Hemen zaude: Hasiera Blogak Markos Zapiain Artxiboa 2008 Maiatza 29 Kontsulta eta hauteskundeak
Dokumentu Akzioak

Markos Zapiain

Kontsulta eta hauteskundeak

 

Ibarretxek De Gaulleren antzera ikusten du lehendakariaren harremana herriarekin: hitzarmen batek lotzen ditu, alderdien eta hedabideen gainetik. Ibarretxek Euskal Erdiari kontsulta agindu zion eta hitza betetzen ari da, konstituzionalisten presioa gorabehera, batik bat dependentista jeltzaleena. Eta hiritarrok Ibarretxek proposaturikoa arbuiatuko bagenu, etxera joango litzateke, De Gaulle bezalaxe.

Konstituzioa muga gisa ezartzea ez da batere demokratikoa. Espainiako Konstituzioa aski ona da, baina ez da demokratikoa, ez sorkuraz ez menturaz. Aitzitik, Ibarretxerena ez da ekimen oroz lehen abertzalea (Ezker Batua ez da abertzalea), baizik demokrata, lurralde jakin batean demokraziaren kalitatea apur bat (ez gehiegi) hobetzeko ahalegina.

Patxi Lopezi hauteskunde autonomikoak irabazteko aukerak murrizteko tresna ere bada kontsulta. Azken hauteskundeetako emaitzek jeltzaleak beldurtu zituzten; hurrengo autonomikoek, ezker abertzale nagusia eskubide politikorik gabe dagoela, eta PP galbidean, Ibarretxeren eta Lopezen arteko lehia polarizatua ekarriko dute. Dena den, Lopezen proiektu politikoa Ibarretxerena baino zentzuzkoagoa eta erakargarriagoa balitz ere, ez luke irabaziko, Lopezen beraren egitura psikofisikoa dela eta. Espainian apika bai, EAEn ez. Erkorekari ere ezingo lioke irabazi. Jose Luis Bilbaori ordea bai, Lopezek irabaz liezaioke.

Sozialisten artean, Ibarretxeri irabazteko gai, euskaraz ondo ikasiko balu eta lehendakari izateko lezio egoki batzuk jaso ondoren, Santano ageri da, Irungo alkatea. Edonola ere, Ibarretxeren ekimenak Lopezi txikitu egin dio irabazteko aukera.

Herriari galdera, beste ikuspuntu honetatik ere autonomikoetan nagusitzeko bitarteko eta iskilu: Auzitegi Konstituzionalak kontsulta inpugnatzea bera ere Ibarretxerentzat garaipen goxoa litzateke. Ezker abertzalearen ordezkari politiko asko espetxean edo espetxerako dago (berehala dugu ANVren eta EHAKren aurkako epaiketa), eta kontsultaren saltsaren bidez Ibarretxek aiseago erakarriko ditu 2001ean jaso zituen bozen tankerakoak.   

Kontsulta hau ondo irtengo balitz erraztu egingo litzateke, beharbada, herriari Tren Lasterrarena bezalako hainbat egitasmori buruzko iritzia eskatzeko ohitura demokratikoaren zabaltzea. Kontsultak eta erreferendumak patxadaz eta sarritan egin beharko genituzke, Ibarretxerenari ematen ari zaizkion kutsu dramatikoa epeldu eta desegin. Hobeki profitatu beharko genituzke Interneten baliakizunak.

Markos Zapiain 2008/05/29

Ezenarro

patxi lurra — 2008/06/03 16:52
Tira, egitura psikofisikorik onena dauanak irabazi beharko balu, andrazko lelengo lehendakaria edukiko genduan datorren urtean: Aintzane Ezenarrok alegia; ez EAJk ez PSEk be, Aralarrek baizik.

gallardon

markos zapiain — 2008/06/03 19:00
Ez dut ondo azaldu, kontua ez da egitura psikofisikorik ederrena izatea, baizik EAEko biztanle gehienen buruzagi-arketipoarekin bat etortzea.

EAE ez da Espainia, besteak beste hemen ezin pentsatuzkoa delako buruzagi gisa jendeak Aznar modu librean hautatzea. Hemen, Aznarren itxura, irria, ingelesezko azentua duena buruzagi lanetarako baino egokiago ikusten dugu antzarak ferratzeko.

Baten batek esan lezake zentzu horretan zuzenagoa dela Espainia EAE baino. Tamalez, Espainian ere ezaugarri fisikoak eta hizkerari dagozkionak oso kontuan hartzen dituzte buruzagiak aukeratzeko orduan. Esaterako, ezinezkoa da katalan azentudun bat Espainiako presidente izatea; hain gutxi, mairu, beltz edo txinatarren bat (hemen errazago).

Migrazio mugimenduek oraingo egoera aldatu egingo dute beharbada; eta lehenago EAEn Espainian baino. Lehenago izan dezakegu Aznarren eiteko bat lehendakari, katalan azentudun bat Espainiako presidente baino.

Oro har, oso eskasa eta itsusia da hori guztia, lehendakarigaiaren egitura psikofisikoa baino garrantzitsuagotzat jo beharko genuke bere proiektua, gizarte arazoei konponbideak bilatzeko balia ditzakeen arrazoi eta ekinbideak, eta hori guztia.

Hala ere, zoritxarrez, oraingoz horrela dabiltza hauteskundeak. Horregatik, PPren baitako gatazkan COPEk eta El Mundok dute arrazoi, baina garbi aipatzen ez duten kontu batengatik: ez Raxoi zentristegia delako, baizik Zapaterorekiko hauteskunde-eztabaidetan, telebistan, esaldi bakoitzaren amaieran mihia ahoko izkina batetik ateratzen zaiolako (ez naiz oroitzen zehazki ezker ala eskuin), arnasa hartzeaz batera gerlia biltzeko soinua egiten duelako eta begiek noranahi ihes egiten diotelako. Zapateroren arrano- begirada tinko eta jarrera segurolaren aldean Raxoik ez du zereginik. COPEk eta El Mundok larregi maite ez duten Gallardonek ordea bai, Raxoik baino hobeki saltzeaz gain Zapatero baino askoz ere biziagoa eta argiagoa da.

Txantxetan

patxi lurra — 2008/06/22 20:14
Txantxetan nenbilan, lelengoan ulertzen zan, neure ustez.

eskerrik

markos zapiain — 2008/06/22 21:08
aukera eman zenidan, patxi lurra, bigarren txapa txertatzeko, aitzakia egokia

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
José Basarri Onaindía Jozulin, 2012/01/28
Eman ta zabal zazu Markos Zapiain, 2012/01/25
alua oier g, 2012/01/24
bakotxa bere lekuan oier g, 2012/01/14
+1 azken esaldi horri Gorka Bereziartua, 2012/01/14
Azken sarrerak
Tanpax 2012/02/04
Sarrionaindia 2012/01/23
Etiketa lainoa
bermeo etakideen ametsak globalizazioaz irun kalakakoak liburuak eta idazleak