Elizak husten ari
Elizak bekatu larri pilo bat egin du eta egiten jarraitzen du eta ondorioz husten ari da. Elizak gero eta ahalmen eskasagoa du informazioa manipulatzeko eta jendeak oro har ez du zerikusirik nahi halako erakunde ikaragarri batekin, zentzunari eta adimena erabiltzeari hastapenetik beretik uko egin ziona. Benediktoren adierazpenek harritu gaituzte, bistan baita kristauak krudelagoak eta gaiztoagoak izan direla islamdarrak baino. Asisko Frantzisko bezalako martzianoak salbu, kristautasun ofizialaren historia gorroto hiltzailearena izan da. Gisakoetan gertatzen denez, Espainia eredugarri. XVIIIko lehen erdian bezain berriki Errege Katolikoek fundaturiko eta beti monarkiaren menpe ibiliriko Espainiako Inkisizioak 111 lagun bizirik erre zituen, heliozentrismoa aldezteagatik edo judu kiratsa zerielakoan. Nazismoak baino askoz ere jende gehiago akabatu du Elizak. Bide batez, Pio XII.a Aita Saindua ezin hobeki konpondu zen naziekin. Elizak Voltaire, Unamuno edo Bergsonen liburuak debekatu zituen, baina ez Hitler-en “Mein Kampf.”
Elizak emakumea, homosexuala, judua eta mairua iraindu, baztertu eta garbitu egin ditu.
Bizitzaren funtsa, sexua, bekatu bihurtu eta aldi berean emakumea eta sexua berdindu ditu. Emakumea menpekotasunetik ateratzeko urrats bakoitzaren aurka egundokoak eta bi egin ditu Elizak. Jarrera horrek oinarri sendoa du Biblian, Jainkoak idatzia. "Lebitarrena" liburuan, 15, emakumeak hilekoa duenean ustela dela dio, ezin duela otoitz egin. Hilekoa duen emakume bat eseri den aulki batean eseriko bazina, zeu ere kutsatu eta ustel, zeuk ere ezin otoitz egin, hainbat bainu berezi beharko zenituzke purifikatzeko, berriro otoitz egin ahal izan aurretik.
San Pablorengandik aurrera Elizak inperio hiltzaile gehiegi bedeinkatu ditu: dotrinaren arabera, Jainkoak egin du agintaria agintari, eta men egin behar zaio, nahiz nabariki bidegabea izan. Hori Ebanjelioen idaztearekin batera hasi zen: erromatar boteretsuei koipea eman behar, Pablok sumatzen baitzuen kristautasuna indartsu eta garaile Inperio baten erlijio ofizial bilakatzeak egingo zuela, eta Jesusen heriotza juduei leporatu zieten, erromatarren erantzukizun larriagoa gezurren bidez ezkutatuz eta antisemitismo zitala abiaraziz, holokaustoak burutu eta gaur egun palestinarrek errebotez pairatzen dutena. Afganistan eta Irak kristautasunaren izenean bonbardatu dituzte. Ebanjelisten kristautasunak bultzatzen du Bush. Eta Aita Saindua islamdarrak leziatzen...
Ulergarria, jendeak polikiroldegia nahiago izatea Eliza baino. Hor ez da gorputza gaitzesten, alaiagoa izaten da. Badira arriskuak, noski, txokolate tabletaren histeria eta abar, baina ez dira Elizak dakartzanak bezain gogorrak.
Historia azterturik, kontuan harturik Elizak zer egin duen, eta baten batek erantzungo balu gizakiak hala ere beti behar dituela ereduak eta idoloak eta bitartekariak sakratura igotzekotan, orduan Jesukristo baino egokiagoa dirudi Fernando Amezketarrak, giputxa izan arren: bertsolari hobea zen, barre egiten zuen noizbehinka -Jesusek ez bezala-, inork ez du haren izenean hil, ezta gurutzea bezalako tortura-tresna bat ikur sakratu gisa distirarazi eta ezarri ere.
Kirol medikua, gure garaiko heroi
Goi mailako kiroletan guztiek irabazi nahi dutenez, eta irabazteko osasuna neurri batean sakrifikatzeko gertu daudenez, berez doa “debekaturiko sustantzien zerrendan” ageri ez den sustantzia indartzaile berria asmatzeko trebetasuna lukeen medikuaren ekipoak izango duela irabazteko aukera gehien, Perico Delgadok bezala 88ko Tourrean: atzeman zioten sustantzia indartzailea, betiko dopina, ez zen zerrendan ageri, eta beraz ezin izan zuten zigortu. Hurrengo urtean zerrendan sartu zuten eta medikuek berehala ekin zioten antzeko efektuak eduki bai baina zerrendan aipatuak ez ziren konbinazio berriak bilatzeari. Batzuetan ondo ateratzen da dopinarena: Delgadok Tour hari esker ateratzen du orain bizimodua, kazetari dabil.
Kirol lehian medikuak dira aspaldi handian benetako heroiak eta antiheroiak: ikerlari jakintsuak, bere taldeak irabazten badu; edo ganorabako ergelak, kontroletan dopina atzemanez gero.
Kirolari ez garenok ere beti nahi izaten dugu hobeto bizi, indartu, ondo lo egin. Xaguekin eta animaliekin egiten diren esperimentuak ez dira aski doiak. Tuberkulosiarekin, hiesarekin eta abar, Afrika beltzean egiten ditu esperimentuak botiken industriak, “The constant gardener”en ikusi genuen.
Baina dopina probatzeko gure gorputzen antzekoak behar dira. Ondo entrenatuak hala ere, indartsuak. Gurean, kirolarien gorputzak bihurtu dira gero arruntok erabiliko dugunaren edo ez dugunaren esperimentu gune. Jimenez eta Pantani suizidiora bultzatu zituzten sustantziak ez ditugu hartuko. Aitzitik, ongi etorri Delgado Tourrean garaile egin zuen dopina, kontroletan detektatua baina oraindik debekaturikoen zerrendetan ez zegoenez onartu egin ziotena. Kirolariek arrakastaz erabili dituzten kreatina, karnitina eta abar profanooi errezetarik gabe saltzen zaizkigu orain botiketan, nahiz gogorrak diren benetan.
Horrenbestez, guk oparitzen diegun ospearen ordainez, kirolariek probaleku bihurtzen dizkigute beren gorputzak. Batzuk zerraldo jausten dira bidean, baina ez digu axola, bikainak baitira epe luzera guztiok gozatu ahalko ditugun onurak: osasuna, kemena, viagra, poza, zerua lurrean.
Kirol taldeek, irabazitakoan, zaleak eta ikusleak agurtzeko orduan, orkestren eredua bereganatu beharko lukete: guztien aurretik medikua, aztia, intxixua, kontrolari iskin eginez kirolaria bizkortzen iaioena; eta ondoren bere neska-mutilak, giza laborategiak, ahalmenak muturrera eramanez ikuskizuna emozioz bete eta oinezkooi egundoko mesedea egiten digutena, garaipenera igo dituzten pilulak gerora geuk erabililko baititugu, arrisku zehatzen jakitun.
Dopina definitzeko zailtasunak
Dopatzeko hartzen diren sustantziak ez dira naturalak izango, baina indartzeko eta gailentzeko edozer hartzeko joera, are jakinik ondorio kaltegarriak ekarriko dituela, naturaltzat jo genezake. Giza grina betidanikoa dirudi gero eta indartsuago izan nahiak, beti irabazi nahiak, ospe nahiak, eta ospea lortzekotan osasun naturala nolabait sakrifikatzeko prest egoteak. Idi probatan ere antidopin kontrola jarri behar izan zuten orain dela hamar bat urte, han ibiltzen zitzaizkizun-eta idi koitaduak adurra zeriela eta begiak ziztuan biraka anfetaminazko egundoko txuteak hartuta.
Bestalde, naturala ez da berez on, ezta artifizioa txar ere berez. Dopina zer ote den eta zer ez, muga arbitrarioa da. Koka hostoa, peiotea eta mongia naturala da eta muztioa berriz artifiziala.
Zazpika batean ahalegindu ziren: "Substantzia edo metodo bat dopintzat hartzen da baldin eta: gizakiarentzat substantzia arrotza edo ezohikoa bada edo dosian hartu bada, errendimenduan behin-behineko hobekuntza eragiten badu eta osasunerako kaltegarria bada."
Baina oiloak arrautza ez du gizakiontzat jartzen, ezta behiak esnea ere. Arrautzari eta esneari denborak eta ohiturak kendu die arroztasuna, baina berez ez daude guretzat eginak, galdetu bestela oiloei. Artifizio hutsa da halakoak jateko ohitura, eta gaur egun bestalde bai oiloak eta bai behiak jaiotzatik heriotzaraino dopatzen ditugu.
Eta gainera, "Zazpika"n onartzen zutenez, "benetan zaila da kaltegarria zer den zehaztea, epe luzera begiratu nahi bada batez ere. Substantzia askoren ondorioak ezezagunak zaizkigu, ez delako horiei buruzko azterketa sakonik egin eta, gainera, egin diren ikerketa askok datu kontrajarriak eman dituztelako."
Azkenik, dopatzearen kontrako beste araudi batek hobeto definitzen du dopina, ez baitu definitzen: “debekaturiko sustantziarik ezin da hartu”; ez duenez zehazten zer debekatu behar den, goitik behera asmatzen du, batere busti gabe.
Gizonki, abereki
Aurten hirurogei urte Montserrat Roig jaio zela. Orain dela hamabost hil zen, azaroan. "Els catalans als camps nazis" liburuan Neus Gener-en oroitzapen bat dakar. Neus Gener Ravensbrück-eko kontzentrazio esparrura bota zutenean bertan Gebhardt doktorea zebilen, Berlingo Unibertsitatekoa. Doktoreak emakume frantziar bati txinpantze-hazia intseminatu zion eta emakumeak bere buruaz beste egin zuen.
Roig-ek Erich Mühsam poeta anarkista judu berlindarra ere aipatzen du, naziek Berlinen 1933an Reichstag-a erre zuten gauean atxilotu eta 1934an Oranienburg-eko kontzentrazio esparruan bavariar SS komando batek akabatua.
Zorroagan Juan Aranzadik kontatzen zigun Erich Mühsam hori naziek harrapatu eta hamalau hilabetez torturatu ostean ia itsu zegoelarik, zornea eta odola zeriola belarri batetik, hainbeste hatz hautsita, egun batean kartzelero naziei bururatu zitzaiela, barre apur bat egitearren, Mühsam-en ziegan txinpantze bat sartzea, beste atxilotu baten etxean atzeman berria. Uste baitzuten ziminoak poetari erasoko ziola.
Baina alderantziz gertatu: txinpantzea Mühsamen lepotik eskegi eta errukizko imintzio eta hots hunkigarrien artean zauriak miazkatu zizkion.
Txortakideari gezurra. Elsa Scheelen
Elsaren eta Luc-en ezkon bizitzan, bikote gehienetan legez, jukutria eta iruzurra gailen: ez dugu bakarrik Luc-en infideltasuna (Annie, Marthe, Micheline, Olga, Suzanne...), eta Elsari benetakoa gordetzea edo benetakoa gehiegikeriaz hanpatzea, emaztea mintzearren; Elsa-k ere, aldarrikatu arren “egia jakitea hobe da beti, nahiz askotan egia garratza izan” (46), sentimendu garrantzitsuak ezkutatuko dizkio Luc-i, baita gerora ere Jean Vanden Broeck-i, gezurra esango die Antoine Vanhamme-ri eta Pierre Meunier apaizari, ipuinak asmatuko gurasoak engainatzeko... Elsak bere edertasuna bera ere gezurtitzat joko du, antzua baita.
“Ezin zezakeen egia esan”, dio narratzaileak (40). Luc-i buruz ari da, baina Elsa-z ere ari zitekeen. Luc-en iritzia: “emakumeak beti egia izkutatzen...” (73) Eta Luc-ek Elsari diotsolarik “horren guztiaren berri zuri ematea erabakirik neukan... Baina zuk ezer ez jakitea hobe ote zen ez nekien”, narratzaileak ziplo: “Gezur hutsa zen hau.” (47) Elsak egia hau bederen garrasika aurpegiratuko dio Luc-i: “Gezurra! Gezurra zuk diostazun guztia!” (48)
Altxor zoragarria dateke Luc feministendako. Bereiztera doazenean, Elsari esango dio: “Ni gertu nago, halere, itxuraz orain arte bezala jarraitzeko... Aditzen duzu... Zure gurasoek eta lagunek bestela problema handiak ekarriko dizkizute. Emakumeok, bestalde, usuago begiratzen diezue itxurari eta esamesei, egiari baino. Bertuterik gabeko entzute ona nahiago duzue, entzute onik gabeko bertute mardula baino...” (49)
Azkenik, Elsak idatziz onartuko du: “ohartu gabe, nik Luc tronpatu nahi nuela ikusi nuen; eta berak ni ere bai.” (127)
Hain zuzen, gezurra esateko ahalmena ere gizakia eta animalia bereizteko mugarritzat jo izan da. Animaliaren sen itsua egiatia litzateke erremediorik gabe; giza burmuin indartsuak, berriz, hitzezko gezurra ez ezik gurarien disimulua ere ahalbidetuko luke.
Trikimailua eta gezurra baizik ez dabilen mundu honetan, era berean, anitz etologori nabari zaio bere ikergai kuttunak zein interesgarri diren saltzeko grina, direnak puztuz eta ez direnak kontatuz. Horregatik, engainatzeko ziminoaren gaitasunen berri pasadizoen bitartez emateko orduan Volker Sommer lako ikerlari bereziki eszeptiko eta arduratsu batengana jotzea komeni da ("Elogio de la mentira", Galaxia Gutemberg).
1-“Paul” izeneko Hegoafrikako zimino ar gazte batek, papioia, eme heldu bat bulbo goxo batzuk lurretik ateratzen ikusi zuen. Paulek ingurura begiratu baina ez zuen beste papioirik ikusi, hurbil behar zuten arren. Orduan garrasika hasi zen gogor, papioiek mehatxaturik daudenean egiten duten bezala. Berehala agertu zen Paulen ama eta beste eme heldua ihes egitera behartu zuen, mehatxatzailea zela sinetsita. Horrek Pauli bulboa lasai jateko aukera eman zion. Primatologoek egiaztatu ahal izan zuten Paul tronpariak taktika hori lurretik atera ez zitzakeen jakiak lortzeko txitean-pitean erabiltzen zuela. Amari mehatxaturik zegoela sinetsarazten zion arren, benetan ez zuen batere beldurrik.
2-Txinpantzeek lantzean behin beren ibilaldiak eten egiten dituzte atseden hartzeko. Taldekideren bat aurrera jarraitzeko altxatzen bada, besteek segitu egiten diote, taldekide garrantzitsua ez izan arren, demagun gazte.
Bestalde, Jane Goodall ziminozale ospetsuak bananak oparitzen zizkien txinpantzeei, hauen konfidantza bereganatzearren. Baina txinpantze talderen bat Goodallen kanpamenduan sartu orduko ar handi eta indartsuenak janari guztiaz jabetzen ziren.
Egun batean txinpantze talde handi bat ibilaldia eten eta Goodall-en kanpamenduan sartu zen atseden hartzera eta banana bila. “Figan” gazteak, bederatzi urte, oso banana gutxi lortu zuen. Bat-batean altxatu eta joan egin zen. Besteek jarraitu zioten. Hamar minutu barru Figan kanpamenduan zen berriro, eta etologoek banana mordo eder bat eman zioten. Hasieran kasualitatetzat hartu zuten, baina Figanek trikimailua errepikatu zuen: Figanek taldekideak alde egitera bultzatzen zituen, minutu batzuen buruan bera bakarrik itzuli ahal izateko.
Lehenengo aldian, ordurako bakar-bakarrik, zurituriko banana bat eskuan prest zuela, jateko poza adierazten duen oihua egin zuen; taldekide batzuek entzun, kanpamendura itzuli eta bananak kendu zizkioten. Bada Figanek biharamunean pozari eutsi zion, zenbait intziri eskas gorabehera, eta hortaz berak bakarrik banana guztiak jan ahal izan zituen. Orduz geroztik Figanek ez du inoiz egin jateko pozaren oihua.
3-Gatozen orain arren eta emeen jelosia eta amarru komedietara, Elsaren eta Luc-en erresumara.
Etiopian, papioi sakratuek harenak osatzen dituzte. Nagusiak jeloskor zaintzen ditu emeak. Beste arrekiko edozein harreman eragozten ahalegintzen da. Lortzen ez duenean gogor zigortzen ditu. Behin batean buruzagi jeloskorra eme bat zaintzen ari zen. Arroka baten atzean zegoen emea, eta nagusiak burua eta bularra baino ez zizkion ikusten. Ezin ohartu beraz emea behean etzanda zeukan beste ar bati zorri kentzen ari zitzaiola: kontaktu estua, bekatu larria. Azpijokoa. Eme honek ondo kalkulatua zuen nagusi jeloskorrak bere zein atal ikus zezakeen eta zein ez. Engainua behar bezala gauzatzeko engainatuaren begietan jartzeko gaitasuna erakutsi zuen.
4-“Nikkie” txinpantze ar nagusiari ez zaio batere gustatu “Luit” gaztea eme batengana hurbiltzea. Nikkie-k harri bat hartu du mehatxuz. Luit-ek Nikkie hurbiltzen ari zaiela ikusi du, baina nagusiari bizkarra ematen jarraitzen du. Ez du nahi zakila tente duela ikustea, eta zakilaren arrosa biziki nabaritzen da ilaje ilunean. Luit-ek txandaka begiratzen die bere zakil zutari eta hurbiltzen ari zaion buruzagiari, eta soilik behin zakila lasaiturikoan abiatu da Nikkie-rengana, astiro, harria itxurazko harriduraz usaindu eta azkenik nagusia emearekin bakarrik uzteko.
5-Papioi emeek hanpadura deigarri bat erakusten dute aluan eta uzkian obulazio egunetan. Oro har, alu eta uzkiko hanpadura hori goren gradura heltzen denean, sasoirik ugalkorrenean, larrua jotzen dute. Estalketan emeek garrasi egiten dute. Ar helduak erne egoten dira garrasi horiek nondik etorriko, lehiakideen txortaldiak eragozteko. Garrasi gogor samar hori alu-uzkiko kilikadurak sortua da. Eme ugalkorrek kaka egitean ere garrasi bera egiten dute, estalketaren efektu kilikagarri berdina baitu kaka egiteak.
Hala ere, ar gazte batek estaltzen duenean emea, honek ez du ia garrasirik egiten. Ziur aski, alu-uzkia ez diolako behar bezala kilikatzen, ez dakielako ondo txortan, edo zakila ez duelako aski handi. Ar helduek ez dute oso serio hartzen ar gazte batek emea estaltzea eta toleratu egiten dute.
Egun batean, Shirley Strum etologoak “Danielle” emea oso “hanpatua” aurkitu zuen, hortaz larrua jotzeko irrikaz. Saiatu arren, ordea, ezin ar helduen arreta bereganatu. Azkenik, hainbat ar gaztek estali zuen. Zuhaixka batzuen atzean ezkutaturik jo zuen gazteekin. Gainerako arrek ezin zuten ikusi. Supituki, egundoko txortaldi garrasiak egin zituen. Shirley Strumek uste du ar helduen “jelosia” pizten ahalegintzen ari zela, hauek jaramon pixka bat egin ziezaioten.
Haurride eta lehengusu tronpari azkarrak dituzte Leturiaren gezurrek Mireni, Perurenak maitaleei, Elsarenak eta Luc-enak elkarri, Exkixurenak Gurutzeri... Izan ere, iruzurra ez balitz amodioaren gasolina, gizakien artean bezala ziminoenean ere, literaturaren bi heren desagertuko lirateke, eta bizitzaren piperra.
