Markos Zapiain
Ali Baba, Errealaren itxaropen bakarra
Hedabideek jaramon zipitzik egiten ez badiote ere, hiriburutik urruti dabilelako ziur aski, bistan da Eibar K.E. dela Gipuzkoako futbol talderik onena, azken urteotako ibilbideak frogatzen duenez. Txinatarrak ohartu dira. Eta, diru kontuak eta inbertsioak oraindik aipatzen ez diren arren, eibarkoa dugu euskal futbol taldeen artean Txinan peña bat ireki dioten lehenbizikoa. Shangain aurkeztu zuten joan den larunbatean.
Bestalde, Errealaren gainbehera tamalgarria dela-eta hain daude zaleak goibel, uste baitute, jendaurrean aitortzen ez duten arren, apur bat altxatzeko ohiko baliabideak eta legezkoak ez direla aski, ezinbestekoak direla lapurreta eta magia.
Halatan, Alibaba.com webgunean eman dute balizko txinatar inbertitzaileek, Lighthouse Consulting Limited konpainiakoek, bere enpresaren berri.
Gomazko ahateei buruz ikaragarri dakien eibartar batek, Luistxo Fernandezek, jakinarazi digu, hain zuzen, bi milioi ahate gomazko behar izanez gero Alibaba.com-en aurki ditzakegula. Webgune eta maila berean baitaude gomazko bi milioi ahate eta Errealaren biziberritzea.
Horri guztiari buruzko informazio eta iritzi jakingarriak, Iturrirenean.
Kirol munduko bidegabekeriarik nabarmenenetakoa da futbol profesionalari horrenbeste diru publiko ematea. Eta ez dirudi Ekialdetiko mugimendu horren antzekoek ohitura hori konponduko dutenik.
Re: Ali Baba, Errealaren itxaropen bakarra
Ahate gomazkoetan aditua naiz, bai, baina nola esango diogu joera honi: ludozoofilia ala zooludopatia?
Re: Ali Baba, Errealaren itxaropen bakarra
gehiago konkretatu behar da, animalia zehazki pirua dela adierazi eta p ugari erabili: pirupanpinpatia, pirupanpinpata
Re: Ali Baba, Errealaren itxaropen bakarra
Markos, mundiala zara! Zure alabaren jaiotzarena entzun nizun atzo, eta itzela begitandu zitzaidan
Beste alde batetik, nire ikasle batek Eibarren jokatzen du (eta jokalari onenetakoa da), eta gaur esan dit normala dela eurei hainbeste kasu ez egitea. Apalak, gainera!
Beste alde batetik, zure enbaxadore izendapena kolokan dago. Eibarrekoa idatzi duzu! Hori onartezina erdi-eibartar batentzat. Eibarko, eibarko :-)
Ondo segi, fenomeno
Re: Ali Baba, Errealaren itxaropen bakarra
orain bertan zuzenduko dut, leire
eta enbaxadore izateari ez diot utziko, bekatua oso larria izan dela onartzen dudan arren
kontua da orain bertan enbaxadore lan polit batean sartuta nagoela, eta ez dut bide erdian abandonatu nahi
batirtze basabe bermeotarra eibartar batekin dabil
ez da oso ohikoa, institutuko ikasle izaki
baina batzuetan sentitzen du mutilagunak heavy metala eta sutagar bera baino gehiago maite dituela
gisako gaizkiulertuak argitu eta bideratzeko gaude enbaxadoreak
(leire, txillardegi eta ziminoaren aurkezpena ziur aski 20an izango da, martitzena, donostian, 12ak aldera. ziurtatu orduko zehaztuko dizut)
musu handi bat