Kilkerbide iniziatikoa
“Kolosala izango da” ipuinean, Sarrionandiak kontu kezkagarri bati heltzen dio: gerrak gozamena ere badakar. Hamaika urteko mutikoak berez jolasten dira gerrara; ez dakite bakera jolasten. Gerra-hasieran ordutegiak, eskolak, arauak... hainbat gogordura hausten dira.
Bestalde, gerra zibilari buruzko euskal literaturan garrantzi berezia dute kilkerrek. Sarrionandiaren kilkerrek protagonista haurtzarotik heldutasunera daramate. Bilakaera bizi baten lekuko eta bultzatzaile dira ohartzeke, beren kantu monotono eta ergelari eusten dioten bitartean.
Hasieran, kilkerrak mutikoaren tiragomazko gerra paraleloetako baten jopuntu militar dira; baina, kilkerren hotsak lagun, protagonista eta bere laguna, gauez, dandarrez, erreketeen kanpamendura iritsi eta BI gauzaki jaurtitzen dizkiete etsaiei. Harrigarriro, hots BAKARRA entzuten da. Inportantea zaie enigma, baina alde egin behar dute, guardiakoa altxatu baita.
Ihesaldian, ordea, mutiko gero eta izutuagoak gero eta hurbilago sumatzen du guardiakoa. Honek mutikoa harrapatu eta poxpolu bat piztu du: baztangak zulaturiko aurpegi ikaragarri bat da erreketearena.
Halaxe nabarmenduko zaio mutikoari gerraren beldurgarria.
Ez dago gerra garbirik: gerra gehiagoren bila zebiltzan umeek, irudimenezko beren abenturentzako gerra erreal bat nahi zutenek, heldu ahala, alderantziz, euskarri erreal hori latzegia bilakatu zaienez, irudimenezko beren zirkoan bilatu beharko dute babesa. Aspaldiko hamarkada hauetan gerraren ondorioei ihes egiteko erabili izan du galtzaileak irudimena, horregatik ez dira berriki arte agertzen hasi gerra zibilari buruzko euskal eleberriak.
"Kolosala izango da”n, gerra atseginez hartzetik gerragatik negar egiterainoko ibilbideak egiten du mutikoa heldu; aldi berean, aita mirestetik aita mehatxatzeraino igaro beharrak ere laguntzen dio bizitzaren ankerra ezagutzen.
Izan ere, zergatik iristen da aita amari pistolaz apuntatu eta “urdanga baten moduan” akabatu nahi izatera, mutikoa ama babestera behartuz?
Agian, aitak ezin duelako jasan amak bezain ondo ezagutzen duen inoren behakoa.
Giza harremanetan beti, baina bereziki militarren artean, bada behin eta berriro nabaritzen den egitura eta bilakaera bat: alde batetik, jauntxo karismatiko bat, leba handiko gizona -Kalaportun Juan Maria Garaikoa-; bestetik, gizon hori miresten duten albolagunak eta gizajoak. Egitura hori abian jarri orduko, buruzagiak hondamendira amiltzen ditu miresleak. Gainera, koitaduok, jausten doazela, berdintsu jarraitzen dute ugazaba miresten, ez baita makala. Gure mutikoaren aita zangobako itzultzen da frontetik, eta Garaikoak, gerra ostean Kalaportuko nagusi berriro, puru bat oparitzen dio esker onez.
Durangarraren obra osoan bada halako menpekotasunari ihes egiteko deia. “Hitzen ondoeza”n kontatzen da badoala morroi bat desfilean, formazioan. Jenerala agurtu behar dute. Baina “jeneralaren paretik pasatzean, batbatean, bestaldean agure bat ikusi nuen martxa militarraz axolatu gabe han aldamenean bideska batetik zihoana, astiro, herrenka, kanta debekatu bat erdikantatuz... Formazioa abandonatu eta agure haren atzetik abiatu nintzen, berehala konprenitu bait nuen beste hura zela 'ene jenerala'.”
Mutikoaren amak badaki Garaikoarenganako lilurak elbarritu duela aita, eta aita ohartzen da amak badakiela. Bere ahulezia tentelaren isla emaztearen begietan, horixe zaio jasangaitz. Halaber, gizakirik itsusienak hil omen zuen Jainkoa, ezin zuelako eraman Oroikuslearen soa beti gainean.
Lukrezio eta Sarrionandia
Filosofiako liburu handienek, berek bakarrik sortu eta osatzen dute genero bat
Non kokatu "Gauzen izaeraz", Spinozaren "Etika", Nietzscheren "Horrela mintzatu zen Zaratustra"?
Zer arraio dira, poesia, matematika, metafisika, eldarnio?
Edonola ere, liburuok kezka eta harridura gai nagusi bat izaten dute, izenburuan ageri ez dena baina obra osoan barrena dantzan dabilena: Etika-k, amodioa; Arrazoimen hutsaren kritika-k, denbora; Zaratustra-k, bizitza.
Eta Lukrezioren "Gauzen izaeraz" zoragarriak, mugimendua.
Hainbat zentzutan gogorarazten du "Gauzen izaeraz"-ek "Lagun izoztua", eta Lukrezioren sentsibilitateak Sarrionandiarena, edo alderantziz: alde batetik, biok sentitzen dute mundua arrotz; bestetik, biok dute sentsibilitate izugarri bat, gaixotia ia, dagoen guztiaren mugimendua, nabaria zein ezkutua, sumatzeko; "dagoen guztiaren" barik hobe "dabilen guztiaren".
Gainera, bai Lukreziorentzat eta bai Sarrionandiarentzat, garbi dago zein den funtsezko mugimendua, nora doazen maite ditugun gauzak: beherantz, alegia, pikutara.
Azkenik: Sarrik Lukrezioren liburuko "Maite kontuez" ataleko zati bat izkiriaturik aurkitutako bere poematzat du, eta itzuli egin du.
Lukrezio Sarrionandiak dioenez, maitaleak ezin du maitea guztiz bereganatu, ezin du bere amodioa guztiz ase. Gosea ase dezakegu, janariak leku jakin bat betetzen duelako gure gorputzean. Aldiz, maitearen simulakroak baino ez ditzakegu geureganatu, ezpainetan pasioz haginka egin arren, ezin sutsuago besarkatu arren. Hazia isuri ostean ere, berehala dator berriro maitegrina.
Azken batean, bakarrik gaude.
Amodio atomikoa
Unibertso infinituan atomoak elkartuz mundu kontagaitzak nola, halaxe sortzen dira zenbait hizki konbinatuz ezin zenbatuzko liburuak. “Gauzen izaeraz” liburuak mundu horietako baten mapetako bat erakusten du, aski osoa.
Izenburu egokia du Lukreziok idatzi liburu bakarrak, baina “Funtsezko guztiaz” ere ez letorkioke txarto. Euskaraz inoiz ez da halako asmorik mamitu, ezta izan ere apika. Orain, Xabier Amurizaren itzulpen jostariari esker, gure artean dugu bere sei liburuetan fisika, epistemologia, psikologia, antropologia, historia, kosmologia, meteorologia eta eskatologia biltzen dituen poema zientifiko inspiratu hau. Ez da batere idorra: alde batetik, ezohiko metafora eta alderaketez apainduta dator; bestetik, ez dio ihes egiten zertzelada bitxiari: “Zerraren kirrinkaz”, “Atenasen Minerbaren tenplu inguruan belerik ez dagoela” edo “Ispiluaz beste aldean zergatik ikusten den”, horra hiru atalen izenburuak. “Maite kontuez” izenekoak antologia filosofiko eta literario orotan behar luke. “Gauzen izaeraz” hau duzu epikureismoaren adierazpenik behinena, gaurkotasun handiko dotrina inondik ere.
Bizipoza du xede Lukreziok. Oinaze fisikoa berezkoa du bizitzak, baina egia ezagutzeak (adore handia eskatzen du) alferreko zenbait kezka uxatzen lagun dezake. Hauen artean goibelenek erlijioa dute iturri, alegia, gauzen izaera latzari, batik bat munduaren arroztasun esentzialari eta heriotzari, aurrez aurre begiratu ezina. Heriotzari beldurrak bultzatzen gaitu erlijioaren pareko diren ospearen, diruaren eta agintearen bilatzera. Lukreziok Venus gozoari laudorio bakezale batekin ekiten dio bere poemari, baina Atenaseko izurrite garratzarekin amaitzen du, zoragarria bezain izugarria baita gure mundu arrano hau. Zehatzago: mundua ez zen guretzat egin. Behi esnea dopinga da. Lehenagokoa da belarria, entzumena baino. Ilunabar baten ederra Jainkoari eskertzea belearen elea da, Hari sudurraren existentzia eskertzea legetxe, betaurrekoak eraman ahal izateko bezain praktiko sortzeagatik.
Gizaki erlijiosoaren izaera gogaikarria, heriotzari ikaraz eta ilusio teleologikoaz gain, grina kontrolagaitzek eta osteko damu proselitistek erabakitzen dute. Gezurrezko infinituek bilakatzen diote bizialdia infernu: besteak beste, hil osteko zigor infinituek.
Ordea, infinitu txarrak baztertu eta egokiak aintzat hartzeak dakar egia, eta heriotzaren onarpena. Infinituak dira, eta eternalak, gauzen lehenkiak -gorputzen lehen haziak, atomoak; orobat lehenkiok harat-honat dabiltzan hutsunea. (Atomoen joan-etorriak eta talkak hutsean: gela ilun batean eguzki izpiak ikusarazten duen hautsaren dantzak irudikatzen du egokiro.) Unibertsoak ez du muturrik, ez dago erdigunerik, oinaztua espazioan barrena mendeetan zehar ibilita ere ez litzateke inongo mugara hurbilduko. Unibertsoaren baitako mundu kalkulaezinak, bestalde, etengabe osatu eta desegiten dira.
Arimak bezal-bezalaxe. Ez dago gorputza hil osteko arimarik, gorputza eta arima batera sortzen, hazten eta hiltzen baitira: arima ere lehenki materialez osaturik dago. Ezer ez da hutsetik sortzen, ezta guztiz desagertzen ere. Hortaz, atomo konbinazio aldakor bat gara gu; hiltzean, osatzen gaituzten atomoak disolbatu egingo dira, gero, beste batzuekin nahasturik, bestelako gorputzak eratzeko. Ni naizelarik, ez da heriotzarik; heriotza datorrenerako, ni ez naiz izango: ez dugu zertan larritu.
Baretasun alaia helburu, kontuan hartzekoa da halaber simulakroen gaineko Lukrezioren teoria ederra. Gauzen gainazaletik etengabe hegaldatzen dira beren mamu bikiak, eta ziztu ezin biziagoan zeharkatzen dute espazioa norabide guztietarantz. Zenbaitetan, begi batekin topo egiten dute; orduan, begi horren jabeak gauza “ikusi” egiten du. Zoriona lortzekotan, mamuokin ondo konpontzen ikasi beharra dago.
Maitemina eragiten dutenak dira arriskutsuenetakoak. Lukreziok dioenez, haziaren gainezkaldiak pizten du maitasuna. Nerabeari, gorputz tentagarri bat ikustean, mukuruka duen semena, maskulinoa zein femeninoa, urduritu, bildu eta gorputz horretarantz jalgitzen ahalegintzen zaio; ametsetan, halako gorputzen irudiek parrastan botarazten diote isurkia. Maitemintzea hain zuzen itsutzea da, norberaren hazia soilik gorputz jakin bati dagokiola uste izateraino. Ahal bezain sarri saiatzen da amorostua zoramen atsegin hori eragin dionaren irudia berpizten, gauez ohean bakarrik kasu. Halatan, gero eta maitearen menpekoago bizi da. Maitearen irribarreek besteren bati lasaitasuna zapuzten diote. Gainera, ezin du maitemindurik ez denak adina goza: sentimenduak zurrundurik, ezin baitio plazerari merezi duen arreta opa.
Amodioak, orobat, barregarriki distortsionatzen du gure pertzepzioa: maite kankailua “maiestatez betea” ikusarazten digu, kontakatilu gaiztoa “nortasun handikoa”, mutu anorexikoa “apala”, eta abar. Amodioa egitea beraz ez da txarra, bai aitzitik maitemintzea.
Maitemina datorkigula sentitzen dugularik, horrenbestez, semena lehenbailehen hustea aholkatzen digu Lukreziok, bakarka, ordainduta edo ahal bezala.
Zer gara ni? Ezkurra!
Arestiz ari dela, hauxe dio Koldo Izagirrek: “poeta zibil bikain baten premia daukagu, orain, hemen, bere isolamendu tragikoan, bere desmasia elekarian, ezintasun nazional hau modu eraginkorrez salatzeko.” Aiestaranek Gabriel Arestiren “Harri eta Herri”ko bertsogintza libre kontundentea darabil, aliterazio eta paralelotasun martxosoz zipriztindua; halaber, bai “Harri eta herri”n eta bai “Munstro abertzalea”n, bat eta bera dituzu gizona eta poeta. Ordea, Arestik badaki nor den, bere borondatearen kemenak sortu baitu bere burua, eta gainera uste du “nire izena nire izana dela”.
Bien bitartean, baina –Joxe Azurmendi filosofo poeta helduak, Aiestaran poeta filosofo gaztearen liburuari emendatu dion hitzatze mardul eta zolian iradokitzen duenez–, borondatea ahuldu egin da indar poetiko erabakitzaile gisa. Batetik, atzemana dugu nortasun ororen –demokrata, abertzale, legezale, bakezale– mozorro izaera. Bestetik, poeta, mozorroak noizean behin “erortzen zaizkiona” da, “puskatzen zaizkiona”. Alegia, ez “eranzten dituena”, edo “erauzten”.
Kontua da Aiestaranek arazo duela izena, bere gurasoei “Iñaki” jartzea debekatu zietenez geroztik. Berak “Ignacio” izenpetzeari eutsi dio, juduek naziek markatu zenbakia daramaten legez. Ingurukoen ispiluek ere, ez diote izena eta izana biltzen laguntzen, frantsesentzat espainiar baita, espainiarrentzat basko, baskoentzat nafar, nafarrentzat putobasko, erdaldunentzat euskaldun, euskaldunentzat euskaldunberri...; orobat, abertzale den heinean, hainbatek du munstrotzat.
Ez alferrik. Behin mozorroak hautsirik, ispilura hurbildu eta Aiestaranek berak ere gauzaki estrainio fantastiko bat aurkitzen du, alegiazko elementu izugarria.
Identitatearen arrakalak Aiestaranen herriari ere erasaten dio. Euskal Herriaren idealizatzaileei gogorarazten die putakumeak bere ama amabirjinatzat duela maiz, eta geu ere euskal urdangaren bastartak garela, abiapuntu egokia poeta zibil bikain honek gure ezintasun nazionalaren berri eman ahal izan dezan: torturak hemen gorputzak gorpu bihurtzen ditu –baina demokrazian ez da torturatzen; auzitegietan egia elektrodoz, hematomaz eta bainuontziz sortzen da; gure gudarien oldar aldizka koldarrek Euskal Herria hilerritu digute; gazteak pikutan dauzkagu; enpresek kiebra jotzen dutenean, Aiestaranen aita lako hirurogei urteko langileak, egunero hamabi orduz lan egindakoak, karrika gorrian jartzen ditugu, baina enpresa horietako nagusien txalet eta oporrek egundo ez dute kiebra jotzen....
Munstroa barne-muinetan, munstroa paperetan, munstroa edonon, munstroa lagun.
Izan ere, munstroa ez da nahitaez txarra. Azurmendiren iritziz, anbiguotasuna berez positiboa da, erdietsi beharreko zerbait, eta Aiestaranentzat soilik munstro ukituren batek sor dezake askatasuna, koka gaitzake sailkatze orotatik at. Zeren esklabotza, askatasuna definitzeaz batera agertu baitzen. Eta herria zer den ulertuagatik, inork ezin du mugatu. Rhin eta Elba ibaien artekoa Alemania da guretzat, baina Aturri eta Ebroren artekoa, berriz, bihotza. Hortaz, euskal munstroaren berri emateko, poesia behar da, ez silogismoa. Aiestaranen abertzaletasuna emozio isil iheskor batek bizi du: abertzale da, Lurreko txoko honetatik ilargia nola ikusten den gustuko duelako, baina bost axola zaizkio Rh negatiboa, ikurrina eta Gernikako arbola.
Joxe Azurmendik Kolonian idatzi dio Aiestarani bere erantzun librea. Dirudienez, “kolonia” eta “klon” izenek jatorri bera dute: koloniak inperioaren ahalegina gauzatuko luke, metropoliaren biki bat eraikitzeko. Azurmendik, “unibertsalismo” eta “mestizaia” kontzeptuak, nagusiek beren klongintzaren iskilu mozorrotu gisa zelan erabiltzen dituzten aztertzen du, txiki eta ahul izan arren diferente jarraitu nahi duen baten ikuspuntutik. Euskaldunaren gogoeta eta herri boteretsu baten kidearena desberdinak dira, arazo desberdinak dituztelako.
Esate baterako, Clément Rosset filosofo frantsesak ederki defenditu du “Loin de moi” liburuan ez dagoela nortasun pertsonalik, egiazko identitate bakarra nortasun-agirikoa dela, paperetakoa; ez zaio burutik pasatzen, paperak ere gatazkatsu izan daitezkeela. Frantsesek ez dituzte Aiestaranen gurasoen kalapitak nortasun agiriekin, kalapita arruntak gurean; identitatearen gaineko beren filosofiek ere, horrenbestez, gureak ez bezalakoak behar dute baitezpada.
Behin batean, etxera bueltan, paper batzuk betearazi zizkiguten Sondikan: nondik gentozen, zertan ginen ibiliak eta halakoak. “Izena” atalean, “Markos” idatzi nuen, betiko legez, inongo asmo probokatzailerik gabe. Polizia batek irakurri eta “te has confundido, Markos se escribe con ce de cabrón” esan zidan. Baina tira, nahastu naiz, euskal arazo bat ilustratu nahi eta gure zori onaren beste adierazpen bat irten zait ezustean, gure agenteen grina pedagogiko ederra, ortografiaren eremu zailera ere hedatzen dena!
Iruzkina kohete legez
GIZAKIA
Gizakia gaizki irten den animalia bat da; ondorioz, behartua dago asmatze lan izugarri bati ekitera, teknikari, historiari eta arteari ekitera, liburuak idatzi eta irakurtzeari, munduarekin berriro bat egiteko ahaleginetan, inoiz lortuko ez badu ere erabat, gizatasuna bat ez etortze horixe baita funtsean. Izaki natural gisa abortu hutsa denez, natura ez zaionez aski, gizakiak bere burua zein ingurua tramankuluz eta protesiz betetzen du lehiatsuki. Hainbat filosofok jarri du mintzamena ahalmen horren oinarrian. Mintzamenak ahalbidetzen omen du abortuon askatasun malerusa.
Bestalde, idazle eta irakurleok aspaldi dugu galdua Europan behinola izan genuen ospe oneko izena. Egungo gizarteak, alderantziz, bereziki gaizki eginiko gizakitzat hartzen gaitu, erdi marikoitzat Jon Alonsoren hitzetan, eta apika ez zaio arrazoirik falta: baliteke mundua bere horretan gainerako gizakiek baino maizago sentitzea arrotz, eta zenbaitetan liburuak bertan erosoxeago ibiltzeko makulu eta kontsolamendu zaizkigu. Beste zenbaitetan, berriz, matxino bilakatu eta liburua indarrean den ergelkeriaren aurkako erresistentzia iskilutzat hartzeko eskubidea ematen diogu gure buruari.
GAUZA
Nolabaiteko bortxaz munduratzen gaituzte, geuk eskatzeke, eta nolabaiteko bortxaz bultzatzen gaitu halaber munduaren latzak liburuetara; horrenbestez, antzeko askatasun derrigortua dauka munduaren aurrean gizakiak eta liburuaren aurrean irakurleak. Bestalde, Lukrezioren ustez bat datoz atomo, formari dagokionez mugatuen konbinazioen bidez mundu infinituak agertu izana eta fonema jakin mugatu batzuk konbinatuz unibertso literario amaigabeak sortzeko ahalmena. Baina zertan da infinitua geure eskumenean jartzen duen askatasun hori? Zelan lotzen zaio mintzamenari? Eta iruzkinari?
Munduko gauzen funtsezko ezaugarria denboratasuna da; gauzei, desagertzen ari direlarik, beren simulakroak, mamu bikiak, darizkie etengabe. Simulakro horiek ikaragarrizko ziztuan zeharkatzen dute espazioa, eta gizakiak berehala bereganatzen ditu, hautemateen bidez. Hautematea, denboran den gauzari darion mamuak begiarekin topo egiten duelarik gertatzen da. Gizakiak, era kaotikoan iristen zaizkion simulakroen artean antzekoak bildu eta esentziak bereizten ditu, aurreneko mapen lehengaiak. Bien bitartean, esentzia horiek, adiera bilakaturik, euskarri material bati lotu, dela soinuzko, dela tintazko, nahiz bestelako, eta hitza sortzen du. Kojèveren iritziz, horixe da gerora teknika, historia eta artea ahalbidetuko dizkion mintzamenaren abiagunea.
LIBURUA
Liburuari dagokionez, gainerako gauzen antzekoa da: denboraren joanak higatu egiten du, une oro jaurtikitzen ditu bere simulakroak, eta abar. Gainera, nola gauzen eta gizakien arteko harreman naturala hala izkribuaren eta irakurlearen arteko harreman magikoa, hau da, bizitzea eta irakurtzea, harrigarriro, berdintsu dabiltza. Bai ba: liburua, gauza natural bat izateaz gainera, izaki magiko bat ere bada, eta bere berezitasuna izaera magiko horretan datza hain zuzen.
Izan ere, zeinu arbitrario zenbaiten bidez idazleen munduetan barneratzen gara. Irakurtzean, ahozko mintzaldi bat ulertzean baino areago, mirari telepatiko antzeko bat gertatzen da. Ohiko telepatia ez da liburu bat ulertzea baino estonagarriagoa. Pentsatzean, garunak piztu eta dantzan hasten dira, gogoeta ez baita hutsean gertatzen, zeruan edo ideien munduan, baizik materian hezurmamiturik, burmuinen euskarria behar baitu. Telepata gai izatea burmuin pentsalari baten dantza materiala nolabait jasotzeko, txundigarria da zinez, baina ez zeinu arbitrario batzuk dezifratuz bertan ez dagoen beste gizaki bati burutik edo bihotzetik pasa zaiona zeure gogoan jasotzea eta zeure baitan sentitzea baino txundigarriagoa.
Bertzalde, liburua hasi eta amaitu beharra dago, irakurtzeak denbora eskatzen du. Irakurri ahala, zeinu arbitrariook iraganerantz doaz. Ordea, badoazen heinean, gurekin batera noski, irakurtzeaz batera gu ere bagoaz-eta, zeinu arbitrario horiei adierak darizkie, liburu enpirikotik irten eta irakurlearen buruan sartzen baitira. Irakurtzen ikastea, orrialdetik gogora hegan datorkigun txori bakoitzari bere habia atontzea da.
IRUZKINA
Kontua da gauzari darion mamu arinaren antzera dabilela hitzaren adiera. Irakurlea, adiera anitz aldakor mordoa multzotan antolatu eta, ohartuki nahiz oharkabean, ia beti oharkabean, liburuaren zentzuen mapak margotuz doa. Iruzkingileak, aldiz, era ohartuagoan sortu eta eraiki behar ditu mapa horiek, jendaurrean erakutsi beharko baititu gero. Mapa eta ibilbideok kontagaitzak dira, gizakia gauzen aurrean bezain libre baita irakurlea liburuaren aurrean: mundua ez zaio gizakiari behin betiko egina eman; ezta liburua ere irakurleari.
Munduaren aurreko giza askatasun horrek dakarren arriskua nabarmena da: bere burua zein mundua bera suntsi dezake gizakiak. Eta liburuaren aurreko iruzkingilearen askatasunak dakarren arriskua, apalagoa, bikoitza da: alde batetik, liburuari protesirik xumeena ere ezin asmatzea. Halakoetan ez da ageri liburua baizik, liburuak iruzkingilea ito baitu. Hemen iruzkingileak liburuko pasarteak zein azal hegal edo solapak hitzez hitz ditu kopiatzen. Beste muturreko arriskua, iruzkinak inolako zerikusirik ez izatea da, oinarri beharko lukeen liburuaren mamiarekin. Halatan, iruzkingilearen nortasunak liburua zanpatzen du, liburuaren arrastorik ez da ageri iruzkinean, edo, bestela, edozein libururi egokitzeko modukoa da iruzkina.
Bi gehiegikeria horien artean kokatzen dira iruzkin izena merezi duten izkribuak. Iruzkin ideala, liburuari ongi egokituko zaion protesi bat asmatu eta liburua biziberritu, mugiarazi eta hegaldarazten duena da. Izan ere, gizakiak urpekariak eta espaziuntziak eta sateliteak egin dituen bezalaxe, berez ez dagozkion inguruetan bizi dadin ahalbidetuz, gizakiari lur azala baitagokio berez, era berean iruzkingileak badu liburuari protesiak asmatu eta eransteko askatasuna, baita protesi txit arraroak ere, liburua berez ez dagozkion munduetan sartzeko. Horiexek dira agian iruzkinik ederrenak, liburuari kohete bat erantsi eta hegan bestelako mundu batzuetara daramatenak, liburua bestelako mundu horietako gorabehera eta kontuekin nahastuz.
