livnirekin telefonoz mintzatu ostean, Hamasi eskatu dio Israelen aurkako misil gehiagorik ez botatzeko, bere kontrolpeko eremuetako triskantza eta odolustea gerarazteko. “Biolentziak biolentzia gehiago dakar”, adierazi du Moratinosek. Europar Batasunak eta zehazki Espainiak sionisten indarkeria kondenatu egiten dute (Frantziak hori ere ez) eta aldi berean, egitez, palestinarren genozidioari laguntzen diote. Izugarri erraza baita biolentzia mintzoz gaitzestea.
Kontraste handia dago jendaki arruntaren protesta suminduaren eta Gobernuen herabekeria eta isiltasun kriminalaren artean. Garbi ikusten da ze jendaila mota izaten den agintaritza eskuratzeko lanak hartzen dituena. Zapatero Siriara joatekoa zen, aspaldi zuen hitzartua; baina Siria Hamasen aliatu denez, bertan behera utzi du bisitaldia. Ordea, zibilak suntsitzen ari direnak ez dira ez Hamas ez Siria, baizik Israel. Eta Espainiak Israeli arma piloa saldu berri dio, milioi eta erdi pasa euro irabazirik. Agintari horiexek dira gero giza eskubideak errespetatu beharraz lezioak ematen dizkigutenak, eta biolentzia ez gaitzesteagatik alderdi politikoak zokoratu eta sufragio unibertsala txikitzen duten demokratak. “Lotsa, lotsa!”, garrasi egin zuen Yasser Arafatek Sabran eta Xatilan. Umeak guk saldutako armekin akabatzen dituzten bitartean ezikusia egiten duten agintariei guk ere, jende arruntok, “lotsa, lotsa!” oihukatzen diegu. Buruzagi gorenek hala ere golfean jolasten jarraitzen dute.
Gai zaila