Artxiboa Abuztua 2008
Nolotil
Gogorrak izaten ditut hagineko minak. Ez dakit zehazki noiz hasi zitzaizkidan. Oinazearekin batera tristura astun bat jabetzen da nitaz. Dena den, ez dakit ziur hagineko minak ote dakarkidan tristura ala tristurak eragiten didan hagineko mina, tristurak dakarren defentsen jaisteak eta desbabesak zaurgarriago edo bulnerableago egiten baitzaitu.
Batzuetan iruditzen zait mina sortzeko orudan txokolatea eta limoia bezalako jaki jakin batzuk bereziki kaltegarri zaizkidala… Baina jaki horiek zeharo saihestuta ere mina etorri egiten da.
Bilboko haginlari batzuek nerbioa desbitalizatu zidaten. Ofizialki oinazerik sentitu ez dezakedan arren, halere, sentitu egiten dut. Beste haginlari batzuenean ere ibili naiz baina ez dugu deus ere erdietsi.
Litekeena da hagineko mina kaltetutako beste gorputz atalen baten isla izatea: gibela ezin omen da sentitu, baina txarto dabilelarik beste atal zenbaiten bidez adierazten du bere urradura, besteak beste hagineko minaren bidez.
Sinesgaitza dirudien arren nanoteknologiaren eta kohete termonuklearren garai hauetan, ez dago hagineko oinaze zehatzaren aurkako botikarik. Edozein oinaze baretzeko botika horietakoak erabiltzen dira, analgesiko painkilerrak: aspirina, espidifen, termalgin, kodeina, parazetamola...
Dakitenek diotenez, otordu bakoitzaren amaieran Iboprufeno bi hartzea da hagineko mina kentzeko egokiena.
Niri ordea soilik anpuluetako Nolotilak eztitzen dit oinazea. Kapsula ez zait aski. Anpuluaren eragina kapsularena halako lau da.
Kontua da EAEko botiketan errezeta eskatzen dizutela. Gainera, Nolotila anpulutan eskatuz gero mesfidati begiratzen dizute, farmazia atrakatzera joan bazina legez, Nolotila ukatzeak zugan erreakzio eroren bat sortzeko arriskua balekar bezala, jonkia bazina bezala zimino betean.
Suizidek gero eta gehiago erabiltzen dituzte analgesikoak: Koldo Goitiaren ustez, horrek azal lezake EAEko botikarien ximurkeria.
Edozein gisaz, EAEn ez bezala Nafarroan batere arazorik gabe ematen dizute Nolotila, sarritan irribarrez. Behin baino gehiagotan galdetu izan didate zenbat kutxa nahi ditudan. Hots, hiruzpalau anpulu-kutxa Nolotil eskatzea Nafarroan ez da deigarri edo kezkagarri.
Ordea, analgesikoen eta suiziden gaineko Koldo Goitiaren hipotesia aintzat hartuta, baliteke Nafarroako farmazialarien itxurazko eskuzabaltasun horren azpian ni suizidiora bultzatu nahia ezkutatzea, beren irrika isila izatea nik lehenbailehen nire buruaz beste egin dezadan: EAEko turista bat gutxiago. Hein batean, ulergarria litzaidake.
Aitortu nahi nuena da udan, Lizarrako, Tafallako, Berbinzanako eta Erriberriko farmazietan erromes, Nolotil anpulu-kutxa mordo bat erosten dudala, negua lasai pasatu ahal izateko.
Azkeneko menian Loiolan politikoak Nafarroan eta EAEn erakunde komun bat abian jartzeko aukeraz mintzatu ziren. Hori garrantzitsua da, jakina, baina niretzat bederen oraingoz premiazkoagoa litzateke EAEko farmaziek eta farmazialariek Nafarroakoen araudia eta adeitasuna bere egitea, adeitasun horren zinezko zioa gorabehera.
Nolotil aferaz denaz bezainbatean, bistan da “Nafarroa Euskadi da” ez dela bidea, baizik EAE Nafarroara biltzea eta Nafarroan txertatzea.
Unai San Martin. Ametsen hizkuntza
Eibartarra sorkuraz, San Rafaelen bizi da orain, Tom Waits bezala. San Frantziskotik hogei bat kilometrora dago San Rafael. Bertan filmatu zuten American Grafiti. 2001eko Espainiako Grabatu Sari Nazionala eman zioten 2002an. Elkarrizketa hau saria jasotzera etorri zenean egin nion eta zati bat "Euskaldunon Egunkaria"n agertu zen. San Martinen obra Estampasion eta Archeles webguneen bidez ikus eta eros dezakezu.
Bermeoko Talan gaude. San Martinek kokakola bat eskatu du. Lantzean behin, eskizoideren baten aldarriak iristen zaizkigu eroetxetik.
-Zorionak
Unai San Martin: Eskerrik asko. Ezagutza atsegina da; baita dirua ere. Baina ez dizuet utziko niri argazkiak ateratzen.
-Zergatik baina? Aski ederra zara.
USM: Hori beti da ereduen eta irizpideen araberakoa. Berriki, San Rafaelen bizilagun dudan inuita batek esan dit egundo ez duela ni bezain gizaseme itsusirik ezagutu, baina hala ere atsegin natzaiola. Argazkirik ez, otoi, arima eta argazkia gauza bera baita, eta ez naiz argazkilariez fio.
-Lehengoan, “Euskaldunon Egunkaria”n, saritu duten zure grabatuaz “indar handikoa” dela zenioen. Non geratu da euskaldunaren apaltasuna? Zer da indarra artean?
USM: Egia erran, edozein arte obraz mintzatzeak halako txorakeriak entzuteko arriskua dakar. Nik nahiago dut isilik egon eta lan egin.
Arte indartsua zer ote den, garbiro dut sentitzen; baina ez nekike xuxen azaltzen, Agustin Doneari denborarekin gertatzen zitzaion legetxe.
-Zuk zer egiten duzu gehiago, dagoenetik ederra “atera” ala “jaso”?
USM: Orain jaso. Gazteago nintzelarik, atera. Margolana osatzeko, derrigorrez egin behar duzu aukera bat, edo ez dagoena nolabait asmatu, sortu. Inoiz ez dut bilatu errealitatearekiko antzekotasuna.
Baina orain argazkiak ateratzen ditut. “Atera” esaten da, baina egin, jaso egiten da. Hori bai, gero norberaren lana dago, ukituak, orekak, desorekak asmatzea, ñabardurak eranstea, jasotakoa biziberritzea.
Edonola ere, murgilduago sentitzen dut nire burua munduan, margotzen nuenean baino.
-Kritikari batek zure “erromantikotasuna” azpimarratu du; beste batek, berebat, zure lanaren “dramatismoa”.
USM: Ez dakit oso zehatza ote den, baina talde batean erromantikoak eta irrazionalak kokatuz gero, eta bestean klasikoak eta zentzuzkoak, nik garbi ikusten dut nire burua lehen taldean, ezinbestean. Biziki maite dut Hölderlin; baita Wagner-en musika ere. Baina zaletasunez gainera, izaera ere halakoxea daukat.
-Arreta deitu du heliograbatua erabil dezazun: zaharkituta gelditua zen teknika berpiztu omen duzu. Zer da heliograbatua?
USM: Argazkia kobrezko plantxa baten gainean jartzen da. Gero, izpi ultramoreen bidez argazkia plantxan itsasten da. “Helio” hori hain zuzen eguzkiaren izpiak erabiltzetik dator, izpi ultramoreak. Ondoren, eraso kimikoa: zenbait azidok kobrea jan egiten dute. Argazkia kobrearekin bat eginda geratzen da horrela. Oso bereziak dira argazkiak orduan hartzen dituen ezaugarri fisikoak, oso nire gustukoak, uraren eta olatuen antzekoak, arras sentsualak. Azkenik, ohiko argazkiak bezala inprimatzen da.
-Ordea, teknikari baino askoz ere garrantzi handiagoa ematen diozu adierazpenari. Saia zaitezke mesedez berbetan ipintzen zein den zure obraren funtsa?
USM: (Trago luze baten ostean kokakolari.) Heliograbatua, historiatik ateko kontuak aurkezteko bitarteko gisa erabiltzen dut: ibili gabiltzan lurra, basoko bidexkak, itsasoko olatuak, armiarma kriseiluaren ondoan, negua, orbela. Betiko kontu apal horiek bizi dizkigute ametsak.
-Zein hizkuntzatan egiten duzu amets?
USM: Ingelesez. Aspaldidanik bizi naiz AEBen, eta emaztearekin ingelesez aritzen naiz.
Hala ere, harreman estua dut zenbait euskaldunekin, Baigorriko Gino Kaminorekin besteak beste, honez gero berrogei urte Euskal Herrira gabe. Oroimenean itsatsirik du hamazortzi urterekin Ramuntcho filman agertu zela, Brigitte Bardot-en ahizparekin batera. Sarritan kantatzen dugu “Nevadara joan nintzen/ xentimorik gabe...”
Halaber, euskarazko liburu bat irakurtzen ari naizenean, arima euskaldundu eta berriro Aitorren hizkuntz zaharraz mintzo zaizkit amets batzuk. Anemometroa-rekin gertatu zitzaidan. Igor Estankonak berehala argitaratu behar omen du beste liburu bat. Bidali faborez. Bestalde, Hondarribian lo egin dut bart, eta amets batean Miren Azkaratek behin eta berriro ziostan, euskaraz, “kontrola ezazu inesiboa, kontrola ezazu inesiboa...”; izerdi patsetan blai esnatu naiz.
-Nolakoa da zure lan eguna?
USM: Autoz ibiltzen naiz alderrai, argazki kamera lagun daramadala. AEBk harrigarriak dira, garai ugari dago bizirik aldi berean. Lehengoan herrixka antzeko batera iritsi, autotik jaitsi, kamera atera eta teilatu batean eserita zegoen tipo batek, kapelua, Mark Twainen estiloko bibotea eta peto bakero bat zeramanak, tiro egin zidan bere errifleaz. Ostera autoan sartu eta ziztuan ihes egin behar izan nuen handik. Faulkner-en Santutegia bertan duzu bizi-bizirik.
Kaliforniako hondartzak, berriz, marrazoz beteta daude eta ez dizute lasai lan egiten uzten. Baina aurrerantzean marrazoekiko harremanak baretzen saiatuko naiz, nire lana marrazoei estuago lotzea erabaki baitut.
Bestalde, hilabete barru inguru nire webgunea jarriko dut sarean, www.unaisanmartin.com. Hainbat argazkigrabatu eta zenbait testu txiki erakutsiko ditu.
-Zer irakurtzen duzu?
USM: Kontu batek harritzen nau. Ikusi dut Euskal Herrian, Europa osoan bezala, biziki maite dituzuela Paul Auster, Raymond Carver, Bukowsky; horiexek dira hain zuzen nik gustukoen ditudan AEBeko idazleak. Ordea, AEBen ez dira batere ezagunak, kultuko idazleak dira.
Euskaraz azkena, aitak oparitutako bat, Bitoriano Gandiagaren Ahotsik behartu gabe. Euskaraz franko irakurtzen dut.
-Zertan da Benvenuto Cellini beneratzeko fundatu zenuen sekta hura?
USM: Ameriketara joan nintzenean ez zegoen Internetik, urrutitasunak itzali zuen benerazioaren sua. Hala ere, asko eman dit Benvenutok. Baita Hölderlinek ere, esan bezala. Eta Proustek. Orobat, Victor Hugok. Pasaiari buruzko testuak bikainak dira, argazkigrabatu serie bat egin nuen testuok oinarri hartuta. Oraintxe eskuratu dut euskarazko itzulpena. San Rafaelen irakurriko dut.
-Bazoaz bueltan?
USM: Segituan. Europatik Amerikara, 2001eko irailaren hamaikan joan nintzen azkenaurreko aldiz; Kanada gainean geundela, hegaldi betean, itzularazi eta Londresera berriro. Hain zuzen Beinardo Elduaien bermeotarrarenean egin nituen egun batzuk, egoera apur bat lasaitu zen arte. Baina orduz geroztik ezer ez da berdin.
Betizuaren kolore berriak
Xabier Gantzarainen "Van Gogh, bihotzean eguzkia" liburuaz (Txalaparta, 2002)
Hezkuntza Sailetan faro pedagogiko berria jarrera dialogiko eta komunikatiboa da; halaber politikan, badirudi herriak bere ordezkariei arerioekin adostasunetara heltzeko nahimena eskatzen diela oroz lehen. Aldiz, Gantzarainek talde kontuez arras futitzen den betizu bat proposatzen digu eredu, sortzaile autista bat. Biografia honek Van Goghek bazekiela oso luzaro bakarrik egoten azpimarratzen du; irakurleoi, bakardadearekin onezkoak egiten erakusten digu, merezi duela.
Euskaraz, "artista" hitzaz lagun mota bi aipa dezakegu: trebetasun bereziren baten jabea, eta handiuste ganorabakoa. Artistaren eta bere lanarenganako gizarte ezagutzaren arteko gaizkiulertu mingarriak, arrakastatsu diren artistei ere erasaten dienak, larritasun itzela hartu du Van Goghen kasuan: bere bizitzan zehar koadro bakarra saldu zuen nederlandarraren antzekoei heriotza eskatzen die gizarteak, nolabaiteko onarpena ematen hasteko baldintza gisa. Edozein gizarte ordenaren, are zuzen eta eskuzabalenaren, eta ilegorria bezalako eremutarren artean, ezinbestean pizten da gudu gogorra: Arles-en, margolariarekin bere bizilagunek zuten harreman bakarra, poliziari etengabe deitzea zen, atxilotu eta ospitalean zarra zezaten behingoz. Van Gogh askozaz ere estuago lotu zitzaien koloreei, gizakiei baino. Halatan, bere obren balizko hartzaileak irudikatzeko beharra sentitzen zuelarik, garaikideak ahantzi eta etorkizuneko bakarti eta tribu desegituratuengana jotzen zuen.
Hain zuzen, benetan asetzen zuen jarduerari, margogintzari, soilik gizarte uztarriez libraturikoan ekin zion: lana, sendia, lagunak, teilapekoak... ; azkenik, sakonena, errukia. Van Goghek nekazari eta meatzari behartsuei laguntzeari uko eginikoan heldu zion zinez artelanari. Hori bai, bere koadroetako protagonistak gerora nekazariok eta jende xehearen duintasuna izango ziren, besteak beste, baina, bizimoduari dagokionez, Van Goghen tankerakoengan, artearen eta elkartasunaren arteko gatazkak ez du konponbiderik. Aukeratu beharra dago, txapapotea kentzen lagundu ala Ereilea pintatu, giza bizialdia mugatua baita.
Gantzarainek ederki nabaritzen du Van Goghen ikusgaitz bilakatu beharra pintatzeko eta pintatzeko, erotu arte, ahitu arte, piztia legez, gau eta egun, jan gabe ia, miseria gorrian, pinturaz gainerakoaz txoil ezaxolati. Bere buruaz beste egiten ahalegindu zenean ere pintura irentsi zuen: trementina esentzia eta olio poteak.
Orobat ohartarazten du Gantzarainek pintatzen ikasteko prozesuan arerio zitala dela presa. Van Goghek bost urte behar izan zituen, zoro lez lan eta lan, asebete zuen lehenbiziko koadroa, “Patata jaleak”, pintatu ahal izateko. Jardunbide grinatsu setati horrek fruituak eman baitzituen: Van Goghek era berri batean begiratzen erakutsi digu, batik bat koloreak. Hasiera batean kolore ilunak, goibelak, ahulak zerabiltzan, patata kolorea nagusi, agian halakoxea delako Herbehereetako zerua, edo pintatzen zituen nekazari txiroen bizimodua, edo halaxe zebilelako orduan bere bihotza.
Gero, Herbehereetatik Parisera joan zen, eta, geldika-geldika, pintzelkada eskutik askatzeaz gainera, zuzenean bihotzaz pintatzearren, bere oihalak argi poxi bat erakusten hasi ziren, kolore horixkak eta gorrixkak, bertako giroaren, aldarte nabarrago baten eta japoniar estanpen eraginez. Bestalde, Parisen ezagutu zituen inpresionistak formalistegiak ziren Van Goghentzat: kolorea, itxura polita lortzeko aitzakia izatera mugatzen ei zuten; eta, eguzkia, itzal atseginak sortzeko foku huts.
Azkenik, Frantziako hegoaldean, bere goien gradura iritsi zen, bere margolari berezitasunera. Artista handi guztiek askatzen dute oztopaturik edo itxirik datzan alorren bat; Van Goghek kolorea antzekotasunetik askatu zuen. Inpresionistak errealitatearen koloreak margolanean atxikitzen ahalegintzen ziren. Van Goghek, berriz, bihotzak eskatzen zion kolorea jarri zion gauzari, koloreen bitartez bere sentimenduak adieraziz, eta bere margolanak ordu arte inork erabili gabeko -apika imajinatu gabeko- koloreez biziarazi zituen.
Matxino gehienak gizarte zapaltzaile bat zuzenagoa litzatekeen beste batez ordezteko borrokatzen dira; Van Goghi, ostera, esan bezala, edozein gizarte zitzaion mehatxu, gizarteaz ez zuen nahi bakean utz zezan baizik. Hortaz, gurago zukeen gizartea desegin, aldatu baino. Liburu honek, Van Goghen izaera eta bizimodua erakusteaz batera, eredutzat ere aurkezten dizkigu; eta, badut uste, euskal gizarteak, utzikeriak jota ez balebil, neurri zorrotzak hartuko lituzke Gantzarain delakoaren aurka, eredu hori, gaztetxoei zuzendua gainera, larrigarri gisa har dadin diot, gizartearenganako inongo borondate onik ez duen artistarena baita.
Pegatina
EAk argi utzi dizkio gauzak Espainiako Gobernuari: baldin kontsultaren aurkako zemaiari eutsiko balio, orduan pegatinak banatuko lituzke euskaldunen artean. To eta no. Harrapazank Txiribiton.
Gobernu espainolak eta bere morroi judizial eta mediatikoak egundoko erasoa egiten ari zaizkigu airez, lurrez eta itsasoz, EAEko lehendakariak iritzia eskatu nahi baitigu.
Eta guk kontraeraso harrigarri batekin ihardukiko diegu: errepresio politiko-judizialaren aurrean, pegatina iskilu. Piztiak erasotzaileari haginak erakutsiz erantzuten dion bezala, guk pegatina erakutsiko diogu. Lehen begiratuan xelebrea dirudi, baina gerra psikologikoan etsaiari kalte batik bat ezustekoak egiten dio. Txunditu egingo da Madril, ondoren kikildu eta azkenik kontsulta baimenduko du.
Beldur ginen Eusko Jaurlaritzak kontsultarako mahaiak prestatu eta urriaren hogeita bostean espainolek tankeak bidali eta Balzak EAEko ariketa demokratiko hori babestera eta espainolei aurre egitera ez ote zituen Ertzaintza eta Beltzak bidaliko.
Latza litzateke eta desatsegina. Pegatina lagun, beti ere, lasaiago.
Txarrena, Guardia Zibilak pegatinei tiroka hastea, gauza bera baita pegatinei tiro egitea eta pegatina daramatenei tiro egitea, eta jendeak eskuarki bihotzean eramaten du.
Beste masaila ipintzeko era modernoa izan liteke pegatina: etsaiaren mehatxuaren aurrean, bihotzean pegatina xume bat itsatsi. Garaikoetxea beti izan da oso Gandhizalea, eta pegatina ez-biolentzia aktiboaren adierazpen eta ikur dateke. Egia da ez dirudiela aktibismo handiko kontua: eskuan har eta jertsean itsats. Ordea, aurretik pegatina irudikatzeko lana duzu, irarkola, banatzea… Estresagarri izatera irits liteke; baina herriak espero bezala erantzunez gero, ez soilik gaitzerdi: hori poza!
Bide berriak jorratzen ari zaigu EA. Garrantzi berezia eskuratuko du apika pegatinak etorkizuneko gerretan. Iranek bonba nuklearra izango du berehala; guk pegatina.
Eta nik behintzat nahiago pegatina nuklearra baino. Behin gerra abiatuta, zein ote eragingarriago, nuklearra ala pegatina? Nuklearrak etsaien nuklearra erakartzen du; pegatinak etsaiaren pegatina erakarriko du, eta etsaia azken batean beste herri bat da, eta herri arrotza nuklearraren bidez baino askozaz sakonkiago ezagutu daiteke pegatinen bidez, nuklearra beti eta nonahi baita berdintsua; askotarikoa berriz pegatina eta bariedade handikoa: sumendia erakuts dezake, piramideak, xagutxoak, eguzkia, kanoa bat...
Egia da “pegatina” hitzak baduela ukitu izugarri bat, oldarraldirako egokia; baina badu halaber “ina”z bukatzen diren lau silabadun hitzen ohiko xarma: pegatina, tirolina, mandolina, bitamina, merkromina: musika, natura, botika… Guzti-guztiak biziaren aldeko.