Hemen zaude: Hasiera Blogak Markos Zapiain Artxiboa 2007 Azaroa 09 Karenaz Kalakan
Dokumentu Akzioak

Markos Zapiain

Karenaz Kalakan

Asteazkeneko Kalakan etxean erditzea eskubide edo luxu ote den galdetu ziguten. Eskubidearen aldeko arrazoi bat adierazi nuen: ospitalean erditzeak karena edo ume-zorroa ebats diezazuten arriskua dakar. Gaur egun karena oso estimatua da kremak eta makillajeak egiteko; hori dela eta, ospitaletan sistematikoki lapurtu izan dute.

Ordea, Josebe Etxeberria emaginak jakinarazi zigun bere ospitalean, beste askotan legez, karena bota egiten dutela, eta egundo eta inon eta inork ez duela ostu.

Aurreko beste Kalaka batean ere, Downing Streeteko Akordioari buruzko zerbait esan orduko Joseba Arregik gogor gezurtatu zidan. Horrelakoetan, trebetasun dialektikorik ez dugunok isildu egiten gara. Are gehiago, Arregi bezalako pertsona heldu batek bere argumentuak su berezi horrekin botatzen badizkizu, pentsatzen duzu irakurritakoa ez zenuela zuzen ulertuko, eta aitzina.

Gerora, Imanol Muruak zehazki azaldu digu Akordio hartan Arregik zer interpretatu zuen gaizki; eta, ondorioz, Kalakan aldeztu zuenak ez duela oinarri zientifikorik.

Ospitaleetako karena-lapurreten kasuan, aitzitik, nire ikuspuntua indartzeko informazio bila ibili naiz baina deus ez. Beharbada ez nuen Egunkarian irakurriko, baizik eleberriren batean. Dena den, garbi oroitzen naiz kliniketan infiltraturiko gaizkile bandek ohean eseri eta karenez inguraturik antolatzen zituztela beren ekintza zitalak.

Hori bai, ezin fidagarriagoak dira karena berriki Alemanian errauskailuetan baliatu izan dutela dioten iturriak. Errekuntza azkartzeko erabili dute, hilik jaioriko umekiekin batera. Ez dakit gaur egun ohitura horri eusten ote zaion.

Kalakan proposatu nahi baina ezin izan nuena: umea etxean erdituta errazago izango zaigu karena gordetzea, eta zibilizazio tekniko industrial honek harrapa gintzan baino lehen karenarekin egiten zena berreskura genezake: batetik, amarentzat oso osasungarria ei da umeari bularra ematen dion bitartean karena frexkoa jatea; bestetik, karenaren patua eta umearena uztarturik omen daudenez, bagenuke ohitura polit hau errekuperatzea (Afrikako zenbait herritan bizirik dago): karenari kotoizko alkandora eta txapela jantzi, eta, soka batez lotuta, etxe ondoko zuhaitz batean, tentuz aukeratua, eskegi, ondoren ahal bezain luzaro eta gozoro zaintzeko, horrela ume errealari, karenaren bikotekide ohiari, benetan lagunduko baitiogu.

mzap 2007/11/09

Re: Karenaz Kalakan

eli — 2007/11/09 18:57

bazen talde bat estetika kliniketako zaborrontzietatik liposukzioan ateratako koipea "lapurtzen" zuena (zaborratik gauzak hartzea delitu ez bada, laster izango da). Gero xaboia egiten zuten koipe horrekin. Giza-xaboia zenez, izugarri ona zen giza-gorputza garbitzeko, eta liposukzio klinikak betetzen dituzten atso aberatsei saltzen zieten bueltan, oso garesti.


Istorio ona da, onegia egia izateko. Izan ere, "El club de la lucha" filmean gertatzen da. baina nork bereizten du egun fikzioa eta errealitatea?


beste adibide bat:
behi eroen gaitza sortzen duen proteina ("prioi" esaten diote) giza burmuinetan sortu zela badakite zientzialariek. Nola demontre kutsatzen da, orduan, prioi hori gizakien artean? kanibalismoa? Soilik giza burmuin-jaleei eragin behar lieke, beraz.


bada, ikertu dutenek diotenez, behiei emaniko irinak du errua.


izan ere, kanibalismoa inposatu izan diegu behiei hamarkadetan. beste behien hezurrekin eginiko irina eman izan diegu barra-barra. Hezur horietako asko Indiatik inportatu izan ditu Europak. Indiako haur txiroak hor ibiltzen dira kaleetan, hildako behien hezurrak zorroetan sartzen kiloka saltzeko.


Zakua betetzeko, ordea, askotan bisitatu izan dituzte ibai ondoko erraustegiak, hau da, hildakoak erretzeko erabiltzen diren lekuak. Egurra garestia da eta, askotan, erabat erre gabe geratzen dira gorpuak. hezurrak hartu, eta zakura!!! Bueltan elikagai katera.


Frantzian 1980ko hamarkadan azterketa egin zuten indiako hezur horiek irin bihurtzen zituen lantegietako batean. Baieztatu zutenez, giza hezur asko ziren tartean. Horrela zabaldu omen zen prioia gizakien burmuinetan.


Hau ere, onegia izango da, ziurrenik, egia izateko.


Bitartean, kontuz gogo eta gorputzaren zilbor hestea mozterakoan. Dena merkantzia bihurtzen baita kanibalen azokan.



Re: Karenaz Kalakan

asel — 2007/11/09 19:02

Ezagutzen dut ondo Arregiren ziurtasun erabateko hori. Eta ziurtasun zintzoa, gainera, ez dut uste inoiz gezurrik esaten duenez nahita, Washington Journal edo delako horri euskararen egoerari buruz esan dizkionak bezala, denak egia potoloak eta egiaztagarriak. Leopoldo Barredak esandakoak ere seguru nago arrazoiez beteak direla, edo euskaraz ez dakiten eta gizrate gupidagabe honek baztertzen dituen irakasle prestu horienak, bereak eta bi egin zituztenak hizkuntza deabru hori menderatzeko, baina alferrik. Eta seguruenik holakoak Aznar kontseiluan daukan egunkari batean argitaratzeak "kazetaritza" profesional eta kontrastatua ziurtatzen digu. Eskerrik asko, Arregi, beti hain ondo zaintzeagatik euskaldunon eskubideak.
Kareta kentzea erabaki zenuen egunaz geroztik batez ere...
Aupa Markos, ez dakit ezer karenaz, baina kremak egiteko erabiltzen direlakoa neuk ere daukat entzunda, non egiten duten ez dakidan arren.



Re: Karenaz Kalakan

oier — 2007/11/10 08:29

Orain bi hilabete jaio zaigu Ekain, eta hain zuzen ere Josebe Etxeberria emaginak lagunduta. Esperientzia ederra izan zen zinez, ezer ikustekorik ez zuk kalakan kontatutakoarekin. Josebe izugarri erne, goxo eta atsegin izan genuen erditze osoan zehar. Eta bukaeran aurreko umearekin ikusi ez genuena erakutsi zigun. Karena pisatu eta 4 kg zituela esan zigun eta poltsa nola zegoen egina erakutsi zigun, non egoten zen umea, nola elikatzen zen eta abar... "Eta zer egiten da horrekin?", galdetu nion, "zakarrontzira" erantzun zidan.



Re: Karenaz Kalakan

markos zapiain — 2007/11/11 22:17

oier, nik ez dakit tutik ere dantzaz, baina iruditzen zait hauek bereziki finak direla aurreskua dantzatzen


http://es.youtube.com/watch?v=c2cLVfzwCzg


bestalde, niri ere iruditu zitzaidan josebe etxeberriak bikaina izan behar duela emagin gisa


guk ume biak ospitalean eduki ditugu, eta hirugarrena baletor -ez dut uste-, hori ere ospitalean


hala ere, emakume bakoitzaren bizipenak kontuan hartzekoak dira, eta zelan ukatu ondarrutar honi etxean edukitzeko eskubidea:


http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=plaza&data=2007-03-06&orria=052&kont=001


karenarena... hori erridikulua! adimen kamutsekook nobelak eta dokumentalak nahasten ditugu, espero dut hori besterik ez izatea


segi ondo, ekainekin disfrutatzen, harik eta hamairu urtetik goiti filma terrorrezko bihurtuko den arte; bestelako defentsa mekanismoak asmatu behar ordurako



Re: Karenaz Kalakan

markos zapiain — 2007/11/11 22:19

asel, lehengoan mozorroaren xarma erosi neban


ondino ez dot leidu


apur bat girotzearren, EIEren irrati saioan egin zizuten elkarrizketa entzuten ahalegindu nintzen


baina ezin


badago frekuentzia hori bermion harrapatzerik?


eta beste galdera bat: zabaldu dute zure etxe ondoko kafe antzoki hori, jatetxea behintzat, eguneroko menua eskaintzeko asmoa zuena?


eskerrik asko erantzungo bazenit, eta goraintzi martari



Re: Karenaz Kalakan

markos zapiain — 2007/11/11 22:37

eli, hain dira onak ez ezik gogorrak eta latzak, ziurrenik egia izango baitira:


behi eroen gainean, pello zubiriaren artikulu hau argian, mikel elortzak gaur goraipatzen duena:


http://www.argia.com/argia-astekaria/2105/eta-milioika-behi-alferrik-akabatu-badituzte/osoa


gure bizilagun batek bere bi semeen zilbor-hesteak ontzi banatan dauzka, etxeko sarreran, formolean gordeta


berak hori uste du behintzat, semeenak direla



Re: Karenaz Kalakan

gazte bat — 2007/11/15 20:23

Aupa MArkos, eta ia hurrengoan kalakan gehiago hitzegiten uzten dizuten!! Atzokoa ya pasada bat izxan zan ...



Re: Karenaz Kalakan

markos zapiain — 2007/11/16 07:49

solaskideren batek esaten duelarik "utzidazu hitz egiten, mesedez, nik zuri lehen utzi dizudan bezala", akabo, kalakaz estilo politikeroa jabetu dela seinale, eta niretzat bederen gauzak ez direla ondo joango



Re: Karenaz Kalakan

Eli — 2007/11/29 10:59

Hona Indiako giza hezur merkatu oparoaren inguruan azken egunotan atera duten artikulu bat:


http://www.wired.com/medtech/health/magazine/15-12/ff_bones?currentPage=1



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
José Basarri Onaindía Jozulin, 2012/01/28
Eman ta zabal zazu Markos Zapiain, 2012/01/25
alua oier g, 2012/01/24
bakotxa bere lekuan oier g, 2012/01/14
+1 azken esaldi horri Gorka Bereziartua, 2012/01/14
Azken sarrerak
Tanpax 2012/02/04
Sarrionaindia 2012/01/23
Etiketa lainoa
bermeo etakideen ametsak globalizazioaz irun kalakakoak liburuak eta idazleak