Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Antigona

Antigona

Markos Zapiain 2015/10/12 11:40

Oroitu Lasa eta Zabalaren gorpuzkinak Tolosako hilerrira ekarri eta ertzainek senideei eta adiskideei hezurrak merezi bezala lurperatzea eragotzi zietenean sortu zen iskanbila; edota zelan astindu zuen ezker abertzalea bera jakiteak ETAk Zarauzko hilerrian lehergailu bat eztandarazi nahi izan zuela, ETAk berak hiliko Iruretagoiena zinegotzia ehorztera zihoazen unean; edo Marta del Castilloren gurasoen ahalegin itzela alabaren gorpua aurkitu eta behar bezala lurperatu ahal izateko; edo arrantzalearen familiaren larridura han urrutiko itsasoan ustez ito baina gorpua agertzen ez denean... Dirudienez, gizakia sortu berritan hasi zen bere hildakoak nolabaiteko errituz lagunduta despeditzen. Giza primatearen berezitasunetako bat litzateke hurkoaren hilotzaz arduratzea.

Edipo bere begiak erauzi, Tebasetik alde egin eta Kolonora erbesteratu zenean, Eteokles eta Polinizes, Ediporen semeak, biek nahi izan zuten aitak utziriko tronuaz jabetu. Agintea txandakatzea adostu zuten. Baina Eteoklesen txanda amaitu eta ez zion Polinizesi utzi nahi izan. Orduan Polinizesek armada bat bildu eta Tebasi eraso zion. Azkenik, bi anaiek elkar hil zuten. Eta errege berriak, Kreontek, legea eskuan, Eteokles ohorez ehorztea agindu zuen, Tebas defenditzen hil zelako, eta Polizines berriz lur gainean abandonatzea, zakurrek eta hegaztiek jan zezaten. Horixe baitzen hiriko lege idatziak agindutakoa.

Kreonteren iloba Antigonak ez zuen onartu, idatzirik ez dauden bestelako lege batzuk hartzen baitzituen aintzat, hirikoak baino antzinagokoak, eta horien arabera zure neba edozein kasutan behar duzu txukun ehortzi. Halaxe lurperatu zuen Antigonak Polinizes, eta biziaz ordainduko zuen osaba eta lege politikoa desafiatu izana. 

Kreonteren seme Hemon Antigona birxinaz maiteminduta zegoen. Espero bezala, Kreontek ez zituen Antigonaren arrazoiak eta jokaera onartu, eta Antigonaren desobedientziak zekarren zigorra bizirik lurperatzea zen. Kreontek ezarri egingo dio. Kalipu handiz onartuko du Antigonak heriotza. Lurperatzeko unea iritsi bitartean, ziega batean giltzapeturik atxiki dezaten aginduko du Kreontek.

Antigonaren adoreak are grinatsuago maiteminduko du Hemon, eta zalantza piztuko zaio Kreonteri, ez ote duen legea estuegi ezarri, ez ote den Antigonaren aurkako heriotza zigorra gogorregia, eta damutu egingo da, atzera egin nahiko du, baina beranduegi, ordurako bere burua urkatu baitu Antigonak, bizirik lurperatze ikaragarri hori eragoztearren, eta baita Hemonek ere, Antigonaren hilotzari besarkatuta.

Bi leialtasun adostezin daude jokoan tragedian: batzuetan arau idatzia ez dator bat errukiarekin, eta Antigonak hiriko legea baino lehenagokoa eta sakonagoa den odolaren eta familiaren lege sakratua aldeztuko du. Nahiz eta irakurle gehienek Antigonaren alde egin, miresgarritzat jo izan den arren eskuarki Ediporen alabaren sentimendua eta erabakitasuna, bere ausardia boteretsu hotzari aurre egiteko orduan, Hegelek ondo erakutsi du tragedian talka egiten duten bi indarrak izaten direla ulergarriak eta zentzuzkoak, ez da izaten zintzoa gaiztoaren aurka sinplea. Kreontek ere zuzen betetzen du bere zeregina. Ez da despota bereziki ankerra, baizik eta legea hitzez hitz aplikatu nahi duen agintari bat. Eta giza talde bat gobernatzeko arauak behar dira, eta arauak betearazi, bestela anabasa ez ezik frustrazioa ere nagusitzen baita, transgresioa bera ezinezko bilakatzen den heinean. Garbi sumatzen da hori ikastetxerik xumeenean ere.

Joseba Arregi edo Fernando Savater Kreonterekin identifikatuko lirateke ziur aski: edozein kasutan bete behar da legea, bestela alda ezazue, eta indarrean den legediaren mekanismoak errespetatuz aldatu gainera. Gorde Antigona lurpean, txalo bero bat Kreonteri. Slavoj Zizek ere Kreonteren aldekoagoa da. Antigonaz dio puta zikin bat dela, a fucking bitch. Hiriak eta munduak behar duena da berdintasun ekonomikora hurbilduko gaituen lege zuzen bat zorrozki ezartzea, eta atzerapauso ergeltzat du hiriko diziplina apurtzea hildakoenganako sentimendu erlijiosoaren erruz.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.